Hogeita hamaseigarren atala

 

        Gau horretan, denak lotan izango zirela iruditu zitzaigunean, tximist orratzaren burdinan behera jaitsi ginen, estalpe barruan sartu, atea itxi, eta handik egur argitsua atera genuen eta lanera joan ginen. Metro t'erdian edo zeuden gauza guztiak kendu genituen, egituraren ardatz bateko enborraren erdiaren inguruan. Tomek esan zuen Jimen ohearen atzean ginela orduantxe, eta haren azpian egingo genuela zuloa, eta lana amaitzean txabola barruko inor ez zela konturatuko han zuloa zegoenik, Jimen ohe estalkiak ia lurreraino zintzilikatzen baitzuen, eta hura altxa beharko litzateke haren azpian zuloa ikusteko. Zuloa egin eta egin aritu ginen, labainak erabiliz, ia gau erdira arte; gero leher eginik geratu ginen, eskuak babaz beteta genituen, eta ez zirudien oraindik gehiegi aurreratu genuenik. Azkenean esan nuen:

        — Hau ez duk hogeita hamazazpi urtetako lana, hogeita hemezortzi urtetako lana duk, Tom Sawyer.

        Ez zuen ezer esan. Baina hasperen egin zuen, eta tarte batean utzi zion zuloa egiteari, gero tarte luzeagoan pentsatzen ari zela konturatu nintzen. Orduan esan zuen:

        — Alferrik duk, Huck, ez diagu aurrera aterako. Presoak gu izan bagina egin ahal izango genuke, nahi adina urte izango genituzkeelako, eta presarik ez; eta ezingo genuke egunean minutu batzuetan besterik zuloa egin, zaintza aldatzen ziaten bitartean, eta horrela eskuak ez litzaizkiguke babaz beteko, eta aurrera egin ahal izango genuke, urte batean eta bestean, eta zuloa ongi egingo genuke, legeak esaten duen bezala. Baina ezin diagu denborarik galdu, azkar ibili beharra diagu; ez diagu denbora alferrik galtzeko astirik. Beste gau batean modu honetan arituz gero, astebetez utzi beharko genioke zulatzeari eskuak sendatu bitartean..., ezingo genuke lehenago labanarik hartu.

        — Eta, zer egingo diagu orduan, Tom?

        — Esango diat. Ez duk gauza zuzena, ez duk morala, eta ez nuke inork jakitea nahi..., baina bide bat besterik ez zegok; pikotxak erabiliz egin beharko diagu zuloa, eta labainak direla itxura egingo diagu.

        — Orain hitz egin duk behar bezala! —esan nuen—. Gero eta buru argiagoa duk, Tom Sawyer —esan nuen—. Pikotxak dituk gauza zuzena, legezko izan al ez izan; eta niri behintzat, bost axola zaidak horren legezkotasuna. Beltza lapurtzen badut, edo sandia, edo igandeetako eskola liburua, ez zaidak batere axola nola egin, egitea baizik. Beltza nahi diat, edo sandia behar diat, edo igandeetako eskola liburua; eta pikotxa baduk gauzarik eskuragarriena, hori erabiliko diat beltza zulotik ateratzeko, edo sandia, nahiz igandeetako eskola liburua eskuratzeko; eta arratoi hilik ere ez nuke emango autoritateek horretaz zer dioten jakiteagatik.

        — Beno —esan zuen—, horrelako kasuan aitzakia badiagu pikotxak erabiltzeko eta itxurak egiteko; hala ez balitz, ez nuke onartuko, eta ez nintzateke arauak hausten ikusten hor bazterrean ezer egin gabe geratuko..., zuzen dagoena zuzen baitago, eta oker dagoena oker, eta inork ezin dik oker jokatu ikasi gabea ez denean eta jakinaren gainean dagoenean. Hiretzat egokia izan daiteke Jim pikotxa erabiliz ateratzea, itxurarik egin gabe, ezer ez dakik eta; baina niretzat ez, nik gauzak ongi ezagutzen baititut. Eman iezadak labaina.

        Berea eskutan zuen, baina nirea eman nion. Labaina lurrera bota, eta esan zuen:

        — Eman iezadak labaina.

        Ez nekien zer egin..., baina orduan ulertu nuen. Erreminta zaharren artean bila ibili nintzen, eta aitzurra hartu eta eman egin nion; hartu zuen eta lanean hasi zen, hitzik esan gabe.

        Horrelakoa zen beti. Legez eta arauez bete betea.

        Orduan pala hartu nuen; pikotxa eta palari eraginez txandaka aritu ginen, eta lana airean zihoan aurrera. Ordu erdiz edo jardun genuen, zutik iraun genezakeen artean; baina etekin handia atera genion lanari, eta zulo galanta egin genuen. Eskailerak igo nituenean, leihotik kanpora begiratu nuen eta Tom ikusi nuen ahalegin guztiak egiten tximist orratzetik gora igotzeko, baina ezin zuen; eskuak urratuegiak zituen. Azkenean esan zuen:

        — Alferrik duk, ezin diat. Zer egingo diat? Ez al zaik ezer bururatzen?

        — Bai —esan nuen—, baina uste diat ez dela legezkoa. Eskaileratan gora igo, eta itxura egin ezak tximist orratzaren burdina dela.

        Eta hori egin zuen.

        Hurrengo egunean Tomek eztainuzko koilarea eta brontzezko argimutila lapurtu zituen etxean, Jimi idazteko luma egitearren, eta sei kandela bilgorrezkoak; eta beltzen txabolen inguruan ibili nintzen ni, latorrizko platerak lapurtzeko aukera bila. Tomek esan zuen ez zirela nahikoak; baina nik esan nion inork ez zituela Jimek botatako platerak ikusiko, leiho zuloaren azpiko miru belar eta sorgin belarren tartera eroriko zirelako... Ondoren horiek berak gorantz bota eta berriz erabil zitzakeela. Tom gustura geratu zen horrekin. Gero esan zuen:

        — Orain, Jimengana gauzak nola irits erazi aztertu beharko diagu.

        — Zulotik sartuko zizkioagu —esan nuen—, zuloa egiten behin bukatuz gero.

        Mesprezuz beterik begiratu zidan, eta esan zuen inork ez zuela inoiz horrelako tentelkeriarik entzun, edo antzeko zerbait, eta gero pentsatzen hasi zen. Handik tarte batera esan zuen bi edo hiru modu asmatu zituela, baina oraindik ez zela beharrezkoa horietako bat aukeratzea. Esan zuen aurretik Jim jakinaren gainean jarri beharko genuela.

        Gau horretan tximist orratzaren burdinatik behera jaitsi ginen hamarrak jo eta berehala, kandela bat eraman genuen, leiho zuloaren azpian geratu ginen entzuten, eta Jim zurrungan entzun genuen; barrura bota genuen kandela, baina Jim ez zen esnatu. Orduan jo eta ke hasi ginen zuloa egiten pikotxa eta pala hartuta, eta bi ordu t'erditan edo amaitu genuen lana. Arrastaka sartu ginen txabolan Jimen ohe azpiraino, haztamuka ibili ginen, eta kandela aurkitu eta piztu egin genuen. Jimen aurrean zutik egon ginen tarte batean, eta osorik eta onik zegoela ikusi genuen, ondoren esnatu egin genuen poliki eta pixkanaka. Gu ikusteagatik poz pozik zegoen, eta ia negar egin zuen; eta laztanak esan zigun, eta bururatu zitzaizkion hitz maitagarri guztiak; eta nahi zuen gu lehenbailehen burdin guraize baten bila joatea, hori erabiliz, berehala oinean zuen katea moztu, eta handik denborarik galdu gabe alde egiteko. Baina Tomek adierazi zion legez kontrakoa izango zela hori egitea, eta eseri eta gure asmoak esan zizkion, eta asmoak alda genitzakeela arriskurik ikusten genuen bezain laster; eta inolako kezkarik ez izateko, zalantzarik gabe aske utziko genuelako. Jimek esan zuen konforme zegoela, eta eseri, eta iraganeko garaiaz hizketan aritu ginen, eta gero Tomek galdera pila egin zizkion, eta Jimek esan zionean osaba Silas egunero edo bi egunez behin joaten zitzaiola berarekin errezatzera, eta izeba Sally ea ongi zegoen eta jateko nahikoa ote zuen ikustera joaten zitzaiola, eta biak oso atseginak zirela, Tomek esan zuen:

        — Orain bazekiat zer egingo dugun. Horien bidez bidaliko zizkioagu gauzak.

        — Ez horrelakorik egin —esan nuen—; inoiz entzun dudan astakeriarik handiena duk hori.

        Baina ez zuen arretarik hartu eta aurrera egin zuen. Beti horrela jokatzen zuen planak prestatuak zituenean.

        Esan zion Jimi sokazko eskaileraren tartan bidaliko geniola ezkututan, eta beste gauza handi asko Naten bidez, alegia, janariak eramaten zizkion beltzaren bidez, kontuz ibili beharko zuela, ez zuela harritu beharko, eta ez ziola Nati ikusten utziko berak gauzak nola irekitzen zituen; gauza txikiak sartuko genituela osabaren berokiaren poltsikoan eta handik lapurtu beharko zituela; eta beste gauzak lotuko genituela izebaren mantalaren zintetatik edo mantalaren poltsikoan sartuko genizkiola, aukera izanez gero; eta esan zion zer gauza izango ziren horiek eta zertarako beharko zituen. Tomek esan zion baita ere alkandoran egunkaria idatzi beharko zuela bere odola erabiliz, eta guzti hori. Dena esan zion. Jimek Tomek esandako gauza gehienei ez zien inolako zentzurik ikusten, baina adierazi zuen gu zuriak ginela, eta berak baino hobeto jakingo genuela zer egin; pozik geratu zen, eta esan zuen dena Tomek esan bezala egingo zuela.

        Jimek arto pipita eta tabako ugari zuen txabolan; eta oso une atsegin eta ona izan genuen; gero zulotik arrastaka irten ginen berriz, eta etxera joan ginen lotara, eskuek itxura tamalgarrian genituelarik. Tom pozez zoratzen zegoen. Esan zuen bizitza osoan izandako unerik jostagarriena izan zela hori, eta intelektualena; eta harekin aurrera egiteko moduren bat asma baleza, egoera hori bizitza osorako luzatuko lukeela eta Jim handik ateratzea gure umeek egin zezaten utzi; uste baitzuen Jimi gero eta atseginagoa irudituko litzaiokeela bere egoera, ohitu ahala. Modu horretan zortzi urtetara luza omen zitekeen, eta inoiz erabilitako denborarik luzeena izango omen zen. Eta esan zuen horrek ospetsu bilakatuko gintuela parte hartu genuen guztiok.

        Goizean egur pilaren lekura joan ginen eta brontzezko argimutila zati erabilgarriagoetan puskatu genuen, eta Tomek puska horiek eta eztainuzko koilarea poltsikoan sartu zituen. Gero beltzen txaboletara abiatu ginen, eta nik Nati beste aldera begira erazten nion bitartean, Tomek argimutilaren puska bat bota zuen Jimen kazolan zegoen arto ogiaren tartean, eta Nati lagundu genion zer gertatuko zen ikusi ahal izateko, eta primerakoa izan zen; Jimek ogiari kosk egin zionean ia hortz guztiak txikitu zituen; eta ez zen horrek baino emaitza hoberik izan zezakeen gauzarik. Tomek berak esan zuen. Jimek ez zuen ezer esan, harriren bat edo antzeko zerbait izango zela besterik ez, ogian askotan izaten diren horietakoak, badakizu; baina geroztik ez zion inoiz janariari kosk egiten lehenago sardexka hartu eta bi edo hiru tokitan zuloa egin gabe.

        Eta argi ahul horretan zutik ginelarik, zakur pare bat irten zitzaizkigun Jimen ohe azpitik; eta gero eta gehiago pilatu ziren hamaika zakur sartu zitzaizkigun arte; ia arnasa hartzeko lekurik ez zen geratzen. Arraioa, estalpeko atea ixtea ahaztu zitzaigun! Nat beltzak: «sorginak!», oihukatu besterik ez zuen egiten, eta halako batean, zakurren artean zerraldo erori zen lurrera, eta marmarka hasi zen hiltzen ariko balitz bezala. Tomek kolpetik atea zabaldu zuen eta Jimen haragiaren zati bat kanpora bota zuen, eta zakurrak horren atzetik joan ziren, eta bi segundotan bera ere kanpora joan, eta berriz etorri eta atea itxi zuen, eta banekien beste atea ere itxi zuela. Ondoren beltzarengana joan zen, lausenguka eta goxo-goxo aritu zitzaion, eta galdegin zion berriro ere zerbait ikusi zuela amets egin ote zuen. Beltza zutik jarri zen, harriduraz inguruan begiratu, eta esan zuen:

        — Sid jauna, esango duzu burutik eginda nagoela, baina ez baditut ikusi milioi bat zakur, edo deabru, edo ez dakit zer, hemen bertan hilik gera nadila nire oinen aztarnetan. Ikusi ditut, ziur nago. Sid jauna, sumatu ditut..., sumatu ditut, jauna; gainean nituen. Madarikatuak, nahiago nuke sorgin horietako bat harrapatu izan banu..., bat besterik ez..., besterik ez dut eskatzen. Baina are gehiago nahiago nuke ni bakean uztea, bai horixe.

        Tomek esan zuen:

        — Esango dizut nïri zer iruditzen zaidan. Zerk erakartzen ditu sorginak beltz iheslari honen gosari garaitara? Goseak; hori da arrazoia. Sorgin tarta egin behar diezu; hori da zuk egin behar duzuna.

        — Baina, ene, Sid jauna, nola egingo diet sorgin tarta? Ez dakit nola egiten den. Ez dut orain arte horrelakorik entzun.

        — Orduan, neronek egingo dizut.

        — Egingo al didazu, laztana?... bai? Zuk zapaldutako lurra musukatuko dut!

        — Ederki, egingo dut, zuretzat delako, eta gurekin zintzoa izan zarelako eta beltz iheslaria erakutsi diguzulako. Baina kontu handiz ibili behar duzu. Gu etortzen garenean, zuk beste aldera begiratu beharko duzu; eta gero kazolan edozer gauza jartzen dugula ere, ez duzu ikusi duzunik aditzera emango. Eta ez begiratu, Jimek kazola husten duenean..., zerbait gerta liteke, ez dakit zer. Eta batez ere, ez ukitu sorginen gauzarik.

        — Ukitu, Sid jauna? Zer diozu? Ez nuke nire hatzaren pisua horien gainean jarriko, ezta bostehun mila milioirengatik ere, ez jauna.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia