Hogeita hemezortzigarren atala

 

        Idazteko lumak egitea oso lan nekagarria zen, eta zerra egitea ere bai, eta Jimek esan zuen inskripzioa egitea lanik gogorrena izango zela. Hori presoak horman egin behar zuen zirriborroa zen. Baina nahitanahiez izan behar genuen inskripzioa. Tomek esan zuen egin behar genuela; ez zela estatuko preso bakar bat inskripzioa idatzita utzi ez zuenik, bere armarria eta guzti gainera.

        — Begira adibidez lady Jane Grey —esan zuen—; begira Gilford Dudley; begira Northumberland zaharra! Huck, lan handia izango dela uste baduzu ere... zer egingo diogu?.., nola utziko dugu egin gabe? Jimek inskripzioa eta armarria egin beharko ditu. Denek egiten dute.

        — Baina, Tom jauna —esan zuen Jimek—, nik ez dut armarririk; ez daukat alkandora zahar hau besterik, eta badakizu bertan egunkaria idatzi beharra dudala.

        — Ez duzu ulertzen, Jim; armarria bestelako gauza da.

        — Beno, dena dela —esan nuen—, Jim zuzen dago armarririk ez duela esaten duenean, horrelakorik ez baitu.

        — Jakinaren gainean nagoela uste dut —esan zuen Tomek—, baina apustu egin dezakezu hemendik atera baino lehen izango duela berea..., behar bezala aterako baita, eta ibilbideak ez baitu akatsik izango.

        Jim eta biok idazteko lumak adreilu puska baten kontra arraspatzen genituen, Jimek berea brontzea erabiliz, eta nik nirea koilareaz egiten nuelarik; bitartean Tom eseri egin zen armarria nola egin asmatu nahian. Handik tarte batera esan zuen —era askotakoak bururatu zitzaizkiola, eta ia ezin zuela bakar bat aukeratu, baina bazuela bat aukeratuko zuela uste zuena. Esan zuen:

        — Ezkutuan urrezko banda izango dugu eskuineko oinarrian, faxan sautore morea, eta zakur bat etzanda, blasoi arrunta dela adierazteko, eta horren oin azpian almena marrazkidun katea, esklabutza adierazteko, gapirio berdea ezkutuaren buru angrelatuan, eta hiru kontrabanda lursail urdin ilunean, behean mutur atzaparkaria azpildura horzdunaren gainean; goiko muturrean, beltz iheslaria, beltzez, fardela bizkar gainean daramalarik, eta barra siniestratuaren gainean, eta alboetan euskarri gorri pare bat, zu eta biok izango garelarik; eta goiburu gisa, «Maggiore fretta, minore atto». Liburu batetik atera dut, eta esan nahi du, zenbat eta presakago, orduan eta motelago.

        — Arraiopola! —esan nuen—. Baina zer esan nahi du beste guztiak?

        — Ez dugu denborarik horretaz kezkatzeko —esan zuen—, jo eta ke aritu beharra dugu lanean zoro moduan.

        — Dena dela —esan nuen—, zer dira horietako gauza batzuk? Zer da sautorea?

        — Sautorea..., sautorea da..., ez duzu hori zer den jakin beharrik. Esango diot nola egin garaia iristen zaionean.

        — Tom —esan nuen—. Nik uste dut esan egin beharko zenukeela. Zer da barra siniestratua?

        — A, ez dakit. Baina ezkutuak hori behar du. Noblezia guztiak du.

        Hori zuen jokabidea. Gauza bat azaltzea ez bazitzaion egokia iruditzen, ez zuen azaltzen. Astebetean hari zerbait atera nahian ibiliko zinen, baina alferrik izango zen.

        Armarriari zegokion guztia konponduta zuen, eta orduan lanaren gainontzekoa bukatzeari ekin zion, alegia, inskripzio mingarria asmatzea... Esan zuen Jimek bat beharko zuela, beste guztiek zuten bezala. Pila bat asmatu zituen, paper batean idatzi, eta honela irakurri zituen:

        1. Hemen lehertu zen bihotz gatibu bat.

        2. Hemen ahitu zen munduak eta lagunek alde batera utzi zuten preso gizajo baten bizitza errukarria.

        3. Hemen hautsi zen bihotz bakarti bat, eta haren arima minduak bakean atseden hartu zuen, hogeita hamazazpi urtetako gatibualdia bakardadean igaro ondoren.

        4. Hemen, etxerik gabe eta lagunik gabe, hogeita hamazazpi urtetako gatibualdi saminaren ondoren, hil zen atzerritar noble bat, Louis XIV.aren seme berezkoa.

        Tomen ahotsak dardara egiten zuen esaldiak irakurtzen zituen bitartean, eta ia indarrak galdu zituen. Bukatu zuenean, ezin zuen bat aukeratu Jimek horman idatz zezan, denak oso onak zirenez gero; eta azkenean adierazi zuen denak marraztu beharko zituela. Jimek esan zuen urtebete beharko zuela egur gainean iltzea erabiliz gauza guzti horiek idazteko, eta gainera, ez zekiela letrak egiten; baina Tomek erantzun zion berak marraztuko zizkiola, eta horrela marren gainean zulatu besterik ez zuela egin beharko. Handik pixka batera esan zuen:

        — Pentsatzen hasi, eta iruditzen zait enborrek ez dutela horretarako balio; gazteluetako ziegek ez dituzte enborrezko hormarik izaten: inskripzioa harria zulatuz egin beharko dugu. Harria ekarriko dugu.

        Jimek esan zuen harria enborrak baino okerragoa izango zela; esan zuen denbora luzeegia beharko zuela harria zulatzeko, eta ez zela inoiz handik aterako. Baina Tomek esan zuen onartuko zuela nik Jimi horretan laguntzea. Gero Jim eta bioi lana begiztatu zigun, lumak zer moduz egiten genituen ikusteko. Lan madarikatua, nazkagarria, gogorra eta motela zen, eta ez zion nire eskuei aukerarik ematen urratuak sendatzeko, eta ez zirudien gauza handirik aurreratzen ari ginenik. Orduan esan zuen Tomek:

        — Badakit nola konponduko dugun. Harria behar dugu armarrirako eta inskripzio mingarrietarako, eta horrela bide batez bi mandatu egingo ditugu. Badago errotarri ikusgarria han behean errotan, ezkutuan harrapatuko dugu, eta horren gainean zizelatuko ditugu gauzak, eta lumak eta zerra bertan arraspatu ere bai.

        Ez zen nolanahiko ideia; eta harria ere ez zen nolanahikoa; baina ekingo geniola onartu genuen. Oraindik ez zen gauerdia, eta errota alderantz irten ginen, Jim lanean utzi genuelarik. Errotarria hartu, eta zutik jarri genuen jirabiraka etxeraino joan zedin, baina benetan lan latza zen hori. Batzuetan, ahalegin guztiak eginik ere, ezin genuen zutik eutsi, eta erortzen zen bakoitzean ia azpian txikitzen gintuen. Tomek esan zuen ziur zegoela harriak guretako bat azpian harrapatuko zuela lana amaitu aurretik. Bidearen erdia egin genuen harria bultzaka, eta leher eginik geratu ginen, eta ia izerditan itota. Konturatu ginen alferrik ari ginela: Jimen bila joan beharra genuen. Ohetik jaiki zen, eta ohearen hanka azpitik katea atera, eta lepo inguruan bildu zuen, eta zulotik arrastaka irten ginen kanpora eta lehengo lekura joan ginen. Jim eta biok errotarriari bultza egin genion, eta oso erraz eraman genuen aurrerantz; eta Tomek lana gainbegiratu zuen. Gainbegiratzaile lana edozein mutilek baino hobeto egiten zuen. Bazekien gauza guztiak nola egin behar ziren.

        Gure zuloa handi xamarra zen, baina hala ere ez zen nahikoa errotarria handik sartzeko; baina Jimek pikotxa hartu eta txikiagoa egin zuen. Orduan Tomek iltzea hartu eta arrastoak egin zituen haren gainean, eta Jim lanean jarri zuen marrak zulatzen, iltzea zizel gisa erabiliz, eta estalpeko zakarren artean aurkitutako burdinazko sarraila mailu gisa; Tomek esan zion Jimi kandela ahitu arte lan egin zezala, eta gero ohera joan zitekeela, eta errotarria lastaira barruan ezkutatu eta horren gainean lo egiteko. Ondoren katea berriz ohearen hanka azpian sartzen lagundu genion, eta oheratzeko prest ginen. Baina Tomi zerbait bururatu zitzaion, eta esan zuen:

        — Armiarmarik ba al duzu, Jim?

        — Ez, jauna, Jainkoari eskerrak ez, Tom jauna.

        — Ederki, bilatuko dizkizugu batzuk.

        — Baina, laztan hori, ez dut horrelakorik nahi. Beldurtzen naute. Nahiago ditut kriskitin-sugeak inguruan ikusi.

        Tomek minutu pare batez pentsatzen aritu zen, eta esan zuen:

        — Ideia ona iruditzen zait. Eta uste dut noizbait egingo zela. Egin behar izan da; badu zentzurik. Bai, primerako ideia da. Non gorde zenezakeen?

        — Gorde zer, Tom jauna?

        — Bada, kriskitin-sugea.

        — Ene, Jaungoikoa, Tom jauna! Hona kriskitin-sugea etorriko balitz, horko enborrezko hormatik irtengo nintzateke burua horren kontra astinduta.

        — Baina, Jim, ez zaitu beldurtuko, berarekin denbora pixka bat egin ondoren. Hezi zenezake.

        — Hezi!

        — Bai... erraz. Animalia guztiak esker onekoak izaten dira modu atseginean erabili eta laztanduz gero, eta ez litzaieke bururatuko laztantzen dituen pertsona zauritzea. Edozein liburuk esaten dizu hori. Saiatu..., hori besterik ez dizut eskatzen; saiatu bizpahiru egunetan. Denbora gutxi barru ikusiko duzu maite izango zaituela; eta zurekin egingo du lo; eta ez da une batean ere zugandik urrunduko; eta lepo inguruan bil dezazun utziko dizu, eta burua zure ahoan sartzen.

        — Mesedez, Tom jauna... ez horrelakorik esan! Ezin ditut ikusi! Burua ahoan sartzen utziko dit... mesedea egiteko, ezta? Bada, uste dut denbora luzea beharko nukeela nik sugeari horrelakorik eskatu baino lehen. Eta gainera, ez dut nahi nirekin lo egitea.

        —Jim, ez horrelako ergela izan. Presoak aldamenean animalia kirten horietakoren bat behar du, eta kriskitin-sugea ez bada inoiz erabili, bada, merezimendu handiagoa irabaziko zenuke lehenengoa izateagatik, eta zure bizitza salbatzeko asma zenezakeen beste edozein moduk baino handiagoa.

        — Baina, Tom jauna, ez dut horrelako merezimendurik nahi. Sugeak Jimen kokotsari kosk egingo dio, eta orduan non izango dut merezimendua? Ez, jauna, ez dut horrelako gauzarik nahi.

        — Baina, zer arraio, ezin al duzu saiorik egin? Saioa egitea besterik ez dut nahi..., ez duzu aurrera egin beharko ongi ez badoa.

        — Baina akabo lan guztiak, sugeak kosk egiten badit saioa egiten ari naizen bitartean. Tom jauna, ia edozer gauza egiteko prest nago, gauza zentzuzkoa izanez gero, baina zuk eta Huckek kriskitin-sugea ekartzen badidazue hona nik hezteko, alde egingo dut hemendik, horixe baietz.

        — Orduan, ezer ez, ezer ez, horren buru gogorra jartzen bazara. Ziraunen bat edo ekarriko dizugu, eta isatsean botoiak lotu, eta itxura egin dezakezu kriskitin-sugea dela, eta uste dut horrela moldatu beharko dugula.

        — Horiek jasan ditzaket, Tom jauna, baina, zer arraio, ez nuke horien premiarik, hori ere garbi esaten dizut. Ez nekien preso izateak horrelako kezkak eta lanak ematen zituenik.

        — Hala izaten da beti, lana behar bezala egiten bada. Arratoirik ba al dabil hemen inguruan?

        — Ez, jauna, ez dut bat ere ikusi.

        — Beno, ekarriko dizkizugu batzuk.

        — Baina, Tom jauna, nik ez dut arratoirik nahi. Inon ikusi ditudan izaki madarikatuenak dira jendea atsekabetzeko, eta karraskan ibiltzen zaizkizu inguruan, eta oinetan kosk egiten dizute, loak hartu nahian zaudenean. Ez, jauna, eman ziraunak, hala izan behar badu, baina arratoirik ez eman, nekez jasan ditzaket.

        — Baina Jim, izan behar dituzu..., denek dituzte. Beraz ez aitzaki gehiagorik jarri. Arratoirik ez duen presorik ez da inoiz izan. Ez dago bestelako adibide bakarrik. Eta hezi egiten dituzte, eta laztandu, eta trikimailuak irakasten dizkiete, eta euliak bezain lagunarteko bilakatzen dira. Baina musika jo behar diezu. Musika jotzeko ezer ba al duzu?

        — Ez dut orraze handi bat eta paper puska bat besterik, eta musugitarra; baina uste dut ez lioketela jaramon handiegirik egingo musugitarrari.

        — Bai egingo liokete. Bost axola zaie zer musika mota den. Musugitarrarena nahikoa ona da arratoientzat. Animalia guztiei atsegin zaie musika..., kartzelan eztitan egoten dira musika entzuten. Bereziki, musika mingarria; eta hori besterik ezin da musugitarraz jo. Beti gogoa pizten zaie; zer gertatzen zaizun ikustera irteten dira. Bai, ongi dago hori; ederki pentsatu duzu. Ohean eseri beharko duzu, gauetan, oheratu baino lehen, eta goizetan goiz, eta musugitarra joko duzu; jo ezazu «Azken kate-maila hautsi da»: hori da arratoia beste ezer baino lehenago irten eraziko duena, eta bi minutuz edo jo ondoren, arratoi guztiak, eta sugeak, eta armiarmak eta denak ikusiko dituzu zutaz kezkatzen hasi, eta irtengo direla; eta denak gainean jarriko zaizkizu, eta primeran ibiliko zara.

        — Bai, horiek hala ibiliko direla uste dut, Tom jauna, baina nola ibiliko da Jim? Ezin dut inondik inora ezer ulertu. Baina egin behar badut egingo dut. Uste dut hobe dudala animaliak gustura edukitzea, etxean arazorik izan ez dadin.

        Tom pixka batean pentsatzen aritu zen, besterik ez ote zen aztertzen; eta berehala esan zuen:

        —O!.... ia ahaztu dut beste gauza bat. Uste al duzu hemen lorerik haz zenezakeenik?

        — Ez dakit baina agian bai, Tom jauna; baina ilun xamar dago hemen barruan, eta gainera nik ez dut lorerik ezertarako behar, eta horrek lan handia emango lidake.

        — Beno, dena dela, saiatu. Beste preso batzuek egin izan dute.

        — Azeri buztanaren tankera duten apo-belarra haziko da hemen inguruan, Tom jauna, baina ez luke emango lukeen lanaren erdia ere balio izango.

        — Ez pentsa. Txiki bat ekarriko dizugu, eta zuk hor bazterrean landatu, eta zainduko duzu. Eta landareari ez esan apo-belar, esan iezaiozu Pitchiola..., hori du izen zuzena, kartzelan dagoenean. Eta malkoz ureztatu beharko duzu.

        — Baina iturriko ura gainezka dut, Tom jauna.

        — Ez duzu iturriko urik behar; malkoz ureztatu behar duzu. Horrela egiten dute beti.

        — Baina, Tom jauna, garbi esaten dizut nik bi aldiz haziko nukeela apo belar horietako bat iturriko ura erabiliz beste gizon batek malkoz behin haziko lukeen bitartean.

        — Hori ez da kontua. Malkoz egin beharra duzu.

        — Eskutan hilko zait, Tom jauna, ziur nago; nik ia inoiz ez baitut negar egiten.

        Tom nahasturik zegoen. Baina hori pixka bat aztertu ondoren, esan zuen nola edo hala moldatu beharko zuela tipula batekin. Hitz eman zion goizean beltzen txabolara joango zela, eta ezkututan Jimen kafe ontzira bat botako zuela. Jimek esan zuen hori baino nahiago zuela tabakoa botatzea kafeari; eta oso aldrebesa iruditu zitzaion ideia hori ere, eta apo-belarra hazteko lanak eta trabak, eta arratoiei musugitarra jotzea, eta sugeak, armiarmak eta horrelakoak laztandu eta lausengatu beharra, luma eta inskripzioekin zituen lan guztiez gain, eta egunkariak, eta beste gauzak, eta guzti horrek preso izatea neke, kezka eta erantzukizunez betetzen zuen, berak inoiz izandako eginkizunetan baino areago; Tom ia aspertu zen berarekin, eta esan zuen munduan izandako edozein presok baino aukera ikusgarriagoak izan zituela ospea irabazteko, eta hala ere ez zekiela horiek behar bezala kontutan hartzen, eta alferrik galtzen zituela. Orduan Jim damutu egin zen, eta esan zuen ez zuela berriz horrelakorik egingo, eta gero Tom eta biok lotara alde egin genuen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia