V

 

        Ezkontzaren berri eman zionean Abelek Joaquini, honek esan zuen:

        — Hala izan behar huen. Nolakoari halako.

        — Baina ulertuko duk...

        — Bai ulertzen diat, ez nazak zoro zakartzat hartu; ulertzen diat, ondo zegok zoriontsu izatea. Nik ezingo diat izan eta...

        — Baina, Joaquin, jainkoarren...

        — Nahikoa duk, ez dezagun hitzegin gehiago hortaz. Zoriontsu egin ezak Helena eta berak ere egin zaitzala zoriontsu. Barkamena emana dizuet.

        — Benetan?

        — Bai, benetan. Barkatu nahi zaituztet. Neronek konponduko diat nere bizitza.

        — Orduan ausartzen nauk gonbidatzera ezteietara, nere izenean...

        — Eta bere izenean ere bai, ezta?

        — Bai, berarenean ere bai.

        — Ulertzen diat. Joango nauk zuen zoriona goratzera. Joango nauk.

        Eztei opari bezala Joaquinek Abeli pistola damaskinatu eta bikain pare bat bidali zion; artista batentzako modukoak.

        — Nitaz nazkatzen haizenean hire buruari tiro egiteko dituk —esan zion Helenak bere senargaiari.

        — Hi haiz hi izatekoa!

        — Batek zekik zer asmo duen. Horiek moldatzen ematen dik bizitza.

        «Ezkontzera zihoazela esan zidan egunaren ondorengoetan —idatzi zuen Joaquinek— izoztu balitzait bezala sentitu nuen nere arima.

        «Ezin nuen arnasarik hartu. Gogortu egin zitzaidan Helenarenganako gorrotoa eta batez ere Abelenganakoa, benetazko gorrotoa baitzen, bere sustraiak nere barrua betetzen zuten gorroto hotza. Ez zen landare gaizto bat, bai ordea, ariman zulatutako izotz koskorra, hobe esan nere arima zen gorroto hark erabat izoztu zuena. Izotz gardena zen gainera eta dena ikusten nuen argitasun osoz. Konturatzen nintzen arrazoia, benetazko arrazoia, beraiek zeukatela, nik ez nuela inolako eskubiderik Helenarengan. Ez dagoela indarrez hartzerik emakume baten maitasuna; elkar maite zutenez bat egin behar zutela. Baina sentitzen nuen bestalde ni izan nintzela elkar ezagutzera eraman nituena, eta are gehiago, elkar maitatzera; ni gutxiestearren konpondu zirelako; ni zirikatzea eta mintzea zelako Helenaren asmoa, bekaiztea, Abelen aurrean makurtzea, eta honena berriz, berekoikeria, ingurukoen oinazea ikustea galerazten zion berekoikeria. Oharkabean... gainontzekoak bere koadroetarako modelo besterik ez ginen, zerbait izatekotan. Ez zion gorrotorik inori: hain zen berekoia!

        «Arima gorrotoz izoztuta neukala joan nintzen ezteietara, bihotza izotz garratzetan gogortuta neukala, baina heriotza izuak hartuta nengoela, haien baietza entzutean, izotza zartatu eta bihotza pitzaturik han bertan hilik edo ergel moduan geratuko nintzelakoan. Hondamenera joango banintz bezala joan nintzen ni ezteietara. Baina gertatu zitzaidana heriotza bera baino hilgarriago izan zen; okerragoa, hiltzea baino askoz ene okerragoa. Nahiago nuke hantxe hil izango banintz!

        «Oso ederra zegoen Helena. Agurtu ninduenean izotzezko ezpata batek nere bihotza zeharkatu zuela sentitu nuen, izotza nere bihotzeko izotzaren barruan, baina nere bihotza epela zen ezpataren ondoan: eta bere irrifar lotsagabea zen ezpata». «Eskerrik asko» —esan zidan eta nik ulertu nuena «Joaquin gizajoa» izan zen. Besteak, Abelek, besteak ez dakit ikusi ninduen ere. «Bazekiat gogorra izan dela hiretzat» —esan zidan zerbait esateagatik—.

        Ez, inolaz ere ez —erantzun nion— esan nian etorriko nindukala eta etorri nauk: zentzuduna nauk, ezin nion huts egin nere lagun minari, nere anaiari». Nere jarrerak eragin ziola zirudien baina koadro bat egiteko adina! Han ni ez nintzen inor!

        «Zoritxarreko unea hurbiltzen zihoala, segunduak kontatzen nituen nik. Hemendik gutxira —nioen nere buruari— dena bukatuko da neretzat!» Uste dut bihotza ere gelditu egin zitzaidala. Argi eta desberdin entzun nituen bi baiezkoak, batarena eta bestearena. Helenak bai esaterakoan begiratu egin ninduen. Lehen baino hotzago gelditu nintzen, batere aztoratu gabe, bihotzak taupadarik eman gabe, niri zegokidan ezer entzun gabe. Eta izuz bete ninduen guzti horrek. Mamu bat bezala sentitu nintzen, hilik egongo banintz bezala, izotz koskorra baino izango ez banintz bezala, betirakoa gainera. Nere gorputza ukitu, atximurtu eta pultsua hartu ere egin nuen. «Baina bizirik al nago? Eta neu al naiz?» —nere buruari.

        «Ez dut gogoratu ere egin nahi egun hartan gertatutakoa. Ni agurtu eta joan egin ziren eztei bidaiara. Ni berriz nere liburuetan murgildu nintzen, nere ikasketetan eta etortzen hasiak ziren bezeroetan. Konponbiderik ez zegoela jakiteak burua argitu zidan eta arimarik ez zela konturatu nintzen, honek bultzatu ninduen bilatzera ikasketetan mugarik gabeko arrakasta lortzeko indarra, eta ez kontsolamendua —ez bainuen behar, ezta nahi ere—. Zapaldu behar nuen nere izenaren arrakastarekin hasi berria zen Abelen arrakasta; nere aurkikuntza zientifikoek, arte lanak zirenak, benetazko poesia, itzalean utzi behar zituzten bere koadroak. Helenak egunen batetan ulertu behar zuen neu nintzela, sendagilea, inoren begiko ez zena, ospez beteko zuena eta ez bera, ez margolaria. Ikasketetan murgildu nintzen. Ahaztuko nituela ere pentsatu nuen! Lasaigarri eta era berean pizgarri bihurtu nahi nuen zientzia!»

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia