Berrogeita batgarren atala

 

        Medikua gizon zaharra zen; gizon atsegina eta on itxurakoa iruditu zitzaidan ohetik jaiki erazi nuenean. Esan nion anaia eta biok ehizan aritu ginela bart arratsean Uharte Espainiarrean, eta almadia zati bat aurkitu eta bertan kanpatu genuela, eta gauerdi inguruan anaiak ostiko bat eman behar izan zuela, eskopetak tiro egin baitzuen, hanka zauritu ziolarik, eta bertara joan zedin nahi genuela hari hanka sendatzera eta dena isilik gordetzea, inori ezer ez esatea, gau horretan bertan etxera iritsi nahi genuelako, eta familiakoak ustekabean hartu.

        — Zeintzuk dira zuen familiakoak? —esan zuen.

        — Phelpstarrak, han behekoak.

        — Hara —esan zuen.

        Eta minutu bat igaro eta esan zuen:

        — Nola esan didazu tiro egin zuela?

        — Ametsetan ari zen —esan nuen—, eta eskopetak tiro egin zion.

        — Bitxia ametsa —esan zuen.

        Linterna piztu eta bide zorroa hartu zuen, eta abiatu ginen. Baina kanoa ikusi zuenean, ez zitzaion haren itxura gustatu... esan zuen batentzat nahikoa izango zela, baina arriskutsua zirudiela birentzat. Nik erantzun nion:

        — Ez duzu beldurrik izan behar, jauna, gu hirurok erraz eraman gaitu.

        — Nortzuk hiru?

        — Bada, ni eta Sid, eta... eta... eta eskopetak; hori esan nahi nuen.

        — Oi! —esan zuen.

        Baina oina karelean jarri zuenean kanoa balantzaka hasi zen; buruari eragin, eta esan zuen beste handiagoa bilatuko zuela inguruan. Baina denak giltzaturik eta kateaturik zeuden; orduan nire kanoa hartu zuen, eta esan zidan han itxaroteko bera itzuli arte, edo han inguruan kanoa bila ibil nintekeela, edo nahi izanez gero, hobe litzatekeela agian etxera joan eta bertakoak ezustearen jakinaren gainean jartzea. Baina ezetz esan nion; almadia nola aurki zezakeen azaldu nion, eta gero alde egin zuen.

        Berehala zerbait bururatu zitzaidan. Esan nuen nire artean, jo dezagun ezin duela Tomen hanka sendatu amen esan orduko, esaerak dioen bezala. Jo dezagun hiru edo lau egun behar dituela. Zer egingo dugu?... Han geratu horrek dena lau haizetara zabaldu arte? Ez jauna, badakit zer egingo dudan. Zain egongo naiz, eta itzultzen denean esaten badu berriro joan beharra duela, nik lagunduko diot, igeri egiten joan behar badut ere; eta medikua hartu eta lotu egingo dugu, eta gurekin batera ibaian behera eramango dugu; eta Tomek haren beharrik ez izatean, zor dioguna, edo daukagun guztia eman, eta gero ibai bazterrera joaten utziko dugu.

        Egur-pila baten tartean sartu nintzen lo kuluxka egitera; eta esnatu nintzenerako eguzkia burua baino gorago nuen! Ziztu batean alde egin nuen medikuaren etxera, baina esan zidaten gauean noizbait irten zela, eta ez zela oraindik itzuli. Beno, pentsatu nuen, horrek ez du batere gauza onik adierazten Tomentzat, eta oraintxe noa zuzen zuzenean uhartera. Lasterka abiatu nintzen, eta kale kantoiari bira eman, eta ia kaskarreko bat eman nion osaba Silasi sabelean! Esan zuen:

        — Baina, Tom! Non ibili zara, denbora guzti honetan, bihurri hori?

        — Ez naiz inon ibili —esan nuen—, beltz iheslariaren bila besterik ez... Sid eta biok.

        — Baina, nora joan zarete? —esan zuen—. Zuen izeba oso kezkaturik dago.

        — Ez zuen zertan egon beharrik —esan nuen—, ongi ginen eta. Gizonen eta zakurren atzetik joan ginen, baina atzean utzi gintuzten, eta galdu egin genituen; iruditu zitzaigun uretan entzun genituela, eta kanoa bat hartu genuen eta horien atzetik joan ginen ibaiaren beste alderaino, baina ez genuen arrastorik aurkitu; orduan ibai bazterretik gorantz jo genuen nekatu eta gogogabetu ginen arte; kanoa lotu eta lotara joan ginen, eta ez gara duela gutxi gorabehera ordubete arte esnatu, gero honantz arraun egin dugu berririk jaso ahal izateko, eta Sid postetxera joan da berririk entzun zezakeen ikustera, eta ni beste aldera jo dut jateko zerbaiten bila gero etxera joateko.

        Postetxera joan ginen Siden bila; baina susmatzen nuen bezala, han ez zen Sid ageri. Etxeko jaunak eskutitza jaso zuen bulegotik, eta pixka batean zain egon ginen, baina Sid ez zen etorri; eta gizonak esan zuen: goazen, eta Sid oinez joan dadila etxera, edo kanoan, denbora galtzen bukatzen duenean... baina gu zaldi gainean joango gara. Ez nion buruan sartu han geldituko nintzela Siden zain; eta esan zuen ez zela beharrezkoa, eta etxera joan behar nuela izeba Sallyri ongi ginela jakin erazteko.

        Etxera iritsi ginenean, izeba Sally horren pozik zegoenez ikusi ninduenean, negar eta barre batera egin zuen, eta besarkatu ninduen, eta hutsa ziren bere astinaldi horietako batzuk eman zizkidan, eta esan zuen beste horrenbeste emango zizkiola Sidi etortzen zenean.

        Gela leporaino zegoen bazkaltzera joan ziren nekazari eta nekazarien emazteez beteta; eta inoiz entzun ez dudan berriketa zerabilten. Hotchkiss atsoa okerrena zen; haren mingaina jo eta ke ari zen denbora guztian. Honela zioen:

        — Begira, Phelps ahizpa, goitik behera miatu dut txabola hori eta uste dut beltz hori burutik eginda zegoela. Hori bera esan diot Damrell ahizpari... ez al da hala, Damrell ahizpa? ...hala esan diot, beltz hori burutik eginda dago, zera... horrelaxe esan nion. Denen aurrean esaten dut: burutik eginda dago, zera; gauza guztiek hori adierazten dute. Begira errotarri horri, esan diot, uste al duzue bere onean dagoen inork horrelako zorakeriak zirriborratuko lituzkeela errotarri batean? Halako eta halakori bihotza lehertu zitzaion, eta hala eta hala egin zuen aurrera hogeita hamazazpi urtetan, eta guzti hori... Luis «ezdakitnoren» seme berezkoa, eta amaitzen ez diren lelokeriak. Zoro hutsa da, esan diot; horixe esan nuen hasieran, horixe esan nuen tartean, eta hori esan dut denbora guztian... beltza zoraturik dago... Nabukodonosor bezain zoroa, zera.

        — Eta begira oihal zatiz eginiko eskailera hori, Hotchkiss ahizpa —esan zuen Damrell atsoak—, zer demontretarako beharko zuen...

        — Horixe bera esan diot oraintxe bertan Utterback ahizpari, eta berak esango dizu bestela. Esan dit: begira oihalezko eskailera horri, eta nik: bai, begira... zertarako nahiko zuen, bada. Berak esan dit: Hotchkiss ahizpa...

        — Baina, dena dela, nola arraio sartu dute errotarria txabolan? eta nork egin zuen zulo hori? eta nork...

        — Horixe bera esaten dut nik, Penrod anaia! Esaten ari nintzen... azukre lapa plater hori emango al didazu mesedez?... Dunlap ahizpari duela gutxi esaten ari nintzaion bezala, nola sartuko zuten errotarria txabolan, zera. Laguntzarik gabe, alegia, ...laguntzarik gabe! Hortxe dago koska. Ez duzue esan beharrik, zera; laguntza izan du; laguntza handia, gainera, hori esaten dut nik, dozena bat pertsona izan dira beltz horri laguntzen, eta hemengo beltz guztiak bana banan larrutuko nituzke, baina asmatuko nuke nork egin zuen, bai horixe; eta gainera esan nion...

        — Dozena bat esan duzu!... berrogeik ere ezingo lukete guzti hori egin. Begira labainez eginiko zerrak eta gauza horiek, nolako lan nekeza egin behar izan dute; begira horiek erabiliz zerratutako oheko hanka, sei gizonentzat astebeteko lana da hori; begira ohe gainean zetzan lastoz eginiko beltz hori; eta begira...

        — Oso ongi esan duzu, Hightower anaia! Horixe bera esaten nion Phelps anaiari. Berak esan dit: zer deritzozu horri, Hotchkiss ahizpa? eta nik esan diot: zeri, Phelps anaia? Oheko hanka modu horretan zerratua egoteari, esan dit. Zer deritzodan? Ziur nago ez zela bera bakarrik zerratu, esan diot..., norbaitek zerratu du; hori da nire iritzia, gustatu ala ez gustatu, agian ez du ezertarako balioko, zera, baina hori da nik uste dudana, eta inori hoberik bururatzen bazaio, esan dezala, horixe esaten dut nik, eta kito. Dunlap ahizpari esan diot, zera...

        — Deabruak naramala, etxea gauero beltzez beterik ez baduzue izan han barruan lau aste osoz, lan guzti hori egin ahal izateko, Phelps arreba. Begira alkandora..., zati txikiena ere odolez egindako Afrikako idazkera sekretuaz estalirik! Talde galantak aritu beharra zuen lan eta lan ia denbora guztian. Bi dolar emango nituzke norbaitek hor dioena irakurriko balit; eta idatzi zuten beltzei dagokionean, hitza ematen dizut hartu eta zartailua dantzatuko nukeela horien gainean, ahalik eta..

        — Laguntzaileak izango ez zituen bada, Marples anaia! Duela egun batzuk etxe honetan izan bazina, baietz esango zenukeela uste dut. Eskutara etortzen zitzaizkien gauza guztiak lapurtu dituzte... eta gu denbora guztian zelatan, ez pentsa. Alkandora hori lehortzen zintzilik zegoela lapurtu zuten! Eta eskailera egiteko erabili duten maindirea ez dakigu zenbat aldiz lapurtu duten; eta irina, eta kandelak, eta argimutila, eta koilareak, eta oheak berotzeko su-ontzi zaharra, eta dagoeneko burutik joan zaizkidan mila gauza gehiago, eta nire perkalezko soineko berria; Silas eta biok, eta gure Sid eta Tom gau eta egun zelatan etengabe, eta esan dizuedan bezala, inork ez du horien arrastorik ikusi, ez entzun eta ez sumatu; eta hara nola, azken minutuan, gure muturren aurrean ihes egiten duen, eta ziria sartzen digute gainera, eta ez guri bakarrik, baita indiarren lurraldeko lapur horiei ere, eta beltza bizirik eta osorik daramate, une horretan hamasei gizon eta hogeita bi zakur orpoz orpo dituztelarik! Benetan esaten dizut, makalak iruditzen zaizkit orain arte entzundako guztiak. Izpirituek ere ezingo lukete lana hobe egin, eta buru gehiagorekin. Eta uste dut izpirituak izango zirela..., izan ere, ezagutzen dituzu gure zakurrak, eta badakizu zakur hoberik ez dela; bada, zakurrek ez zuten behin ere horien arrastorik aurkitu! Argitu hori, ahal baduzu!... edonork argitu dezala!

        — Beno, egia esateko...

        — Alajainkoa, inoiz ez...

        — Aitaren eta semearen, nik ez...

        — Etxean lapurretan horretaz gainera...

        — Santu guztien izenean, beldurturik nengokeen horrela bizi behar...

        — Beldurturik bizi diozu!... horren beldurturik nengoenez, ez nintzen ia ohera joatera ausartzen, ez jaikitzera, ez etzatera eta ez esertzera, Ridgeway ahizpa. Lapur ziezadaketen baita..., ene, ezin pentsa dezakezu nolako estualdian nengoen bart gauerdia iritsi zenerako. Jainkoaren izenean, familiakoren bat lapurtuko ote zuten ere beldurrez nengoen! Horrelako egoeran burua ez nuen ezertarako. Orain, egun argiz, txorakeria dirudi; baina esaten nuen nire artean: hor daude lotan gure bi mutil gizajoak, goiko gela bakartian; eta egia esango dizut horren odoleztu nengoenez, gora joan eta gelan giltzatu egin nituen! Edonork egingo luke. Badakizu, modu horretan ikaratzen zarenean, eta horrelako gauzak pentsatzen aurrera egiten baduzu, gero eta gauza okerragoak etortzen zaizkizu burura, burua joan egiten zaizu, eta era guztietako zentzugabekeriak egiten dituzu, eta geroxeago burura etortzen zaizu: eta ni mutiko horietakoa banintz, eta hor goian banengo, eta atea giltzatu gabe, eta...

        Eten egin zuen, eta kezkatua zirudien, gero burua mugitu zuen inguru osoan poliki-poliki, eta haren begiradak nirearekin topo egin zuenean..., zutitu egin nintzen eta ibilalditxoa egin nuen.

        Esan nuen nire artean: hobe azalduko diot gaur goizean zergatik ez ginen gelan, kanpora bazter batera irteten banaiz eta hori pixka bat aztertzen badut. Eta hala egin nuen, baina ez nintzen oso urrutira joaten ausartu, izebak norbait nire bila bidali baitzuen. Eta egunak aurrera egin, eta jende guztiak alde egin ondoren, etxean sartu eta esan nion zaratak eta tiroek esna erazi gintuztela Sid eta biok, eta hango festa ikusi nahi genuela, eta atea giltzaturik zegoenez, tximist orratzaren burdinan behera irrist egin genuela eta biak min hartu genuela, eta ez genuela hori berriz egingo. Eta gero osaba Silasi esandako guztia errepikatu nion; eta gero esan zuen barkatuko zigula, eta ez zela horren oker handia edozein modutara ere, edonork espero zezakeela mutil batzuek hori egitea, mutil guztiak txoriburu xamarrak baitziren bere iritziz; eta kalterik izan ez zenez gero, hobe iruditu zitzaion denbora, bizirik eta ongi ginelako, eta bere ondoan gintuelako, eskerrak emateko erabiltzea, gertatutakoaz eta amaiturik zegoenaz kezkatzea baino. Ondoren musu eman zidan, eskua buruan jarri eta ukitualditxoak eman zizkidan, eta gogoetak egiten arituko balitz bezala geratu zen. Berehala jauzi egin, eta esan zuen:

        — Baina, alajainkoa, ia gaua egin da, eta Sid ez da oraindik etorri! Zer gertatuko zitzaion mutil horri?

        Aukera ona iruditu zitzaidan, eta azkar jauzi egin eta esan nuen:

        — Herrira lasterka joan eta ekarriko dut.

        — Ez, ez zara joango —esan zuen—. Zauden lekuan bertan geratuko zara; nahikoa da bat galtzea aldi bakoitzean. Afaritarako ez badago hemen, osaba joango da bila.

        Ez zen afaritarako etxeratu; eta afaldu ondoren irten zen osaba.

        Hamarrak inguruan itzuli zen, ez oso lasai; ez zuen Tomen arrastorik aurkitu. Izeba Sally oso kezkaturik zegoen, baina osaba Silasek esan zion ez zegoela horretarako arrazoirik... mutilak beti mutilak izango dira, esan zuen, eta ikusiko duzu bihar goizean nola azalduko den bizirik eta osorik. Horrekin lasaitu behar izan zuen. Baina, badaezpada ere, pixka batean haren zain esna egongo zela esan zuen, eta argia piztuta utziko zuela hark ikus zezan.

        Eta lotara igo nintzenean gelara nirekin etorri zen eta kandela zekarren; ohean estali ninduen, ama baten eran laztandu, eta gaiztoa nintzela senti erazi zidan. Ezin nion aurpegira begiratu. Ohean eseri zen eta denbora luzean jardun zuen nirekin hizketan. Esan zidan Sid mutil aparta zela, eta ez zirudien hartaz hitz egiten amaitu nahi zuenik; behin eta berriz galdegiten zidan, ea galdu egin ote zen uste nuen, edo zauritu, edo beharbada ito, une horretan nonbait lurrean etzanda egongo ote zen, minez edo hilik, han lagundu ahal izateko bera ondoan ez zegoelarik, eta malkoak isuri zituen isiltasunean. Nik esaten nion Sid ongi izango zela, eta ziurrenik etxeratuko zela goizean; eta berak eskua estutzen zidan, edo agian musu eman, eta berriro esateko eskatu, etengabe esateko, on egiten baitzion, horren kezka handia zuenez gero. Eta irtetera zihoanean begietara begiratu zidan, lasai eta modu atseginean, eta esan zuen:

        — Atea ez duzu itxita izango, Tom; eta hor dituzu leihoa eta burdina; baina zintzoa izango zara, ezta? Eta ez duzu alde egingo? Egidazu mesede!

        Jaungoikoak daki gogoz alde egin nahi nuela, Tomen berri jakiteko, eta alde egiteko asmoa nuen; baina horren ondoren, erreinu guztiengatik ere ez nuke alde egingo.

        Buruan nuen izeba, baina Tom ere buruan nuen; eta ezin nuen atsedenik hartu loak hartzeko. Bitan burdinan behera jaitsi nintzen gauean berandu, eta ezkutuan joan nintzen sarrerako aterantz, eta leiho ondoan eserita ikusi nuen izeba kandela alboan zuelarik, eta begiak etxeko bideari begira malkoz beteak zituen; zerbait egin nahi nukeen hari laguntzeko, baina ezin nuen, handik aurrera izeba nahigabetuko zuen ezer ez nuela egingo zin egitea besterik ez. Eta goizaldean esnatu nintzen hirugarren aldiz, behera irrist egin nuen, eta han zegoen oraindik; kandela ia amaiturik zuen, haren buru gris zaharrak eskuen gainean atseden hartzen zuen, eta lotan zegoen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia