Berrogeita bigarren atala

 

        Etxeko nagusia herrira itzuli zen gosaldu ondoren, baina ez zuen Tomen arrastorik aurkitu; izeba eta biak mahai aurrean eseri ziren, eta ezer esan gabe pentsatzen aritu ziren, atsekabetuak ziruditelarik, kafea hoztu eta hoztu, eta ezer jan gabe. Eta geroxeago esan zuen etxeko jaunak:

        — Eman al nizun eskutitza?

        — Zein eskutitz?

        — Atzo postetxean jaso nuena.

        — Ez, ez didazu eskutitzik eman.

        — Ahaztu egingo zitzaidan.

        Poltsikoetan bila aritu zen, eta gero haren bila joan zen ahazturik utzi zuen lekura, eta izebari eman zion. Honek esan zuen:

        — San Petersburgekoa da..., Sisena da.

        Iruditu zitzaidan beste ibilalditxoa egitea ongi etorriko zitzaidala, baina ezin nuen mugitu. Eskutitza zabaldu aurretik ordea, lurrera bota eta korrika alde egin zuen... zerbait ikusi zuelako. Eta nik ere ikusi nuen. Tom Sawyer zen lastaira batean etzanda, mediku zaharra, Jim, perkalezko soinekoa jantzita zuelarik eta eskuak atzean lotuta, eta jende pila. Eskueran nuen lehenengo gauzaren atzean ezkutatu nuen eskutitza, eta presaka irten nintzen. Izeba Tomen gainera habaildu zen negarrez, eta esan zuen:

        — Ene, hilik dago, hilik dago, badakit hilik dagoela!

        Eta Tomek burua jiratu zuen pixka bat, eta zerbait xuxurlatu zuen, eta izeba bere senean ez zegoela garbi utzi zuen; orduan eskuak zabaldu zituen, eta esan zuen:

        — Bizirik dago, eskerrak Jaungoikoari! Eta hori nahikoa da! —eta musu eman zion bat-batean, eta airean joan zen etxera Tomi ohea presta ziezaioten; ezker eskuin beltzei eta bidean topatzen zituen guztiei aginduak banatu zizkien, mingainak ahal zuen bezain bizkor.

        Gizonen atzetik joan nintzen Jimekin zer egin behar zuten ikusteko; eta mediku zaharra eta osaba Silas Tomen atzetik sartu ziren etxean. Gizonak suminduta zeuden, eta batzuek Jim urkatu nahi zuten, inguru hartako beltzak onbideratzeko, ihes egiteko ahaleginik egin ez zezaten, Jimek egin zuen bezala, horrelako arazo pila sor eraziz, eta familia osoa, horrenbeste egun eta gauez ia hiltzeko zorian jarri zuelarik. Baina besteek esaten zuten: ez horrelakorik egin, ez da gure beltza, eta nagusia azalduko da eta ziur ordain eraziko digula. Horrela pixka bat baretu ziren, zuzen jokatu ez duen beltza zintzilikatzeko irrikan egoten direnak, horiexek dira gero, atera behar ziotena atera ondoren, irrikan egoten ez direnak harengatik dirua ordaintzeko.

        Jimi madarikazioka luzaroan aritu zitzaizkion arren, eta noizean behin buruaren alde batean kaskarreko bat edo beste eman ere bai. Hark ez zuen ezer esaten, eta ez zuen inoiz agerian jarri ni ezagutzen ninduenik, eta lehengo txabola berera eraman zuten. Bere arropak jantzi zizkioten, eta berriz kateatu zuten, baina oraingoan ez oheko hankarekin, txabolaren oinarrietako enbor batean sartutako harri-maila handi batean baizik. Eskuak ere kateatu zizkioten, eta bi hankak, eta esan zioten handik aurrera ez zuela jateko ogia eta ura besterik izango, nagusia bila etorri, edo denbora luzean nagusirik ez agertzeagatik, enkantean saldua izan arte; gure zuloa estali zuten, eta esan zuten nekazari pare batek eskopetak eta guzti txabola inguruan gauero zaintza egingo zutela, eta egunez zezen txakurra atean loturik jarriko zutela; eta gutxi gorabehera orduan amaitu zuten lana eta amaierarekin batera agurtzeko madarikazio orokorrak bota zizkioten, eta orduan mediku zaharra azaldu zen, inguruan begiratu, eta esan zuen:

        — Beharrezkoa dena baino gogorrago ez jardun horren kontra, ez baita beltz gaiztoa. Mutila aurkitu nuen lekura iritsi nintzenean, konturatu nintzen ezingo nuela bala atera laguntzarik izan ezean, eta mutila ez zegoen ni handik laguntza bila joan eta bakarrik uzteko egoeran; eta gero eta okerrago jarri zen, eta denbora luzea igaro ondoren burua joan zitzaion, eta ez ninduen beregana hurbiltzen uzten, eta esan zidan almadian klarionaz arrastoak egiten banizkion hil egingo ninduela, eta antzeko zentzugabekeria ugari, eta harekin ezin nuela ezer egin konturatu nintzen; eta esan nuen, laguntza eskuratu behar dut nola edo hala; eta hori esan nuen unean bertan, arrastaka irten zen beltz hori nonbaitetik, eta lagunduko zidala esan zuen, eta lagundu egin zidan, eta oso ongi gainera. Noski pentsatu nuela beltz iheslaria izango zela, eta ni han! eta han geratu beharko nuen egun osoan mugitu gabe, eta gau guztian. Egoera larria zen, benetan esaten dizuet! Kalentura zuten gaixo pare bat nituen, eta gustura joango nintzatekeen horiek ikustera, baina ez nintzen ausartzen, beltzak ihes egin zezakeelako, eta orduan ni izango nintzatekeelako errudun; eta txaluparik ez zen hurbilean ageri hari oihu egin, eta laguntza eskatu ahal izateko. Beraz han geratu beharra izan dut gau osoan gaur goizean egunak argitu duen arte; eta ez dut inoiz ikusi hori baino beltz zaindari hoberik edo lagun leialagorik, gainera bere askatasuna arriskuan jartzen zuen hori egiteagatik, eta oso nekaturik zegoen, eta agerian zuen azken aldian gogor aritu behar izan zuela lanean. Atsegin zitzaidan beltza horregatik; benetan esaten dizuet, jaunak, horrelako beltz batek mila dolar balio ditu..., eta trataera atsegina ere bai. Nik behar nuen guztia nuen, eta mutila etxean balego bezain ongi zegoen..., hobe agian, hango isiltasun handiarengatik; baina han nintzen ni biak ardurapean nituelarik; eta han geratu beharra izan dut, gaur goizeko egunsentira arte; orduan gizon batzuk txalupa batean gure ondotik igaro zaizkigu, eta zorionez, beltza lastairaren aurrean eserita zegoen, burua belaunen gainean erorita zuelarik, lo zerraldo; eta isil isilik keinuak egin dizkiet gizonei hurbiltzeko, bere atzetik igo, harrapatu, eta lotu egin dute beltza, hura ezertaz konturatu baino lehen, eta ez dugu inolako arazorik izan. Mutilak loaldi arma zuenez gero, arraunen hotsa gozatu egin dugu, eta almadia txaluparekin lotu, eta atoian eraman poliki eta zaratarik egin gabe, eta beltzak ez zuen hasiera hasieratik istilurik sortu eta ez hitzik esan. Ez da beltz gaiztoa, jaunak; hori da nik beltzaz pentsatzen dudana.

        Norbaitek esan zuen:

        — Oso ekintza ona dirudiela esan beharrean nago, mediku jauna.

        Eta besteak ere pixka bat baretu ziren, eta eskerrona adierazi nahi nion mediku zaharrari Jimi mesede hori egiteagatik; pozik nengoen baita ere nire aurreiritzia zuzena izan zelako, bihotz onekoa eta gizon ona iruditu baitzitzaidan medikua, lehenengo aldiz ikusi nuenean. Orduan denek onartu zuten Jimek oso ongi jokatu zuela, eta hori kontutan hartu behar zutela, eta sariren bat emango ziotela. Guztiek hitza eman zuten, zinez eta aho betean, ez zirela gehiago haren kontra madarikazioka arituko.

        Gero txabolatik irten ziren eta giltzatu egin zuten. Espero nuen esango zutela kate bat edo beste kenduko ziotela, pisu handia baitzuten, edo haragia eta barazkiak emango zizkiotela ura eta ogiarekin batera, baina ez zuten hori kontutan hartu, eta iruditu zitzaidan hobe nuela neure burua horretan ez nahastea. Baina medikuaren istorioa, modu batera edo bestera, izeba Sallyri jakin eraztea erabaki nuen, aurrean nituen oztopoak gainditu bezain laster ordea, alegia, azalpenak eman, eta argitu ondoren zergatik ez nuen aipatu Sid tirokatu zutela zoritxarreko gau horretan, hura eta biok beltz iheslariaren bila arraunean aritu ginela esan nuenean.

        Baina banuen denbora. Izeba Sallyk gaixoen gelan ematen zituen egunak eta gauak; eta osaba Silas aztoratuta zihoala ikusten nuen bakoitzean, itzuri egiten nion.

        Hurrengo goizean entzun nuen Tomek hobetu egin zuela, eta izeba Sally lo kuluxka egitera zihoala. Gaixoen gelan sartu nintzen ezkutuan, eta pentsatu nuen Tom esna aurkituz gero familiak sinesteko moduko istorioren bat asma genezakeela. Baina lotan zegoen, eta oso lasai gainera; aurpegia zurbila zuen eta ez sutan etxera ekarri zutenean bezala. Eseri egin nintzen eta hura esnatzeko zain geratu nintzen. Ordu erdi barru, izeba Sally sartu zen poliki-poliki, eta han nintzen ni, berriz harrapatuta! Geldirik egoteko keinu egin zidan, eta ondoan eseri zitzaidan, eta ahopeka hasi zen hizketan, eta esan zuen oso pozik egon gintezkeela, gaitz aurrekoak oso onak zirelako, eta aspalditik modu horretan lotan zegoelako, gero eta itxura hobea eta lasaiagoa zuelarik, eta hamar baten kontra zituela aukerak esnatu eta bere senera etortzeko.

        Eseri eta Tomi begira geratu ginen, eta geroxeago pixka bat mugitu, eta begiak normaltasunez ireki zituen. Ingurura begiratu eta esan zuen:

        — Kaixo, baina etxean nago eta! Zer gertatu da? Non da almadia?

        — Ongi dago —esan nuen.

        — Eta Jim?

        — Ere bai —esan nuen, baina ezin nuen hori oso modu sutsuan esan. Hark ordea ez zuen hala ulertu, eta aitzitik esan zuen:

        — Ederki! Primeran! Orain ongi eta arriskutik kanpo gaude! Esan al diozu izeba Sallyri?

        Baietz esatera nindoan; baina izebak parte hartu eta esan zuen:

        — Esan zer, Sid?

        — Bada, kontu guztia nola egin dugun.

        — Zein kontu guztia?

        — Kontu guztia, bada. Bat besterik ez dago; nola askatu genuen beltz iheslaria... nik eta Tomek.

        — Ene Jaungoikoa! Askatu beltz ihes... Zertaz ari da ume hau! Ene, ene, burua galdu du berriz!

        — Ez, ez dut burua galdu; badakit zer esaten ari naizen. Guk askatu genuen... nik eta Tomek. Hori aurrera eramatea erabaki genuen, eta hala egin genuen. Eta dotore egin gainera.

        Hasi zen hizketan, eta izebak ez zuen geldi erazi, eseri eta zor eta lor begiratu eta begiratu besterik ez zion egin, hitz egiten utzi zion, eta ikusi nuen alferrik tela parte hartzen saiatzea.

        — Izeba, ikaragarrizko lana eman digu... asteak lanean... orduak eta orduak, gauero, zuek lotan zineten bitartean. Eta kandelak, maindireak, alkandora, zure soinekoa, koilareak, latorrizko platerak, labainak, oheak berotzeko su-ontzia, errotarria, irina, eta gauza pila lapurtu behar izan genituen, eta ezin pentsa dezakezu nolako lana izan zen zerrak, idazteko lumak, inskripzioak, eta gauza bat eta beste egitea, eta ezin pentsa dezakezu zein gustura ibili ginen. Eta hilkutxa eta beste gauzen marrazkiak asmatu behar izan genituen, eta lapurrek bidalitako eskutitz izengabea, eta tximist orratzean gora eta behera ibili, eta txabolaraino zuloa egin, eta eskailera, eta pastel baten barruan egosi, eta giolareak eta lan egiteko beste gauzak, zure mantalaren poltsikoan sartuta bidali...

        — Aitaren eta semearen!

        — ...eta txabola arratoiez eta sugeez eta beste gauzez bete Jimek lagunak izan zitzan; eta gero Tom hemen horren denbora luzean izan zenuenean, gurina sonbreiru barruan zuela, ia lan guztia alferrik galdu zenuen, gizonak gu txabolatik irten baino lehen etorri baitziren, eta presaka ibili behar izan genuen. Sumatu gintuzten eta guregana tiro egin zuten, eta nik egokitu zitzaidana hartu nuen, eta bidetik bazterrera jo genuen eta aurrera joaten utzi genien, eta zakurrak iritsi zirenean ez ziguten jaramonik egin, eta zarata handiagoa zegoen lekura abiatu ziren. Guk kanoa hartu, eta almadiarantz jo genuen, eta arriskutik kanpo ginen guztiak. Jim gizon librea zen, eta guk bakarrik egin genuen dena. Ez al da primerakoa, izeba!

        — Ez dut bizitza osoan antzeko gauzarik entzun! Orduan zuek izan zarete, lotsagabe horiek, istilu guztiak sortu dituzuenak, eta jende guztia bere onetik atera eta ia hiltzeko zorian jarri arte ikaratu duzuenak. Inoiz baino gogo biziagoa dut oraintxe bertan zuei ordainak emateko. Pentsatzea ere, hemen izan naizela gaua joan eta gaua etorri, ...osa zaitez azkar, arlote hori, eta hitza ematen dizut deabrua gorputzetik kanpora astinduko dizudala!

        Baina Tomek, horren harro eta pozik zegoenez, ezin zuen isildu, eta mingainak aurrera egiten zion jo eta ke..., izeba hizketan eta sua zeriola, eta biak batera isildu gabe, katu bilera balitz bezala. Izebak esan zuen:

        — Egin, egin ahal duzun barre guztia orain, baina zin egiten dizut berriz harrapatzen bazaitut harengana zoazela muturra sartzera...

        — Muturra sartzera norengana? —esan zuen Tomek irribarrea utzi eta harrituta zirudielarik.

        — Norengana? Beltz iheslariarengana, noski. Norengana uste zenuen bada?

        Tomek oso kopetilun begiratu zidan, eta esan zuen:

        — Tom, ez al didazu oraintxe esan ongi zegoela? Ez al du ihes egin?

        — Horrek? —esan zuen izeba Sallyk—. Beltz iheslariak? Noski ezetz. Hona ekarri dute berriz, bizirik eta osorik, eta txabolan dago berriz, jateko ogia eta ura besterik ez duelarik, eta katez ederki hornituta, norbait bila etorri edo saldua izan arte!

        Tom zuzen jarri zen ohean eserita, begiei sua zerien, eta sudurzuloak arrainen zakatzak bezala ireki eta ixten zitzaizkion, eta oihu egin zidan:

        — Ez dute lotzeko eskubiderik! Zoaz! ...eta ez denborarik galdu. Aska ezazu! Ez da esklaboa; lur gainean dabilen edonor bezain librea da!

        — Zer esan nahi du ume honek?

        — Esan dudana esan nahi dut, izeba Sally, eta norbait ez badoa neroni joango naiz. Betidanik ezagutzen dut, eta Tomek ere bai. Watson andereño zaharra duela bi hilabete hil zen, eta lotsaturik zegoen beltza ibaian behera saldu nahi izan zuelako, eta hori esan zuen; eta libre utzi zuen hilburukoa egin zuenean.

        — Orduan zer demontretarako nahi zenuten libre utzi, libre baldin bazen ordurako?

        — Hori galdera, hori, emakumezkoen tankerakoa! Abentura nahi nuelako, eta leporaino odoletan sartuko nintzatekeelako horrela... Ene Jaungoikoa, izeba Polly!

        Eta huraxe bera zen ate ondoan zutik, eta pastelak jaten erdi aserik dagoen aingerua bezain ezti eta pozik zegoela zirudien!

        Izeba Sallyk jauzi egin zuen, eta harengana joan zen, eta haren besarkadek ia burua bere lekutik atera zioten, negar egi n zuen, eta nik leku aproposa aurkitu nuen ohe azpian ezkutatzeko, gauzak oker xamar jartzen ari zitzaizkigula ikusi bainuen. Zirrikitu batetik begiratu nuen, eta handik pixka batera Tomen izeba Polly besarkadatik askatu zen, eta Tomi begira geratu zitzaion betaurrekoen gainetik..., badakizu, bertan txiki-txiki egin nahiko balu bezala. Eta orduan esan zuen:

        — Bai, hobe duzu beste aldera begiratzea..., nik ere hori egingo nuke zure egoeran, Tom.

        — Ene, ene! —esan zuen izeba Sallyk—. Horren aldatuta al dago? Baina hori ez da Tom, Sid da; Tom... Tom hori... baina non da Tom? Oraintxe bertan hemen zen era.

        — Non da Huck Finn esan nahiko duzu... hori esan nahiko duzu! Uste dut urte askotan hazi dudala gure Tom bihurri hau, ikusi orduko ezagutu ahal izateko. Hori besterik ez genuen behar, irten ohe azpitik, Huck Finn.

        Hori egin nuen. Baina ez nengoen oso adoretsu.

        Izeba Sally inoiz ikusi dudan pertsonarik nahasiena zen; beste norbait ezik, osaba Siias, alegia, gelan sartu eta dena esan ziotenean. Mozkortuta balego bezala geratu zen, eta ezer ere ez zuen asmatu handik aurrera egun osoan, eta gau horretan eliza bileran egin zuen predikuak oso izen ona eman zion, munduko gizon zaharrenak ere ezin uler ziezaiokeelako. Eta horrela Tomen izeba Pollyk nor eta zer nintzen esan zien; eta nik parte hartu behar izan nuen eta esan halako estualdian nengoenez, Phelps andreak Tom Sawyerrekin nahastu ninduenean... (izebak esan zuen orduan: Oi, izeba Sally orain arte bezala, ohiturik hago eta ez duzu aldatu beharrik), izeba Sallyk Tom Sawyerrekin nahastu ninduenean, jasan beharra izan nuela..., beste biderik ez nuen, eta banekien Tomi ez zitzaiola gaizki irudituko, pozez zoratzen jarriko baitzen gauza misteriotsu horrekin, eta abentura antolatuko zuen horren kontura, eta oso gustura ibiliko zen. Eta horixe gertatu zen, eta berak Sid zela jakin erazi zuen, eta ahal izan zuen guztia erraztu zizkidan gauzak.

        Eta Tomen izeba Pollyk esan zuen hura zuzen zegoela Watson andereño zaharrak hilburukoan Jim libre utzi zuela esan zuenean; eta horrenbestez, garbi ikusi nuen, Tom Sawyerrek horrelako neke eta lanei aurre egin ziela beltz libre bat askatzeko! Hizketaldi hori entzun nuen arte ez nuen ulertzen, nola haren heziketa ona kontutan hartura, laguntza eman ziezaiokeen inori beltz bat libre uzteko.

        Izeba Pollyk esan zuen izeba Sallyk Tom eta Sid bizirik eta onik iritsi zirela idatzi zionean, esan zuela berekiko:

        — Hara berriz! Jakina gertatuko zela, mutila horren urrutira joaten utzita, eta zaintzeko inor eraman gabe. Orain ibaian behera mila eta ehun milatako bidaia luzea egin beharko dut, ume hori oraingoan zertan dabilen ikusteko..., bitartean zure erantzunik jaso ez nuenez gero.

        — Baina nik ez nuen zure eskutitzik hartu —esan zuen izeba Sallyk.

        — Baina nola da posible? Bitan idatzi nizun Sid han zegoela esatean zer esan nahi zenuen galdezka.

        — Ez nituen jaso.

        Izeba Pollyk poliki eta modu zorrotzean begiratu zuen ingurura, eta esan zuen:

        — Zu, Tom?

        — Eta... zer? —esan zuen haserre xamar.

        — Ez niri horrelakorik erantzun, ume lotsagabea... emazkidazu eskutitzak.

        — Zein eskutitz?

        — Eskutitz horiek. Astindu egin beharko zaitut ez badizkidazu...

        — Kutxan daude. Ez da horrenbesterako. Eta postetxetik hartu nituenean bezalaxe daude. Ez ditut ireki, ez ditu ukitu. Baina banekien arazoak sortuko zizkigutela, eta pentsatu nuen presako gauza ez bazen...

        — Astintzea merezi duzu, zalantzarik ez dago... Eta beste bat ere idatzi nizun etorriko nintzela esanez, eta uste dut hori ere...

        — Ez, atzo iritsi zen; ez dut oraindik irakurri, baina ongi dago, hori badut.

        Izebari bi dolarretako apustu egitea bururatu zitzaidan eskutitza ezetz aurkitu, baina iruditu zitzaidan beharbada hori egitea bezain osasuntsua zela ez egitea. Beraz ez nuen ezer esan.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia