I

 

        Ez zekiten Abel Sánchez eta Joaquin Monegro-k noiztik ezagutzen zuten elkar. Ezagunak ziren haurtzaroa baino lehenagotik, haur txikiak zirenetik, bakoitzaren inudeak elkarrekin egoten baitziren eta umeak ere elkartu egiten baitzituzten, artean ez zekitela hitz egiten ere. Bere burua ezagutzen ikasi zuten bestea ezagutuz. Eta horrela bizi izan ziren eta lagun egin ziren jaiotzatik, lagun baino gehiago batera hezitako anai.

        Beraien paseotan, jolasetan, lagun artean Joaquin, borondatetsuena, nagusi zela eta aurre hartzen zuela zirudien; baina amore ematen zuenarena eginez, Abelek bereari eusten Zion beti. Nahiago zuen esana ez egitea agintzea baino. Gutxitan haserretu ohi ziren.

        Berdin zaidak, hik nahi duana!...», esaten zion Abelek Joaquini eta hau sutan jartzen zen halakotan, «hik nahi duana!» esanda saihesten baitzituen hark sesioak.

        — Inoiz ez didak ezetz esaten!... —zioen Joaquinek.

        — Zertarako bada? —besteak.

        — Beno, gu Pinudira joaterik ez dik nahi honek —esan zuen behin Joaquinek zenbait lagun pasiora zihoazela.

        — Nik? Nahiko ez diat bada!... —esan zuen—. Bai, motel, bai; nahi duan bezala. Goazemazak!

        — Ez, nik nahi dudan bezala ez! Esan diat bestetan ere ezetz! Nik nahi dudan bezala ez! Hik ez duk joan nahi!

        — Baietz motel...

        — Ba orduan ez diat neuk nahi...

        — Ezta neuk ere...

        — Horrek ez dik balio —oihukatu zuen—. Berarekin edo nerekin!

        Hala Abelekin joan ziren denak, Joaquin bakarrik utzita.

        Joaquinek, bere Aitormenean haurtzaroko gorabehera hau kontatzean horrela zioen: «Ordurako atsegina zen bera, ez nekien zergatia, eta ni berriz zakarra, ez nuelarik atzematen honen arrazoia ere, eta bakarrik uzten ninduten. Txiki txikitatik baztertu ninduten nere lagunek».

        Batxilergoa egiten ari zirenean ere, elkarrekin, Joaquin zen ikasle amorratua, sariak lortu nahian ibiltzen zena, punta-puntakoa ikas gelan, eta Abel buru-burua haietatik kanpo, Institutuko jolaslekuan, kalean, mendian, piper egiten, lagun artean. Abel zen bere txantxekin jendeari barrea eragiten ziona, era batez ere, txaloak jasotzen zituen katedratikoei egiten zizkien irudiengatik. «Joaquin askoz ere gehiago saiatzen da, baina argiagoa da Abel... ikasten hasiko balitz».

        Lagunek zuten eritzi hau ondo ezagutzen zuen Joaquinek eta ez zion barrua belztu baino egiten. Inoiz otu zitzaion ikasketak uztea ere lagunari beste atal batzutan aurrea hartzeko; baina bere buruari «Ba, horiek ez dakite ezer...» esan eta bere senak agintzen zionarekin jarraitu zuen. Bestearen zaletasun eta trebetasunak garaitzen saiatuagatik ere ez zuen lortzen halakorik. Bere txantxak ez zituzten gustokoak eta serio iruditzen zitzaion jendeari.

        Zu negargarria zara —esan ohi zion Federico Cuadradok—; zure txantxak hileta txantxak dira».

        Biek amaitu zuten Batxilergoa. Abelek, artista lanari ekin zion pintura ikasketak jarraituaz, eta Medikuntza Fakultatean matrikulatu zen Joaquin berriz. Sarritan ikusten zuten elkar eta bakoitzak bere ikasketetan emandako aurrerapausoak kontatzen zizkion besteari, Joaquinek ahaleginak egiten zituelarik Abelek uler zezan Medikuntza artea ere bazela eta arte ederra gainera, inspirazio poetikoa ere zeukana bere baitan. Bestetan aldiz, artederrak gutxiesteari ematen zitzaion, hauek ahultzen baitute izpiritua, eta zientzia goraipatzen zuen, hau baita izpiritua goratu, sendotu eta zabaltzen duena egiaren bidez.

        — Baina Medikuntza ez duk zientzia ere —esaten zion Abelek—. Artea baino ez duk, zientziatik sortutako egintza bat alegia.

        — Ni ez nauk arituko gaisoak sendatzen ordea —erantzun zion Joaquinek.

        — Lanbide zintzo eta onura handikoa gero... —ondotik besteak.

        — Bai, baina hori ez duk neretzat. Izango duk hik nahi duan zintzo eta onuragarria baina nik gorroto diat zintzotasun eta onuragarritasun hori. Beste batzuk egitea ditek dirua pultsoa hartzen, mihia begiratzen eta edozein sendagai ematen. Nik haruntzago iritsi nahi diat.

        — Haruntzago?

        — Bai, bide berriak jorratzea duk nere helburua. Ikerkuntza zientifikoan arituko nauk. Medikuntzan ospea irabazi dutenak gaixotasunen baten oinarrizko gakoak aurkitu dituztenak dituk eta ez aurkikuntza hori zorionez edo zoritxarrez erabili dutenak.

        — Pozten nauk hi horrela ikusteaz, hain idealista.

        — Zer uste huen bada, hi bezalakoek bakarrik, artistek, pintoreek egiten dutela amets ospea lortzearekin ala?

        — Aizak, inork ez dik esan hori espero dudanik...

        — Ezetz? Orduan zergatik sartu haiz pintore?

        — Asmatuz gero, lanbide ona delako...

        — Ona?

        — Zera, bai, dirua ematen duena.

        — Kopla horrekin alferrik hator neregana, Abel... Lagunak gaituk jaio gintuanetik. Neri ez didak ziririk sartuko. Ondo asko zekiat nolakoa haizen.

        — Ibili al nauk bada inoiz hiri iruzur egin nahian?

        — Ez, baina nahi gabe sartzen duk hik ziria. Ezertxo ere aintzakotzat ez hartzearen itxura dik, bizitza jokutzat edukitzearenarena, dena bost axola zaionarena, handinahia daukak benetan...

        — Handinahia?

        — Bai, handinahi gosea daukak, aipuarena, ospearena... Betidanik halakoa izan haiz, jaio ordutik. Ezkutuan izan baduk ere.

        — Hator hona, Joaquin eta esaidak: noizbait traba egin al diat sariak eskuratzeko orduan? Ez al hintzen bada izan hi klasean argiena beti? Etorkizuna zeukaken mutila?

        — Hi hengoen baina guztien gainetik, lagunek begirunea ziaten, hi...

        — Eta zer egin nezakean nik?

        — Zer sinestarazi nahi didak, ez huela bilatzen askoren begiko izatea?

        — Aizak, hik ere baheukan hori lortzea!

        — Nik? Nik? Jendetza gaitzesten diat eta!

        — Beno, hi, ez zaidak tontakeriarik esan eta ahaz itzak. Hobe izango diagu berriro ere hire andregaiari buruz hitzegitea.

        — Andregaia?

        — Beno, hire lehengusina horretaz, andregaitzat nahi duan horretaz.

        Joaquin nonbait, Helena, bere lehengusinaren bihotza bereganatu nahian zebilen eta ahalegin horretan zeukan jarria bere gogoaren indar bateratu eta jeloskor guztia. Eta bere bihotz hustutzeak, beharrezko eta komenigarri diren borrokan dabilen maitemindutakoaren bihotz husteak, bere lagunarekin, Abelekin, izaten zituen.

        Zenbateraino mintzen zuen Helenak!

        — Geroz eta gutxiago ulertzen zioat —esaten zion Abeli—. Neskatxa hori esfinge bat duk neretzat.

        — Badakik zer esaten zuen Oscar Wildek, edo auskalo zeinek: emakume guztiak direla sekreturik gabeko esfingeak.

        — Ba, Helenak badiaukak, antza. Besteren bat maiteko dik, honek ez bazekik ere. Ziur negok beste bat maite duela.

        — Zergatik bada?

        — Alegia, ez hauelako hi maite..., senargaia bezala, lehengusu bezala maite hau eta...

        — Ez zaidak adarrik jo!

        — Beno, maite ez hauelako senargai bezala, edo senar bezala, beste norbaitekin maiteminduta egon behar al dik? Hori duk logika, hori!

        — Bazekiat zertaz ari naizen!

        — Bai, bazekiat neuk ere.

        — Heuk?

        — Ez al haiz hi saiatzen ni ongien ezagutzen naizena izaten? Zer duk hada, orduan hi ezagutu nahi izatea nik? Basera ezagutu gintuan.

        — Ziur negok emakume horrek zoratu egingo nauela eta burua galduaraziko didala. Jolasean ari duk nerekin. Hasera haseratik esan balit ezetz, ongi zegok, baina horrela egon beharra, ikusi duela esanez, pentsatuko duela, gauza horiek ez dituk pentsatu beharrekoak..., txolin alen hori!

        — Hirekin zelatan zegok.

        — Zelatan? Ba al zeukeat nik aztertzekorik bada? Zer mia dezake berak?

        — Joaquin; hire burua makurtzen ari haiz, eta baita berea ere.

        Edo zer uste duk, hi ikusi eta entzun eta bera maite duala jakin orduko heureganatuko hukeela?

        — Bai, zera, inoiz ez nauk izan atsegina eta!

        — Beno, motel, ez hadi estutu...

        — Baina emakume hori nerekin jolasean ari duk! Ez zegok ondo ni bezala eskuzabala, leiala, irekia... den batekin jolasean aritzea. Ikusiko bahu nolako ederra den! Batzutan ez zekiat maite ala gorroto zioaten!... Nahi al duk Helena aurkeztea?

        — Hik nahi baduk...

        — Ongi duk, aurkeztuko diat.

        — Eta berak nahi izanez gero...

        — Zer?

        — Bere irudia egingo zioat.

        — Bai, motel!

        Gau hartan ordea gaizki lo egin zuen Joaquinek irudia zela eta, marmarka batean eta burutik kendu ezinik Abel Sánchezek, nahi gabe ere atsegina zenak, askoren begikoa zenak, Helena irudikatuko zuela.

        Zer gertatuko ote? Helenari ere beraien lagunen antzera, Abel atseginagoa irudituko al zitzaion Joaquin baino? Bata besteari ez aurkeztea ere pentsatu zuen baina hitza emana zionez...

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia