Hogeita hamalaugarren atala

 

        Hitz egiteari utzi, eta pentsatzen hasi ginen. Geroxeago esan zuen Tomek:

        — Hara, Huck, bai txepelak izan garela lehenago ez asmatzeagatik! Apustu egingo diat Jim non dagoen badakidala.

        — Ez! Non?

        — Hor beheko errauts biltegi ondoko txabola horretan. Begira, bazkaltzen ari ginenean, ez al duk beltz bat hor sartzen ikusi janariak zeramatzala?

        — Bai.

        — Norentzat uste huen izango zela janari hori?

        — Zakur batentzat.

        — Nik ere bai. Baina, ez huen zakurrarentzat.

        — Zer bada?

        — Beste gauzen artean sandia zeramatzalako.

        — Hala duk... nik ere ikusi nian. Lehenago ez bururatzea ere zakurrek ez dutela sandiarik jaten! Horrek adierazten dik aldi berean ikusi eta ez ikusi ere egin daitekeela.

        — Beltzak giltzarrapoa ireki zian sartu zenean, eta berriro itxi zian atera zenean. Osabari giltza eman zioan, mahaitik altxa ginen garaian..., giltza bera, nik uste. Sandiak gizona adierazten dik, giltzak presoa; eta ez diat uste bi preso izango direnik, jendea horren atsegin eta ona den honelako landaketa txiki batean. Jim duk presoa. Ederki; pozten nauk detektibeen eran asmatu dugulako; ez niake piperrik emango beste edozein biderengatik. Orain hik pentsa ezak, eta asma ezak Jim lapurtzeko planen bat, eta nik ere nirea asmatuko diat; eta onena iruditzen zaiguna aukeratuko diagu.

        Hori burua, hori, mutil batena izateko! Tom Sawyerren burua izango banu ez nuke dukea izateagatik trukatuko, ezta baporeko kontramaisu izateagatik ere, ezta zirkoko pailazo, eta ezta bururatzen zaidan beste edozer gauza izateko ere. Plan bat asmatzen hasi nintzen, baina zerbaitetan aritzeko besterik ez; oso ongi nekien nondik aterako zen plan egokia. Berehala Tomek esan zuen:

        — Prest?

        — Bai —esan nuen.

        — Ederki... bota.

        — Hau duk nire plana —esan nuen—. Erraz asma zezakeagu Jim hor dagoen. Gero nire kanoa hartu, eta almadia uhartetik ekarriko genuke. Orduan lehenengo gau ilunean, etxeko nagusia ohera joan ondoren, praketatik giltza lapurtuko genioke, eta ibaian behera abiatuko ginateke almadian, Jimekin batera, egunez ezkutatu eta gauez aurrera eginez, Jim eta biok egin izan dugun bezala. Ez al litzateke plan hori egokia izango?

        — Egokia? Bai, bai, egokia izango litzateke, arratoi borroka bezain egokia. Baina, errazegia duk; ez dik katramilarik. Nola izango duk plan ona, hori baino istilu gehiagorik ez badu? Antzarraren esnea baino ahulagoa duk. Begira, Huck, xaboi lantegi batean egindako lapurretaz baino gutxiago hitz egingo litzateke horretaz.

        Ez nuen ezer esan, ez nuelako beste erantzunik espero; baina banekien bere plana prestaturik izatean, horrek ez zituela antzeko aurkako hitzik jasoko.

        Eta ez zituen jaso. Esan zidan bururatu zitzaiona, eta berehala konturatu nintzen nireak baino hamar aldiz gehiago balio zuela itxuran, eta gainera gu guztiok hil gintzakeela, eta Jim nire planak bezain aske bilakatu zezakeela. Pozik nengoen, eta esan nuen horretan saiatuko ginela. Ez da beharrezkoa plana zein zuen orduan azaltzea, banekielako ez zela modu horretan geratuko. Ziur nengoen aldian-aldian aldatu egingo zuela, eta gauza harrigarriak egitera joko zuela aukera izan ahala. Eta hori egin zuen, hain zuzen ere.

        Dena dela, gauza batean ez zen zalantzarik; alegia, Tom Sawyer zinez ari zela, eta beltza esklabutzatik aske uzten laguntzeko prest nuela. Hori zen gehiegizkoa iruditzen zitzaidana. Itzal handiko mutila zen, eta ongi hazitakoa; eta izen ona ere bazuen galtzeko; eta izen oneko familia; eta mutil argia zen eta ez txoriburua; jantzia eta ez eskola gabea; ez zen zuhurra, eskuzabala baizik; eta hala ere, hortxe zegoen, harrokeriaren, zuzentasunaren, edo sentipenaren zentzu handiagorik izan gabe lan horretan sartzeari ezetza emateko, bere burua eta familia osoa edonoren aurrean lotsa eraziko zuelarik. Ezin nuen ulertu, inondik ere. Lotsagarria zen, eta banekien hori esan behar mola, benetako laguna izan nahi baldin banuen; gauzak zeuden lekuan utz erazi behar nizkion, eta laguna handik osorik atera behar nuen. Eta hasi nintzaion hori esaten, baina isil erazi ninduen, eta esan zuen:

        — Ez al zaik iruditzen badakidala zertan ari naizen? Ez al diat bestetan jakiten zertan nabilen?

        — Bai.

        — Ez al diat esan beltza lapurtzen lagunduko niala?

        — Bai.

        — Orduan zer.

        Hori besterik ez zuen esan, eta nik ere ez nuen besterik esan. Bestela ere ez nion ezer esaten; izan ere, hark zerbait egingo zuela esaten zuenean, beti egiten baitzuen. Baina ez zitzaidan buruan sartzen zergatik nahi zuen lan horretan sartu; beraz gauzei aurrera egiten utzi nien, eta ez nintzen hartaz gehiago kezkatu. Egitea erabaki baldin bazuen, ez zegoen zereginik.

        Etxera iritsi ginenean, etxea ilun eta isiltasunean zegoen; eta errauts biltegi ondoko etxetxora abiatu ginen han zegoena aztertzera. Etxe inguruko lur sailean barrena joan ginen, zakurrek nola jokatuko zuten ikusi ahal izateko. Ezagutzen gintuzten, eta ez zuten mendiko zakurrek inguruan edozer gauza ikusten dutenean egiten duten zarata bera baino handiagorik egin. Txabolara iritsi ginenean, aurrealdea eta bi alboak aztertu genituen; eta ezagutzen ez nuen alboan, ipar aldekoan, alegia, leiho tankerako zuloa aurkitu genuen, goi xamar, zeharka jarrita zegoen ohol lodia iltzatuta zuelarik. Esan nuen:

        — Hemen diagu konponbidea. Zulo hori nahikoa handia duk Jim ateratzeko, ohola kentzen badiogu.

        — Hori bat-bi-hiru bezain erraza duk, hirurak lerroan jartzea, edo piper egitea bezain erraza —esan zuen Tomek—. Nik pentsatzen nian gauza katramilatuxeagoren bat aurkituko genuela, Huck Finn.

        — Orduan —esan nuen—, zer deritzok Jim ateratzeko egurrak zerratzeari, ni hil ninduten baino lehenago egin nuen moduan?

        — Ez zegok gaizki —esan zuen—. Gauza misteriotsua duk benetan, zailtasunak ditik, eta egokia duk; baina apustu egingo niake bi aldiz bide luzeagoa aurki dezakegula. Presarik ez diagu; begira dezagun inguruan.

        Hesia eta etxetxoaren artean atzealdean oholez eginiko estalpe bat zegoen, txabolaren hegatsarekin lotzen zelarik. Etxetxoa bezain luzea zen, baina estuagoa..., gutxi gorabehera sei oin zituen zabaleran. Atea hegoaldera begira zegoen, eta giltzarrapoa zuen. Tom xaboiaren pertzeraino joan zen, eta inguruan zerbaiten bila ibili ondoren, pertzaren estalkia altxatzeko zerabilten burdina eskutan zuela itzuli zen; burdina erabiliz harri-mailetako bat balankatu zuen. Katea erori egin zen, eta atea ireki zuen; sartu, eta atea itxi genuen, pospoloa piztu, eta ikusi genuen estalpea txabolaren kontra eraikita zegoela eta beste loturarik ez zuela harekin; estalpeak ez zuen zorurik, eta ez ezer; aitzurra, pala, eta pikotxa zahar herdoilduak, eta golde hankamotza besterik ez zegoen. Pospoloa itzali zitzaigun, kanpora joan ginen, eta harri-maila bere lekuan sartu genuen berriz, eta atea lehen bezain ongi geratu zen itxita. Tom pozik zegoen, eta esan zuen:

        — Ondo ari gaituk orain. Lurra zulatu eta hortik aterako diagu. Astebete edo beharko diagu!

        Gero etxerantz abiatu ginen, eta atzeko atetik sartu nintzen: larruzko soka bati tiratu besterik ez nion egin behar horretarako, ateak ez zituzten giltzatzen eta..., baina hori ez zen nahikoa erromantikoa Tom Sawyerrentzat; ez zuen tximistorratzaren burdinan gora igotzea baino gauza gustukoagorik. Baina bide erdiraino hiru aldiz iritsi, eta guztietan huts egin eta erori ondoren, azkenekoan ia burmuinak bere lekutik atera zituelarik, iruditu zitzaion amore emateko ordua zuela, baina atseden hartu eta, esan zuen beste saioa egingo zuela zorterik zuen ikusteko, eta ordukoan bidaia osoa egin zuen.

        Goizean egunsentiarekin batera jaiki ginen, eta beltzen etxetxoetara abiatu ginen zakurrak laztandu eta Jimi janaria eramaten zion beltzaren lagun egitera..., Jim baldin bazen behintzat janaria hartzen zuena. Beltzek orduantxe bukatu zuten gosaria eta soroetara joateko prest zeuden; Jimen beltza latorrizko ontzi batean ogia, haragia eta beste gauzak ari zen pilatzen; eta besteak alde egiten ari ziren bitartean, etxetik giltza ekarri zuen norbaitek.

        Beltz hori on hutsa zen, txoriburu aurpegia zuen, eta ilea mototsa txikitan hariz bilduta. Hori sorginak uxatzeko egiten zuen. Esan zuen sorginak atzetik segika zituela eten gabe azken gauetan, eta era guztietako gauza harrigarriak ikus erazten ziotela, eta soinu eta hitz arraroenak entzun erazten, eta ez zitzaiola bizitza osoan bururatu horren denbora luzean sorgindurik ibili beharko zuenik. Horrenbesteraino jo zuen horrek bihotzean, eta isildu gabe bere arazoez hizketan jardun zuenez gero, ahaztu egin zitzaion zer egitera zihoan. Orduan Tomek esan zuen:

        — Norentzat dituzu janariak? Zakurrei jaten emateko?

        Beltzari irribarrea zabaldu zitzaion aurpegian, buztin putzu batean adreilu zatia botatzen duzunean gertatzen den bezala, eta esan zuen:

        — Bai, Sid jauna, zakurrari. Zakur bitxia gainera. Nahi duzu ikustera etorri?

        — Bai.

        Tomi bultza egin, eta ahopeka esan nion:

        — Egun argiz sartu behar al duk? Hori ez huen gure asmoa.

        — Ez huen..., baina orain izango duk.

        Mutil arraioa! Aurrera jo genuen, baina niri ez zitzaidan oso gustukoa iruditu. Etxetxora sartu ginenean, ia ez genuen ezer ikusten, oso ilun zegoelako; baina han zen Jim, bai horixe, eta hark ikus gintzakeen; eta oihu egin zuen:

        — Baina, Huck! Eta, ene! Ez al da hori Tom jauna?

        Banekien hori gertatuko zela; hori espero nuen. Ez nekien zer egin; eta jakinez gero ere, ezin esango nukeen, halako batean beltza sartu baitzen.

        — Baina, alajainkoa —esan zuen beltzak—, ezagutzen al zaituzte, jaunak?

        Orduan ongi xamar ikus genezakeen. Tomek beltzari begiratu zion, geldi geldirik eta harriduraz, eta esan zuen:

        — Nork ezagutzen gaituela?

        — Beltz iheslari horrek.

        — Ez dut uste; baina nork sartu dizu hori buruan?

        — Buruan sartu? Ez al du oraintxe oihu egin ezagutuko bazintuzte bezala?

        Tomek esan zuen, ezin sinetsirik balego bezala:

        — Hori gauza bitxia. Nork egin du oihu? Noiz egin du oihu? Zer esan du oihuka? —eta niri lasai-lasai begira geratzeko jira egin zuen, eta esan zidan—: Inor entzun al duzu oihu egiten?

        Jakina, gauza bakarra nuen esateko, eta hori esan nuen;

        — Ez; ez dut Inor ezer esaten entzun.

        Gero Jimi begiratu zion, eta goitik behera aztertu zuen inoiz ikusi izan ez balu bezala; eta esan zuen:

        — Oihu egin al duzu?

        — Ez, jauna —esan zuen Jimek—. Ez dut ezer esan, jauna.

        — Hitzik ere ez?

        — Ez, jauna; ez dut hitzik ere esan.

        — Inoiz ikusi al gaituzu?

        — Ez, jauna; nik dakidala ez behintzat.

        Tomek beltzari begiratu zion orduan, beltzak begirada zoroa eta nahigabetua zuelarik, eta esan zion haserre xamar:

        — Zer iruditzen zaizu gertatzen zaizula? Zerk sinets erazi dizu norbaitek oihu egin duela?

        — Oi ene, sorgin madarikatu horiek dira, jauna, eta hilik egon nahiko nuke, bai horixe. Horrela ari zaizkit beti, eta ia akabatu naute beti horrela ikaratu eta ikaratu. Mesedez, ez inori esan hemen gertatutakoa, bestela Silas jaunak zigortu egingo nau eta; berak esaten baitu sorginik ez dagoela. Hemen egotea nahi nuke... orduan ikusiko genuke zer esango lukeen! Ez luke oraingoan hau azaltzeko beste biderik aurkituko. Baina beti berdin gertatzen da; buruan zerbait sartuta duenak, ez du amore eman nahi izaten, ez du bere kabuz ezer aztertu nahi, eta zuk aurkitu eta esaten badiozu, ez dizu sinesten.

        Tomek hamarreko txanpona eman, eta ez ziola inori esango hitz eman zion; eta hari gehiago erosteko esan zion ilea mototsetan lotzeko. Gero Jimi begiratu zion, eta esan zuen;

        — Osaba Silasek urkatuko al du beltz hau. Ihes egiteko bezain esker txarreko beltza harrapatuko banu, ez nioke inori emango, urkatu egingo nuke.

        Eta beltza ate ondora joan zen bitartean hamarrekoari kosk egin, eta egiazkoa ote zen ikusteko, Tomek esan zion Jimi ahopeka:

        — Ez agerian utzi ezagutzen gaituzunik. Eta zuloa egiten inor sumatzen baduzu gauez, gu izango gara: hemendik aterako zaitugu.

        Jimek gure eskuei eutsi eta gogor estutzeko besterik ez zuen denborarik izan, eta orduan beltza itzuli zen. Beltzari esan genion itzuliko ginela beste batean hark nahi bazuen; eta baietz esan zigun, gauean bereziki, sorginak batez ere gauez joaten baitzitzaizkion bila, eta orduan ona izango zela lagunak inguruan izatea.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia