VIII

 

        Bitartean, Abelen ospe artistikoa aurrera zihoan eta sendo gainera. Ordurako, pintorerik ezagunenetarikoa zen nazioan, eta goratu egiten zuten besterrietan ere. Eta gorantz zihoan ospe hau kazkabarra suntsikor baten antzekoa gertatzen zen Joaquinen ariman. «Bai, margolari zientifikoa da oso, teknika menperatzen du; asko daki, asko, oso trebea da» —zioen bere lagunari buruz, txistu egiten zuten hitzez. Goraipatzen zuenaren itxura egiten zuen honela baina gutxiestea zuen asmoa.

        Izan ere, Joaquinek, bere lanean artista zela esaten zuen, benetako poeta, sendagile argia, kreatzailea, instintiboa, eta amets egiten zuen oraindik ere bere bezeroak utziko zituela benetazko zientzian aritzeko, patologi teorikoan, ikerketan. Baina hainbeste irabazten zuen!...

        «Ez ziren ordea irabaziak —dio bere hil osteko Aitormenean— galerazten zidatenak ikerketa zientifikoan aritzea. Honetara bultzatzen ninduen ospea eta aipua loratzeko nahiak, aipu zientifikoa edukitzea eta honen bidez Abelen aipu artistikoa itzalean jartzeak, Helena zigortzeak, mendekua hartzeak, beraietaz eta beste guztietaz; eta honen inguruan sortzen nituen nere ametsik zoroenak; baina, bestalde, grina lohitsu horrek berak, nere gehiegizko amorruak eta gorrotoak kentzen zidaten izpirituko lasaitasuna. Ez, ez neukan barrena ikerketan aritzeko, garbia eta lasaia behar baita horretarako. Ahaztu egiten nuen bezeroei esker, baina batzuetan dardarka hasten nintzen pentsatuz nere grinak sortzen zidan jokabide oharkabea zela eta ezin izango niela behar bezalako laguntza eman nere gaisoei.

        Gertatu zitzaidan behin barruak astindu zizkidan gorabehera bat. Atso gajo bat sendatzen ari nintzen, nahiko gaiso zegoena baina senda zitekeena. Abelek irudi bat egina zion honi, irudi ikusgarria, berak egindako onenetarikoa, margotu dituenen arrean gorena, eta irudi hura zen burura etortzen zitzaidan lehenengo gauza nere gorrotoa piztuz, eta honda sartu egiten zen gorrotoa ere gaisoaren etxean. Irudian bizirik zegoen, ohean zetzan gorputz oinazetia baino biziago. Eta bazirudien irudiak hau esaten zidala:

        «Begira, berak eman dit betirako bizitza! Ea luzatzen didazun hemengoa, mundukoa! Eta gaisoaren ondoan, auskultatzen nuenean, pultsua begiratzen nionean, ez nuen bestea baino ikusten, koadroan agertzen zen hura alegia. Trakets ibili nintzen, oso trakets, eta emakume gizajoa hil egin zitzaidan; gehiago, nik utzi nuen hiltzen trakets ibiliagatik, nere zabarkeri hiltzaileagatik. Nere buruaz izutu nintzen, nere zuhurkeriaz.

        «Emakumea hil eta handik egun gutxira honen etxera Joan behar izan nuen beste gaiso bat ikustera, eta ahalegindu nintzen irudia ez begiratzen. Baina, alferrik zen, hau zelako, irudia, ni begiratzen ninduena. Ateratzerakoan alargunak lagundu zidan ateraino. Irudiaren ondoan geratu ginen eta nik, indar zoritxarreko batek behartuta bezala, esan nuen:

        — Irudi zoragarria benetan! Abelek egindako onenetarikoa da!

        — Bai —erantzun zion alargunak— hau da geratzen zaidan oroitzapen bakarra. Ordu asko ematen ditut berari Begira. Irudiak hitz egiten didala dirudi.

        — Bai, bai —berriz nik—, artista ezin hobea da Abel!

        «Eta irteterakoan nere buruari: nik hiltzen utzi eta berak berpiztu».

        Asko sufritzen zuen Joaquinek gaisoren bat hiltzen zitzaionean, haurrak baziren batez ere, baina besteen heriotzak ez zuten arduratzen gehiegi.

        «Zertarako bizi nahiko ore du?... —zioen batzuengatik—. Mesede egingo nioke hiltzen utziko banu...»

        Psikologoek dituzten behaketa gaitasunak zorroztu egin zitzaizkion bere gogoaren grinarekin eta berehala igartzen zituen ezkutueneko gabezia moralak. Segituan konturatzen zen, ohituren iruzurpean zein senarrek espero zuen eta zenbatek nahi ere, saminik gabe, emaztearen heriotza eta zein emakumek nahi zuen senarrarengandik aske gelditu, aurrez aukeratuta zuten batekin elkartzeko zenbait kasutan. Bezeroa zuen Alvarez jauna hil eta urtebetera, alarguna Menéndez jaunarekin, hildakoaren lagun mina zenarekin ezkondu zenean, Joaquinek hala esan zion bere buruari: «Benetan harrigarria izan zen heriotza hura... Orain ulertzen dut... Gizadia gauza zikina da oso eta emakume hau, eskuzabala bera, emakume zintzoa!...

        — Mesedez —esan zion behin bere gaisoetariko batek— hil nazazu, Jainkoarren; hil nazazu ezer ere esan gabe, ezin dut gehiago eta... Emaidazu zerbait betirako lotan utziko nauena...

        «Eta zergatik ez dut bada, egingo gizon honek eskatzen didana —zion Joaquinek— sufritu besterik ez badu egiten? Atsekabetzen nau! Mundu nazkagarria!»

        Eta bere gaisoak askotan izaren ziren bere ispilu.

        Behin, bizilagun bat joan zitzaion, emakume gizajo bat, urteek eta lanak zahartutakoa, eta senar menturazale gizajo batekin hogeitabost urte zeramatzanak ezkonduta. Bere nahigabeak kontatzera joaten zitzaion emakume nardaztu hura.

        — Ai ene, Joaquin jauna —esan ohi zion—. Zuk, hainbeste dakizun horrek, ea ematen didazun sendagaia, nere senarra sendatuko duena tximosa horrek eman dion edabeaz.

        — Baina zer edabe, emakumea?

        — Berarekin joango da bizitzera eta ni utziko nau, hogeitabost urteren buruan...

        — Harritzekoa litzateke ezkonberritan alde egitea, zu oraindik gazte zinela...

        — A, ez jauna, ez! Edabe bat eman dio burua nahastu diona; bestela, ezin liteke... Ezin liteke...

        — Edabea... edabea... —isilean Joaquinek.

        — Bai, Joaquin jauna, bai, edabea... Eta zuk, hainbeste dakizun horrek, emaidazu sendagaia beretzat.

        — Ene, emakumea! Arbasoak ere aritu ziren, baina alferrik, gaztetuko zituen uraren bila...

        Eta emakume gizajoa etsita joan zenean Joaquinek bere buruari: «Baina, ez al da bada, zoritxarreko emakume hau ispilu aurrean jartzen? Ez al du ikusten urteetako lan gogorrak eragindako hondamena? Jende honek edabe eta bekaizkeriei leporatzen die guztia...

        Ez dutela lanik aurkitzen?... Bekaizkeria... Zerbait gaizki ateratzen zaiela? Bekaizkeria. Bere gaitz guztiak besteen bekaizkeriari leporatzen dizkiona bekaiztia da. Eta ez al gara denok horrelakoak? Ez ote didate edabe bat eman?»

        Egun batzutan ez zuen edabea burutik kendu. Eta hala esan zion bere buruari: «Jatorrizko pekatua da!»

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia