Hogeita hamaikagarren atala

 

        Ez genuen inongo herritan geratu zenbait egunetan; ibaian behera aritu ginen etengabe. Hegoaldean ginen bete betean, eguraldi berotan, eta etxetik oso urruti. Hasi ginen goroldio espainiarra zuten zuhaitzak ikusten, adarretatik zintzilik bizar luze grisak balira bezala. Lehenengo aldia zen goroldioa era horretan hazita ikusten nuela, eta basoak itxura ospetsua eta goibela hartzen zuen. Orduan iruzurtzaileei iruditu zitzaien han arriskurik ez zela, eta herrietan lanean hasi ziren berriz.

        Lehenik ez edatearen aldeko hitzaldia eman zuten; baina ez zuten biak mozkortzeko adina irabazi. Gero beste herri batean dantza eskola eratu zuten; baina kanguru batek egiten duena baino gehiago ez zekiten dantzan, eta lehenengo jauziak egin zituztenean, ikusle guztiak zutitu eta jauzika herritik bidali zituzten. Beste batean deklamazio lanetan ahalegindu ziren, baina ez zuten luzeegi deklamatu entzulegoa zutitu, madarikazio gogorrak bota, eta alde egin erazi zienean. Misiolaritzan ere jardun zuten, eta mesmerismoan, eta medikuntzan, eta etorkizuna asmatzen ere bai, eta denetatik pixka bat egin zuten; baina ez zirudien zorte ona egokitu zitzaienik. Azkenean sosik gabe geratu ziren, eta ur gainean aurrera gindoazen bitartean, atzera eta aurrera ibiltzen ziren almadian, pentsatzen, eta pentsatzen, eta batzuetan egun erdian ere hitzik esan gabe, eta ikaragarri goibel eta etsiak hartuta.

        Azkenean aldatu egin zuten jokaera, bata bestearen ondoan jarri eta kanpadenda barruan ahopeka eta ezkutuan hasi ziren hitz egiten bizpahiru orduz aldiro. Jim eta biok larritu egin ginen. Ez zitzaigun horren itxura atsegin. Iruditu zitzaigun besteetan baino deabrukeria okerragoren bat ari zirela prestatzen. Zer ote zen eta zer ote zen aritu ginen pentsatzen, eta azkenean erabaki genuen norbaiten etxean edo dendetan lapurtuko zutela, edo diru faltsuketan arituko zirela, edo antzeko zerbaitetan. Nahikoa beldurturik ginen orduan, eta bat etorri ginen guk ez genuela horrelako eginkizunekin zerikusirik izango, eta aukerarik txikiena ikusten bagenuen musu-huts utziko genituela, eta alde egingo genuela. Egun batean goizean goiz almadia ongi ezkutatu genuen leku egoki batean, Pikesville izena zuen herrixka txiki batera iritsi baino bi mila lehenago, eta erregea lehorrera joan zen, eta esan zigun ezkutuan egoteko, herrian Erregetasun Berdingabearen berririk ba ote zuten sumatzera zihoan bitartean. («Etxeren batean lapurtzera, esan nahi duzu», esan nuen nire artean; «eta lapurtu ondoren hona itzuliko zara eta ez duzu jakingo zer gertatu zaigun, Jimi eta bioi, eta almadiari..., eta galdezka aritu beharko duzu.») Eta esan zuen eguerdirako itzuliko ez balitz, horrek dena behar bezala zegoela adieraziko lukeela, eta dukea eta biok herrira joan gintezkeela.

        Hantxe geratu ginen gu. Dukea haserre eta izerditan zebilen atzera eta aurrera, eta oso umore txarrez zegoen. Edozein gauzarengatik erriertan egiten zigun, eta dena oker egiten genuela zirudien; gauza txiki bakoitzean akatsak ikusten zituen. Zerbait zerabilen hark buruan. Poztu egin nintzen eguerdia iritsi eta erregea itzuli ez zenean; behintzat aldaketaren bat izango genuen..., eta agian aldaketa nagusirako aukera. Dukea eta biok herrira joan, eta erregearen bila ibili ginen; azkenean taberna kaxkar baten atzeko gelan aurkitu genuen, mozkor-mozkor eginda, eta alfer-handi pila inguruan zituelarik, haren kontura barre egiten; erregea berriz indar guztiz biraoka eta madarikazioka ari zitzaien, baina horren mozkorturik zegoenez ezin zuen ibili, eta ezin zien ezer egin. Dukea iraintzen hasi zitzaion, agure txepela zela esanez, eta erregeak era lotsagabean erantzun zion; eta horretan ari ziren une berean, ihes egin nion, hanka egin, eta ibaiko bidean behera lasterka abiatu nintzen oreina banintz bezala..., gure aukera aurrean ikusi bainuen; eta denbora luzean ez gintuztela Jim eta biok berriz ikusiko hartu nuen erabakia. Arnasa hartu ezinik iritsi nintzen, baina pozez zoratzen, eta oihu egin nuen:

        — Askatu almadia Jim, aske gara!

        Baina ez zen erantzunik izan, eta ez zen inor kanpadendatik irten. Jim joan egin zen! Oihu egin nuen... eta gero berriz... eta berriz; eta basoan alde batera eta bestera lasterka ibili nintzen deiadarka eta garrasika; baina alferrik... Jim joan egin zen. Gero eseri eta negar egin nuen; ezin nion negarrari eutsi. Hala ere ezin izan nuen denbora luzean eserita geratu. Berehala bidera irten, eta zer komeni zitzaidan egitea pentsatzen ari nintzelarik, oinez zihoan mutil batekin egin nuen topo; beltz kanpotarren bat, hala eta hala jantzita, ikusi ote zuen galdegin nion, eta esan zidan:

        — Bai.

        — Non? —esan nuen.

        — Silas Phelpsen etxean, hemendik beherantz bi milatara. Beltz iheslaria duk, eta harrapatu egin diate. Horren bila ari al huen?

        — Ez, motel, ez! Basoan topatu nian duela ordu pare bat edo, eta esan zidaan oihu egiten banuen birikak aterako zizkidala..., eta lurrean etzan eta bertan geratzeko; eta hori egin nian. Orduz gero hantxe egon nauk, ateratzeko beldurrez.

        — Ez duk bada berriz beldurturik ibili beharrik, harrapatu diate eta. Hegoaldean nonbaitetik ihes egin omen zian.

        — Ederki egin diate gizon hori harrapatzen.

        — Bai, horixe! Berrehun dolarretako diru saria eskaintzen ziaten horren truke. Hori dirua lurrean botata aurkitzea bezalaxe duk.

        — Bai hala da..., eta nirea izan zitekeen handiagoa izan banintz; nik ikusi diat lehenengo. Nork atxiki dik?

        — Gizon zahar batek, kanpotarra zen, eta diru saria eskuratzeko aukera berrogei dolarren truke galdu dik; ibaian gora joan behar zuenez ezin itxaron zezakeelako. Zer iruditzen zaik hori? Nik itxarongo nuke bai, baita zazpi urte itxaron ere.

        — Nik ere bai —esan nuen—. Baina agian diru saria ez huen handiagoa izango, horren merke saldu badu. Oker ulerturen bat edo izan zitekean.

        — Ez, bada, dena zuzen zegoan..., zuzen baino zuzenago. Neronek ikusi nian agiria. Horren berri ematen zian goitik behera..., haren irudia balitz bezala, eta nongo landetakoa zen esaten zian. New Orleansetik beherakoa edo. Ez jauna, ez, ez zegok hik esaten huen horren beldurrik. Eta, emango al didak tabako pixka bat?

        Ez nuen batere, eta alde egin nuen. Almadiara joan, eta kanpadenda barruan eseri eta zerbait asmatu nahian aritu nintzen. Baina ez nuen ondoriorik atera. Buruak min eman arte aritu nintzen pentsatzen, baina handik ateratzeko modurik ez nuen ikusten. Halako bidaia luzea egin ondoren, eta lotsagabe horiei eskainitako laguntza eskaini ondoren, dena alferrik izan zen, dena apurtuta eta txikituta geratu zen, horiek Jimi horrelako azpikeria egiteko asmo txarra izan zutelako; esklabo bilakatu zuten berriz, bizitza osorako, eta ezezagunen artean gainera, eta berrogei dolar zikinen truke.

        Halako batean esan nion neure buruari Jimentzat mila aldiz hobe izango litzatekeela familia zuen etxean esklabo izatea, esklabo izan behar bazuen behintzat, eta Tom Sawyerri eskutitza idatzi beharko niokeela Jim non zegoen esanez honek Watson andereñori esan ziezaion. Baina berehala baztertu nuen asmo hori, bi arrazoirengatik: hura haserre eta amorraturik egongo litzateke beltzak etxetik ihes egin eta horren maltzur eta esker gaiztoko izateagatik, eta horregatik saldu egingo luke berriz hegoaldera; eta hori egingo ez balu, jakina da denek gutxiesten dutela esker gaiztoko beltza, eta hori adieraziko liokete Jimi denbora guztian, eta orduan gutxietsia eta zoritxarrekoa izango litzateke. Eta orain pentsatu nitaz! Huck Finnek beltz bati ihes egiten lagundu dio. Berria handik eta hemendik zabalduko litzateke, eta herrikoren bat berriz ikusiko banu, makurtu eta zurikerietan hasi beharko nuke lotsa-lotsa eginda. Hauxe zen gertatzen zitzaidana: norbaitek okerren bat egiten duenean, gero ez dituela ondorio txarrak onartu nahi izaten. Ezkutuan gorde dezakeen bitartean, ezer txarrik ez duela egin iruditzen zaio. Hori zen juxtu-juxtu nire egoera. Zenbat eta gehiago aztertu, barneko harrak lan handiagoak ematen zizkidan, eta gaizto, zital eta gaitzetsiagoa ikusten nuen neure burua. Eta azkenean, halako batean garbi ikusi nuen Jaungoikoaren Probidentziaren eskua bera zela aurpegian zapla jotzen ninduena eta nire gaiztakeriak zerutik beti ikusten zituela jakin erazten zidana, nik berriz, inoiz kalterik egin ez zidan emakume zahar gaixo bati beltza lapurtzen niolarik, eta orain erakusten zidan badela beti zelatan dagoen norbait, eta Horrek lotsagarrikeriak neurri bateraino iristen uzten dituela, baina ez areago. Beldurrak harturik ia bertan lurrera erori nintzen. Ahalegindu nintzen nola edo hala gauzak baretzen eta egoera nire alde jartzen, eta esan nuen gaiztoa hazi nindutela, eta nik ez nuela errurik; baina, hala ere, barruan nuen zerbaitek esaten zidan: «Hortxe zenuen igandeetako eskola, joan zintezkeen; eta joan izan bazina, han irakatsi zizuketen zuk beltz horrekin jokatu duzun bezala jokatzen duenak betiko sutara joaten dela.»

        Dardara eragin zidan. Eta errezatzeko erabakia ia hartua nuen; eta ahaleginak egin horrelako mutil gaiztoa izateari utzi, eta zintzoagoa izateko. Belaunikatu egin nintzen. Baina hitzik ez zitzaidan ahora etortzen. Zergatik ez? Alferrik zen Hari gauzak ezkutatzen saiatzea. Ezta neure buruari ezkutatzea ere. Oso ongi nekien zergatik ez zitzaizkidan hitzak bururatzen. Bihotza ez nuelako garbia; benetan ari ez nintzelako; zurikerietan ari nintzelako. Bekatuari ihes egiteko itxura egiten ani nintzen, baina nire barruan bekaturik handienari eusten nion. Ahoari esan erazi nahi nion zuzen eta garbi jokatuko nuela, eta beltzaren nagusiari idatzi eta non zegoen esango niola; baina nire baitan hori gezurra zela ongi nekien..., eta Hark ere bazekien. Ezin dira gezurrak errezatu..., horretaz konturatu nintzen.

        Kezkak besterik ez nituen, buruan gainezka; eta ez nekien zer egin. Azkenean zerbait bururatu zitzaidan; eta esan nuen: eskutitza idatziko dut... eta gero ikusiko dut errezatzeko gai naizen. Harrigarria izan zen, berehala geratu nintzen luma baino arinago, eta kezka guztiak alde egin zidaten. Papera eta lapitza hartu nituen, pozik eta urduri, eta eseri eta idatzi egin nuen:

 

Watson andereño jim zure beltz iheslaria Pikesvilletik behera bi milatara duzu Phelps jaunak du eta dirusaria bidaltzen badiozu itzuliko dizu. HUCK FINN

 

        Bizitza osoan ez bezala zintzo eta bekatutik garbi ikusi nuen lehenengo aldiz neure burua, eta banekien orduan errezatu nezakeela. Baina ez nuen hori berehalakoan egin, papera utzi, eseri, eta pentsatzen hasi nintzen..., alegia, ona zela gauzak horrela gertatu izana, eta zein gertu ibili nintzen betiko galera eta infernutik. Eta aurrera egin nuen pentsakizunetan. Eta ibaian behera egin genuen bidaia etorri zitzaidan burura; eta Jim ikusten nuen aurrean denbora guztian, egunez eta gauez, batzuetan ilargiaren argitan, besteetan ekaizpean, ur gainean aurrera gindoazelarik, hizketan, abesten, eta barre eginez. Baina ez nuen neure burua haren kontra gogor jartzeko modurik ikusten, bestela baizik. Jim ikus nezakeen nire begirale txanda egiten berea egin ondoren, eta niri hots egin beharrean, lo egiten uzten zidalarik; eta haren poza ikus nezakeen laino tartetik itzuli nintzenean; eta zingiran azaldu nintzaionean, han goian mendekuarena gertatu zen lekuan; eta antzeko egoeretan; eta beti maitea esaten zidala, eta laztantzen ninduela, eta niri laguntzeko ahal zuen guztia egiten zuela, eta nire onerako ari zela beti; eta azkenean burura etorri zitzaidan, bizia salbatu nion hura, bi gizon haiei ontzi gainean nafarreria genuela esan nienean, eta nola eman zizkidan eskerrak, eta nola esan zidan Jim zaharrak ni ninduela munduko lagun bakarra, eta orduan zuen bakarra; eta gero nahigabe ingurura begiratu, eta papera ikusi nuen.

        Estualdian nengoen. Papera jaso eta eskutan eutsi nuen. Dardarka nengoen, bi gauzen artean behin betirako erabakia hartu behar nuelako, eta banekien. Pixka batean aztertu nuen, arnasari pixka bat eutsiz, eta gero esan nuen nire artean:

        — Ederki, orduan infernura joango naiz —eta papera puskatu nuen.

        Burutapen ikaragarriak ziren, eta hitz ikaragarriak, baina esan nituen. Eta esanak utziko nituen; eta ez nuen inoiz aldaketarik egitea pentsatuko. Burutik baztertu nituen gauza guzti horiek, eta gaiztakerietara itzuliko nintzela erabaki nuen, nire tankeragokoa baitzen, horretarako hazi nindutenez gero, eta ez beste gauzetarako. Eta lehenengo eta behin, lanean hasi eta Jim lapurtu eta aske utziko nuen berriz; eta ezer okerragorik asmatu ahal izango banu, hori ere egingo nuke; izan ere, horretan sarturik nengoenez gero, eta ongi sartuta gainera, azken mugaraino ere jo nezakeen.

        Gero hori nola egin pentsatzen hasi nintzen, eta buruan mila eratara aztertu ondoren, azkenean nire gustuko plana aurkitu nuen. Ibaian beheraxeago zegoen zuhaizti ugariko uharte bat begiz jo nuen, eta nahikoa ilundu bezain laster almadia hartu, eta harantz abiatu nintzen. Ontzia bertan ezkutatu, eta gero lotara joan nintzen. Gau osoa segidan egin nuen lo, eta egunak argitu baino lehen jaiki nintzen. Gosaldu, arropa berriak jantzi, eta zaharrak eta beste gauza bat edo beste hartu, fardela egin eta denak batera lotu nituen, kanoan sartu eta ibai bazterrera abiatu nintzen. Phelpsen etxea baino beheraxeago lehorreratu nintzela iruditu zitzaidan. Fardela basoan ezkutatu nuen, gero kanoari harriak barruan sartu nizkion, urez bete, eta urperatu zedin utzi nuen, behar izanez gero berriro aurki nezakeen lekuan, ibai bazterreko zerrategi baten errekatxotik mila laurdena edo beheraxeago.

        Ondoren bidean gora jo nuen, eta zerrategi ondotik igaro nintzenean iragarki hau jarrita zuela ikusi nuen: «Phelpsen zerrategia», eta berrehun edo hirurehun metro egin eta etxaldeetara iritsi nintzenean begiak zorroztu nituen, baina ez nuen inor inguruan ikusi, ordurako egunak ederki argitu zuen arren. Baina bost axola zitzaidan, ez nuen oraindik inor ikusi nahi..., lekua aztertu besterik ez nuen nahi. Nire asmoaren arauera herrixkatik iristekoa nintzen, ez beheko aldetik. Beraz ongi begiratu ondoren, zuzen-zuzen herrirantz abiatu nintzen. Bertara iritsi orduko ikusi nuen lehenengo gizona dukea izan zen. Erregetasun Berdingabearen iragarkia ari zen horman itsasten, hiru gauetako emanaldia, aurrekoan bezala. Hura azala iruzurtzaile horiek zutena! Gainean nuen itzuri egin nahi izan nionerako. Zor eta lot zirudien, eta esan zuen:

        — Kaixo! Nondik zatoz? —esan zuen, pozik eta jakin-minez balego bezala—. Non duzu almadia? Leku egokian ezkutatu al duzu?

        — Hara, horixe bera galdetu behar nion oraintxe jaun goren horri —esan nuen—.

        Orduan ez zirudien horren pozik zegoenik, eta esan zuen:

        — Zer dela eta galdegin didazu hori?

        — Izan ere —esan nuen—, erregea atzo taberna zulo horretan ikusi nuenean, esan nion neure buruari, ezingo dugu denbora luzean etxeratu, mozkorraldia baretu bitartean; beraz denbora pasa ibili nintzen herrian atzera eta aurrera horren zain. Gizon batek hamar xentimo eskaini zizkidan txalupan ibaiaren beste aldera joaten laguntzen banion ardi baten bila joateko, eta berarekin joan nintzen; baina ontzira sartzeko ardia bultzaka ari ginenean, gizonak soka eman zidan eutsi niezaion, eta ardiaren atzean jarri zen bultza egin eta animalia ontzian sartzeko, ardia indartsuegia zen niretzat, soka askatu zitzaidan, eta ihes egin zigun, eta atzetik bila joan gintzaizkion. Zakurrik ez genuen, eta atzetik ibili behar izan genuen leher egin erazi genuen arte. Iluntzea arte ez genuen harrapatu, gero ibaia gurutzatu genuen animalia eta guzti, eta almadiarantz abiatu nintzen. Iritsi eta han ez zegoela konturatu nintzenean, esan nuen nire artean: «Zerbaitetan sartu dira, eta alde egin beharra izan dute; eta nire beltza ere eraman dute, munduan dudan beltz bakarra, eta orain lurralde ezezagunean nago, eta ez ondasunik, eta ez besterik ere ez dut, eta ezta bizia aurrera ateratzeko modurik ere.» Eseri eta negar egin nuen, eta basoan lotan eman nuen gaua. Baina zer gertatu da orduan almadiarekin?... eta Jim, Jim gizajoa!

        — Deabruak naramala baldin badakit..., alegia, almadiarekin gertatu dena baldin badakit. Agure txepel horrek salerosketaren bat egin, eta berrogei dolar irabazi zituen, eta taberna zuloan aurkitu genuenerako hango alferrak dolar erdiko apustuak egin, eta bana banan irabazi zizkioten xentimo guztiak, whiskytan gastatu zituenak ezik; eta bart gauean azkenean etxeratu ahal izan nuenean, almadia ez zegoela ikustean, esan genuen: «Mutiko maltzur horrek almadia lapurtu, eta alde egin digu, eta ibaian behera joan zaigu.»

        — Ez nioke beltzari alde egingo, ezta? Munduan dudan beltz bakarra, eta ondasun bakarra.

        — Ez genuen hori kontutan hartu. Egia esan, gure beltza balitz bezala hartzen genuen; bai, hala hartzen genuen..., goiak daki hark eman zizkigun lanak. Eta ikusi genuenean almadiarik ez zela, eta xentimorik gabe ginela, ez zegoen Erregetasun Berdingabean ahalegintzea beste irtenbiderik. Orduz gero lan eta lan aritu naiz, eta lehorra baino lehorrago nago. Non dituzu hamar xentimo horiek? Emazkidazu.

        Nahikoa diru nuen, eta hamar xentimo eman nizkion, baina eskatu nion jateko gaietan erabil zitzan, eta niri ere zerbait emateko, beste dirurik ez nuelako, eta bezperaz gero jan gabe nengoelako. Ez zuen hitzik esan. Berehalakoan jira egin eta niri begira esan zuen:

        — Beltz horrek salatuko gaituela uste al duzu? Hori eginez gero larrutuko genuke!

        — Nola salatuko gaitu? Ez al du ihes egin?

        — Ez! Agure txepel horrek saldu egin zuen, eta ez zuen dirua erdibitu, eta dirua joan zaio dagoeneko.

        — Saldu? —esan nuen, eta negarrez hasi nintzen—. Baina nire beltza zen, eta nire dirua. Non da? Nire beltza nahi dut.

        — Ezin duzu beltza eraman, eta kito..., eta lehortu malko horiek. Entzun... uste duzu gu salatzeko ausardia izango zenukeela? Nola arraio bururatu zait zugan uste ona izatea. Salatu nahi bagaituzu...

        Isildu egin zen, baina ez nuen dukea inoiz begiratu itsusi hori jarrita ikusi. Negar zotinka aurrera egin nuen, eta esan nuen:

        — Ez dut inor salatu nahi; eta gainera ez dut salatzeko denborarik. Nire beltzaren bila joan beharra dut.

        Kezkaturik zegoela zirudien, eta zutik geratu zen, iragarkiak besoan zurrunbiloka zituelarik, kopeta zimur jarrita, eta pentsatzen. Azkenean esan zuen:

        — Gauza bat esango dizut. Hiru egun egin behar ditugu hemen. Hitz ematen badidazu ez gaituzula salatuko, eta ez diozula beltzari gu salatzen utziko, non aurki dezakezun esango dizut.

        Hitz eman nuen, eta hark esan zuen:

        — Nekazari batek erosi zuen. Izena Silas Ph... —eta orduan eten egin zuen.

        Ikusten duzu egia esaten hasi zitzaidala, baina eten egin zuenean, berriz hasi zen hori aztertzen eta horretaz pentsatzen, eta iruditu zitzaidan iritziz aldatzen hasi zela. Eta hala egin zuen. Ez zuen nigan uste onik izateko asmorik; hiru egun horietan ez nuela muturra sartuko ziurtatu nahi zuen. Luzaro gabe esan zuen:

        — Erosi zuen gizonak Abram Foster du izena, Abram G. Foster, eta mendian hemendik berrogei milatara bizi da, Lafayetteko bidean.

        — Ederki —esan nuen—. Hiru egunetan egin dezaket bidea. Arratsaldean bertan abiatuko naiz.

        — Ez, ez, oraintxe abiatuko zara; eta ez duzu denborarik galduko, eta bidean ere ez duzu berriketarik egingo. Ahoa ongi estutu eta segi aurrera, eta horrela ez duzu gurekin istilurik izango, entzun duzu?

        — Hori zen entzun nahi nuen agindua, eta horretarako egin nituen ahaleginak. Aske egon nahi nuen nire planak aurrera eramateko.

        — Alde hemendik —esan zuen— eta nahi duzuna esan Foster jaunari. Agian sinets erazi diezaiokezu Jim zure beltza dela... badira paperik eskatzen ez duten ergel horietakoak..., hegoaldean horrelakoak badirela entzun dut behintzat. Eta esku papera eta dirusaria gezurretakoak zirela esaterakoan, beharbada sinetsiko dizu, horiek argitaratzean zein genuen asmoa esaten badiozu. Segi aurrera orain, eta nahi duzuna esan iezaiozu; baina ez mihiari eragin bidean zoazen bitartean.

        Eta handik joan, eta mendian barrena jo nuen. Ez nuen atzera begiratu, baina zelatan ari zitzaidala sumatzen nuen. Banekien ordea noizbait nekatuko zela. Zuzen-zuzen jo nuen mendi aldera mila bat edo egin, eta han gelditu nintzen arte; gero basoan sartu, eta atzera egin nuen Phelpsen etxe alderantz. Iruditu zitzaidan hobe nuela nire asmoak aurrera eramatea lehenbailehen, tontakerietan ibili gabe, Jimek ahoa isil zezan nahi nuen bikote horrek alde egiten ez zuen bitartean. Ez nuen era horretako jendearekin arazorik izan nahi. Nahikoa nuen haiek egindako gauza guztiak ikusita, eta ez nituen ezertarako aldamenean izan nahi.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia