III

 

        Arrakastatsua gertatu zen oso Abelek Helenari egindako irudia.

        Beti zegoen norbait hau erakusketan jarri zuten erakustokiaren aurrean begira. «Badugu beste pintore on bat», zioten. Eta Helena saiatzen zen bere irudia erakusketan zegoen lekutik pasatzen, esaten zirenak entzuteko eta bizia duen irudi hilezkor baten moduan ibiltzen zen hiriko kaleetan zehar. Ez al zen bada, horretarako jaioa? Joaquinek ez zuen lorik egiten kasik.

        — Sekula baino okerrago ari duk —esan zion Abeli—. Oraingoan ari duk bai, nerekin jolasean. Akabatu egingo niak.

        — Noski! Dagoeneko edertasun profesionaltzat dik bere burua.

        — Bai, betikotu egin duk! Beste Gioconda bat!

        — Baina hik ere, sendagile haizen aldetik, bizitza luza diezaiokek...

        — Baita moztu ere.

        — Ez hadi horrela jarri, trajiko.

        — Eta zer egingo diat Abel, zer egingo diat?

        — Eduki ezak pazientzia.

        — Gainera, berak esandakoagatik jakin ahal izan diat nola kontatu dioan, nik beste norbaitekin maiteminduta dabilela uste dudala.

        — Hire mesederako izan huen.

        — Nere mesederako... Abel? Abel, bere alde hago..., biak ni engainatu nahian zabiltzate.

        — Engainatu? Zertan? Zerbait eskaini al dik?

        — Eta hiri?

        — Hire andregaia duk ala?

        — Hirea al duk dagoeneko?

        Abel ixilik geratu zen eta aurpegia aldatu egin zitzaion.

        — Ikusten? —motel eta dardarka Joaquinek—. Ikusten?

        — Zer?

        — Ukatu egingo duk orain? Ausartuko al haiz ukatzera?

        — Ondo duk Joaquin, lagunak gaituk ezagutu aurretik, anaiak bezalatsu.

        — Eta anaiari atzetik ostikoa, ez al duk hala?

        — Ez hadi sutan jarri, eduki ezak pazientzia.

        — Pazientzia? Ez al duk bada, nere bizitza etengabeko pazientzia? etengabeko oinazea? Heu atsegina, heu goratua, heu garailea, heu artista. Eta neu...

        Begietatik jauzitako malkoek mututu egin zuten.

        — Zer egin behar nian, Joaquin, zer nahi huen bada, nik egitea?

        — Ez hireganatzea heukan, neuk maite nian eta!

        — Baina bera izan duk eta, Joaquin, bera izan duk...

        Noski, hiri artistari, zorionekoari, zorionaren begikoari, atzetik ibiltzen zaizkik neskak hiri. Hire besotan duk bada...

        — Neu negok bereetan, esan diat.

        — Bai, harrapatu hau indioilarrak, edertasun profesionalak, Giocondak. Bere pintorea izango haiz. Irudikatuko duk egokera eta era guztietan, agerian, jantzita eta biluzik.

        — Joaquin!

        — Eta betikotu egingo duk. Hire koadroak adina biziko duk; biziko duk, ez! Helena ez duk bizi eta, iraun egingo dik. Iraungo dik marmola bezala, bera halakoa baituk. Harrizkoa delako, hotz eta gogorra, hotz eta gogorra hi bezalaxe. Haragi hutsa!

        — Esan diat ez jartzeko sutan.

        — Nola ez bada, nola ez nauk sutan jarriko! Hau zitalkeria duk, zatarkeria!

        Lur jota sentitu era isildu egin zen bere grinaren gogortasuna adierazteko hitzik ez balu bezala.

        — Baina hator hona, motel, —esan zion Abelek, bere ahotsik gozoenaz, beldurgarriena zenaz— eta pentsatu. Lortuko al nian berak hi maitatzea ez bahau maite nahi? Senargai bezala ez haiz...

        — Noski, ez nauk inoren gogoko; zoritxar jaio nindukan.

        — Zin dagiat, Joaquin.

        — Ez zin egin!

        — Zin dagiat nere esku balego Helena hire andregaia izango litzatekeela eta bihar emazte. Eman ahal izango banik...

        — Dilista plater baten truke salduko hidake, ez al duk hala?

        — Ez, saldu ez! Dohain emango niake eta zuek zoriontsu ikusteaz poztuko nintzateke, baina...

        — Bai, ez nauela neu maite eta heu maite hauela, ez al duk hala?

        — Hala duk!

        — Bere atzean zebilena baztertu egin duala eta bera baztertzen zuenaren atzetik dabilela orain, alegia.

        — Hori duk! Sinesten ez baduk ere, liluratua niauka.

        — Hori duk haizea hartzea! Nazka ematen didak!

        — Haizea hartzea?

        — Bai, batek hi liluratzea izatea bestea liluratzea baino gehiago duk. Gizajoa! Hiregatik borrokan zebiltzak emakumeak...

        — Ez nazak atera nere onetik, Joaquin...

        — Hi hire onetik atera? Hau zatarkeria duk, zitalkeria, makurkeria... Gure pertzak egin dik!

        Gero ahotsa aldatu, ahotsean negargura adieraziz:

        — Errukitu hadi Abel, errukitu hadi. Begira nola begiratzen nauten zeharka, begira zenbat traba dauzkadan... Hi gaztea haiz, zorionekoa, maitatua, nahi adina emakume duk! Utzidak Helena niri; honez gero ezin izango diat neskatan ibili... Utzidak Helena...

        — Uzten diat eta...

        — Ni entzutera bultzatu, ni ezagutzera bultzatu, beragatik hilko naizela jakin erazi iezaiok.

        — Ez duk ondo ezagutzen...

        — Bai ezagutzen zaituztet! Baina, Jainkoarren, zin egidak ez haizela ezkonduko berarekin...

        — Eta nork aipatu dik bada ezkontza?

        — Beraz, ni jeloskor jartzeko izan duk besterik gabe? Bera marilasterra baino ez duk, marilaster bat baino...

        — Hago isilik! —orroaka Abelek.

        Hainbestekoa izan zen orroa Joaquin isilik gelditu zela beste ari begira.

        — Ezinezkoa duk, Joaquin, hirekin ezin duk! Ezin diat hirekin! Eta joan egin zen Abel.

        Izugarrizko gaua pasa nuen —idatzi zuen bere Aitormenean Joaquinek— ohean alde batetik bestera, tarteka burukoa koska egiten nuela, garbiontziko txarrotik edatera jaikitzen nintzela. Sukarra eduki nuen.

        «Tarteka lokartzen nintzen amets garratzetan. Biak hiltzea pentsatu eta prestatu ere egiten nituen nere gogoan mendeku odoltiaren xehetasunak, sortzen nihoan drama edo nobela bat bailitzan, eta trebeki moldatzen nituen beraiekin elkarrizketak. Nere ustetan Helenak lotsarazi nahi ninduen eta ez besterik, ni gutxietsi nahian maitemindu zuen Abel. Egunarekin batera eta hainbeste min jasan ondoren etorri nintzen nere onera, ulertu nuen ez nuela inolako eskubiderik Helenarengan baina Abel gorrotatzen hasi nintzen eta era berean erabaki nuen gorroto hori ezkutuan edukitzea, ongarritzea, haztea eta nere baitan gordetzea bazterrik ezkutuenean. Gorrotoa? Oraindik ez nion izen hori jarri nahi eta ezta onartu nahi ere gorrotoaren haziarekin jaioa nintzela. Gau hartan hasi zen nere bizitzaren infernua.»

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia