Hogeita hamabosgarren atala

 

        Ia ordubete falta zen gosaltzeko ordurako, eta baso alderantz alde egin genuen, Tomek esan baitzuen zuloa egiteko argia beharko genuela, eta linternak argi indartsuegia ematen zuenez gero, istiluak ekar liezagukeela, eta egur ustel puskak hartu beharko genituela, axeri sua edo esaten diotena, leku ilunean jarri eta distira motela besterik ematen ez duena. Besokada bana hartu genuen, eta sasi artean ezkutatu, eta atseden hartzeko eseri ginen. Tomek esan zuen lur jota zirudielarik:

        — Arraioa, hau ez zekiat zer baino errazagoa eta aldrebesagoa duk. Eta benetan zaildu egiten dik plan zaila prestatzea. Begiralerik ez duk ageri guk drogatu ahal izateko... Begiraleren bat izan beharko genuke. Zakurrik ere ez zegok zerbait jan erazi eta loak hartzeko. Eta hor zegok Jim hanka ohearen hankarekin kateatua duelarik, hiru metrotako kateaz; eta ohearen egitura altxa eta katea azpitik atera besterik ez duk egin behar. Osaba Silasek, berriz, edonorengan dik uste ona; giltza ematen ziok beltz txoriburu gizajo horri eta ez dik inor bidaltzen beltza zertan dabilen ikustera. Dagoeneko alde egin zezakean Jimek leiho zulotik, ez balitz hiru metrotako katea hankari lotuta duelarik ezingo lukeelako bidaia egitera joan. Baina, sinets nazak Huck, inoiz ikusitako antolamendurik burugabeena duk hau. Zailtasunak asmatu beharrak dituk. Zereginik ez diagu ordea, eskuartean dugunarekin ahal dugun modu hoberenean moldatu beharko diagu. Dena dela, badugu zerbait gure alde; harrotzeko arrazoi handiagoa zegok zailtasun eta arriskuen artean Jim askatzen baduk, zailtasunak jarri behar zituztenek bakar bat ere jarri ez, eta denak hire buruak asmatu behar dituenean. Linternarena bat ezak kontutan adibidez. Gauzak hotzean aztertuz gero, besterik gabe adierazi beharrean gaudek linterna arriskutsua dela. Baina uste diat, nahi izanez gero, suzizko segizio osoa ondoan dugula lan egin genezakeela. Orain hori aipatzean, zerra bat egiteko zerbait harrapatu behar dugula bururatu zaidak, aukera dugun bezain laster.

        — Zertarako behar diagu zerra?

        — Zertarako behar dugun zerra? Ez al diagu zerratu behar Jimen ohearen hanka katea askatzeko?

        — Baina, esan duk ohearen egitura edonork altxa zezakeela eta katea azpitik atera.

        — Hire modukoa duk hori ere, Huck Finn. Haurren jokaera hartzen duk beti gauza guztien aurrean. Baina, ez al duk inoiz libururik irakurri? ...ez Trenck Baroia, ez Casanova, ez Benvenuto Cellini, ez Henri IV a, ez horien moduko heroirik? Nork entzun dik inoiz presoa aska daitekeela neskazaharren tankerako era horretan? Ez; autoritate onenek egiten duten modua ohearen hanka bi zatitan zerratzea duk, hanka lehen bezala utzi, eta zerrautsa irentsi, inork arrastorik aurki ez ditzan, eta lurra eta koipea jarri zerratutako lekuaren inguruan, seneskal azkarrenak ere zerratua izan den arrastorik ikusi ez, eta hanka oso osorik dagoela sinets dezan. Gero, alde egiteko prest dauden gauean, ostikoa eman hankari, eta eroriko da; katea azpitik atera, eta kito. Sokazko eskailera almenetan zintzilikatu besterik ez duk egin behar, handik behera irrist egin, erretenean hanka puskatu..., soka beti sei metro motzagoa izaten baita, badakik..., eta han izango dituk zain zaldiak eta zerbitzari leialak; uretatik atera, eta zela gainera botako haute, eta alde egingo duk, Languedoc edo Nafarrora, edo beste edonora. Aparta duk, Huck. Txabola horrek erretena izatea nahiko nuke. Denbora baldin badugu, ihesaldiaren gauean erreten zuloa egingo diagu.

        — Zertarako behar diagu erretena —esan nuen—, txabola azpitik arrastaka atera behar badugu?

        Baina ez zidan entzun. Ahaztu egin zen nitaz eta beste gauza guztiez. Eskua kokotsaren kontra jarrita zuen, eta pentsatzen ari zen. Berehala hasperen egin zuen, eta buruari eragin zion; gero hasperen egin zuen berriz, eta esan zuen:

        — Ez, ez diagu egingo..., premiarik ez zegok horretarako.

        — Zertarako? —esan nuen.

        — Bada, Jimen hanka zerratzeko —esan zuen.

        — Ene bada! —esan nuen—. Ez al zegok horretarako premiarik? Eta, edozein modutara ere, zertarako moztu beharko hioke hanka?

        — Autoritate onenetako batzuek hala egiten diate. Katea moztu ezin bazuten, orduan eskua moztu eta alde egiten ziaten. Eta hanka are hobea litzateke. Baina ezin egin zezakeagu. Gure kasuan ez diagu behar den premiarik; eta gainera Jim beltza duk eta ez lituzke arrazoi horiek ulertuko, eta ezta hori Europako ohitura denik ere; beraz, hori baztertu egin behar diagu. Baina gauza bat geratzen duk..., eskailera izan zezakek; gure maindireak hartuko ditiagu, puskak egin, eta erraz xamar egin zezakeagu eskailera. Eta pastelean sartuta bidaliko zioagu; horrela egiten duk gehienetan. Eta pastel okerragoak jan ditiat nik.

        — Baina, Tom Sawyer, zer diok —esan nuen—. Jimek ez dik kako eskailera hori ezertarako behar.

        — Behar dik. «Hik zer dioan», esan zezakek hobe; ez dakik horretaz tutik ere. Eskailera izan behar dik; denek diate.

        — Baina zer arraio egin zezakek eskailera izanik?

        — Zer egin? Ohean ezkutatu, ezta? Hori duk denek egiten dutena; eta Jimek ere egin beharko dik. Huck, iruditzen zaidak ez dituala beti egiten diren gauzak egin nahi; denbora guztian gauza berriak asmatzen aritzea nahi duk. Jo dezagun ez duela ezertarako erabiltzen..., ez al litzateke ohean geratutako arrastoa izango, hark alde egin ondoren? Eta ez al zaik iruditzen arrastoak bilatu nahiko dituztela? Noski nahiko dituztela. Eta ez al zaiek batere utzi behar? Polita izango litzake hori! Ez diat inoiz antzekorik entzun.

        — Arauetan baldin badago —esan nuen—, soka izan behar duela, konforme, izan dezala; nik ez diat nahi eta arauetan huts egin; baina bada beste gauza, Tom Sawyer..., maindireak hautsi behar baditugu Jimi eskailera egiteko, izeba Sallyrekin istiluak izango ditiagu, ziur baino ziurrago. Begira, nire iritziz, intxaurrondo azalezko eskailera egitea oso erraza duk, eta ez duk ezer alferrik galdu behar, eta erabil daitekeen edozein sokazko eskailera bezain ona duk pastel batean sartzeko, edo lastaira barruan ezkutatzeko; eta Jimi dagokionez esperientziarik ez dik, eta ez zaiok axolako zein motatako...

        — Baita zera ere, Huck Finn, hi bezain ezjakina banintz, isilik egongo nintzateke..., horixe egingo nuke. Nork entzun dik inoiz preso batek intxaurrondo azalez eginiko eskailera erabilita ihes egin duenik? Txorakeria galanta duk hori.

        — Konforme, Tom, egin ezak hire erara; baina aholku bat ematea nahi baduk, arropa zintzilik dagoen sokatik maindire bat tarte baterako hartzen utziko didak.

        Baietz esan zuen. Eta horrek beste gauza ekarri zion burura, eta esan zuen:

        — Har ezak alkandora baita ere tarte baterako.

        — Zertarako behar diagu alkandora, Tom?

        — Jimek egunkaria idazteko.

        — Baita zera ere, egunkaria... Jimek ez zekik idazten.

        — Idazten ez badaki ere zer... eztainuzko koilara edo burdinazko kupel zahar baten aroa erabiliz luma egiten badiogu, arrastoak egingo ditik alkandoran, ezta?

        — Eta, Tom, ezin al zioagu antzarari luma kendu eta luma hobea egin; eta azkarrago egin gainera?

        — Presoek ez ditiztek antzarak ziega inguruan izaten haiei lumak kentzeko, kaiku alaena. Lumak egiteko beti hartzen ditiztek brontzezko argimutil sapar baten puska gogor, sendo, eta erabilgaitzenak, edo eskura duten antzeko zerbait; eta asteak eta asteak behar izaten ditiztek, eta hilabeteak eta hilabeteak horiek marruskatzeko, hormaren kontra igurtziz egin behar izaten baitiate. Ez lukete antzar lumarik erabiliko eskura izanik ere. Ez duk horrelakorik inoiz egiten.

        — Eta, nondik aterako diagu tinta?

        — Askok egin izan diate herdoila eta malkoak erabiliz; baina hori preso arruntek eta emakumezkoek egiten diate; autoritate onenek beren odola erabiltzen ditek. Jimek hori egin zezakek; eta nahi badu mezu misteriotsu, arrunt, txiki, eta betiko horietakoa idatzi, eta munduari jakin erazi preso non dagoen, sardexka hartu eta plater baten atzealdean idatz zezakek, eta gero leihotik kanpora bota. Burdinazko Maskarak beti horrela egin izan dik, eta hori ere primerako sistema duk.

        — Jimek ez ditik latorrizko platerik. Jana ontzi batean ematen ziotek.

        — Hori ez duk ezer; emango zioagu baten bat.

        — Inork ezingo ditik haren platerak irakurri.

        — Horrek ez dik zerikusirik, Huck Finn. Hark egin behar duen guztia duk platerean idatzi, eta gero platera kanpora bota. Ez duk irakurtzeko gai izan beharrik. Erditan ezin duk irakurri preso batek latorrizko platerean edo beste edozein tokitan idazten duena.

        — Orduan, zertarako platerak alferrik galdu?

        — Baina, zer arraio, ez dituk presoaren platerak.

        — Norbaitenak izango dituk ordea.

        — Eta hala bada ere, zer axola zaiok presoari?

        Eten egin zion hizketari, gosaritarako tutua entzun genuelako. Eta lasterka abiatu ginen etxerantz.

        Goiz horretan maindirea eta alkandora hartu nituen arropa zabaltegitik; zaku zaharra aurkitu eta bertan sartu nuen dena, gero axeri suaren bila joan ginen, eta hori ere zakuan sartu genuen. Pixka baterako hartu esaten nion nik horri, aitak hala esaten baitzion beti; baina Tomek zioen ez zela hartzea, lapurtzea baizik. Esan zuen presoarena egiten ari ginela; eta presoei ez zitzaiela axola gauzak nondik atera, nonbaitetik ateratzea baizik, eta inork ez ziela hori leporatzen. Ez omen zen legez kontrakoa presoak alde egiteko behar zuena lapurtzea; eskubidea omen zuen; eta horrenbestez, presoarena egiten ari ginen bitartean, eskubide osoa genuela etxe hartako gauzarik txikiena lapurtzeko, handik ihes egiteko behar baldin bagenuen. Esan zuen presoak izan ez bagina oso bestelakoa izango litzatekeela, eta pertsona zitalak besterik ez lukeela lapurretan egingo presoa izan gabe. Beraz, adierazi genuen eskura genuen edozer gauza lapur genezakeela. Tomek ordea, errierta galanta egin zidan handik egun batzuetara beltzen baratzetik sandia lapurtu eta jan nuenean; eta beltzengana joan erazi ninduen haiei hamarreko txanpona ematera. Tomek esan zidan, behar genuena lapur genezakeela esan nahi zuela berak. Bada —nik esan nion—, sandia behar nuen nik. Baina esan zuen hori ez nuela presondegitik ihes egiteko behar; hortxe zegoen aldea. Labaina haren barruan ezkutaturik Jimi eman nahi izan banio ordea, zuzen legokeela. Gauzak zeuden bezala utzi nituen, baina hala ere, ez nion presoarena egiteari alde on handiegirik ikusten, eseri eta urre-bitsa baino xehetasun meheagoak aztertzen hasi behar bagenuen, sandia bat harrapatzeko aukera nuen bakoitzean.

        Esaten ari nintzen bezala, goiz horretan denak lanean hasi, eta etxe inguruko lur sailean inor ikusi ez genuen arte itxaron genuen; orduan Tomek zakua hartu eta estalpera sartu zuen, nik urrutixeago zelatan egiten nuen bitartean. Handik tarte batera irten zen eta egur pilaren gainean eseri ginen hitz egiteko. Esan zuen:

        — Dena prest zegok, erremintak ezik; eta hori errez konponduko diagu.

        — Erremintak? —esan nuen.

        — Bai.

        — Erremintak zertarako?

        — Zuloa egiteko. Ez diagu zuloa horzka egingo, ezta?

        — Ez al dituk horko pikotxak eta beste gauza zahar hondatuak beltz bat ateratzeko adinakoak? —esan nuen.

        Jira egin eta errukiz beterik begiratu zidan, inori negarra eragiteko moduan, eta esan zuen:

        — Huck Finn, inoiz entzun al duk preso batek pikotxak eta palak, eta tresna moderno guztiak armairuan gordeta dituela zuloa egin, eta presondegitik ateratzeko? Orain galdera bat egingo diat..., zentzu pixka bat baduk..., zer aukera emango zenioke heroi izateko? Giltza ere eman hiezaiokeen, eta kontu guztia bukatu. Pikotxak eta palak..., erregeari ere ez lizkiokete emango eta.

        — Orduan —esan nuen—, pikotxak eta palak ez baditiagu behar, zer behar diagu?

        — Labaina pare bat.

        — Txabolaren zimenduetan zuloa egiteko?

        — Bai.

        — Baita zera ere, hori zorakeria duk, Tom.

        — Berdin ziok zorakeria bada ere, modu zuzena hori duk..., eta betiko modua duk. Eta beste modurik ez zegok, nik entzun dudanik behintzat, eta gauza horiei buruz informazioa ematen duten liburu guztiak irakurri dizkiat. Beti labainaz egiten diate zuloa..., eta ez lurra dagoen lekuan, ez pentsa; gehienetan harkaitz gogorrean egiten diate zuloa. Eta asteak eta asteak, eta asteak behar izaten ditiztek, eta bizitza osoan aritu behar izaten diate. Begira ezak d'If-eko gazteluko beheko ziega batean zegoen presoa, modu horretan atera huen; eta zenbat denbora behar izan zuela iruditzen zaik?

        — Ez zekiat.

        — Asma ezak.

        — Ez zekiat. Hilabete t'erdi?

        — Hogeita hamazazpi urte..., zera, eta Txinan atera huen. Horrela behar dik. Gordeleku honen azpia harkaitz gogorrezkoa izatea nahi nuke.,

        — Jimek ez dik Txinan inor ezagutzen.

        — Eta horrek zer axola dik. Beste horrek ere ez zian han inor ezagutzen. Baina beti inguru-mingurutan habil. Zergatik ez hatzaio gai nagusiari lotzen?

        — Ederki..., berdin zaidak non aterako den, ateratzen bada behintzat; eta uste diat Jimi ere berdin izango zaiola. Baina beste gauza bat..., Jim zaharregia duk labaina erabiliz zuloa egiteko. Ez dik nahikoa iraungo.

        — Bai iraungo dik. Ez duk pentsatuko hogeita hamazazpi urte beharko dituenik lurrezko zimenduetan zuloa egin eta hortik ateratzeko, ez?

        — Zenbat denbora beharko dik, Tom?

        — Ezin diagu behar genukeen adina luzatzen arriskatu. Osaba Silasek laster izan zitzakek berriak New Orleans ondoko leku horretatik. Jakin zezakek Jim bertakoa ez dela. Gero hurrena Jimen iragarkiak jarri edo antzeko zerbait egingo duk. Beraz ezingo diagu arriskatu zuloa egiteko beharko genukeen denbora guztia erabiltzen. Zuzena, nire ustez, urte pare batean aritzea izango litzateke; baina ezin diagu. Gauzak horren zalantzazkoak direnez gero, hau duk niri egokia iruditzen zaidana: berehala zuloa egiten hasi behar diagu, ahal dugun bezain laster; eta gero, geure buruei sinetsarazi hogeita hamazazpi urte behar izan ditugula. Ondoren alarma seinalerik sumatu bezain laster atera eta azkar eraman zezakeagu hemendik kanpora. Bai, modurik onena iruditzen zaidak.

        — Horrek badu zentzurik —esan nuen—. Itxura egitea gauza erraza duk; itxura egi teak ez dik lanik ematen, eta behar izanez gero, berdin zaidak ehun eta berrogeita hamar urte behar izan ditugula itxura egitea. Indar handirik ez nuke egin beharko horretarako, behin ohituz gero. Banoa beraz ibilalditxoa egitera, eta labaina pare bat harrapatzera.

        — Hiru harrapa itzak —esan zuen—; zerra egiteko beharko diagu bat.

        — Tom, arauen kontra eta erlijioaren kontra joatea ez bada hau proposatzea —esan nuen—, zera, baduk hor aho herdoildua duen zerra zahar bat teilatu oholen artean sartuta, janariak keztatzeko tokiaren atzean.

        Lur jota eta indarrik gabe balego bezala begiratu zidan, eta esan zuen:

        — Alferrik duk hiri zerbait irakasten ahalegintzea, Huck. Alde egin ezak hemendik eta harrapa itzak labainak..., hiru labaina. Eta hala egin nuen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia