IV

 

        — Helena —esaten zion Abelek—. Joaquinen arazoak loa kentzen zidan!

        — Zein arazok?

        — Bazirudin lasaitu dela eta onartu duela gure harremana.

        — Bai, ona duk bera amore emateko!

        — Ez gaitun erabat zintzoak izan.

        — Zer diok? Hi ere hala? Emakumeok animaliak bezala utzi eta ordainez eman eta alokatu eta saldu egingo al gaitun bada?

        — Ez, baina...

        — Baina, zer?

        — Bera izan huen aurkeztu gintuena irudia egiteko eta nere onerako erabili ninan...

        — Eta ondo erabili ere! Ni beraiekin hitzemana al nengoen? Eta hala balitz ere! Bakoitzak berea.

        — Bai baina...

        — Zer? Damu zaik hala? Bada neregatik... Orain ere, hirekin hitzemanda nengoela eta denek zekitela nere senargaia haizela eta egun batetik bestera eztei eske etorriko haizela, utzi egingo banin duk ere, ez nintzateke Joaquinen bila joango, ez! Makina bat senargai izango niake horrelaxe, eskuan behatzak adina-eta bere eskuak jaso zituen, behatz hezurtsuak zituztenak. Abelek horrenbesteko maitasunez marraztutako behatzak eta Helenak astindu egiten zituen, hegan baleude bezala.

        Abelek bi eskuak hartu zizkion bere esku sendoen artean, ezpainetara eraman eta musukatu zituen luzaroan. Eta ondoren ahoan eman zion musu.

        — Hago geldik Abel!

        — Arrazoia dun, Helena, ez dinagu gure zoriontasuna aztoratuko Joaquin gizajoaren atsekabe eta oinazeagatik.

        — Gizajoa? Bekaizti bat besterik ez duk!

        — Baina, bazeuden Helena bekaizkeria batzuk...

        — Izorra dadila!

        Ixiltasun beltzeko etenaldiaren ondoren:

        — Ezteietara gonbidatuko diagu, jakina...

        — Helena!

        — Zer txar zeukak horrek? Nere lehengusua duk, hire lagun mina, berari zor zioagu elkar ezagutzea. Hik ez baduk gonbidatzen neuk gonbidatuko diat. Ez baduk joaten' Hobe. Joaten baduk? Ezin hobe!

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia