Hogeita hemeretzigarren atala

 

        Goizean herrira joan ginen eta arratoiak harrapatzeko burdin harizko sare-artea erosi eta etxera eraman genuen, arratoi zulorik onena ireki, eta ordubete barru edo hamabost ederrenetakoak genituen; eta gero hartu eta arriskurik gabeko lekuan jarri genituen izeba Sallyren ohe azpian. Baina armiarma bila joan Binen bitartean, Thomas Franklin Benjamin Jefferson Elexander Phelps txikiak aurkitu zituen, eta atea ireki zuen arratoiak irtengo ote ziren ikusteko, eta irten egin ziren; eta izeba Sally sartu zen, eta itzuli ginenean ohe gainean zegoen zutik algara bizian, eta arratoiek ahaleginak egiten zituzten hura aspertzen ez uzteko. Izebak makila hartu eta hautsak astindu zizkigun bioi, eta bi ordu behar izan genituen beste hamabost edo hamasei hartzeko, demontre, hura umearen muturra sartu beharra, horiek ez baitziren arratoi onenetakoak, aitzitik lehenengo aldian harrapatutakoak taldeko bikainenak ziren. Ez dut inoiz lehenengo aldiko arratoi pila bezain talde ederrik ikusi.

        Armiarma desberdinen bilduma aparta genuen, eta zomorroak, eta igelak, eta harrak, eta animaliaren bat edo beste; eta liztor-habia hartu nahi izan genuen, baina ezin. Familia etxean zen. Ez genuen berehalakoan etsi, eta horien zain egon ginen ahal izan genuen arte; erabaki baikenuen guk nekaraziko genituela edo haiek gu nekaraziko gintuztela bestela, eta haiek irabazi zuten. Gero edozer gauza sendatzen zuen sendagarria hartu eta igurtzi genituen zimikoak, eta ia erabat sendatu zitzaizkigun, baina hala ere, ezin genuen behar bezala eseri. Orduan suge bila joan ginen, eta dozena pare bat ziraun eta suge arruntak harrapatu genituen, poltsa batean sartu, eta gure gelan utzi genituen, eta afalordua egin zitzaigun ordurako, eguna zinez eta gogor lanean eman ondoren; eta goseak horregatik?... oi, ez, ez horixe! Eta suge madarikatu bakar bat ez zen han geratzen, gelara itzuli ginenean..., ez genuen nonbait poltsa ongi lotu, eta irten egin ziren, eta ihes egin ziguten. Baina horrek ez zuen garrantzi handiegirik, etxean nonbait ibiliko baitziren oraindik. Iruditu zitzaigun horietako batzuk berreskura genitzakeela. Ez, ez zen suge premiarik izan etxean denbora luze xamarrean. Noiznahi ikus zenitzakeen zutabeetatik eta beste tokietatik tantoak bailiren azaltzen zirela; eta ia beti platerean lur hartzen zuten, edo lepoaren atzealdetik behera, eta gehienetan aurkitu nahi ez zenituzkeen lekuetan. Dotoreak ziren eta marradunak, eta horietako milioia elkarturik ere ez lukete kalterik egingo; baina bost axola zitzaion hori izeba Sallyri; sugeak gorrotatzen zituen, edozein motatakoak zirela ere, eta ezin zituen jasan nahi zenuen modutan aurkezturik ere; eta horietako bat gainera erortzen zitzaion bakoitzean, edozer gauza egiten ari zela ere, lana utzi eta alde egiten zuen. Eta haren oihuak Jericon ere entzun zitezkeen. Ez zenioke buruan sartuko suge horietako bat uki zezan, ezta orrikak erabilita ere. Eta ohean beste aldera jira egin eta bat aurkituko balu, kanpora jauzi egin eta tankera horretako garrasia bota ondoren, etxea sutan zegoela pentsatuko zenuke. Horrenbesteraino aspertu zuen senarra, non honek esan baitzuen, nahiago lukeela sugeak sortuak izan ez balira. Azken sugeak etxetik alde egin eta handik astebetera ere, izeba Sallyk ez zuen oraindik gainditu; eta gainditzeko bidean ere ez zebilen; eserita zegoenean zerbaitetan pentsatzen, atzetik lepoan luma igurzten bazenion, jauzi egiten zuen bat-batean, galtzerdietatik ere irtengo zela zirudielarik. Oso bitxia zen. Baina Tomek esaten zuen emakume guztiak horrelakoxeak zirela. Hark zioen horrela zeudela eginak; arrazoi bat edo bestea zela medio.

        Astindu ederra ematen zigun gure sugeren bat aurrean azaltzen zitzaion bakoitzean; eta esaten zuen astindu horiek hutsa zirela etxea berriz sugez beteko bagenu emango lizkigukeen ondoan. Astinduak ez zitzaizkidan axola, ez baitziren gauza handia; baina bai ordea beste suge pila eskuratzeko izan genituen lanak. Hala ere, eskuratu genituen, eta beste gauzak ere bai; eta ziur nago ez duzula inoiz ikusi Jimena bezain txabola alairik, zomorro guztiak batera musika entzutera irten eta Jimen gainera abailtzen zirenean. Jimek ez zituen armiarmak atsegin, eta armiarmek Jim ere ez; horregatik eraso egiten zioten eta atsekabetzen zuten. Eta esaten zuen arratoiak, eta sugeak, eta errotarria batera jarri, eta ohean ia lekurik ez zela berarentzat; eta baldin bazuen ere, ezin zuela loak hartu, hango festak zirela eta, eta beti izaten omen ziren han festak, animaliek ez zutelako inoiz batera loak hartzen, txandaka baizik, eta horrela sugeak lotan zeudenean arratoiek zaintza egiten zuten, eta arratoiak loak hartzen zituztenean sugeek egiten zieten txanda, horregatik Jimek beti zuen talderen bat bere azpian traba egiten, eta beste talderen bat gainean zirkoa egiten, eta beste leku batera joateko altxatzen bazen, armiarmek eraso egiten zioten gelan zeharka zihoan bitartean. Esan zuen noizbait ihes egitea lortuko balu, ez litzakeela berriz preso izango, ezta ordainduko baliote ere.

        Hiru aste igaro ondoren, dena behar bezala zegoen. Alkandora laster iritsi zen, pastel baten barruan, eta arratoiren batek Jimi kosk egiten zion aldiro, zutitu eta egunkarian pixka bat idazten zuen tinta berria zuen bitartean; idazlumak eginak zeuden, inskripzioak eta abar errotarrian zizelatuak; oheko hanka bi zatitan zerratu, eta zerrautsa jan genuen, eta horrek sekulako sabeleko mina eman zigun. Iruditu zitzaigun hil egingo ginela hirurok, baina ez zen hala gertatu. Inoiz ikusitako zerrauts ehogaitzena zen; eta Tomek gauza bera esan zuen. Baina esaten ari nintzen bezala lan guztia egina genuen azkenean, eta nahikoa leher eginik ginen, Jim batez ere. Etxeko nagusiak bi aldiz idatzi zuen Orleansetik harantzagoko landaketara beltzaren bila etor zitezen, baina ez zuen erantzunik izan, han ez baitzen halako landaketarik; eta orduan esan zuen Jim St Louis eta New Orleanseko egunkarietan iragarriko zuela; eta St. Louisekoa aipatu zuenean, hotzikarak hartu ninduen, eta konturatu nintzen ez genuela denbora galtzerik. Tomek esan zuen anonimoen garaia iritsi zela.

        — Zer dituk horiek? —esan nuen.

        — Jendearentzat oharrak zerbait gertatzen ari dela esateko. Batzuetan modu batera egiten duk, besteetan bestera. Baina beti izaten duk norbait inguruan espiatzen, gazteluko gobernariari berri emateko. Louis XVI.a Tullerietatik ihes egitera zihoanean, neskatxa zerbitzari batek egin zian. Oso modu egokia duk, eta gauza bera eskutitz anonimoak. Biak erabiliko ditiagu. Gauza ezaguna duk presoaren amak semearekin arropak aldatzea, eta ama barruan geratu, eta semeak haren arropak jantzita ihes egitea. Hori ere egingo diagu.

        — Baina, begira, Tom, zertarako esan behar zioagu inori zerbait gertatzen ari dela? Asma dezatela beraiek..., beren eginkizuna diate.

        — Bai, bazekiat; baina ez dituk fidagarriak. Begira nola jokatu duten hasiera hasieratik..., gure eskutan utzi diate dena. Oso usteoneko eta txoriburuak dituk eta ez dituk ezertaz konturatzen. Eta ohart eraziko ez bagenitu, inork eta ezerk ez liguke trabarik egingo, eta gure lan gogorra eta neke guztien ondoren ihesaldia zailtasunik gabea izango litzateke; ez luke ezer balioko..., errazegia izango litzateke.

        — Beno, nik behintzat, Tom, hori nahiko nuke.

        — Utikan —esan zuen, eta haserre zegoela zirudien.

        Orduan esan nuen:

        — Baina ez diat oztoporik jarriko. Hiri ongi iruditzen zaiana niri ere ongi irudituko zaidak. Zer egingo duk neska zerbitzariaren gai horrekin?

        — Hi izango haiz. Gauerdian ezkututan irtengo haiz eta neska beltzaren soinekoa lapurtuko duk.

        — Baina horrek arazoak ekarriko ditik hurrengo goizean; ziur aski soineko bat besterik ez baitu izango.

        — Bazekiat; baina hamabost minututarako besterik ez duk beharko, eskutitz anonimoa eraman eta sarrerako ate azpitik sartzeko.

        — Ederki, orduan, egingo diat; baina horrela bezain errez eraman nezakeen eskutitza nire arropak jantzita.

        — Baina ez zenuke neska zerbitzariaren antzik izango orduan, ezta?

        — Ez, baina hala ere ez duk inor bertan izango zeren antzik dudan ikusteko.

        — Horrek ez dik zerikusirik. Guk zera egin behar diagu, gure eginkizuna bete, eta ez kezkarik izan inork ikusten gaituelako edo ez gaituelako. Hik ez al duk inolako legerik?

        — Ederki, ez diat ezer esango; ni izango nauk neska zerbitzaria. Nor izango duk Jimen ama?

        — Ni izango nauk. Izeba Sallyren soinekoa lapurtuko diat.

        — Orduan, hik geratu beharko duk txabolan Jim eta biok alde egitean.

        — Ez luzaroan. Jimen arropak lastoz beteko ditiat eta ohe gainean jarri bere ama mozorroturik dela itxura egiteko, eta Jimek izebaren soinekoa jantziko dik, eta denok batera ihes egingo diagu. Goi mailako presoak ihes egiten duenean, iihesaldia esaten zaiok. Horrela esaten zioagu erregeak ihes egiten duen guztietan adibidez. Eta gauza bera erregearen semea bada; eta alderik ez zegok seme naturala edo ez-naturala izan.

        Tomek eskutitz anonimoa idatzi zuen, eta nik gau horretan neska beltzaren soinekoa lapurtu eta jantzi nuen, eta eskutitza sarrerako ate azpitik sartu nuen, Tomek esan zidan bezala. Honela zioen:

 

Kontuz. Azpijokoan ari dira. Erne ibili.

LAGUN EZEZAGUNA

 

        Hurrengo egunean burezurra eta bi hezur gurutzatuak zituen irudi bat itsatsi genuen ate nagusian, Tomek odolez marraztutakoa; eta hurrengo gauean hilkutxa bat zuen beste bat atzeko atean. Ez nuen familia horrelako estualdian inoiz ikusi. Ez lirateke ikaratuagoak ibiliko etxea, gauzen atzean, ohe azpitan, eta airean alde batetik bestera dardarka beraien atzetik zebiltzan mamuz beterik balute. Atea kolpetik ixten bazen, izeba Sallyk jauzi egin, eta «ai!» esaten zuen, zerbait erortzen bazen, jauzi egin eta «ai!» esaten zuen, ezustean ukitzen bazenion, beste aldera begira zegoelarik, gauza bera egiten zuen; ezin zuen leku batera lasai begiratu, uste zuelako denbora guztian zerbait zuela atzean..., eta bat-batean jira egiten zuen, eta «ai!» esaten zuen, eta itzuli laurdena eman baino lehen, beste aldera egiten zuen jira, eta berriz gauza bera esaten zuen; eta oheratzeko beldur zen, baina esna egoten ez zen ausartzen. Tomek esan zuen oso ongi ari ginela; inoiz ez omen zuen lan gustukoagorik egin. Esan zuen lana ongi egin genuela esan nahi zuela horrek.

        Esan zuen orduan: «Orain azken ukaldiaren garaia duk!» Hurrengo goizean, eguna argitu bezain laster, beste eskutitza prestatu genuen, eta ez genekien zer komeni zitzaigun egitea, izan ere etxekoei esaten entzun baikenien beltz bat jarriko zutela zelatan gau osoan ate bakoitzean. Tom tximist orratzaren burdinan behera jaitsi zen ingurua espiatzeko; atzeko ateko beltza lotan zegoen, eta eskutitza atzealdetik sartu nion lepotik behera, eta berriz etorri zen. Eskutitzak honela zioen:

 

        Ez niri saldukeriarik egin, zure laguna izan nahi dut. Bada lepoak mozten aritzen den jende multzo zoro bat, eta gaur gauean Indiarren lurraldetik etorri eta zuen beltz iheslaria lapurtzera doa. Zuek ikaratu nahian ibili dira, eta horrela zuek etxean geratu erazi eta haiei bidea libre utz diezaiezuen. Taldekoa naiz, baina erlijioan sinesten dut, eta taldea utzi eta bizitza zuzena eraman nahi dut berriz, eta horren deabrukeriazko asmoa salatu. Iparraldetik etorriko dira ezkutuan, hesi ondotik, gauerdian puntu puntuan, eta gezurrezko giltza ekarri eta beltzaren txabolan sartuko dira hura handik ateratzeko. Nik urrutixeago egon beharko dut eta latorrizko tronpeta jo arriskurik ikusiz gero; baina horren ordez, ardiek bezala be egingo dut horiek txabolan sartu orduko eta ez dut tronpetarik joko; orduan kateak askatzen dizkioten bitartean, ezkututan hurbildu eta barruan giltzatuak utziko dituzue, eta zuen gustura hil ditzakezue. Nik esaten dizuedana besterik ez egin, besterik egiten baduzue susmo txarra izango dute eta sekulako saltsa izango da. Ez dut saririk espero, zuzen jokatu dudala jakin baizik.

        Lagun ezezaguna

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia