Berrogeigarren atala

 

        Gustura ginen gosaldu ondoren, eta kanoa hartu eta errekarantz jo genuen arrantzara, bazkaria eta guzti; ongi pasa genuen eta almadia aztertu eta ongi aurkitu genuen, eta afaltzera berandu iritsi ginen etxera. Izerditan eta larri aurkitu genituen guztiak, burua non zuten ere ez zekitelarik. Afaldu orduko ohera bidali gintuzten zuzenean, eta ez ziguten zer gertatzen zen esan, eta hitzik ere ez zuten esan eskutitz berriaz, baina ez zuten esan beharrik, edonork bezain ongi baikenekien gertatutakoa, eta eskailera erdia igo genuen bezain laster, eta izebak beste aldera begiratu orduko, ezkutuan sotoko armairura joan ginen, janari pila igo genuen gure gelara, eta ohera joan ginen. Hamaika t'erdietan jaiki ginen, eta Tomek izeba Sallyri soinekoa lapurtu zion. Janaria hartu eta irtetera zihoan, baina esan zuen:

        — Non duk gurina?

        — Puska ederra jarri zian arto ogi zati baten gainean —esan nuen.

        — Orduan, beste nonbait utziko huen, hemen ez zegok eta.

        — Hori gabe ere moldatuko gaituk —esan nuen.

        — Horrekin ere moldatuko gaituk —esan zuen—; sotora joan hadi isilik eta ekar ezak. Eta gero tximist orratzaren burdinatik ezkutuan jaitsi eta hator guregana. Ni banoak eta Jimen arropak lastoz beteko ditiat bere ama mozorroturik dela irudikatzeko, eta prest egongo nauk ardiek bezala be egin eta hi etorri bezain laster alde egiteko.

        Hura kanpora joan zen, eta ni berriz sotora. Gurin puska, pertsona baten ukabilaren neurrikoa bera, nik utzi nuen lekuan zegoen. Gurina gainean zuen arto ogi zatia hartu, kandelaren argia itzali eta eskaileretan gora jo nuen, kontu handiz, eta arazorik gabe iritsi nintzen lehenengo solairura; baina han zetorren izeba Sally kandela eta guzti. Gauzak sonbreiruan sartu nituen, eta sonbreirua buruan presaka jarri nuen; berehalaxe ikusi ninduen, eta esan zuen:

        — Sotoan izan al zara?

        — Bai andrea.

        — Zertan ibili zara?

        — Ezertan ere ez.

        — Ezertan ez!

        — Ez andrea.

        — Orduan, ze demontrerengatik jaitsi zara gaueko garai honetan?

        — Ez dakit bada, andrea.

        — Ez al dakizu. Ez niri horrelakorik esan, Tom, sotoan zertan ibili zaren jakin nahi dut.

        — Ez naiz ezertan ere ibili, izeba Sally, goiak daki ezetz.

        Uste nuen alde egiten utziko ninduela, bestetan egingo lukeen bezala, baina horrenbeste gauza harrigarri gertatzen ari zirenez, iruditzen zait bere lekuan ez zegoen gauza txikienak ere kezka erazten zuela. Orduan esan zuen etsi etsian:

        — Sar zaitez oraintxe egongelan eta hor egon ni joan arte. Egin behar ez zenuen zerbaitetan aritu zara, eta ziur egon zaitezke zertan ibili zaren asmatuko dudala zurekin amaitu baino lehen.

        Izebak alde egin zuen, eta nik atea ireki nuen eta egongelan sartu nintzen. Ene, hori zen jendetza hori! Hamabost nekazari, bakoitzak bere eskopeta zuelarik. Oso gaixorik jarri nintzen, eta isil isilik aulki bateraino hurbildu, eta eseri egin nintzen. Gizonak gela inguruan eserita zeuden, batzuk ahopeka hitz eginez, eta guztiak urduri eta ezinegonean, baina lasai zeudela itxura egin nahian; nik banekien ordea urduri zeudela denbora guztian sonbreiruak kendu eta jarri ari zirelako, buruan hatz eginez, lekuz aldatzen, eta botoiekin jolasean. Ni ere ez nengoen lasai, baina hala ere, ez nuen sonbreirua kendu.

        Izeba Sally etor zedin nahi nuen, guzti horrekin amaitzeko, eta astinaldi batzuk eman nahi baldin bazizkidan, hori ere berdin zitzaidan, eta gero alde egiten utz nintzala Tomengana joan eta neurriak hautsi genituela esateko, ikaragarrizko liztor habian sartu ginela, eta tontakeriak utzi eta Jimekin berehala hanka egin behar genuela, gizatxar horiek pazientzia galdu eta gure bila etorri baino lehen.

        Iritsi zen azkenean, eta galderak egiten hasi zitzaidan, baina ezin nituen behar bezala erantzun, ez bainekien zertan ari nintzen ere; izan ere orduan bai ezinegonean zeudela gizonak, eta batzuek berehala hasi nahi zuten legez kanpoko lapurren bila, eta esaten zuten minutu batzuk besterik ez zirela gauerdirako falta; eta besteek geldi erazi nahi zituzten ardi seinalea entzun arte; eta bitartean izeba galderak egin eta egin, eta ni dardarka goitik behera eta zor eta lot beldurrak hartuta. Gelan gero eta beroago zegoen, eta gurina urtzen hasi zitzaidan, lepoan behera eta belarri atzeetatik irrist eginez; orduan gizon horietako batek esan zuen: «Txabolara joan behar dugula iruditzen zait, oraintxe bertan, eta iristen direnean hantxe harrapatu», ia bertan behera erori nintzen, eta gurin zurrusta tantoka erortzen hasi zitzaidan kopetan behera. Izeba Sallyk ikusi zuen eta maindirea bezain zuri geratu zen, orduan esan zuen:

        — Jaungoikoaren izenean zer gertatzen zaio umeari? Burmuin sukarra du, ziur baino ziurrago, eta burmuinak urtzen ari zaizkio!

        Eta denak ikustera etorri ziren korrika, eta izebak sonbreirua hartu eta buru gainetik kendu zidan, eta ogia eta urtu gabe geratu zen gurina irten ziren, estu eutsi eta besarkatu ninduen, eta esan zuen:

        — Ene, ederki ikaratu nauzu! eta bai pozik nagoela eta eskerrak ematen ditut okerragorik ez delako izan; zoritxarrak besterik ez baititugu, eta bata bestearen atzetik gainera, eta gauza hori ikusi dudanean uste nuen zureak egin zuela, kolorearengatik eta iruditu zait burmuinak... zera egiten ari zirela. Laztana,laztana, zergatik ez didazu esan horren bila jaitsi zarela, ez zidakeen axolako. Orain joan zaitez ohera, eta ez nire begien aurrean azaldu goiza arte!

        Goian nintzen segundo batean, eta tximist orratzean behera hurrengoan, eta ilunpetan estalperantz lasterka joan nintzen. Ia ezin nuen hitzik esan, horren urduri nengoenez; baina ahal nuen bezain laster esan nion Tomi berehala hanka egin behar genuela handik, minutu bakarra galdu gabe..., eta etxea gizonez beteta zegoela eskopetak eta guzti!

        Haren begiei distira zerien; eta esan zuen:

        — Bai zera! Ez duk egia izango? Ez al duk primerakoa? Huck, hitza ematen diat dena berriro egin ahal bagenu berrehun gizon bildu baietz! Pixka batean atzeratu bageneza zera...

        — Azkar! azkar! —esan nuen—. Non duk Jim?

        — Hire aldamenean; besoa luzatzen baduk ukitu dezakek. Jantzita zegok, eta dena prest diagu. Orain isilka alde egin zezakeagu eta ardiaren seinalea emango diat.

        Baina orduan gizonen oin hotsa entzun genuen aterantz hurbiltzen, eta sarrailan zebiltzala sumatu genituen, eta gizon baten ahotsa entzun genuen honela zioelarik:

        — Esan dizuet nik goizegi zela; ez dira oraindik etorri..., atea itxita dago. Tira, zuetako batzuk txabolan itxiko zaituztet eta ilunpetan itxaron ezazue horiek etorri arte eta hil itzazue etortzen direnean; eta gainontzekoak hor inguruan sakabanatu, eta erne egon zaitezte ea hurbiltzen sumatzen dituzuen.

        Sartu ziren txabolara, baina ezin gintuzten ikusi ilunpetan ginelako, eta ia zapaldu gintuzten ohe azpian presaka sartzen ari ginenean. Baina lortu genuen sartzea, eta zulotik kanpora irtetea ere bai, azkar, baina isilik... Jim aurrean, ni haren atzetik, eta Tom azkena, berak agindutakoaren arabera. Estalpean ginen orduan, eta kanpoan gertu oin hotsak entzun genituen. Lurrean arrastaka ateraino joan ginen, eta Tomek han geldi erazi gintuen, zirrikitu batetik begiratu zuen, baina ez zuen ezer ikusten, oso ilun zegoenez; ahopeka esan zigun oin hotsak urrundu arte entzuten arituko zela, eta bultza egiten gintuenean Jimek irten behar zuela lehenengo, eta berak azken. Belarria zirrikituan jarri zuen entzuteko, eta entzun eta entzun aritu zen, eta oin hotsak kanpoan arrastaka ari ziren denbora guztian; azkenean bultza egin gintuen, ezkutuan kanpora joan ginen, eta makurtu egin ginen;, ez genuen arnasa hartzen, eta soinu txikienik egin ere ez, eta kontu handiz jo genuen hesirantz bata bestearen atzean, indiarren moduan, eta ongi iritsi ginen bertara. Jim eta biok jauzi egin genuen beste aldera, baina Tomi prakak goiko langako ezpal batean trabatu zitzaizkion, eta norbait zetorrela entzun zuen, eta tira egin izan behar zuen, ezpala hautsi eta soinua entzun zelarik; eta gure ondora erori zenean eta lasterka hasi ginenean, norbaitek oihu egin zuen:

        — Nor dabil hor? Erantzun, edo tiro egingo dut bestela!

        Baina ez genuen erantzun; oinak airean jarri eta ihes egin genuen. Orduan zurrunbiloa entzun zen, eta danba! danba! danba! eta balak gure inguruan txistu egiten zuten! Entzun genuen oihuka esaten zutela:

        — Hemen daude! Ibairantz doaz! Harrapa ditzagun, mutilak, eta askatu zakurrak!

        Gure atzetik etorri ziren lasterka bizian. Entzun genitzakeen, botak zeramatzatelako, eta oihu egiten zutelako, baina guk ez genuen botarik eta ez genuen oihu egiten. Errotako bidean ginen, eta nahikoa hurbildu zitzaizkigunean, sasi batzuetara jauzi egin genuen, eta aurrera joaten utzi genien, eta gu horien atzetik aurrera egin genuen. Zakur guztiak isilik zeramatzaten, lapurrak uxatu ez zitzaten; baina ordurako norbaitek askatu zituen, eta han zetozen mila zakurrek egingo luketen iskanbila sortuz, baina gure zakurrak ziren; eta guregana iritsi ziren arte zain geratu ginen, eta gu besterik ez ginela, eta gauza zirraragarririk ez geniela eskaintzen ikusi zutenenean, kaixo esan ziguten besterik gabe, eta aurrera jo zuten zalaparta eta oihuen alderantz. Presaka eta korrika joan ginen horien atzetik ia errotara iritsi arte, eta orduan sasi artera sartu ginen, kanoa han loturik bainuen. Barrura jauzi egin, eta indar guztiz arraun egin genuen ibaiaren erdirantz, baina ezinbestekoa genuen zarata besterik egin gabe. Ondoren lasai eta eroso hurbildu ginen uhartera, almadia bertan bainuen; eta ibai bazter guztian bata besteari oihuka eta zaunka ari zirela entzun genitzakeen, gu urrundu ahala hotsak moteldu eta hil egin zirelarik. Almadiara igo ginenean esan nuen:

        — Orain, Jim zaharra, gizon librea zara berriz, eta hitza ematen dizut ez zarela inoiz esklabo izango.

        — Eta bai lan bikaina izan dela, Huck. Dotore antolatua zegoen, eta dotore egina, eta ez dago inor hori bezain plan nahasi eta apartarik asmatzeko gai denik.

        Hirurok pozik ginen ahal genuen neurrian, baina Tom zegoen inor baino alaiago, bala bat sartuta zuelako zango sagarrean.

        Jim eta biok hori entzun genuenean, ez geunden lehenago bezain sutsu. Min ere ematen zion, eta odola zerion; kanpadenda barruan etzan genuen eta dukearen alkandoretako bat puskatu genuen zauria bendatzeko, baina Tomek esan zuen:

        — Emazkidazue puskak, neronek egin dezaket. Ez gelditu orain; ez denborarik galdu, ihesaldia horren dotore egiten ari garelarik; denok arraun egitera, askatu soka! Mutilak, dotore egin dugu! ...bai horixe. Luis XVI.aren ihesaldiaren ardura izan nahi nukeen, ez zen izango «San Luisen semea, igo zaitez zerura!» eta horrelakorik haren biografian idatzirik; ez, jauna, mugaren beste aldera besotan eramango genukeen..., horixe egingo genukeen horrekin... eta gainera oso modu trebean eta ez nolanahi. Zoazte arraun egitera... zoazte arraun egitera!

        Baina Jim eta biok elkarri galdezka eta pentsatzen ari ginen. Eta minutu batean pentsatzen aritu ondoren, esan nuen:

        — Esan, Jim.

        Eta esan egin zuen:

        — Beno, hauxe iruditzen zait niri, Huck. Bera izan balitz aske utzitakoa, eta mutiletako bati tiro egin izan baliote, esango al luke: «Ni salba nazazue, burutik kendu medikuari dei egitea beste hori salbatzeko?» Tom Sawyer jaunaren tankera al du horrek? Horrelakorik esango al luke? Ez horixe! Eta, orduan, Jimek esango al du? Ez, jauna... ez dut hemendik inora alde egingo, medikurik ez badator; ezta berrogei urte behar badira ere!

        Banekien Jim zuria zela barrutik, eta esan zuena esango zuela espero nuen..., eta orain dena ongi zegoen, eta esan nion Tomi medikuaren bila joango nintzela. Hark gogor xamar kontra egin zigun, baina Jim eta biok gogor egin genion eta ez genuen amore eman; Tomek kanpora arrastaka joan eta almadia askatu nahi zuen, baina ez genion utzi. Orduan errierta egin zigun, baina hori ere alferrik izan zen.

        Kanoa prestatzen ari nintzela ikusi zuenean, esan zuen:

        — Joatea erabaki baduk, esango diat zer egin herrira iristean. Atea itxi, medikuari begiak estal iezazkiok, zapia estu-estu jarrita, eta zin egin eraz iezaiok zerraldoa bezain isilik egongo dela, eta urrez betetako poltsatxoa jar iezaiok eskuan, eta eraman ezak etxarteetan barrena atzera eta aurrera ilunpetan, eta gero kanoan ekar ezak hona, uharteetan jirabiraka ibili ondoren, eta gizona miatu ezak eta klariona ken iezaiok, eta ez berriro eman herrira iristen zareten arte, bestela almadian arrastoak egingo zizkiguk berriz aurkitu ahal izateko. Hala egiten diate denek.

        Baietz esan nion eta alde egin nuen, eta Jim basoan ezkutatuko zela erabaki genuen medikua hurbiltzen ikusten zuen bezain laster, hark berriro alde egin arte.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia