Hogeita hamargarren atala

 

        Ontziratu zirenean, erregea eraso egitera etorri zitzaidan, eta lepotik heldu, eta esan zidan:

        — Musu huts utzi nahian ibili zara, e mukitsu? Gurekin ibiltzen nekatu al zara..., e?

        Esan nuen:

        — Ez, maiestate, ez..., mesedez ez, maiestate!

        — Orduan, azkar, esan ze asmo zenituen, edo bestela oraintxe birikak aterako dizkizut!

        — Begirunez, dena gertatu den bezala esango dizut, maiestate. Eskutik hartuta ninduen gizonak oso zintzo jokatu du nirekin, eta esan eta esan aritu zait nire adineko semea zuela, eta iaz hil zitzaiola, eta errukigarria iruditzen zitzaiola mutil bat horrelako egoera arriskutsuan ikustea; eta urrea aurkitzean denak zor eta lor geratu eta hilkutxara presaka hurbildu direnean, eskua askatu eta marmarka esan dit: «Joan azkar, orain, edo bestela zintzilikatuko zaituzte! eta ihes egin dut. Ez zidan gauza onik ekarriko han geratzeak..., ezin nuen ezer egin, eta ez nuen zintzilikaturik bukatu nahi ihes egiteko aukera izanik. Halaxe lasterka aritu naiz etengabe kanoa aurkitu arte; eta hona iritsi naizenean Jimi azkar abiatzeko esan diot, bestela harrapatu eta zintzilikatu egingo nindutela, eta esan diot zoritxarrez ez nuela uste zu eta dukea bizirik izango zinetenik, eta oso nahigabeturik nengoen, eta Jim ere bai, eta ikaragarri poztu naiz etortzen ikusi zaituztedanean, Jimi galde diezaiokezu nahi baduzu.

        Jimek halaxe gertatu zela esan zuen; eta erregeak isiltzeko agindu zion, eta esan zuen:

        — A, bai, litekeena da, bai!

        Eta berriro astindu ninduen, eta esan zuen iruditzen zitzaiola ito egingo ninduela. Baina dukeak esan zuen:

        — Utzi mutikoa bakean, agure txepela! Beste era batera jokatuko al zenukeen zuk? Bere bila ibili al zara aske geratu zarenean? Ez dut uste.

        Orduan erregeak aske utzi ninduen, eta herriaren aurka eta denen aurka gaizki esaka hasi zen. Baina dukeak esan zuen:

        — Hobe zenuke zeure buru madarikatu horren kontra gaizki esaka aritzea, gehiena merezi duzu eta. Hasiera hasieratik ez duzu zentzuzko gauzarik egin, salbu eta gezi urdin arrasto horrena asmatzerakoan horren hotz eta lotsagabeki jokatu duzunean. Aparta izan da hori..., primerakoa izan da; eta horri eskerrak onik atera gara. Horregatik izan ez balitz, espetxeratu gintuzketen ingelesen bidai poltsak iritsi bitartean, eta gero, kartzela, bai horixe! Baina trikimailu horrek kanposantura eraman ditu, eta urreak are mesede handiagoa egin digu; eskutik heltzen gintuzten tentel horiek jakin-minez, gu aske utzi, eta presaka han zegoena ikustera hurbildu ez balira, gorbatak jantzita lo egingo genukeen gaur gauean..., guk behar baino garantia luzeagoko gorbatak jantzita, alegia.

        Isilik geratu ziren pixka batean..., pentsatzen; gero esan zuen erregeak burua beste nonbait balu bezala:

        — Hara, eta guk beltzek lapurtu zutela uste genuen! Horrek larritu egin ninduen.

        — Bai —esan zuen dukeak, poliki xamar, ziurtasunez eta ironiaz—: Bai, hori uste izan dugu.

        Handik minutu erdira erregeak poliki-poliki esan zuen:

        — Gutxienez..., nik uste izan dut.

        Dukeak modu berean esan zuen:

        — Ez bestela da..., nik uste izan dut.

        Erregea berotu egin zen, eta esan zuen:

        — Begira, Bilgewater, zertaz ari zara?

        Dukeak esan zuen kementsu:

        — Horretaz ari garenez gero, agian zuk esan beharko didazu zertaz ari zaren.

        — Utikan! —esan zuen erregeak irri mingarriz—; Baina ez dakit..., agian lotan izango zinen, eta ez zinen egiten ari zinenaz konturatu.

        Dukeari orduan ilea laztu zitzaion, eta esan zuen:

        — Utzi tentelkeria madarikatu horiek alde batera..., ergela naizela uste al duzu? Ez al zara konturatzen badakidala nork jarri zuen dirua hilkutxan?

        — Bai, jauna! Badakizu, bai..., zerorrek jam zenuen eta!

        — Gezurra!... eta dukea eraso egitera joan zitzaion. Erregeak oihu egin zuen:

        — Kendu esku horiek!... Askatu lepoa!... Esandakoan atzera egingo dut!

        Dukeak esan zuen:

        — Lehenik onar ezazu dirua bertan ezkutatu zenuela, egunen batean ni bakarrik utzi, hona itzuli, dirua hartu eta guztia zuretzat izan zedin.

        — Egon pixka bat, duke..., erantzun iezadazu zintzo eta gizalegeak dioen bezala; ez ba zenuen dirua han sartu, esan, eta sinetsiko dizut, eta barkamena eskatuko dizut esandakoagatik.

        — Agure petral hori! Ez nuen ezkutatu, eta badakizu zuk ez nuela nik ezkutatu. Eta, orain zer?

        — Sinesten dizut. Baina erantzun mesedez beste azken galdera honi..., ez haserretu; ez al zitzaizun bururatu dirua hartu eta nonbait ezkutatzea?

        Dukeak ez zuen tarte batean hitzik esan; gero esan zuen:

        — Horrek ez du axolarik, edozein modutara ere nik ez nuen hori egin. Baina zuri bururatu bakarrik ez zitzaizun egin, benetan egin ere bai.

        — Ez nadila inoiz hil hori egin badut, duke, eta benetan esaten dizut. Ez dizut esango asmorik izan ez nuenik, izan nituen eta; baina zuk..., alegia norbaitek..., aurrea hartu zidan.

        — Gezurra! Zeuk egin zenuen, eta egin zenuela esan beharko duzu, bestela...

        Erregea zintzur hotsak egiten hasi zen, eta gero arnas beharturik esan zuen:

        — Nahikoa! Aitortzen dut!

        Hori entzuteak poztu egin ninduen, eta lehen baino lasaiago geratu nintzen. Orduan dukeak eskuak lepotik kendu, eta esan zion:

        — Berriz atzera egiten baduzu, itoko zaitut. Aproposa da zuretzat hor bazterrean eseri eta umeak bezala negar zotinka aritzea..., zure tankerako gauza da, jokatu duzun bezala jokatu ondoren. Ez dut zu bezalako ostraka zaharrik inoiz ikusi, hortxe dena irentsi nahian...I eta nik denbora guztian aita izango bazina bezala sinetsi dut zugan. Lotsaturik egon beharko zenuke beltz gizajo pila horiei guztia leporatzen zieten bitartean, zu hortxe lasai eta horien alde ezer esan gabe geratzeagatik. Lotsagarri senti erazten nau zikinkeria hori sinetsi nuela pentsatzeak. Madarikatu hori, orain ulertzen dut defizita estaltzeko zenuen lehia... Berdingabeko dirua eta hemengo eta hango dirua eskuratu nahi zenuen, eta guztia bildu eta eraman!

        Erregeak esan zuen, burumakur, eta oraindik jinjanka mintzatuz:

        — Baina, duke, zuk esan zenuen defizita estaltzeko, ez nik.

        — Zaude isilik! Ez dizut hitz bakar bat ere entzun nahi! —esan zuen dukeak—. Ikusten duzu zer atera duzun. Diru guztia berreskuratu dute, eta gainera gurea ere eraman digute xentimo bat edo bi ezik. Joan zaitez ohera..., eta ez gero aipatu niri defizit gehiagorik, bizirik zauden bitartean!

        Erregea arrastaka sartu zen denda barruan, eta botila hartu zuen kontsolagarri; eta luzaro gabe dukeak ere bereari eutsi zion, eta ordu erdi barru ogi eta jaki ziren berriz, eta zenbat eta mozkorrago egon orduan eta maitagarriago ari ziren; eta elkar besarkaturik lo hartu eta zurrungan hasi ziren. Edariak apal-apal jarri zituen biak, baina konturatu nintzen edariak ez zuela erregea nahikoa apaldu burutik baztertzeko adina ez zuela berriro ezeztatu behar diru zorroa berak ezkutatu zuela. Horrek lasaitu eta ase ninduen. Loak hartu zituenean, noski, guk berriketa luzea izan genuen, eta Jimi gertatutako guztia esan nion.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia