II

 

        — Zer iruditzen zaik nere lehengusina? Joaquinek Abeli, neska aurkeztu eta irudia egitearen asmoa Helenari agertu ondoren, honek ideia atseginez hartu zuela.

        — Beno, egia nahi al duk?

        — Egia beti, Abel, egia esango bagenio batak besteari, egia osoa, hau paradisua huke.

        — Bai, eta bakoitzak bere buruari egia esango bagenio...

        — Esaidak egia bada!

        — Egia esan, Helena, hire lehengusina eta andregaia, behar bada emaztea ere, indioilar bezala ikusten diat...; indioilar emea, alegia. Ulertzen didak.

        — Bai ulertzen diat.

        — Pintzelaz baino mintzatzen ez zekiat eta...

        — Eta indioilarra, edo indioilar emea pintatuko duk bere buztana zabalduta daukala edota begiz beteta, bere burutxoa...

        — Modelo ezin hobea! Zoragarria, hi! Nolako begiak! Nolako ahoa! Aho mamitsua eta aldi berean zimurra, begiratzen ez duten begi horiek... Nolako lepoa! Zer esanik ez azalaren kolorea! Mintzen ez bahaut...

        — Ni mindu?

        — Esango diat indiar basati baten kolorea duela edo hobe, basapiztiarena. Badizkik pizti ezaugarriak, hoberenak noski. Eta hotza duk gainera.

        — Bai horixe!

        — Orain irudi on bat egitea espero diat.

        — Neri? Berari, ezta?

        — Ez, irudia berari egingo zioat baina hiretzat.

        — Ez, hori ez; irudia beretzat izango duk!

        — Ondo da, bientzat. Batek zekik... Behar bada horrela elkarganatzea lortuko diat.

        — Bai, hori, irudiak egitetik...

        — Nahi duana egitera, Joaquin, maiteminduak elkartzera, hainbeste sufritzeari utziko badiok. Hi horrela ikusteak min ematen zidak.

        Ekin zioten irudia egiteari, hirurak biltzen zirelarik. Helena bere aulkian esertzen zen handiro eta hotz, nardaztua, patuak eramana den jainkosa bat bezala. «Hitzegin dezaket?» Galdetu zuen lehenengo egunean eta Abelek erantzun: «Bai, hitz egin dezakezu eta baita mugitu ere; neretzat hobe da, horrela fisonomiari bizia ematen diozu eta. Hau ez da argazkigintza eta gainera ez zaitut nahi estatua moduan...» Bera hizketan, hizketan baina gutxi mugituz eta ondo zainduz bere planta. Zer zioen? Mutilek ez zekiten. Adi adi begiratu baino ez baitzioten egiten batak zein besteak; begiratu bai, baina entzun, ez.

        Eta bera, hitz egin eta hitz egin egokia iruditzen zitzaiolako ixilik ez egotea, eta hitz egiten zuen Joaquin ahal zuen neurrian zirikatuz.

        — Bezero asko al dituk, lehengusutxo? —galdetzen zion.

        — Hainbeste axola al zain?

        — Nola ez zaidak bada axolako, gizona, nola ez? Ez dakik zenbateraino!

        — Ba, ez, ez zekinat.

        — Hik neri eskaintzen didaken begirunea kontutan hartuta, gauza bera egiten diat hiregatik. Eta gainera batek zekik...

        — Batek zekin zer?

        — Beno, utz ezazue hori —artetik sartu zen Abel-ez duzue eztabaidatu baino egiten.

        — Hala gertatu ohi da —esaten zuen Helenak— senditartekoen artean. Eta gainera, hala hasten dela esaten dute.

        — Zer hasten dunala? —galdetu zuen Joaquinek.

        — Hire gauza duk hori, lehengusu, hi hasi haiz eta.

        — Honekin bukatzea izango dun egingo dudana.

        — Modu asko zeudek bukatzeko, lehengusu.

        Hasteko ere bazeuden moduak.

        — Zalantzarik gabe. Aizu, keinu hauek eginda 'rud'a lardaskatzen al dut?

        — Ez, ez; ezta gutxiago ere. Keinu horiek, zuk esaten duzun bezala, indartu egiten dute begirada eta jarrera. Baina...

        Bi egun barru hika egiten zioten elkarri Abel eta Helenak: horrela nahi izan zuen Joaquinek, ez baitzen agertu hirugarren saiora.

        — Ea, ea, nola diok? —esan zuen Helenak irudia ikustera joateko jaikita.

        — Zer deritzon?

        — Nik ez diat ulertzen, gainera ez nauk gai esateko nere antza daukaan edo ez.

        — Zer? Ez al dun ispilurik? Ez al haiz sekula bertan ikusi?

        — Bai, baina...

        — Baina, zer?

        — Ez zekiat bada...

        — Ez dun ikusten behar bezain polita hire burua ispilu honetan ala?

        — Ez hadi izan lausengaria.

        — Ondo dun, Joaquini galdetuko zionagu.

        — Joaquini buruz ez iezadak hitzik ere egin, mesedez. Bai aspergarria!

        — Berari buruz egin behar dinat bada!

        — Hala baduk, baniak.

        — Ez, eta entzun ezan, mutil horrekin egiten ari haizena ez zegon batere ondo.

        — Orain haren alde egin behar duk, ala? Aitzakia hutsa al duk irudia egitearena?

        — Aizan, Helena, ez zegon ondo horrela aritzea hire lehengusuarekin jolasean. Bera zera dun, zera...

        — Bai, jasanezina!

        Ez, bera barnekoia dun, arroa, burugogorra, berekoia, baina ona, zintzoa benetan, argia; etorkizun handia din bere lanean: maitasun sutsua din.

        — Eta hala ere neuk ez badiat maite?

        — Begiak ireki behar dizkion orduan.

        — Ireki zizkioat eta! Nekatu nauk esateaz mutil jatortzat daukadala baina horrexegatik, mutil jatortzat daukadalako, lehengusu ezin hobetzat eta ez diat txantxarik egin nahi, horrexegatik ez dudala senargai hartu, horrek dakarren ondorioekin.

        — Ba berak dioenez...

        — Bestelakorik esan badik ez dik egia esan Abel. Kalera bidaliko al diat eta nerekin hitzegitea debekatuko al zioat nere lehengusua izanik? Lehengusua! Bai barregarria!

        — Ez iezaion iseka egin.

        — Baina ezin diat eta!

        — Eta bere susmoa handiagoa din, tematzen dun bera maite ez dunanez ixilpean beste norbaitekin maiteminduta hagoela sinesten.

        — Hori esan al dik?

        — Bai, hori esan zidan.

        Helena, ezpainak estutu, gorritu eta ixildu egin zen une batez.

        — Bai hori esan zidan —berriro, Abelek, eskuineko eskua atsedenean jartzen zuela marge, ehuna eusten zuen makilan eta zorrotz begiratzen zuela Helena, asmatu nahian bere aurpegiko seinaleren baten zentzua.

        — Ba, horretan tematzen baduk...

        — Zer?

        — Lortuko duela ni besteren batekin maitemintzea.

        Arratsalde hartan ez zuen gehiago margotu Abelek. Eta ezkongai egin ziren.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia