Hogeita hamazazpigarren atala

 

        Dena konponduta zegoen. Orduan irten, eta etxe atzeko lursaileko zabortegira joan ginen, bota zaharrak, piltzarrak, botila puskak, eta latorrizko gauza hondatuak, eta antzeko trasteak gordetzen zituzten lekura; gauza horien artean bila ibili ginen eta latorrizko garbiontzi zaharra aurkitu genuen, eta zuloak ahal izan genuen bezain ongi estali genizkion, pastela bertan egosteko; etxeko sotora eraman genuen eta lapurtutako irinez bete genuen, eta gosaltzera gindoazela iltze lodi parea aurkitu genuen, eta Tomek esan zuen oso erabilgarriak izango zirela presoak bere izena eta zoritxarrak gazteluko ziegaren hormetan zirriborratzeko, eta horietako bat aulki batean zintzilik zegoen izeba Sallyren mantalaren poltsikora bota, eta bestea osaba Silasek bulegoan zuen sonbreiruaren zinta barruan sartu genuen, umeei entzun baikenien esaten aita eta ama goizean beltz iheslariaren etxera joatekoak zirela; gero gosaltzera abiatu ginen, eta Tomek eztainuzko koilarea osaba Silasen berokiaren poltsikoan sartu zuen, eta izeba Sally oraindik iritsi ez zenez gero, pixka bat itxaron behar izan genuen.

        Iritsi zenean bero-bero zetorren, aurpegia gorrituta, eta haserre, eta ezin zuen bedeinkazioa bukatu arte ere itxaron; berehala hasi zen kafea esku batean hartu eta zerbitzatzen, eta beste eskuan zuen titareaz gertuena zuen umeari kanka-kanka buruan ematen, eta esan zuen:

        — Dena goitik behera begiratu dut, eta inondik inora ezin dut asmatu non den zure beste alkandora.

        Bihotza hondoratu zitzaidan birika, gibel, eta beste gauzen artean, eta horren atzetik eztarrian behera joan zitzaidan ogi azal puska gogor bat, eta bidean eztula topatu zuen eta ogia mahaiaren beste alderaino irten zen airean, ume bat jo zuen begian, zizarearen moduan bihurritu erazi zuen umea, eta borroka-deiadarraren neurriko garrasia bota erazi zion; Tomi aurpegia goibeldu zitzaion, eta gauzak oker xamar ibili ziren minutu laurdenean edo luzexeago, eta horrekin amaitzeko dena erdi prezioan saltzeko prest nengoen, eskaintzailerik topatuz gero. Baina horren ondoren gauzak bere onera etorri ziren..., bat-bateko harridurak utzi gintuen modu horretan zor eta lor. Osaba Silasek esan zuen:

        — Oso gauza harrigarria eta bitxia da, ezin dut ulertu. Ziur nago erantzi nuela, izan ere...

        — Izan ere, bat besterik jantzita ez duzulako. Hara zer esaten duen gizonak! Badakit erantzi zenuela, eta zuk baino hobeto dakit, atzo zintzilik zegoelako..., neronek ikusi nuen han. Baina desagertu egin da..., eta horixe gertatu da, eta horren ordez franelazko gorria jantzi beharko duzu nik berria egiteko denbora hartzen dudan bitartean. Eta bi urtetan egiten dizudan hirugarrena izango da; eta horrela batek beti airean egon beharra du zu alkandoraz hornitzeko; eta ezin dut inondik inora ulertu zer egiten duzun horiekin. Uste nuen alkandorak zaintzen ikasiko zenuela honez gero.

        — Badakit, Sally, eta ahal dudan neurrian saiatzen naiz. Baina ez dut uste dena nire erruz gertatu denik, zuk bai baitakizu ez ditudala ikusten, eta ez dudala horiekin inolako zerikusirik jantzita ez baldin baditut; eta ez dut uste inoiz jantzita neramana galdu dudanik.

        — Ez zen zure errua izango jantzita ez bazenuen Silas..., ahal izanez gero, hala izanik ere galduko zenuela uste dut. Eta alkandora ez da desagertu den gauza bakarra. Koilare bat ere desagertu da; eta hori ez da dena. Hamar genituen, eta orain bederatzi besterik ez ditugu. Iruditzen zait zekorrak alkandora eraman zezakeela, baina zekorrak ez du inoiz koilarerik hartzen, hori bai dela egia.

        — Eta zer gehiago desagertu da, Sally?

        — Sei kandela..., horixe. Arratoiek eraman zitzaketen kandelak, eta uste dut hala egingo zutela, eta ez dakit zergatik ez duten etxe osoa eramaten; zuloak estaliko dituzula esaten ari zara beti, eta ez duzu inoiz egiten; eta tentelak ez balira zure ilean bertan egingo lukete lo, Silas..., eta ez zinateke konturatuko; baina ezin zaie arratoiei koilarearena leporatu, eta horren zalantzarik ez dut.

        — Beno, Sally, errudun naiz, eta badakit; axolagabea izan naiz; baina ez da biharko eguna igaroko nik zulo horiek estali gabe.

        — Oi, ez larritu, datorren urtean egingo duzu bestela... Matilda Angelina Araminta Phelps!

        Danba egin zuen titareak, eta umeak atzaparrak atera zituen azukre ontzitik ingurura ezertarako begiratu gabe. Orduantxe, emakume beltza korridorean sartu zen, eta esan zuen:

        — Andrea, maindirea desagertu da.

        — Maindirea desagertu! Ene, Jaungoikoaren izenean!

        — Gaur bertan estaliko ditut zuloak —esan zuen osaba Silasek, errukiz betea zirudielarik.

        — Oi, isilik egon!... uste al duzu arratoiek eraman dutela maindirea? Non izan daiteke, Liz?

        — Ene, ene, susmorik ere ez dut, Sally andrea. Atzo zintzilik zegoen, baina desagertu egin da, han ez dago.

        — Munduaren amaiera datorrela uste dut. Bizitza osoan ez dut horrelakorik ikusi. Alkandora, eta maindirea, eta koilarea, eta sei kandela.

        — Andrea —neska gazte beltza sartu zen—, brontzezko argimutila desagertu da.

        — Alde hemendik, lotsagabe hori, edo zartagina hartu eta astinduko zaitut!

        Irakiten zegoen emakumea. Aukera bila hasi nintzen; alde egin nahi nuen eta basora joan giroa baretu bitartean. Haserre bizian zegoen izeba, matxinada bere kabuz aurrera zeramalarik, eta beste guztiak otzan-otzan eta isilik; eta azkenean osaba Silasek, ergel aurpegia jarrita, koilarea atera zuen poltsikotik. Andrea isildu egin zen, ahoa zabalik eta eskuak altxatuta geratu zen; eta niri dagokidanez nahiago nuke Jerusalemen edo beste nonbait egon han baino. Baina horrek ez zuen denbora luzea iraun, andreak esan baitzuen:

        — Nik sumatzen nuena. Poltsikoan izan duzu denbora guztian, eta beharbada beste gauzak ere hor izango zenituen. Nola iritsi da horra?

        — Benetan ez dakit, Sally —esan zuen gizonak, barkamena eskatu nahiko balu bezala—, badakizu bestela esango nizukeela. Gosaldu baino lehen Apostoluen Eginen hamazazpigarren atala ari nintzen aztertzen, eta uste dut orduan sartuko nuela koilarea, konturatu gabe, Testamentua sartzen ari nintzelako ustetan, eta horrela izan beharko du, Testamentua ez dudalako poltsikoan, baina orain begiratuko dut, eta Testamentua lehengo lekuan badago, ez dudala poltsikoan sartu esan nahiko du horrek, eta Testamentua utzi eta koilarea sartu dudala, eta...

        — Ene, Juangoikoaren izenean! Utz nazazue bakean! Alde hemendik mundu guztia, eta ez berriz nire aurrean azaldu ni lasaitu bitartean.

        Hitz horiek bere buruarentzat esan izan balitu ere, berdin-berdin entzungo nituzkeen, zer esanik ez ozenki esan zituelarik; zutitu eta hark esandakoa egingo nukeen, baita hilik egon banintz ere. Egongelatik igarotzen ari ginenean, etxeko jaunak sonbreirua hartu zuen, eta iltze lodia lurrera erori zitzaion, eta lurretik jaso eta tximiniaren apalaren gainean utzi zuen, ezer esan gabe, eta alde egin zuen. Tomek gizona hori egiten ikusi zuen, eta koilarearena etorri zitzaion burura, eta esan zuen:

        — Ez ditiagu gauzak osabaren bidez gehiago bidaliko; ez duk fidagarria.

        Gero esan zuen:

        — Baina, edozein modutara ere, mesedea egin ziguk koilarearekin, ezer jakin gabe, eta guk ere berak ezer jakin gabe beste mesedea egingo zioagu..., arratoien zuloak estali.

        Zulo pila ederra zegoen sotoan, eta ordu osoa behar izan genuen, baina lana behar bezala, ongi, eta txukun egin genuen. Orduan eskaileretan behera norbait zetorrela sumatu genuen, kandela itzali, eta ezkutatu egon ginen; eta han azaldu zen etxeko jauna, esku batean kandela zekarrela, eta bestean fardela, beti bezain arreta gabea zirudielarik. Burua beste nonbait zuela zirudien, lehenik arratoi zulo baterantz, eta gero beste baterantz jo zuen, denak ikusi zituen arte. Gero host minutu edo egin zituen han zutik, kandelaren tanto lehorrak kentzen eta pentsatzen. Ondoren eskaileretara joateko poliki eta ametsetan balego bezala jira egin zuen, eta esan:

        — Alafede, hori noiz egin dudan ez dut gogoan. Esan diezaioket ez naizela errudun arratoien horretan. Baina berdin da..., utz dezagun hori bakean. Uste dut horrek ez lukeela ezer aldatuko.

        Marmarka jo zuen eskaileretan gora, eta gero gu irten ginen. Oso gizon atsegina zen. Eta hala da oraindik ere.

        Tom oso kezkaturik zegoen koilarea nola eskuratu ez zekielako, baina esan zuen beharrezkoa genuela; eta pentsatzen hasi zen. Konpondu zuenean, nola egingo genuen esan zidan; orduan koilare otarraren ondora joan eta zain egon ginen izeba Sally zetorrela ikusi genuen arte. Tom koilareak zenbatzen hasi zen eta otarraren alboko bazter batean uzten, eta nik horietako bat hartu eta maukan gora sartu nuen, eta Tomek esan zuen:

        — Baina, izeba Sally, bederatzi koilare ditugu oraindik.

        — Segi hemendik jolasera —esan zuen izebak—, eta ez ni amorratu erazi. Badakit denak daudela, neronek zenbatu ditut.

        — Bada, nik bi aldiz zenbatu ditut, izeba, eta bederatzi batzen ditut.

        — Bere onetik aterata zegoela zirudien, baina noski koilareak zenbatzera hurbildu zen..., edonork gauza bera egingo luke.

        — Ene, Jaungoikoa, bederatzi besterik ez daude eta! —esan zuen izebak—. Baina zer arraio gertatu da! Berriro zenbatuko ditut.

        Orduan koilarea irristatzen utzi nuen, eta zenbaketa bukatu zuenean esan zuen:

        — Baina zer istilu zikin da hau? Orain hamar daude! eta haserre eta kezkaturik zegoela zirudien. Baina Tomek esan zuen:

        — Baina, izeba, ez dut uste hamar daudenik.

        — Tentel hori, baina ez al nauzu zenbatzen ikusi?

        — Bai, baina...

        — Beno, berriz zenbatuko ditut.

        Orduan bat harrapatu nuen, eta bederatzi batu zituen aurrekoan bezala. Su eta gar zegoen..., dardara bizian, horren haserre zegoenez. Baina zenbatu eta zenbatu aritu zen, erabat nahasirik amaitu arte, eta batzuetan otarra ere koilarea balitz bezala zenbatzen zuen; hiru aldiz ongi ateratzen zitzaion, eta hiru aldiz gaizki. Orduan otarra hartu eta etxeko beste muturrera bota zuen eta katua jo eta hankaz gora utzi zuen; esan zigun alde egiteko eta bakean uzteko, eta bazkaltzeko ordua baino lehenago azaltzen baginen bere inguruan traba egiten, larrutuko gintuela. Horrela lortu genuen zorioneko koilarea; eta izebaren mantalaren poltsikoan sartu genuen azken aginduak ematen zizkigun bitartean, eta Jimek eguerdia baino lehenago eskuratu zuen batere arazorik gabe, iltze lodiarekin batera. Oso pozik ginen egindako lanarekin, eta Tomek esan zuen horrek, emandako nekeak baino bi aldiz gehiago balio zuela, izebak ezingo zituelako berriz bi aldiz koilare horiek zenbatu emaitza berberarekin, ezta bere burura salbatzeko ere; eta ongi zenbatuko balu ere, ez lukeela sinetsiko; eta Tomek esan zuen burua galdu arte ondorengo hiru egunetan zenbatzen aritu ondoren, iruditzen zitzaiola etsi egingo zuela eta norbaitek berriz zenbatzeko esaten bazion hura hiltzeko prest egongo litzatekeela.

        Gau horretan berriz jarri genuen maindirea sokan zintzilik, eta beste bat lapurtu genuen armairutik; bere lekura itzultzen eta berriz lapurtzen aritu ginen eten gabe egun pare batez, izebak zenbat maindire zituen zalantzan jarri zuen arte, eta esan zuen ez zitzaiola axola, eta ez zuela horregatik arima atsekabetuko, eta ez zituela berriz zenbatuko ezta bere bizitza salbatzeagatik ere, hori egin baino lehenago nahiago zuela hil.

        Arazorik ez genuen orduan alkandora, maindirea, koilarea eta kandelei zegokienean, zekorrari, arratoiei, eta zenbaketa nahasiari eskerrak; eta argimutilari zegokionean, ez zuen garrantzi handirik, ahaztuko zuen handik tarte batera.

        Baina pastela egitea, horrek bai lana eman zigula; arazo amaigabeak izan genituen pastelarekin. Basoan prestatu genuen, eta bertan egosi; eta azkenean amaitu genuen, eta oso ongi gainera; baina ez genuen dena egun bakar batean egin; hiru garbiontzi erabili behar izan genituen irinez beteak pastela amaitu ahal izateko, gorputzak alde guztietan erre zitzaizkigun, eta begiak mindu zizkigun keak; izan ere, beheko orea besterik ez genuen egin nahi, eta ezin genuen tente jarri, zuloa egiten zitzaigun beti. Baina azkenean modu egokia bururatu zitzaigun; alegia, eskailera ere pastelaren barruan egostea. Bigarren gaua Jimekin igaro genuen, eta maindirea tira txikietan puskatu genuen, bata bestearekin txirikordatu genituen, eta eguna argitu baino askoz lehenago soka polita egina genuen, norbait urkatzeko ere erabil zitekeelarik. Itxura egin genuen bederatzi hilabete behar izan genituela soka hori egiteko.

        Eguerdia baino lehenago basora eraman genuen, baina ez zen pastelean kabitzen. Maindire oso batez egina zegoenez, nahi izanez gero, berrogei pastel egiteko adina soka genuen, eta pila ederra geratuko zen gainera erabili gabe, zopan, saltxitxetan, edo beste edozer gauzetan sartzeko. Bazkari osoa egin genezakeen.

        Baina ez genuen behar. Pastelarentzat besterik ez genuen behar, eta gainontzekoa bota egin genuen. Garbiontzian ez genuen pastelik egosi, galdatutakoa urtuko ote zitzaigun beldurrez; baina osaba Silasek bazuen oheak berotzeko brontzezko su-ontzi bikaina, egurrezko kirtena eta guzti, eta bere arbasoren batena izan zelako asko maite zuena; eta Ingalaterratik etorri zen William Konkistatzailearekin batera Mayflower edo hasierako ontzi horietakoren batean. Ganbaran ezkutaturik zuten beste ontzi eta gauza baliotsuekin batera, ez baliorik zutelako, ez baitzuten batere, erlikiak izateagatik baizik, badakizu. Handik isil isilik atera eta kanpora eraman genuen; baina lehenengo pasteletan huts egin zuen, nola erabili behar zen ez genekielako, baina azkenan dotore irten zitzaigun. Ontzia hartu eta orez bete genuen, sutan jarri, eta sokazko eskailera sartu genuen, eta gero orezko teilatua egin genion, ontziari estalkia jarri, eta txinhar beroak erantsi genizkion guztiaren gainean, eta ia bi metrotara geratu ginen zutik, kirten luze horri eutsiz, berotu gabe eta gustura, eta hamabost minututan begiratu genion, eta harro senti erazteko moduko pastela izan genuen aurrean. Baina hori jaten zuenak hobe luke txotxa kaxa parea alboan izan, sokazko eskailerak lan ederrak emango zizkion eta, baina, tira, ez dakit zertaz ari naizen hizketan; eta gainera horrek sortutako sabeleko minak hurrengo aldirara arte iraungo lioke.

        Natek ez zuen begiratu sorgin-pastela Jimen kazolan jarri genuenean; eta latorrizko hiru platerak kazolaren hondoan jarri genituen, janariaren azpian; eta horrela Jimek dena primeran jaso zuen, eta bakarrik geratu bezain laster pastela txikitu eta sokazko eskailera hartu eta lastaira barruan gorde zuen, eta latorrizko platerean arrastoak egin eta leiho zulotik kanpora bota zuen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia