Hogeita zortzigarren atala

 

        Geroxeago jaikitzeko ordua iritsi zen, eta ganbarako eskailera jaitsi eta behera joateko bidea hartu nuen, baina nesken gelara iristean, atea zabalik topatu nuen, eta larruzko kutxa zaharra zabalik, neska Ingalaterrara joateko gauzak prestatzen aritu baitzen, eta haren ondoan eserita Mary Jane ikusi nuen. Baina geldirik zegoen orduan, magalean soineko tolestatua zuelarik, eta aurpegia eskuen artean eutsi eta negar eginez. Atsekabetu ninduen horrek; edozein atsekabetuko luke noski. Sartu eta esan nion:

        — Mary Jane andereño, jendea nahigabeturik ikusteak ezin duzu eraman, eta nik ere ez..., gehienetan. Esadazu zer gertatzen zaizun.

        Esan egin zidan. Eta beltzen arazoa zen..., horixe uste nuen nik ere izango zela. Esan zuen gertakizun horrek Ingalaterrako bidaia ederra ia hondatu zuela; ez zekien bertan inoiz zoriontsu izango ote zen, jakinik amak eta haurrek ez zutela berriz elkar ikusiko..., eta orduan negarrari ekin zion inoiz baino gogorrago, besoak gorantz zabalik jarrita, eta esan zuen:

        — Ene, ene, ez dutela inoiz elkar ikusiko pentsatzeak soil soilik!

        — Baina ikusiko dute..., eta bi aste barru gainera..., nik badakit hori! —esan nuen:

        Bi aldiz pentsatu gabe esan nuen, bai horixe! Eta mugitzeko denborarik izan baino lehen, besoak lepo ingurura bota zizkidan, eta berriro esateko erregutu zidan, berriz esateko, eta berriz esateko!

        Pentsatu gabe hitz egin nuen, gehiegi hitz egin gainera, eta lanak izango nituen handik ateratzen. Pixka bat itxaroteko eskatu nion, eta eseri egin zen, ezin egonean eta urduri, baina dotore, nolabaiteko lasaitasuna eta poza ere adierazten zuelarik, hagina atera dioten pertsona baten antzera. Pentsatzen aritu nintzen pixka batean. Esan nuen nirekiko, iruditzen zait estualdian dagoenak guztiari aurre egin eta egia esaten badu askotxo jartzen duela arriskuan, ziurtasun osoz ezin esan badezaket ere, esperientziarik ez dudanez gero; baina, dena dela, hala iruditzen zait; oraingoan ordea, ez dakit zer arrazoirengatik, neure buruari egia esatea hobea iruditzen zaio, eta gainera arrisku txikiagoa, gezurra esatea baino. Buruan gorde behar dut, eta noizbait horretaz pentsatu, gauza harrigarria eta bitxia baita. Ez dut inoiz horrelako egoerarik aurrean ikusi. Azkenean erabakia hartu nuen; ausartu egingo naiz; oraingoan egia esango dut, hori egitea sutauts pila baten gainean eseri, sua eman eta nora zoazen ikustea bezalako zerbait iruditzen bazitzaidan ere.

        — Mary Jane, ba al duzu herritik kanpo edo lekuren bat, bertara joan eta hiruzpalau egun egiteko?

        — Bai..., Lothrop jaunaren etxea. Zergatik?

        — Ez kezkatu orain horregatik. Esaten badizut zergatik dakidan bi aste barru beltzek etxe honetan berriz elkar ikusiko dutela, eta horren frogak ematen badizkizut, joango al zara Lothrop jaunaren etxera lau egunetarako?

        — Lau egunetarako! —esan zuen—; urtebeterako ere bai!

        — Ederki —esan nuen—, zure hitza besterik ez dut nahi..., nahiago dut hori beste edonoren Biblia gaineko zin egitea baino —irribarre egin zuen eta aurpegia gorritu zitzaion goxo goxoki, eta nik esan nuen—: Axola ez bazaizu atea itxi, eta giltzatu egingo dut.

        Gero itzuli eta eseri egin nintzen, eta esan nion:

        — Ez oihurik egin. Eserita egon zaitez geldirik, eta gizon baten moduan entzun ezazu. Egia esan behar dizut, eta aurre egin behar diozu, Mary andereño, gauza txarra baita, eta gogorra egingo zaizu, baina ezin zaio ezer egin. Zure osaba horiek ez dira osabak inondik ere, gezurti pare bat dira..., iruzurtzaile arruntak. Hara, okerrena egin dugu..., gainontzekoa errazagoa egingo zaizu.

        Astindu ederra eman zion; baina bide errazean nenbilen orduan, eta aurrera egin nuen, haren begiek gero eta distira biziagoa hartu zuten, eta baporera zihoan gazte tentel hura topatu genuenez gero gertatutako gauza madarikatu guztiak esan nizkion argi eta garbi, etxeko atarian erregearen besotara bere burua bota eta hamasei edo hamazazpi aldiz musu eman zion artekoa alegia... Gero tente jarri zen, aurpegia, eguzkia sartzen denean bezala, sutan zuelarik, eta esan zuen:

        — Astakirten hori! Goazen, ez dezagun minuturik galdu, ez eta segundo bat ere, bikeztatu eta lumez estaliko ditugu, eta ibaira bota!

        Esan nuen:

        — Bai horixe! Baina zer esan nahi duzu, Lothrop jaunaren etxera joan aurretik egingo dugula, ala...

        — Ene —esan zuen—, zertan ari nintzen ni pentsatzen! —eta berehala eseri zen berriz—. Ez jaramonik egin nik esandakoari, ez mesedez, ez diozu egingo, ezta? —bere zetazko eskua nirearen gainean jartzen zuen bitartean, hori egin baino lehenago hilko nintzatekeela esan erazten zidan moduan—. Ez nuen uste horrenbeste haserre eraziko ninduenik —esan zuen—; orain segi aurrera, eta ez dut horrelakorik berriz egingo. Esadazu zer egin behar dudan, eta esaten didazuna egingo dut.

        — Ederki —esan nuen—, bikote gaiztoa da iruzurtzaile pare hori, eta niri tarte batean beraiekin bidaia egitea egokitu zait, eta hala egin behar dut nahitanahiez; nahiago dut ez esan zergatik, eta salatzen badituzu herri osoak atzaparrak aterako dizkie, eta ni ongi aterako naiz, baina bada zuk ezagutzen ez duzun beste pertsona bat buruhauste galantak izango dituena. Lagundu egin behar diogu, ezta? Noski. Orduan ezin ditugu salatu.

        Hitz horiek ideia bikaina ekarri zidaten burura. Agian Jim eta biok iruzurtzaile horiengandik bereiz gintezkeela ikusi nuen; eta horiek kartzelan sartu, eta gero alde egin genezakeela. Baina ez nuen egunez almadian ibili nahi, galderei erantzuteko ontzi gainean bakarra izanik, beraz ez nuen plana gauean berandu arte lanean jarriko. Esan nuen:

        — Mary Jane, zer egingo dugun esango dizut, eta ez duzu Lothrop jaunaren etxean oso luze ere egon beharko. Zenbat milatara dago?

        — Lau milatara baino gutxixeago, mendi aldean.

        — Nahikoa izango da hori. Orain harantz abiatuko zara, eta gaueko bederatziak edo bederatzi t'erdiak arte ezkutuan egon, eta gero haiei etxera itzultzen laguntzeko esan, zerbaiten premia duzula edo esan. Hamaikak baino lehenago hona iristen bazara, jar ezazu kandela leiho ondoan, eta ez banaiz ordurako azaldu, itxaron hamaikak jo arte, eta orduan azaltzen ez banaiz horrek esan nahiko du alde egin dudala, bizirik eta osorik ihes egin dudala. Orduan etxetik irten, berria inguruan zabaldu, eta ziri-sartzaileak atxilotuko dituzte.

        — Ongi —esan zuen—, horrelaxe egingo dut.

        — Eta ihes egin ezin izango banu, eta horiekin batera harrapatuko banindute, garbi adierazi beharko duzu nik aldez aurretik dena esan nizula, eta nire alde egon beharko duzu ahal duzun gehiena.

        — Zure alde egon, horixe zure alde izango nauzula. Ez dizute ile bakar bat ukituko! —esan zuen, eta era berean ikusi nuen hori esan zuenean sudur zuloak zabaldu eta begiak lausotzen zitzaizkiola.

        — Eta ihes egiten badut —esan nuen—, ez naiz hemen izango zital horiek zure osabak ez direla frogatu ahal izateko, eta ezingo nuke hori egin hemen egonda ere. Zin egin nezake gezurti eta lotsagabe zikinak besterik ez direla, besterik ez; zerbait bada ere. Baina badira beste batzuek nik baino hobeto egin dezaketenak, eta niri baino errazago sinetsiko dieten pertsonak dira. Esango dizut nola aurki ditzakezun. Eman lapitza eta paper puska. Hara, «Erregetasun berdingabea, Bricksville.» Jaso, eta ez galdu gero. Auzitegian ezer jakin nahi badute bi horiei buruz, bidal dezatela norbait Bricksvillera esanez Erregetasun Berdingabea antzeztu zuten bi gizonak harrapatu dituztela, eta lekukoak eska ditzatela. Herri osoa jaitsiko zaizu hona aitaren esan orduko, Mary andereño. Eta gainera suak hartuta etorriko dira.

        Iruditu zitzaidan dena antolaturik genuela, eta esan nuen:

        — Utz ezazu enkanteak aurrera jo dezala, eta ez arduratu. Inork ez ditu gauzak ordaindu beharko enkantea egin eta egun osoa igaro baino lehenago, epe motzean egin dutela kontutan hartuz, eta horiek ez dute hemendik alde egingo dirua eskuratu bitartean, eta gauzak antolatu ditugun eran salmentak ez du baliorik izango, eta ez dute dirurik eskuratuko. Beltzekin gertatu zen bezalaxe gertatuko da: ez zen salmentarik izan, eta beltzak hemen izango dira laster. Oraindik ezin dute beltzen dirua jaso. Ez daude ez batere aldarte onean, Mary andereño.

        — Ongi —esan zuen—, gosaltzera jaitsiko naiz orain, eta gero zuzenean Lothrop jaunaren etxera abiatuko naiz.

        — Ez da hori jokabide zuzena, Mary Jane —esan nuen—, ez eta pentsatu ere; zoaz gosaldu aurretik.

        — Zergatik?

        — Zergatik iruditzen zaizu esan dizudala hemendik alde egiteko, Mary?

        — Ez zait burutik pasa..., eta pentsatzen hasiz gero ere, ez dakit. Zergatik?

        — Bada, izan ere ez zarelako begi-eroa duten horiek bezalakoa. Ez dut zure aurpegia baino liburu hoberik ezagutzen. Edonor aurrean jarri eta inprimategiko letra handiak bezain ongi irakur daiteke. Uste al duzu ausartuko zinatekeela osabei aurre egiten, egunon esatera eta musu ematera hurbiltzen bazaizkizu, eta ez...

        — Ez, ez! Gosaldu aurretik joango naiz..., eta gustura. Eta ahizpak horiekin batera utzi?

        — Bai, ez kezkatu horregatik. Pixka batean jasan behar izango dute. Susmoa hartuko lukete denak batera desagertuko bazinete. Ez dut ez haiek, ez ahizpek, ez herriko inork zu ikustea nahi; auzoko batek gaur goizean zer moduz dauden osabak galdetuko balizu, zure aurpegiak zerbait adieraziko lioke. Ez, joan zaitez zuzenean, Mary Jane, eta ni besteekin moldatuko naiz. Esango diot Susani besarkada bat eta musu emateko osabei eta esateko joan beharra izan duzula ordu batzuetarako atseden hartzera edo giroz aldatzera, edo lagun bat ikustera, eta gauerako edo bihar goizerako itzuliko zarela.

        — Laguna ikustera joan naizela bai, ongi dago, baina besarkada ematearena ez.

        — Horrela egingo dut, orduan.

        Erantzun ona zen neskari esateko..., ez zuen kalterik ekarriko. Garrantzi gutxiko gauza zen, eta ez zuen lan handirik ematen; eta gauza txiki horiek dira jendearen bidea gehien errazten dutenak, hemen behean; Mary Janeri on egingo zion, eta erraz egin zitekeen. Gero esan nuen:

        — Bada beste gauza bat..., diru zorroa.

        — Beraien eskutan dago; eta nola lortu zuten pentsatzeak lotsa erazten nau.

        — Oker zaude horretan. Ez dago beraien eskutan.

        — Noren eskutan dago bada?

        — Jakin nahiko nuke, baina ez dakit. Nik izan nuen, lapurtu egin nielako: zuri emateko lapurtu nien; eta badakit non ezkutatu nuen, baina beldur naiz leku horretan ez ote den geratu. Damuturik nago, Mary Jane, goitik behera nago damuturik; baina ongi ari nintzelakoan egin nuen; zintzo jokatu nuen. Ia harrapatu ninduten, eta topatu nuen lehenengo lekuan ezkutatu, eta korrika alde egin behar izan nuen..., eta ez zen oso leku ona gertatu.

        — Ez leporatu zeure buruari gertatutakoa..., ez da zuzena hori egitea, eta ez dut onartuko..., ezin izan zenuen besterik egin; ez zen zure erruz izan. Non ezkutatu zenuen?

        Ez nion berriro bere atsekabeetan pentsa erazi nahi; eta ezin hitz egin erazi nion nire ahoari, eta hari gorpua hilkutxan etzanda, diru zorroa sabel gainean zuelarik gogora ekarri. Beraz une batez ez nuen ezer esan; gero esan nuen:

        — Hobe izango dut non ezkutatu nuen ez esatea, Mary Jane, barkatzen badidazu; baina paper batean idatziko dizut, eta Lothrop jaunaren etxera zoazela irakurri ahal izango duzu, nahi baldin baduzu. Ongi al deritzozu?

        — Bai, bai.

        Eta halaxe idatzi egin nuen: «Hilkutxan sartu nuen. Gelan nengoen zu gauean berandu negarrez aritu zinenean. Ate atzean nengoen, eta erruki nintzaizun, Mary Jane.»

        Begiak busti erazi zizkidan pixka bat, gauean bera bakarrik negarrez ari zela gogoratzeak, eta deabru horiek hantxe etxe berean zebiltzala, neska lotsa erazten eta han lapurtzen; eta papera bildu eta eman nionean, berari ere begiak busti zitzaizkiola ikusi nuen; eskutik tinko heldu zidan, eta esan zuen:

        — Agur. Dena zuk esan duzun bezala egiten ahaleginduko naiz; eta ez bazaitut berriz ikusten, ez zaitut inoiz ahaztuko, eta askotan eta askotan pentsatuko dut zutaz, eta zure alde ere errezatuko dut!

        Eta joan egin zen.

        Nire alde errezatu! Iruditu zitzaidan ezagutu banindu bere tankerari zegokion beste lanbideren bat aukeratuko lukeela. Baina apustu egingo nuke, hori jakinda ere, gauza bera egiteko prest legokeela..., horrelakoa zen. Judasen alde ere errezatzera ausartuko litzateke, hori buruan sartuz gero..., ez zuen hark inoiz atzera jotzen, hala uste dut. Nahi duzuna esan dezakezu, baina nire ustetan nik ikusitako neskek baino kemen handiagoa zuen; nire ustetan kemenez bete betea zegoen. Lausengua dirudi, baina ez da hala. Eta edertasunari dagokionean..., eta zintzotasunari baita ere..., beste guztien gain zegoen. Atetik ateratzen ikusi nuenez gero, ez dut berriz ikusi; ez, ez dut geroztik ikusi, baina uste dut milioika eta milioika aldiz pentsatu dudala neska horretaz, eta nire alde errezatuko zuela esan zuen hartaz; eta nik haren alde errezatzeak onik ekarriko lukeela inoiz uste izan banu, horixe egingo nukeen ez lehertzearren.

        Uste dut Mary Jane atzeko atetik irten zela; ez baitzuen inork alde egiten ikusi. Susan eta erbiezpaina topatu nituenean, esan nuen:

        — Nola deritze ibaiaren beste aldean bizi eta batzuetan zuek ikustaldiak egiten diezuen horiei?

        Esan zuten:

        — Badira zenbait; baina Proctortarrengana joaten gara gehienetan.

        — Horixe da izena —esan nuen—; ia ahaztu nuen. Mary Janek esan dit zuei jakin erazteko presaka joan beharra izan duela... Horietakoren bat gaixorik omen dago.

        — Nor?

        — Ez dakit; behintzat ez zait burura etortzen; baina uste dut zera dela...

        — Jesus ene, Hanna behintzat ez izatea espero dut.

        — Horixe da bada —esan nuen— Hanna bera da...

        — Ene..., eta lehengo astean horren ongi zegoen! Oso gaizki al dago?

        — Izenik ere ez du. Gau osoa gaixo-beilan pasa omen dute, hori esan dit Mary Janek, eta ez dute uste ordu asko egingo dituenik.

        — Besterik ez genuen behar! Zer gertatzen zaio?

        Ezin nuen une horretan zentzuzko gauzarik asmatu, eta esan nuen:

        — Lepamina.

        — Bai zera, lepamina! Inork ez du beilarik egiten lepamina duena zaintzeko.

        — Ez al dute egiten? Hobe dute, bai, egitea lepamin horrekin. Desberdina da lepamin hori. Mota berria da, Mary Janek esan dit.

        — Nolakoa da bada mota berri hori?

        — Beste gauzekin nahasia dago.

        — Ze gauzekin?

        — Elgorria, zakur eztula, disipula, tisisa, larumina, meningitisa, eta ez dakit zer gehiago.

        — Ene! Eta lepamin esaten diote horri?

        — Hori esan zidan Mary Janek.

        — Eta, zer demontrerengatik deitzen diote lepamina?

        — Bada, lepamina delako. Hala hasten omen da.

        — Horrek ez du zentzurik. Norbaitek oztopo egin, eta pozoia hartu, eta putzu batera erori, eta lepoa hautsi, eta burumuinak bere tokitik ateratzen bazaizkio, eta beste bat etorri eta nola hil den galdetzen badu, eta txepel batek «oztopo eginez» erantzuten badu, zentzurik izango al luke? Ez. Bada horrek ere ez du zentzurik. Erraz itsasten al da?

        — Erraz itsasten den? Hori gauzak esaten dituzunak. Eskuarea ilunpetan bezain errez. Ziur egon, ez badiozu hortz bati ematen, besteari emango diozu. Eta ezingo duzu hortza atera eskuare osoa atzetik itsatsita eraman gabe. Eskuarearen antza du lepamin horrek, esan genezake..., eta ez da nolanahiko eskuarea gainera, hartuz gero ongi itsasten da.

        — Ikaragarria iruditzen zait —esan zuen erbiezpainak—. Osaba Harveyrengana joan eta...

        — Bai, bai —esan nuen—, nik horixe egingo nuke. Noski, noski egingo nukeela. Ez nuke denborarik galduko.

        — Zergatik ez zenuke hori egingo?

        — Azter ezazu pixka bat, eta beharbada ulertuko duzu. Ez al dute osabek Ingalaterrara lehenbailehen itzuli behar? Eta beraiek alde egin eta zuei bidaia bakarrik egiten uzteko bezain bihotz gogorrak direla uste al duzu? Badakizu zuek joan arte itxarongo luketela. Honaino ongi. Harvey osaba predikaria da, ezta? Ederki, orduan, predikari batek ziria sartuko al lioke baporeko diru arduradunari? Ziria sartuko al lioke ontzi arduradunari, Mary Janeri ontziratzen utz diezaioten? Badakizu ezetz. Zer egingo luke orduan? Esango luke: «Tamalgarria da, baina elizako gorabeherek aurrera egin beharko dute ahal duten bezala, nire iloba izugarrizko pluribus-unum lepamina hartzeko arriskuan izan baita, eta nire eginbeharra da egon eta gaixotasuna harrapatu duen ikusteko behar diren hiru hilabeteak hemen igarotzea. Baina berdin zaio, iruditzen bazaizu onena dela Harvey osabari esatea...

        — Bai eta zera ere, eta tuntunak bezala hemen geratu Ingalaterran gustura ibili beharrean Mary Janek gaixotasuna harrapatu duen edo ez duen jakin arte zain egoteagatik? Tontakeriak esaten dituzu, bai horixe.

        — Dena dela, beharbada auzokoren bati esan beharko zenioke.

        — Entzun ongi. Txorakeriaren marka guztiak hautsiko dituzu zuk. Ez al duzu ikusten batak besteari esango diola? Inori ez esatea beste biderik ez dago.

        — Beharbada zuzen zaude..., bai, zuzen zaudela uste dut.

        — Baina uste dut Harvey osabari pixka baterako joan egin dela esan beharko geniokeela, harengatik kezkatu ez dadin.

        — Bai, Mary Jane andereñok zuk hori egitea nahi du. Hark esan dit: «Esan iezaiezu Harvey eta William osabei besarkada bat emateko, eta ni ibaiaren beste aldera joan naizela zera..., nola da familia aberats horren izena, osaba Peterrek askotan gogoan zuena? Familia hori...

        — Apthorptarrak esan nahiko duzu, ezta?

        — Noski; horiek dira izen petralak. Erditan ezin ditut gogora ekarri. Bai, hark esan du Apthorptarrei esatera joan dela enkantera huts egin gabe etor daitezen, etxe hau erosteko, osaba Peterrek beste inork baino gehiago horiek erostea nahiko lukeelako; eta han geratuko dela etorriko direla ziurta diezaioten arte, eta orduan, oso nekaturik ez badago, etxera itzuliko dela; nekaturik badago berriz, edozein modutara ere goizean itzuliko dela etxera. Esan dit baita ere, ez aipatzeko Proctortarrak, Apthorptarrak besterik ez..., hori egia osoa baita gainera, horiengana etxearen erosketaz hitz egitera joatekoa delako, horixe esan zidan berak.

        — Ederki —esan zuten, eta osaben bila alde egin zuten, eta besarkadak eta musuak eman zizkieten eta mezua esan zieten.

        Dena konponduta zegoen. Neskek ez zuten ezer esango Ingalaterrara joan nahi zutelako; eta erregeak eta dukeak nahiago zuten Mary Jane handik kanpora izan enkantearen alde lanean Robinson doktorearen inguruan baino. Gustura nengoen; lanean ongi aritu nintzela iruditu zitzaidan... Ez nuen uste Tom Sawyer berak nirea baino lan hobea egin ahal izango zuenik. Noski itxura hobea emango zion, baina ez nintzen ni horretan oso trebea, ez baininduten horretarako hazi.

        Enkantea herriko plazan egin zuten, arratsean, eta aurrera luze jo zuen, eta agurea han inguruan zebilen, aurpegi zerutiarrena jarrita, goian enkante arduradunaren ondoan, noizean behin Bibliaren zatiak tartekatzen zituelarik, edo nolabaiteko esaera samurrak; eta dukea ere han zebilen ahal zuen adina gu, gu eginez laguntasuna lortu nahian, eta jende aurrean nabarmentzen zelarik.

        Baina azkenean, kostata baino, iritsi zen amaiera, eta dena saldu zuten. Dena kanposantuko lur sail txiki ziztrin zahar bat ezik. Beraz hori ere saldu beharra zuten. Ez dut inoiz erregea bezalako jirafarik ikusi, dena irentsi eta irentsi nahian. Horretan ari zirela, bapore bat kaira iritsi zen, eta bi minututan jendetza hurbiltzen hasi zen ujuka, garrasika eta barrezka, eta denak batera esanez:

        — Hemen dituzue aurkakoak! Hemen dituzue Peter Wilks zaharraren oinordekoen bi pare!... Eta dirua ordainduz gero, horietako pare baten alde aukera egin dezakezue!

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia