VII

 

        Saiatu zen Joaquin bere burua salbatzeko eta bere grinari aterpe eskatuz, emaztea bilatzen, sentitzen zuen gorrotoaz babestuko zuten emaztearen beso beroak, mamuaren beldur den haur baten modura burua ezkutatzeko magala bilatzen, ez ikusteko izotzezko herensugearen begi gaiztoak.

        Antonia gajoa!

        Ama izateko jaioa zen Antonia; xamurra zen oso, errukitsua. Joaquin gaixo bat zela antzeman zuen, arima elbarria, deabruak hartutakoa, eta bere zoritxarraz maitemindu zen beste ezer aurkitu gabean. Misteriozko erakarpena sentiarazten zioten emakumeari besteen zintzotasunean sinesten ez zuen sendagilearen hitz hotz eta zorrotzek.

        Joaquinek zaintzen zuen alargun baten alaba bakarra zen Antonia.

        — Sendatuko dela uste duzu? —galdetzen zion Joaquini.

        — Zaila iruditzen zait, oso zaila. Gizajoa leher egina dago, jota; asko sufritu bide du... Bere bihotza oso ahul dago...

        — Senda ezazu Joaquin jauna; senda ezazu Jainkoarren! Ahal banu, nere bizia emango nuke berearen ordez!

        — Ez, hori ezinezkoa da. Eta gainera, nork daki? Agian zure bizia, Antonia, beharrezkoagoa izango da...

        — Nerea? Zertarako? Norentzako?

        — Auskalo!...

        Iritsi zitzaion alargun gajoari heriotza.

        — Ezin izan dut lortu —esan zion Joaquinek—. Zientzia ez da ahalguztiduna!

        — Bai, hau izan da Jainkoaren nahia!

        — jainkoarena?

        — A! —eta malkoz beteta zituen hegiak tinkatu egin ziren Joaquinen begi lauso eta zorrotzetan—. Baina ez al duzu Jainkoarengan sinesten?

        — Nik?... Ez dakit!...

        Umezurtz gizajoari, sendagile hark sentiarazi zion kupidak bere amaren heriotza ahaztarazi zion une batez.

        — Ez banu Jainkoarengan sinestuko, zer egingo nuke orain?

        — Gauza guztien gainetik bizitza dago Antonia.

        — Heriotza are gorago! Eta orain... hain bakarti... Bakar bakarrik...

        — Hori bai, izugarria da bakardadea. Zuri, amaren oroitzapena geratzen zaizu, eta bere alde otoitz eginez bizitzea. Bada izugarriagoa den bakardaderik!

        — Zein?

        — Denek gutxiesten duten horrena, denek barre egiten diotenarena... Egia nork esango aurkitzen ez duen horrena...

        — Zer egi entzun nahi duzu?

        — Esango didazu orain, hemen, nere amaren gorpu epelaren aurrean? Zin egingo didazu?

        — Bai, esango dizut.

        — Ondo da; ni ez naiz inoren begiko, ez da hala?

        — Ez, ez da hala!

        — Esan egia, Antonia...

        — Ez, ez da hala.

        — Orduan, nolakoa naiz?...

        — Zu? Zu zoritxarrekoa zara, sufritzen duen gizona...

        Urtu zitzaion Joaquini izotza eta malkoak azaldu zitzaizkion begietan, eta berriz hasi zitzaizkion arimaren erroak dardarka.

        Handik gutxira Joaquin eta umezurtzak finkotu egin zituzten beren harremanak, neskak urte beteko dolua bete ondoren ezkontzeko asmotan.

        «Emazte gizajoa —idatzi zuen Joaquinek bere Aitormenean— tematzen zen ni maitatzen eta sendatzen, gainditzen, zalantzarik gabe, nik ematen nion higuina. Ez zidan inoiz ere aipatu, ez zidan inoiz ere azaldu. Nere arimaren ustelkeria eta nere gorrotoen minbizia agertu ondoren, nola ez mon bada higuinik emango? Nerekin ezkondu zen? Lepradun batekin ezkondu izan balitz bezala, ez dut zalantzarik, berebiziko kupidaz, kristau bezala bere burua ukatu eta laguntza eskeiniaz, nere arima salbatu berea ere salbatzeko, santutasunez... Eta santua izan zen! Baina ez ninduen Helenarengandik askatu, ez ninduen Abelengandik askatu! Bere santutasuna barne kezka berria izan zen neretzat.

        «Haserretu egiten ninduen bere sotiltasunak. Zenbaitetan, barka nazala Jainkoak!, nahiago izango nuke gaizto, haserrekoi, maltzur.»

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia