Hogeita hamahirugarren atala

 

        Herrira abiatu nintzen gurdian, eta bide erdia egin nuenean beste gurdi bat zetorrela ikusi nuen, eta, hain zuzen ere, Tom Sawyer zen. Gelditu eta itxaron egin nuen gurdia hurbildu zitzaidan arte. Esan nuen: Itxaron! eta nire aurrean geratu zen. Tom ahoa zabal-zabal jarri zuen, kutxa zahar baten antzera, eta horrela geratu zen; hiruzpalau aldiz irentsi zuen txistua eztarria lehorra dutenek egiten duten bezala, eta gero esan zuen:

        — Ez diat inoiz kalterik egin. Badakik. Orduan zergatik etorri haiz ni harrapatzera?

        — Ez nauk itzuli... joan ere ez nauk egin —esan nuen.

        Ahotsa entzun zidanean bere onera etorri zen pixka bat, baina oraindik ez zen erabat lasaitu.

        — Ez niri itsuskeriarik egin gero —esan zuen—, nik ez niake egingo eta. Indio zintzoaren hitza emango al didak ez haizela mamua?

        — Indio zintzoaren hitza ezetz —esan nuen.

        — Ederki... nik... nik... ederki, horrek dena garbi utzi beharko luke, noski; baina gauza bat ezin diat inondik ere ulertu. Aizak, ez al hinduten akabatu?

        — Ez, ez ninditean... itxura egin nian. Hator hona eta uki nazakek ez ba duk sinesten.

        Hori egin zuen, eta lasaiago geratu zen; eta horren pozik zegoen ni berriz ikusteagatik, ezen zer egin ere ez baitzuen asmatzen. Eta berehalaxe jakin nahi zuen gertatutako guztia; abentura ikaragarria zelako, eta misteriotsua, eta horrek bihotzean ukitu zuen. Baina esan nuen, hori geroxeagoko utzi; eta gurdi gidariari pixka bat itxaroteko eskatu nion, eta gu aurreratu egin ginen bitartean; nire egoeraren berri eman, eta zer komeni zitzaigun egitea galdegin nion. Esan zidan minutu batean edo bakean uzteko eta ez ezer esateko. Pentsatzen eta pentsatzen aritu zen, eta handik tarte batera esan zuen:

        — Ederki, asmatu diat. Sar ezak nire ekipaia hire gurdian, eta hirea dela itxura egin ezak; eta poliki itzul hadi bidean denbora pasa ibili ondoren, etxera behar den garaian iristeko; eta ni pixka batean herrirantz ibiliko nauk, eta atzetik berriz abiatu, eta hi baino ordu erdi edo ordubete beranduago iritsiko nauk; eta hasieran ezagutzen ez nauala itxura egin dezakek.

        Esan nuen:

        — Konforme; baina itxaron pixka bat. Baduk beste gauza... nik beste inork ez dakiena. Eta hau da, beltz bat lapurtu nahi diat esklabutzatik aske uzteko... eta Jim dik izena... Watson andereñoren Jim zaharra.

        — Zer? Jim dagoela...

        Isildu eta aztertzen ari zela zirudien. Nik esan nuen:

        — Bazekiat zer esango duan. Esango duk gauza zikin eta arbuiagarria dela; eta zer axola dik?... ni ere arbuiagarria nauk, eta lapurtu egingo diat, eta isilik egon hadila nahi diat. Egongo al haiz? Begiak altxatu zituen, eta esan zuen:

        — Lapurtzen lagunduko diat.

        Zor eta lot geratu nintzen, tiro egin balidate bezala. Inoiz entzundako hitzik harrigarrienak iruditu zitzaizkidan... eta esan behar dut, Tom Sawyerrek nire oniritzia neurri handian galdu zuela. Ezin nuen sinetsi ordea. Tom Sawyer beltz-lapurra!

        — Bai, zera —esan nuen—, adarra jotzen ari haiz.

        — Ez, ez nauk adarra jotzen ari.

        — Ederki, orduan —esan nuen—, adarra jotzen edo adarra jo gabe, entzuten baduk, beltz bati buruz ezer esaten dutela, ez ahaztu ez dakiala ezer horretaz, eta nik ere ez dakidala ezer horretaz.

        Gero kutxa hartu eta nire gurdian jarri genuen, eta hark bere bidea hartu zuen, eta nik nirea. Baina, nola ez, pozaren pozez eta pentsakizunetan murgildurik, ahaztu egin zitzaidan poliki gidatzearena; eta halako bidaia luzea egiteko azkarregi iritsi nintzen etxera. Etxeko nagusia ate ondoan zegoen, eta esan zuen:

        — Ez al da zoragarria? Nork esan behar zuen behor hori horrelakorik egiteko gai zenik. Denbora neurtu behar genion, baldinbait! Eta ez du izerdi tantorik ere bota... ezta tantorik ere. Zoragarria da. Ez nuke orain ehun dolarrengatik ere salduko; ez nuke salduko, benetan; eta lehenago hamabostean saldu nukeen, eta gehienez hori balio zuela uste nuen.

        Hori besterik ez zuen esan. Inoiz ikusi nuen arimarik zintzoena eta pertsonarik tolesgabeena zen. Baina ez zen harritzekoa, ez baitzen nekazaria soil soilik, predikaria zen baita ere, eta egurrezko elizatxoa zuen soroen atzean, berak bere diruz egindakoa, eliza eta eskola izateko, eta ez zuen dirurik eskatzen predikuengatik, horiek balio handikoak izan arren. Baziren haren modu berean jarduten zuten nekazari-predikari ugari han, Hegoaldean.

        Ordu erdi beranduago Tomen gurdia etxe aurreko mailetara iritsi zen, eta izeba Sallyk leihotik ikusi zuen, gehienez ere berrogeita hamar metrotara zegoelako, eta esan zuen:

        — Hara, norbait dator! Nor ote da? Kanpotarren bat dela uste dut. Jimmy (umeetako bat zen), joan azkar eta esan Lizeri beste plater bat jartzeko mahaian bazkaritarako.

        Denak sarrerako atera joan ziren presaka, izan ere, kanpotarrak ez baitira egunero azaltzen, eta horregatik sukar horiak baino jakin-min handiagoa sortzen dute, azaltzen direnean. Tomek egurrezko mailak igo zituen eta etxerantz zetorren; gurdia bidean gora herrirantz binbili-banbala zihoan, eta gu denak pilaturik ginen sarrerako atean. Tomek dendan erositako jantzi berriak zeramatzan, eta entzulegoa zuen aurrean, eta hori oso gustukoa zuen beti Tom Sawyerrek. Horrelakoetan ez zuen gehiegi nekatu behar izaten egoerak eskatzen zuen neurriko antzerkia egiteko. Ez zen etxe aurreko tartea ardiak bezala otzan-otzan igaroko lukeen mutil horietakoa; ez, lasai eta burua tente jarrita hurbildu zen, ahariaren moduan. Gure aurrera iritsi zenean sonbreirua dotore eta kontu handiz altxa zuen, lotan dauden tximeletez betetako kutxaren estalkia, tximeletak ez esnatzeko altxatuko lukeen moduan, eta esan zuen:

        — Archibald Nichols jauna izango zara, noski?

        — Ez, mutiko —esan zuen etxeko jaunak—, sentitzen dut esan beharra, baina gidariak iruzur egin dizu; Nicholsen etxea hemendik aurrera hiru milatara duzu. Sartu, sartu.

        Tomek bizkar gainetik atzerantz begiratu, eta esan zuen:

        — Beranduegi... dagoeneko ez da ageri.

        — Bai, joan egin da, ume, eta zuk etxera sartu eta gurekin bazkaldu beharko duzu; eta gero eramango zaitugu Nicholsen etxera.

        — Oi, ez nizueke enbarazurik egin nahi; ezta pentsatu ere. Oinez joango naiz... berdin zait urrutira joan behar badut ere.

        — Baina guk ez zaitugu oinez joaten utziko ordea... hori ez litzateke Hegoaldeko abegi onarekin bat etorriko. Sartu barrura.

        — Bai, sartu —esan zuen izeba Sallyk—. Guretzat ez da inolako lanik, ez horixe. Geratu egin behar duzu. Hiru mila luze eta hautsez beteak dituzu, eta ezin zaitugu oinez joaten utzi. Eta gainera etortzen ikusi zaitudanean esan diet beste platera jartzeko, beraz ezin diguzu huts egin. Sartu barrura, etxean zaude.

        Tomek eskerrak eman zizkien bihotz bihotzez eta modu atseginean, amore eman zuen itxuraz, eta sartu egin zen. Barruan zegoenean, Ohion zegoen Hicksvilleko kanpotarra zela esan zuen, eta izena William Thompson zuela... eta berriz makurtu zuen burua.

        Hizketan eta hizketan aritu zen, Hicksvilleko eta bertako jendearen ahal zituen gauza guztiak asmatzen; ni berriz urduri xamar nengoen, ez bainekien horrek nola lagunduko zidan niri estualditik ateratzen; eta azkenean, oraindik hizketan ari zelarik, mahaiaren beste aldetik tente jarri eta izeba Sallyri musu eman zion ahoan, eta gero eserlekuan atzerantz egin zuen, patxadan eseri, eta hizketan aurrera egin zuen; baina izebak jauzi egin eta ahoa garbitu zuen eskuaren atzealdea erabiliz, eta esan zuen:

        — Mukitsu lotsagabea!

        Minduta zirudien Tom, eta esan zuen:

        — Harritu egin nauzu, andrea.

        — Harritu egin zaitudala... Baina nor uste duzu naizela? Gogoak ematen dit, hartu eta... esan, zer egin nahi zenuen niri musu emanda?

        Tom lotsaturik zirudien, eta esan zion izebari:

        — Ez nuen ezer egin nahi. Ez nuen kalte egiteko asmorik. Nik... atsegina irudituko zitzaizula uste nuen.

        — Baina, burutik jota zaude ala? —gorua eskutan hartu, eta ezingo liokeela hari eutsi zirudien mutilari kaskarrekoa eman gabe—. Zergatik iruditu zaizu atsegin izango nuela?

        — Bada, ez dakit. Haiek... zera... haiek esan zidaten hori.

        — Haiek esan zizuten hori? Esan dizutenak ere zu bezalako txoriburuak izango dira. Ez dut inoiz horrelakorik ikusi. Nortzuk dira besteak?

        — Denak... Denek esan zidaten, andrea.

        Ezin zuen gehiago jasan; begiei distira zerien, hatzak mutilari atzaparka egin nahiko balio bezala mugitzen zituen, eta esan zuen:

        — Nortzuk dira denak? Emazkidazu izenak... edo bestela txepel bat gutxiago izango dugu.

        Zutitu eta goibeldurik zirudien. Sonbreirua eskutan zerabilen, eta esan zuen:

        — Barkatu, ez nuen uste hau gertatuko zenik. Haiek esan zidaten. Denek esan zidaten. Denek esan zuten zuri musu emateko, eta atsegingo zitzaizula. Denek esan zuten... bana banan. Baina barkatu, andrea, ez dut berriz egingo... benetan.

        — Ez duzu egingo, ez. Horixe ez duzula egingo!

        — Ez, andrea. Benetan esaten dizut, ez dut berriz egingo. Zuk eskatu arte.

        — Nik eskatu arte! Ez dut beste horrenbeste ikusi bizitza osoan! Hitza ematen dizut, mundu hasierako Mathusalem ergel horrek bezain bizitza luzea izango bazenu ere, ez nizukeela zuri hori eskatuko... edo zure antzeko bati.

        — Horrek ere harritzen nau —esan zuen Tomek—. Ezin dut inolaz ere ulertu. Baietz esan zidaten, eta nik ere baietz uste nuen. Baina...

        Isildu eta poliki-poliki inguruan begiratzen hasi zen, laguntasunezko begirada nonbait aurkitu nahiko balu bezala. Etxeko nagusiarengana iritsi zenean, gelditu eta esan zion—:

        — Ez al zenuen uste nik musu ematea atsegingo zitzaiola, jauna?

        — Ez, nik... nik... bada, ez nuen uste.

        Gero inguruan begiratu zuen berriz lehengo modu berean, eta niri begira geratu zitzaidan, eta esan zuen:

        — Tom, ez al zenuen uste izeba Sallyk besoak zabaldu eta «Sid Sawyer» esango zuenik?

        — Jaungoikoa! —esan zuen andreak, mutilaren hizketari eten egin zion, eta jauzi egin zuen harengana joateko—. Bihurri lotsagabe hori, modu horretan adarra jotzea ere.

        Besarkatzera hurbildu zitzaion izeba, baina Tomek uko egin zion, eta esan zuen:

        — Ez, zuk eskatu arte.

        Denborarik galdu gabe eskatu zion, eta besarkatu eta musukatu zuen behin eta berriz, eta ondoren mutila gizonari eskaini zion, eta honek geratu ziren apurrak hartu zituen. Ondoren lasaitu egin ziren berriz, eta esan zuen andreak:

        — Ene, ene, hau bai dela ezustea. Ez genuen uste zu etorriko zinenik, Tom bakarrik zetorrela uste genuen. Sisek ez zidan idatzi Tomez gain beste inor etorriko zenik esanez.

        — Ez genuelako uste Tomez gain beste inor etorriko zenik —esan zuen Tomek—; baina erregutu eta erregutu nion, eta azkeneko minutuan baiezkoa eman zidan ni ere hona etortzeko; eta orduan ibaian behera gentozela Tom eta bioi bururatu zitzaigun primerako ezustea izango zela bera zuen etxera aurretik iristea, eta ni atzeratu eta beranduago etortzea, eta kanpotarra nintzela itxura egitea. Baina ez dugu asmatu, izeba Sally. Hau ez da kanpotarrentzat leku ona.

        — Ez... gaztetxo bihurrientzat, Sid. Masail hezurretan zapla eman behar nizukeen. Ez dakit noiztik ez nintzen horrenbesteraino nire onetik ateratzen. Baina, horrek ez du axola, ez zaizkit esandako hitzak axola... prest nengoke horrelako mila txantxari aurre egiteko zuek hemen izateagatik. Horrelako antzerkia egitea bururatzea ere! Ez dut ezkutatuko ia bertan geratu naizela zor eta lor musu handi hori eman didazunean.

        Etxea eta sukaldearen artean zegoen pasabidean bazkaldu genuen; eta mahaian baziren zazpi familiarentzat adinako gauzak... eta dena beroa gainera; ez zen soto hezeko armairuan sartuta gaua pasa duen haragi geza eta lehorrik, goizean kanibal zahar eta hotz baten puska dirudiena. Osaba Silasek bedeinkapen luze xamarra egin zion janariari, baina pena merezi zuen, eta gainera ez zen ezer hoztu, horrelako geldialdiak eginez askotan gertatu ohi den bezala.

        Arratsalde osoan hizketaldi luzea izan genuen, eta ni eta Tom erne ibili ginen denbora guztian, baina alferrik, ez zuten hitzik esan beltz iheslariari buruz, eta ez ginen ausartzen horretarako bide ematera. Baina gauean afaritan, mutil txikietako batek esan zuen:

        — Aita, Tom, Sid eta hirurok joan al gaitezke emanaldia ikustera?

        — Ez —esan zuen etxeko nagusiak—, uste dut ez dela emanaldirik izango, eta izango balitz ere, ezingo zenukete joan; beltz iheslariak eman digulako goitik behera Burtoni eta bioi emanaldi lotsagarri horren berri, eta Burtonek esan du jendeari esango ziola; beraz uste dut alfer zikin horiek dagoeneko botako zituztela herritik kanpora.

        Hantxe nituen! ...baina ezin nuen ezer egin. Tom eta biok gela eta ohe berean egin behar genuen lo; eta, nekaturik ginenez gero, gabon esan, eta ohera igo ginen afaldu eta berehala; leihotik atera, tximist orratzaren burdinatik behera irrist eginez jaitsi, eta herrirantz abiatu ginen; izan ere, ez nuen uste dukea eta erregeari inork ezer aditzera emango zienik, eta azkar ibiltzen ez banintzen eta ez banien gertatuko zena aditzera ematen, berriro ere istiluak izango zituzten.

        Bidean Tomek kontatu zidan nola uste zuen jendeak hil nindutela, eta aita hori gertatu eta berehala desagertu zela, eta ez zela berriz azaldu, eta Jimek ihes egin zuenean herrian izan zen iskanbila; eta nik Tomi esan nion Erregetasun Berdingabekoen iruzurtzaileei buruzko guztia, eta almadiako bidaiaz epe horretan esan ahal izan nion guztia; eta herrira iritsi eta erdialdean genbiltzanean —zortzi t'erdiak edo izango ziren, ordurako— jende pila ikusi genuen bere onetik aterata zetorrela, suziak eskutan zituztelarik, oihuka eta garrasi bizian, latorrizko ontziei danbatekoak astintzen, eta tronpetak jotzen; eta alde batera jauzi egin behar izan genuen horiei aurrera egiten uzteko; eta gure ondotik igaro zirenean erregea eta dukea burdina batean zangalatraba jarrita zituztela ikusi nuen, alegia, erregea eta dukea izango zirela banekien, bike, eta lumaz goitik behera estalita egonik, giza irudien itxurarik inondik ere ez zuten arren: soldaduen lumazko gangar pare handi beldurgarria ziruditen. Horrek gogangabetu ninduen; eta erruki nintzaien iruzurtzaile gizajoei, iruditzen zitzaidan ezingo nituela inoiz gorrotatu. Gauza ikaragarria zen hori ikustea. Gizakiak, bata bestearen aurka jarduten dutenean, benetan odol gaiztokoak izan daitezke.

        Beranduegi zela konturatu ginen... ezin genien laguntzarik eman. Atzean geratu ziren batzuei zer gertatu zen galdegin genien, eta esan zuten denak joan zirela txintxo-txintxo funtzioa ikustera; eta isilik eta zekitena agerian jarri gabe geratu zirela, errege gizajoa agertokiaren erdi erdian zilipurdika ikusi zuten arte; orduan norbaitek hasteko keinua egin, eta jendea altxa eta bikotea astintzera joan zela.

        Poliki-poliki itzuli ginen etxera, eta ez nengoen lehen bezain sutsu, gutxietsia eta lotsaturik baizik, eta neurri batean, errudun, ezer egin ez banuen ere. Baina hori gertatzen da beti; on egin edo kalte egin berdin-berdin da, pertsonaren barruak ez du zentzurik, eta aurka egingo dizu beti. Kaleko zakurren bat banu, eta pertsona baten barruak baino gehiago jakingo ez balu, pozoitu egingo nuke. Barruan dugun edozer gauza baino leku gehiago hartzen du barneko har horrek, eta ez du ezertarako balio. Tom Sawyerrek gauza bera esaten du.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia