Hogeita hamabigarren atala

 

        Bertara iritsi nintzenean dena isil isilik zegoen, igandea zirudien, eta eguraldi bero eta eguzkitsua egiten zuen. Airean zomorro eta eulien zurrumurru apala entzuten zen. Dena bakardadean zegoen eta jendea hilik edo joana zela zirudien; eta haize eztiak hostoak leunki ukitzen zituenean, goibel erazten zintuen, izpirituak xuxurlatzen ari zirela baitzirudien..., aspaldian hilik zeuden izpirituak..., eta beti susmatzen zenuen zutaz ari zirela hizketan. Halakoetan edonori pizten zitzaion hilik egoteko gogoa, eta dena amaitutzat ematekoa.

        Phelpsen etxaldea kotoi landa txiki horietakoa zen, eta guzti horiek antzekoak dirudite. Egurrezko hesia zuen inguruan ia hektarea bateko lurraldeak; hesira igo eta beste aldera igarotzeko, eta emakumezkoak zaldi gainera jauzi egiteko, enbor zerratuz eginiko mailak zituen bata bestearen gainean jarririk eskailerak osatuz, luzera desberdinetako upelak balira bezala; belar zatitxo eskasak ageri ziren lurralde zabalean, eta zati gehienetan hutsa eta laua zen, ilea zaharkitua duen sonbreiruaren antzera; zurientzat egurrezko etxe handi bikoitza zuten; azala kenduta zuten enborrez egina, zulotxoetan buztina edo morteirua zutelarik, eta buztin zerrendek noizbait kareztatuak izan zirela ziruditen; enbor borobilezko sukaldea zuen, eta pasabide handi, zabal, eta teilatudunak elkartzen zuen etxearekin; janariak keztatzeko egurrezko etxetxoa sukaldearen atzean; hiru egurrezko txabola beltzentzat errenkan jarrita janariak keztatzeko etxetxoaren beste aldean; inguruan ezer ez zuen txabola txiki bat behean atzeko hesiaren kontra, eta beste eraikuntza batzuk beste aldean beheraxeago; errauts biltegia, eta ontzi handi bat xaboia irakiteko txabola txikiaren ondoan; eserlekua sukaldeko atearen ondoan, ur baldea eta kalabaza ondoan; zakurra eguzkitan lotan; zakur gehiago lotan han-hemenka; hiru zuhaitz itzaltsu hango bazter batean; larre mahats eta mahatsondo arantzadunen sasiak hesi ondoko bazter batean; hesiaren beste aldean baratzea eta sandien ereintza; ondoren kotoi landak hasten ziren; eta harantzago soroak, basoak.

        Hesia inguratu eta errauts biltegiaren ondoan zeuden atzeko egur mailak igo, eta sukalderantz abiatu nintzen. Pixka bat aurrera egin nuenean, txirrikaren durrunda motela entzun nuen, intzirika gora eta berriz behera ari zelarik; eta orduan ez nuen zalantzarik izan nahiago nuela hilik egon..., hori baita mundu honetako hotsik goibelena.

        Aurrera egin nuen, inolako plan jakinik kontutan hartu gabe, eta Probidentziak garaia iristean ahoan hitz egokiak jarriko zizkidalakoan; ordurako banekien eta Probidentziak beti jartzen zizkidala ahoan hitz egokiak, lana bakean egiten uzten banion.

        Bide erdira iritsi nintzenean, lehenik zakur bat eta gero bestea zutitu eta eraso egitera etorri zitzaizkidan, eta, jakina, ni nengoen lekuan geratu eta aurre egin zuen eta isilik geratu nintzen. Eta hura zarata egin zutena! Minutu laurdenean gurpilaren ardatzaren antzekoa nintzen, nolabait esateko, eta gurpilaren errailak zakurrek osatzen zituzten: elkarren ondoan pilatu, eta hamabost zakurrez edo osatutako borobila nuen inguruan, eta lepoak eta sudurrak niregana zuzentzen zituzten, zaunka eta uluka; eta gero eta gehiago zetozkidan; hesi gainetik jauzika eta itzul inguru guztietatik ateratzen zirela ikus zitezkeen.

        Emakume beltza sukaldetik irten eta lasterka zetorren alferra eskuan zekarrelarik, oihu eginez: «Alde! Tige! Spot! alde, uxa!», eta lehenik bat eta gero bestea danba astindu eta uluka bidali zituen, eta gero gainontzekoak atzetik joan zitzaizkien; eta berehalakoan, erdiak itzuli ziren, niregana isatsari eraginez eta nirekin adiskidetu nahian. Ez dago ez zakur gaiztorik, inolaz ere.

        Eta emakumearen atzetik neska beltz txikia eta bi mutil beltz txiki etorri ziren, ehun zurizko alkandorak besterik soin gainean ez zeramatelarik; amaren soinekotik zintzilikatzen ziren, eta atzean jarri eta handik begiratzen zidaten, lotsaturik, beti egin ohi duten bezala. Eta han azaldu zen berrogeita bost edo berrogeita hamar urtetako etxeko andre zuria etxetik lasterka, burua agirian zuelarik, eta gorua eskuan hartuta; haren atzetik ume zuriak zetozen, beltz txikiak bezalaxe jardun zutelarik. Andrea irribarrez ari zen ia pozez lurrera erortzeko moduan... eta esan zuen:

        — Zu zara, azkenean! ...ezta?

        «Bai, andrea» esan nuen ezer pentsatu aurretik.

        Eutsi eta estu-estu besarkatu ninduen; eta ondoren eskuak hartu eta gogor astindu zizkidan, begietan malkoak azaldu eta aurpegian behera isuri zitzaizkion arte; eta ez zirudien nahikoa besarkatu eta estutu ninduenik, eta etengabe esaten zuen: «Ez duzu zure amaren nik uste nuen adinako antzik, baina ene, horrek zer axola du, bai pozik nagoela zu ikusteagatik! Jauna, jauna, jan ere egingo zintuzket! Haurrak, Tom lehengusua da! Zatozte agurtzera.

        Baina buruak makurtu zituzten, hatz txikiak ahoan sartu, eta amaren atzean ezkutatu ziren. Amak aurrera egin zuen hizketan:

        — Lize, joan azkar eta presta iezaiozu oraintxe gosari beroa... edo ontzian gosaldu al duzu?

        Ontzian gosaldu nuela esan nion. Eta ondoren etxerantz abiatu zen, eskutik hartuta neramalarik, eta haurrak urrundu gabe atzetik zetozkigun. Iritsi ginenean ezarlekua zumezkoa zuen aulki batean eseri ninduen, eta bera nire aurrean eseri zen aulkitxo batean, bi eskuetatik heltzen zidalarik, eta esan zuen:

        — Orain goitik behera ederki ikus zaitzaket, eta ene, urte hauetan horrenbeste aldiz irrikaz egon ondoren, azkenean iritsi da garaia! Egun pare bat edo gehiago daramagu zure zain. Zerk atzeratu zaitu?... ontziak hondoa jo du ala?

        — Bai, andrea... ontziak...

        — Ez esan bai andrea... esan izeba Sally. Non jo zuen hondoa?

        Ez nekien oso ongi zer esan, ontzia ibaian gora ala behera zihoan ez nekielako. Baina askotan senez jokatzen dut; eta senak esaten zidan hegoaldetik gorantz zetorrela, Orleans ondotik. Honek, ordea, ez zidan laguntza handiegirik eman, han beheko hondar pilen izenik ez bainekien. Hondar pila baten izena asmatu beharra izango nuen, edo bestela hondoa jo genuen lekuaren izena ahaztu... edo... Orduan zerbait bururatu zitzaidan, eta bota egin nuen:

        — Ez da hondoa jotzeagatik izan... horrek pixka bat besterik ez gintuen atzeratu. Zilindro baten ipurdiak leher egin zuen.

        — Ene, Jaungoikoa! Zauritu al du inor?

        — Ez, andrea. Beltz bat hil zuen.

        — Eskerrak; batzuetan jendea zauritu izan du eta. Duela bi urte Gabonetan, zure osaba Silas New Orleansetik gorantz zetorren Lally Rook ontzi zaharrean, eta zilindro-ipurdiak leher egin, eta gizon bat elbarritu zuen. Eta uste dut azkenean hil egin zela. Bataiatzailea zen. Osaba Silasek Baton Rougen ezagutzen zuen haren etxekoak ongi ezagutzen zituen familia bat. Bai, orain gogoratu zait, bai hil egin zen. Pasmoak hartu zuen, eta hanka moztu behar izan zioten. Baina horrek ez zuen bizirik atera. Bai, pasmoa izan zen... horixe izan zen. Gorputza urdindu zitzaion, eta hil egin zen aintzazko berpiztueraren itxaropenean. Esaten dutenez haren itxura ikaragarria zen. Osaba egunero joan zaizu bila herrira. Eta berriro joana da, duela ordubete eskas; une batetik bestera itzultzekoa da. Ez al duzu bidean ikusi?... gizon heldu xamarra, eta...

        — Ez, ez dut inor ikusi, izeba Sally. Egunsentiarekin batera lehorreratu da ontzia, eta kaiko ontzian ekipaia utzi, eta herri inguruan eta mendi aldean oinez ibili naiz, denbora pasa hona goizegi ez iristeko; eta hori dela eta atzeko bidetik etorri nain.

        — Nori eman diozu ekipaia?

        — Inori ez.

        — Baina, umea, lapurtu egingo dizute!

        — Ez, ezkutatu dudan lekutik ez dut uste lapurtuko dutenik —esan nuen.

        — Nola gosaldu duzu horren goiz ontzian?

        Irristakorra zen egoera, baina esan nuen:

        — Kapitainak han inguruan atzera eta aurrera ibiltzen ikusi nau, eta esan dit hobe nuela zerbait jatea lehorreratu aurretik; eta beraz bere gelara eraman nau ofizialeen gosaritara, eta nahi izan dudan guztia eman dit.

        Oso urduri nengoen, eta ez nion andreari behar bezala entzuten. Haurrak nituen denbora guztian gogoan. Bazter batera eraman nahi nituen, eta pixka bat zirikatu, eta ni nor nintzen esan erazi. Baina aukerarik ez nuen topatzen. Phelps andreak eten gabe hitz egiten zuen. Luzaro gabe hotzikarak bizkarra goitik behera hartu zidan, hau esan baitzuen:

        — Baina hizketan eta hizketan ari gara, eta ez didazu hitzik esan ez Sis, eta ezta beste inori buruz ere. Orain nik atseden alditxoa hartuko dut, eta zuk ekingo diozu; esadazu dena... guztien berri emadazu... bakoitzarena; eta zer moduz dauden, eta zertan ari diren, eta niretzat eman dizkizuten ohar guztiak; eta bururatzen zaizkizun gauza guztiak.

        Estualdian harrapaturik nengoela konturatu nintzen... eta ongi harrapaturik gainera. Probidentzia alboan izan nuen ordura arte, baina hondarretan barruraino sartuta nengoen orduan. Ikusi nuen alferrik izango zela aurrera egitea... Etsi beharra nuen. Orduan esan nuen nirekiko, orain duzu aukera egia esateagatik arriskuan jartzeko. Hizketan hasteko ahoa ireki nuen; baina andreak heldu eta bultza eginez ohe atzean sartu ninduen, eta esan zuen:

        — Hemen dator! Makurtu burua beherago... horixe, ongi dago; ez zaitu ikusiko. Hortik ez atera. Adarra joko diogu pixka bat. Haurrak, ez hitzik esan.

        Larrialdian ikusi nuen neure burua. Baina alferrik zen kezkatzea; ezin nuen besterik egin, isil isilik zain egon, eta prest tximistak jotzen zuenean handik ateratzeko.

        Etxeko jauna sartu zenean haren ikustaldi azkarra besterik ez nuen izan, gero oheak ezkutatu zuen. Phelps andreak jauzi egin eta presaka hurbildu zitzaion eta esan zuen:

        — Etorri al da?

        — Ez —esan zuen senarrak.

        — Jaungoikoa! —esan zuen andreak—, zer demontre gertatuko zitzaion?

        — Ezin dut ulertu —esan zuen etxeko jaunak—; eta esan behar dut, horrek ikaragarri kezkatzen nauela.

        — Kezkatu? —esan zuen andreak—. Burua galtzeko zorian nago! Iritsi beharra zuen; eta bidean zetorrela ez zenuen bada ikusiko. Badakit hori gertatuko zela... zerbaitek hala gertatu dela esaten dit.

        — Baina, Sally, bidean bazetorren nahitaez ikusi beharra nuen... zuk badakizu hori.

        — Baina, oi ene, oi ene, zer esango du Sisek? Iritsi behar izan du! Bidean utzi behar izan duzu. Mutila...

        — Ez gehiago kezka erazi kezkaturik nago eta dagoeneko. Ezin dut inolaz ere ulertu. Ez dakit zer egin, eta berdin zait hala dela esatea: beldurturik nago. Baina etorri den itxaropenik ez dago; ezin etor zitekeen nik bidean ikusi gabe. Sally, ikaragarria da... benetan ikaragarria... zerbait gertatuko zitzaion ontziari, ziur!

        — Hara, Silas! Begira harantz!... bidean gora!... ez al dator norbait?

        Leihora jo zuen azkar eta ohe buruaren alboan geratu zen, eta Phelps andreari aukera ezin hobea eskaini zion. Bizkor makurtu zen, ohearen oinean, bultza egin zidan, eta atera egin nintzen; eta leihotik atzera zetorrenean, han jarri zitzaion zutik andrea irribarretsu eta etxea sutan dagoenean gertatzen den bezala, distira bizia zeriola, eta ni Karen ondoan otzan-otzan eta izerditan. Etxeko jauna begira geratu zitzaidan, eta esan zuen:

        — Baina, nor da hori?

        — Nor uste duzu dela?

        — Susmorik ere ez dut. Nor da?

        — Tom Sawyer da!

        Arraioa, ia atzerantz erori nintzen lurrera. Baina ospatzeko denborarik ez nuen; nagusiak eskutik heldu, eta estutu eta estutu aritu zitzaidan; eta denbora guztian, han zebilen emakumea dantzan, barrezka eta negarrez; eta gero biak batera han hasi zitzaizkidan galderak bota eta bota Sid, Mary, eta tribuaren gainontzekoez.

        Baina haien poza hutsa zen nire pozaren ondoan; berriz jaio nintzela iruditzen zitzaidan: bai pozik nengoela nor nintzen nekielako... Loturik izan ninduten bi ordutan; eta azkenean kokotsa aurrera egin ezinik jota geratu zitzaidanerako, nire familiaz —Sawyer familiaz esan nahi dut— esan nien hamaika Sawyer familiei inoiz gertatu zitzaiena baino gehiago. Eta azaldu nien nola lehertu zitzaigun zilindroaren ipurdia White Riverren ahoan eta hiru egun behar izan genituela hori konpontzeko. Eta ederki aritu nintzen, eta sinets erazi nien, ez baitzekiten hori konpontzeko hiru egun behar ziren ala gehiago. Izen hori esan ordez torloju ipurdia esan izan banie berdin-berdin sinetsiko lukete.

        Nahikoa gustura nengoen alde batetik begiratuta, baina ez oso gustura bestetik. Erraza eta erosoa zen Tom Sawyer izatea; eta erraza eta erosoa iruditu zitzaidan dena, baporea ibaian behera zarata egiten zetorrela entzun nuen arte. Orduan esan nuen nire artean: jo dezagun Tom Sawyer datorrela ontzian... Eta jo dezagun une batetik bestera hemen azaltzen dela, eta nire izena oihukatzen duela nik hari isiltzeko keinurik egiteko denbora izan baino lehenago. Ezin zen horrelakorik gertatu; ez zen inolaz ere komeni. Bidera jo beharra nuen eta ezkutuan haren zain egon. Beraz esan nien etxekoei herrira joan behar nuela ekipaiaren bila. Etxeko nagusiak lagundu nahi izan zidan, baina ezetz esan nion, neronek zaldia gida nezakeela, eta ez nuela niregatik nekerik hartzea nahi.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia