Hogeita bederatzigarren atala

 

        Itxura oneko gizon zahar bat zekarten, eta itxura bera zuen gizon gaztea, eskuineko besoa zapian lotuta zeramalarik. Hori zen hori garrasi, eta barre egiteko modua, eta lehengo horretan aurrera egitekoa. Baina ez nion horri barregarria irizten, eta iruditzen zitzaidan dukeak eta erregeak ere lanak izango zituztela antzekorik antzematen. Aurpegia zurbilduko zitzaiela pentsatu nuen, baina izpirik ere ez zitzaien aldatu. Dukeak ez zuen ezertarako agerian utzi gertatzen ari zenaz susmo txarrak zituenik, aitzitik aurrera egin zuen go-go esanez, pozik eta patxadan, pilpilka ari den esnearen antzera; eta erregeari dagokionez, errukiturik begiratzen zien behin eta berriz iritsi berriei, munduan horrelako gezurti eta zitalak izan zitezkeela pentsatzeak, sabeleko mina bete betean eragingo balio bezala. Oi, bai ederki egin zuela, jende ezagun asko erregearen ondora hurbildu zen, bere alde zeudela adierazi nahian. Agure iritsi berria zor eta lor zegoela zirudien, bertan zerraldo erortzeko moduan. Geroxeago hizketan hasi zen, eta berehala konturatu nintzen ingelesak bezalaxe hitz egiten zuela, ez erregeak hitz egiten zuen bezala, erregearena ere, horien imitazioa izateko, nahikoa ona zelarik. Ezin ditut gizon zaharraren hitzak adierazi, ez eta haren antzera hitz egin; baina jendeari begira jarri, eta honelako zerbait esan zuen:

        — Ezuste galanta topatu dut; eta aitortu behar dut, argi eta garbi, ez nagoela egoera aproposenean horri erantzuteko; izan ere, anaia eta biok ezbeharrak izan baititugu; anaiak besoa hautsi du, eta gure bidai poltsak goiko herri batean jaitsi dituzte nahastuta bart gauean ilunpetan. Ni nauzue Harvey Peter Wilksen anaia, eta hori William bere anaia da, ez entzun eta hitz egin ere ezin duena..., eta orain gainera keinu gehiegi egin ere ez, esku bakarra baitu mugitzeko. Aipatutako horiek berak gara; eta egun pare bat igaro, eta ekipaia eskuratu bezain laster frogatu ahal izango dut. Baina, bitartean, ez dut besterik esango; hotelera joango naiz eta han zain izango naiz.

        Gizona eta gormutu berria joan egin ziren; eta erregeak barre egin eta hitzak marruskatuz esan zuen:

        — Besoa hautsi..., litekeena bai..., eta oso aproposa gainera keinuak egin behar, eta nola egin ikasi ez duen gezurtiari sinesteko. Ekipaia galdu! Primerakoa hori ere!... eta burutapen argia... egoera kontutan hartuta!

        Eta barre egin zuen berriz; eta beste guztiek ere barre egin zuten, hiru edo lau, edo agian dozena erdiak salbu. Horietako bat medikua zen, bestea begirada zorrotza zuen gizon bat, burusi oihalez egindako poltsa zahar itxurakoa eskutan zuelarik. Gizona baporean etorri berria zen, eta medikuari ahots isilean hitz egiten ari zitzaion, eta noizean behin erregeari begiratzen zion, baietz esanez, buruari eragiten zion bitartean. Levi Bell zen, Louisvillera joana zen abokatua; eta bestea handik igaro, eta gizon zaharrak esandakoa entzun, eta orduan erregeari entzuten ari zitzaion gizon handi zakar eta sendoa zen. Erregeak amaitu zuenean, gizon sendo hori zutitu egin zen eta esan zuen:

        — Aizu, begira hona; Harvey Wilks baldin bazara, esan ezazu noiz iritsi zinen herri honetara?

        — Hiletaren bezperako egunean, laguna —esan zuen erregeak.

        — Zer ordutan?

        — Arratsean..., eguzkia sartu baino ordu bat edo bi lehenago.

        — Nola etorri zinen?

        — Susan Powell ontzian etorri nintzen, Cincinnatitik.

        — Orduan, nola uler daiteke zu goiz horretan Lurmuturraren inguruan egotea... kanoa batean?

        — Ni ez nengoen Lurmuturraren inguruan goiz horretan.

        — Gezurra da.

        Batzuek jauzi egin eta gizonarengana aurreratu ziren, eta erregutu zioten ez horrelakorik esateko gizon zahar bati, predikaria izanik gainera.

        — Predikari madarikatua bai hori! Iruzurtzaile eta gezurtia besterik ez da. Goiz horretan Lurmuturrean zegoen. Ni han bizi naiz, ezta? Izan ere, ni han nengoen, eta bera ere han zegoen. Han ikusi nuen. Kanoa batean etorri zen Tim Collinsekin eta mutil batekin.

        Medikuak parte hartu eta esan zuen:

        — Ezagutuko al zenuke mutila berriz ikusiz gero, Hines?

        — Baietz uste dut, baina ez dakit. Baina, hortxe dago. Hori dela zalantzarik ez dut.

        Niri ari zitzaidan eskua zuzentzen. Medikuak esan zuen:

        — Lagunak, ez dakit etorri berri diren bi horiek iruzurtzaileak diren ala ez; baina hemengo hauek ez badira iruzurtzaileak, ni txepelburua naiz, eta kito. Gure ekinkizuna dela uste dut hauei alde egiten ez uztea gauza argitu bitartean. Goazen, Hines; zuek denok ere zatozte. Bikote hau tabernara eraman eta bestearen aurrean jarriko dugu, eta iruditzen zait zerbait argituko dugula honekin amaitu aurretik.

        Eromena zen jendetzarentzat, ez zen hala izango, beharbada, erregearen lagunentzat; eta guztiak abiatu ginen. Eguzkia sartzeko garaia izango zen. Medikuak eskutik hartuta ninderaman, nahikoa atsegina zen, baina ez zidan ezertarako eskua askatu.

        Hoteleko gela handi batean sartu ginen, kandelak piztu, eta bikote berriaren bila joan ziren. Lehenik, medikuak esan zuen:

        — Ez dut gogorregi jokatu nahi bi gizon hauekin, baina iruzurtzaileak direla uste dut, eta guk ezagutzen ez ditugun laguntzaileak ere izan ditzakete. Baldin badituzte, ez al lukete Peter Wilksek utzitako urre zorroarekin ihes egingo? Litekeena da. Gizon hauek iruzurtzaileak ez badira ez dut uste gaizki ikusiko dutenik diruaren bila norbait bidaltzea eta gure eskutan uztea behar bezalakoak direla frogatu bitartean, ezta?

        — Denak bat etorri ziren. Eta iruditu zitzaidan gure adiskideak ez zeudela oso egoera onean, hasi orduko. Baina erregea errukiturik zegoela soil soilik zirudien, eta esan zuen:

        — Jaunak, nahiago nuke dirua hemen egotea, gertakizun penagarri honen azterketa zuzen, agirikoa, eta goitik beherakoa egiteko oztopoak jartzeko asmorik ez baitut; baina, ai ene, dirua ez dago hemen; joan eta ikus dezakezue, nahi baduzue.

        — Non da orduan?

        — Ilobak eman zidanean hartu eta berarentzat gorde nuen nire ohearen lastaira barruan, ez bainuen bankuan sartu nahi hemen izango ginen egun gutxi horietarako, eta ohea arriskurik gabeko lekua izango zelakoan, beltzak ezagutzen ez genituelako, eta gure Ingalaterrako zerbitzarien antzera jatorrak izango zirela iruditu zitzaigulako. Beltzek hurrengo goizean lapurtu zuten ni gelatik behera joan ondoren; eta saldu nituenean ez nintzen oraindik horren faltaz ohartu, eta hura hartu eta alde egin zuten. Nire zerbitzariak emango dizue horren berri jaunak.

        Medikuak eta beste batzuek esan zuten: «Baita zera ere!» eta konturatu nintzen inork ez ziola erabat sinetsi. Gizon batek galdegin zidan beltzak lapurretan ikusi ote nituen. Nik ezetz esan nuen, gelatik ezkutuan irteten eta korrika alde egiten ikusi nituela, eta ez zitzaidala burutik pasa horrelakorik, iruditu zitzaidala nagusia esnatu ote zuten beldur izango zirela eta alde egin nahian ibiliko zirela hari aurre egin behar ez izateko. Besterik ez zidaten galdegin. Orduan medikua niri begira jarri eta esan zidan:

        — Zu ere ingelesa al zaitugu?

        Baietz esan nuen; eta bera eta beste batzuek barre egin, eta esan zuten: «Hara berriz!» Orduan ikerketa orokorrari ekin zioten, eta han ibili ginen, gora eta behera, orduak joan eta orduak etorri, eta inork ez zuen afariaz ezer esan, horretan pentsatzen zutenik ere ez zirudien..., eta aurrera egin zuten etengabe; eta ez dut inoiz hori baino estualdi okerragorik topatu. Erregeari bere kontakizuna esan erazi zioten, eta gizon zaharrari berea; eta edonork, aurreiritziak zituzten txoriburu pila ez izanez gero behintzat, ikus zezakeen gizon zaharrak egia esaten zuela eta besteak gezurra. Geroago nekiena konta erazi zidaten. Erregeak ezkerreko begiko bazterretik begiratu zidan zeharka, eta horrela jakin nuen nondik nora esan behar nituen gauzak. Sheffieldeko berri ematen hasi nintzaien, han nola bizi ginen, Ingalaterrako Wilkstarren gorabeherak, eta abar; baina ez nuen oso aurrera egin medikua barrez hasi zitzaidanean; orduan Levi Bell, abokatuak, esan zuen:

        — Eser zaitez, gazte, ni ez nintzateke gehiago ahaleginduko. Uste dut gezurrak esaten ez zaudela ohituta, ez dirudi eta erraztasunez ari zarenik. Jardun egin behar duzu. Trakets xamar egin duzu..

        Bost axola zitzaizkidan hitz atsegin horiek, baina dena dela poztu egin nintzen barkamena eman zidalako.

        Medikua zerbaitetan hasi zen, eta jira egin eta esan zuen:

        — Hasieran herrian izan bazina, Levi Bell...

        Erregeak eten egin zion, eskua ematera joan zitzaion, eta esan zuen:

        — Hara, hainbestetan hildako anaia gizajoak idatziz aipatu zuen lagun zaharra al zara?

        Abokatua eta biak eskua elkarri eman zioten, eta abokatuak irribarre egin zion eta gustura zirudien. Pixka batean hizketan aritu ziren, eta gero bazter batera jo eta ahopeka hitz egin zuten. Azkenean abokatuak ozenki esan zuen:

        — Dena konponduta geratuko da. Agindua hartu eta batera gorde egingo dut, zure anaiarenarekin batera, eta orduan dena behar bezala dagoela ikusiko dute.

        Papera eta luma hartu zuten, eta erregea eseri egin zen, burua alde batera okertu, mihiari kosk egin, eta zirriborro batzuk egin zituen; orduan luma dukeari eman zioten..., eta lehenengo aldiz dukea urduri zegoela zirudien. Baina lumari begiratu eta idatzi egin zuen. Gero abokatua gizon zahar iritsi berriarengana jo zuen eta esan:

        — Anaia eta biak mesedez lerro batzuk idatzi eta gero sinatu.

        Gizon zaharrak idatzi egin zuen, baina inork ezin zuen hark idatzitakoa irakurri. Abokatua erabat zor eta lot geratu zela zirudien, eta esan zuen:

        — Honek bai harritu nauela... —eta eskutitz zahar pila poltsikotik atera, eta arretaz begiratu zituen, eta gero berriz gizon zaharraren idazkerari begiratu zion arretaz, eta gero haiei berriz. Ondoren esan zuen:

        — Eskutitz zahar hauek Harvey Wilksenak dira, eta hemen ditut bi idazkerak; edonork ikus dezake horiek ez dituztela eskutitzak idatzi.

        Erregea eta dukea azpikerian erorita eta barregarri jarrita ziruditen, bai horixe, abokatuak nola harrapatu zituen ikusita.

        — Eta hemen dugu gizon zahar honen idazkera, eta edonork esan dezake, lan handirik hartu gabe, berak ere ez dituela idatzi..., egia esateko, honek egin dituen zirriborroak ezin esan daiteke hitzak ere direnik. Hemen ditugu beste honen eskutitzak...

        Gizon zahar iritsi berriak esan zuen:

        — Mesedez, gauzak azaltzen utziko al didazu? Inork ezin du nire idazkera irakurri nire anaiak ezik..., eta berak berridazten dizkit eskutitzak. Anaiaren idazkera da hor duzuna, ez nirea.

        — Ederki! —esan zuen abokatuak—. Honelaxe ditugu gauzak. Williamen eskutitzak ere baditut; lerro bat edo idatz erazten badiozu, orduan ikusi ahal...

        — Ezin du ezkerreko eskuz idatzi —esan zuen gizon zaharrak—. Eskuineko eskua erabil baleza, ikusiko zenuke bere eskutitzak idatzi dituela eta nireak ere bai. Jarri biak batera, mesedez..., idazkera berbera dute.

        Abokatuak hori egin, eta esan zuen:

        — Hala dela uste dut..., eta ez bada, edozein modutara ere lehenago ikusi diedan baino antz handiagoa dute. Ederki, ederki! Uste nuen bide zuzenetik ari ginela guzti hau konpontzeko, baina neurri batean dena pikutara joan zaigu. Dena dela, gauza bat argitu dugu, bi horiek ez dira ez bata eta ez bestea Wilkstarrak —eta buruari eragin eta erregeari eta dukeari begiratu zien.

        — Eta, zer diozue? —agure zahar buruhandi horrek ez zuen orduan ere etsi! Ez eta gutxiago ere. Esan zuen hori ez zela azterketa fidagarria. Esan zuen William anaia munduko adarjotzaile madarikatuena zela, eta ez zuela idazteko ahaleginik ere egin..., bazekiela Williamek barregarrikeriaren bat egingo zuela luma paperaren gainean jarri orduko. Berotu egin zen eta aurrera egin zuen txorrotxioka eta txorrotxioka, erregea bera esaten ari zena sinesten hasi zen arte, baina berehala jaun zahar iritsi berriak eten egin zion, eta esan zuen:

        — Zerbait bururatu zait. Ba al da hemen anai... Peter Wilks hildakoa hilobiratzeko beztitzen parte hartu zuen inor?

        — Bai —esan zuen norbaitek—, ni eta Ab Turner aritu ginen. Hemen gara biok.

        Orduan gizon zaharra erregeari begira jarri zen, eta esan zuen:

        — Agian jaun horrek esan diezadake zer zuen bularrean tatuaturik?

        Orduan bai erregeak indarrak atera behar zituela, edo bestela ibaiak moztutako ibai bazterreko hondar pila bezala urperatuko zen; espero ez zuelarik gaineratu zitzaion..., eta egia esateko, edonor urperatzeko modukoa zen, aurretik ezer jakin gabe horrelako eraso gogorra gainera etortzea..., izan ere, nola jakin behar zuen hark zer zuen gizonak tatuatua? Kolorea joan zitzaion pixka bat; nahitanahiez joan behar zitzaion; eta isiltasuna nagusitu zen, eta denak aurrerantz makurtu eta hari begira geratu ziren. Esan nion neure buruari: oraingoan amore emango du..., beste aukerarik ez du. Egin al zuen, ordea? Ez da erraz sinesteko modukoa, baina ez zuen etsi. Aurrera, egitea bururatu zitzaion nire ustez jendea aspertu arte, batzuek alde egingo zutelakoan, bera eta dukea lasaiago geratu eta orduan alde egiteko. Dena dela, hantxe geratu zen eserita, eta berehala irribarrez hasi, eta esan zuen:

        — Ufa! Galdera zaila egin didazu, ezta, Bai, jauna, esango dizut zer duen bularrean tatuatua. Gezi urdin txiki eta meharra da..., horixe da; eta ez baduzu oso gertutik begiratzen, ezingo duzu ikusi. Eta zer diozu... e?

        Ez nuen inoiz hori baino agure zitalagorik ikusi, horrelako lotsagarrikeria garbi eta galantak egiten zituenik.

        Gizon zahar iritsi berriak jira egin zuen halako batean Ab Turner eta bere laguntzaileari begiratzeko, eta begiak piztu egin zitzaizkion erregea harrapaturik balu bezala, eta esan zuen:

        — Entzun duzue esan duena! Ba al zen horrelako arrastorik Peter Wilksen bularrean?

        Biek ozenki esan zuten:

        — Ez genuen horrelakorik ikusi.

        — Ongi! —esan zuen gizon zaharrak—. Bularrean hauxe ikusi zenuten: P txiki eta zirriborrotsua, B (gaztetan erabiltzen zuen iniziala) eta W, hiruren tarteetan marratxoak jarrita, alegia: P-B-W..., eta gizonak paper batean jarri zituen era honetan—. Zatozte..., ez al zen hau ikusi zenutena?

        Biok hitz egin zuten berriz ahots ozenean, eta esan zuten:

        — Ez, ez genuen hori ikusi. Ez genuen batere arrastorik ikusi.

        Une horretan denak bero —ero zeuden; eta esan zuten oihuka:

        — Horiek denak dira iruzurtzaileak! Uretara bota ditzagun! Ito ditzagun! Herritik kanpora bidal ditzagun!

        Denak batera ari ziren algara bizian, eta iskanbila galanta entzuten zen. Baina abokatuak mahai gainera jauzi egin, eta oihuka esan zuen:

        — Jaunak..., jaunak! Entzun iezadazue hitz bat..., hitz bakar bat..., mesedez! Badago beste modu bat..., goazen, atera dezagun gorpua lur azpitik, eta begira diezaiogun.

        Hori onartu egin zuten.

        — Hori, hori! —oihu egin zuten, eta abiatzen hasi ziren; baina abokatuak eta medikuak esan zuten garrasika:

        — Itxaron, itxaron! Eutsi lau gizon horiei eta mutilari lepotik, eta eraman ditzagun gurekin batera!

        — Eramango ditugu! —oihu egin zuten—. Eta ez baditugu arrastoak aurkitzen talde osoa astinduko dugu!

        Beldurrak airean nengoen, bai horixe. Baina, jakina, irtenbiderik ez nuen. Gu guztiok harrapatu, eta aurrerantz ibil erazi gintuzten, hilobirantz zuzen-zuzen, herri osoa orpoz orpo genuelarik, gaueko bederatziak izateko zarata nahikoa egiten genuelarik.

        Gure etxe aurretik igaro ginenean damutu egin nintzen Mary Jane herritik kanpora bidali izanaz; izan ere orduan hari keinu egin baniezaio, azkar abiatu zatekeen ni handik ateratzera, eta gure alfer-handi horiek salatu zituzkeen.

        Artaldearen moduan gindoazen ibaiko bidean aurrera, gelditu gabe zalapartaka basa-katuen eran; eta guztia beldurgarriagoa bilakatzeko, zerua ilundu, eta tximistak zeruan alde batetik bestera keinuka hasi ziren, eta haizea hosto artean dardarka. Ez nuen inoiz arazo larriagorik eta arriskutsuagorik begien aurrean izan; eta zor eta lor nengoen nolabait; dena nik espero ez bezala gertatzen ari zen: dena neronek antolatua izan beharrean, eta festa guztia ikusteko aukera izan ordez, eta estualdia aurrez aurre ikusi, Mary Jane atzean laguntzaile nuelarik, ni handik osorik ateratzeko, ez nuen une horretan ezertxo ere ni bat-bateko heriotzatik bereizten ninduenik, tatuaia arrasto horiek besterik. Aurkituko ez balituzte...

        Ezin nituen pentsakizun horiek eraman; eta hala ere, ezin nuen beste ezertan pentsatu. Gero eta ilunago zegoen, eta une aproposa zen jendetzaren artetik ihes egiteko; baina gizon handikote horrek esku muturretik heltzen ninduen, Hinesek, eta Goliati ihes egiten ahalegintzea bezalaxe zen hori. Aurrera arrastaka neraman, su eta gar baitzihoan; eta lasterka ibili beharra nuen haren parean joan ahal izateko.

        Kanposantura iritsi zirenean ardiak bezala sartu ziren bata bestearen atzean eta urak gainezka egiten duenean bezalaxe barreiatu ziren. Hilobira iritsi orduko konturatu ziren behar zituztenak baino ehun aldiz pala gehiago zituztela, baina inori ez zitzaion bururatu linterna eramatea. Hala ere, zulatzeari ekin zioten tximisten distiren argipean, eta gizon bat bidali zuten linterna bila handik mila erdira zegoen lehenengo etxera.

        Zuloa egin eta egin aritu ziren eten gabe, eta ilundu egin zuen ikaragarri, euria hasi zuen, haizea xuxurlaka eta marmarka ari zen, tximistak gero eta biziagoak ziren, eta trumoiak danbatekoka ari ziren; baina hango jendea ez zen horretaz konturatzen, lanak erabat hartuta baitzituen; eta minutu batez gauza guztiak eta jendetzaren aurpegi guztiak ikus zenitzakeen, eta lurrez betetako palak hilobitik airean ateratzen zituztela; hurrengo unean iluntasunak dena estali zuen, eta ezin zitekeen ezer ikusi.

        Azkenean atera zuten hilkutxa, eta estalkiaren torlojuak askatzen hasi ziren, eta orduan hango zalapartak, bultzakadak eta astinduak, muturra sartu eta zerbait ikusteko, ez ziren edonon ikusten diren horietakoak; eta ilunpe horretan gainera, ikaragarria zen. Hinesek min handia ematen zidan eskumuturretik heltzean, horrenbeste tiratuz eta estutuz, eta iruditu zitzaidan ni han nengoela ere ahaztu egin zuela, erabat urduri eta arnas beharturik baitzegoen.

        Halako batean tximistak argitasun zuriko errenka bikaina jaurtiki zuen, eta norbaitek oihu egin zuen:

        — Mila deabru! Urrearen zorroa du bular gainean!

        Hinesek garrasi egin zuen, beste guztiek bezala, eta nire eskumuturra askatu eta brast egin zuen aurrera han zegoena begiratzeko, eta inork ezingo lizuke esan neure burua askatu eta nola abiatu nintzen biderantz lasterka eta ilunpetan.

        Bidea niretzat nuen oso osorik, eta hegan egin nuen benetan..., izan ere, ni besterik ez zihoan bidean aurrera hango iluntasun sendoa ezik, eta aldian behingo distirak, euriaren durrunda, haizearen astinduak, eta trumoien leherketak; eta sinets ezazu; bai presaka ibili nintzela!

        Herrira iritsi nintzenean, ikusi nuen inor ez zebilela kanpoan ekaitz giro horretan, horrenbestez ez nintzen etxe arteko kaleen bila ibili, eta zuzen-zuzen presaka jo nuen kale nagusira; eta gure etxera hurbiltzerakoan hari begira jarri eta hala geratu nintzen. Ez zen argirik; etxea ilunpetan zegoen..., eta horrek gogangabetu eta goibel erazi ninduen, ez nekien zergatik. Baina azkenean, haren aurretik bizkor igarotzen ari nintzenean, plast! argia azaldu zen Mary Janen leihoan. Eta halako batean bihotza puztu egin zitzaidan, eztanda egin nahiko balu bezala; eta berehalakoan etxea eta beste gauza guztiak atzean utzi nituen ilunpetan, eta ez nituen handik aurrera berriz ikusiko. Munduko neskarik onena zen, eta ausartena.

        Herrian gora jo, eta hondar pila ikusteko adina urruti nengoenean, ontzi bat hartu eta eramateko erne ibili nintzen begira; eta tximistak kateaturik ez zegoen horietako bat erakutsi zidan bezain laster, harrapatu eta handik atera nuen. Kanoa zen, eta soka soil batek lotzen zuen. Hondar pilara iristeko ikaragarrizko tartea nuen handik, han urrutian izango zen ibaiaren erdian, baina ez nuen denborarik galdu; eta azkenean almadiara iritsi nintzenean leher eginik nengoen, eta gustura etzan eta arnasa hartu nukeen horretarako astirik izan banu. Baina ez nuen hori egin. Ontziratu ahala oihu egin nuen:

        — Goazen, Jim, askatu ontzia! Jainkoari eskerrak geure buruen jabe gara berriz!

        Jim presaka irten, eta niregana zetorren besoak zabal zabalik jarrita; bai pozik zegoela; baina tximistaren argitan ikusi nuenean, bihotza ia ahoraino etorri zitzaidan, eta ontzi gainetik atzerantz erori nintzen; izan ere, Lear Erregea, eta arabiarra itota, biak batera zela ahazturik nuen, eta ia beldurrak eraginda gibelak eta guzti atera zitzaizkidan kanpora. Baina Jimek handik atera ninduen, eta ni besarkatzen, bedeinkatzen, eta abar egiten hastekoa zen, oso pozik baitzegoen itzuli nintzelako eta erregea eta dukea atzean utzi genituelako, baina nik esan nion:

        — Egon, egon..., gosaritarako utz ezazu, gosaritarako! Askatu soka eta irrist egin dezala!

        Bi segundo barru ibaian behera ari ginen irristan, eta pozgarria zen benetan berriro libre eta geure buruen jabe izatea ibai handi horretan, aldamenean lanik ematen zigun inor izan gabe. Alde batetik bestera korrika ibili behar izan nuen pixka batean, jauzi egin eta minutu batzuetan orpoei danba lurraren kontra eragin, ezin nuen besterik egin; baina gutxi gorabehera hirugarren danbatekoarekin batera oso ongi ezagutzen nuen hotsa entzun nuen..., arnasari eutsi, entzun, eta itxaron egin nuen..., eta halaxe, hurrengo argi distirak ur gainean eztanda egin zuenean, hantxe zetozen!..., arraunei gogor eraginez eta txalupa burrunbaka zekartelarik! Erregea eta dukea ziren.

        Horrenbestez, indarrak galdu, ohol gainera erori, eta etsi egin nuen; eta horixe besterik ezin egin izan nuen negarrari eusteko.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia