Hogeita zazpigarren atala

 

        Poliki-poliki hurbildu eta ate ondoan entzuten geratu nintzen; zurrungan ari ziren, eta hanka punttetan aurrera egin nuen, eta lasai jaitsi nituen eskailerak. Ez zen inon hotsik entzuten. Jangelako ateko zirrikitu batetik begiratu, eta gorpua zaintzen ari ziren gizonak ikusi nituen aulki gainetan lo zerraldo. Atea zabalik zegoen egongelarantz, gorpua zetzan gelarantz alegia, eta kandela bakarra zegoen bi geletan. Aurrera jo nuen, eta egongelako atea irekita zegoenez, Peterren gorpua besterik ez zela han ikusi, eta aurrera egin nuen; baina sarrerako atea giltzaturik zegoen, eta giltzarik ez zen ageri. Orduantxe sumatu nuen norbait zetorrela eskaileretan behera nire atzetik. Egongelan azkar sartu, eta inguruan begiratu nuen presaka. Hilkutxa zen zorroa ezkutatzeko ikusi nuen leku bakarra. Estalkitxoa metro batean edo alde batera jarrita zegoen, eta barruan zegoen hildakoaren aurpegia agerian uzten zuen, oihal bustia gainean jarrita, eta hil-atorra jantzita zituelarik. Diru zorroa bultza eta barruan sartu nuen estalkiaren azpian, eskuak gurutzaturik zituen lekutik beheraxeago, eta horrek hotzikara eman zidan, oso hotzak zituelako, eta gero gela berriz azkar gurutzatu eta ate atzean ezkutatu nintzen.

        Atzetik etorri zena Mary Jane zen. Hilkutxara hurbildu zen, isil isilik, makurtu eta barrurantz begiratu zuen; gero mukizapia atera eta negarrez hasi zela ikusi nuen, entzuten ez banion ere, eta atzea ematen zidan arren. Handik azkar atera nintzen, eta jangelatik igaro ahala bururatu zitzaidan hobe nuela ziurtatzea begiraleek ez nindutela ikusi; beraz ateko zirrikitutik begiratu nuen eta dena behar bezala zegoela ikusi. Ez ziren mugitu.

        Gora lotara joan nintzen, goibeldurik, gauzak, halako lanak eta arriskuak izan ondoren, atera ziren bezala atera zirelako. Nire artean esan nuen: dagoen lekuan geratzen bada, ongi dago; horrela ibaian behera ehun edo berrehun mila egin ondoren, Mary Janeri idatz diezaioket, eta hark gorpua lurpetik atera eta dirua berreskura dezake. Baina ez da hala gertatuko; dirua aurkituko dute estalkia torlojatzera etortzen direnean. Orduan erregeak hartuko du berriz, eta denbora luzea beharko da hari eskua luzatu eta lapurtzeko beste aukera izan arte. Zalantzarik gabe jaitsi nahi nuen eta dirua handik atera, baina ez nintzen hori egitera ausartzen. Minutuak igaro ahala egunsentia hurbilago zegoen, eta laster begiraleetako batzuk mugitzen hasiko ziren, eta harrapa nintzaketen, eta harrapatu inork zaintzeko eman ez zizkidan sei mila dolar eskutan nituelarik. Ez nuen horrelako saltsetan sartu nahi, esan nion neure buruari.

        Goizean eskailerak jaitsi eta behera joan nintzenean, egongela itxita zegoen, eta begiraleak joanak ziren. Familia, Bartley alarguna eta gure tribua beste inor ez zebilen. Aurpegira begiratu nien ezer gertatu ote zen jakin ahal izateko, baina ezin nuen ezer antzeman.

        Eguerdi aldera lurperatzailea etorri zen bere laguntzailearekin, eta hilkutxa gelaren erdian jarri zuten aulki pare baten gainean, eta ondoren etxeko aulki guztiak errenkan jarri eta auzokoei gehiago eskatu zizkieten sarrera, egongela eta jangela aulkiz bete zituzten arte. Ikusi nuen hilkutxaren estalkia lehen bezalaxe zegoela, baina ezin nuen barruan begiratzera hurbildu, jendea inguruan zebilelako.

        Gero jendetza parrastan sartzen hasi zen, eta iruzurtiak eta neskak hilkutxaren buru ondoan eseri ziren lehenengo errenkan. Ordu erdiz jendea, bata bestearen atzean, poliki-poliki ibili zen haren aurrean, eta une batez hildakoaren aurpegiari begiratzen zioten. Batzuek malkoren bat isurtzen zuten, eta giroa isila eta ospe handikoa zen, neskek eta iruzurtzaileek besterik ez zituzten zapiak begietan eta buruak makurtuta, negar zotinka ere pixka bat ari zirelarik. Oinek lurrean egiten zuten hotsa besterik ez zen entzuten, eta sudurren zintz egiteak, jendeak gehiagotan egiten baitu zintz hiletetan beste edozein tokitan baino, elizan ere gertatzen den bezalaxe.

        Aretoa jendez gainezka zegoenean, lurperatzailea alde batera eta bestera zebilen, eskularru beltzak jantzita, kontu handiz eta poliki, azken ukituak eman, eta jendeari gauzak txukun eta modu erosoan jartzen, eta sagua baino isilago zebilen gainera. Ez zuen hitzik esaten; jendea eramaten zuen alde batetik bestera, barrura joaten laguntzen zien berandu sartzen zirenei, bideak irekitzen zituen jende artean, eta guzti hori burua eta eskuak mugituz egiten zuen. Gero bere lekua hartu zuen hormaren kontra. Gizon apal, irristakor, eta isilekoa zen, izan ere; eta ez zuen harri kozkor batek baino irribarre zabalagorik.

        Harmoniuma ekarri zuten hiletarako, txar horietako bat, eta dena prest zegoenean, emakume gazte bat eseri eta musika jotzen hasi zen. Algaratsu eta ozen xamarra ere bazen tresna hori, eta denek abesteari ekin zioten; Peter zen, nire ustetan, lasai eta behar bezala zegoen bakarra. Orduan Hobson apaiza poliki eta handien eran hasi zen hizketan, eta une hartan bertan ikaragarrizko zaratak lehertu zuen sotoan; zakur bat besterik ez zen, baina iskanbila galanta sortu zuen, eta aurrera egin zuen etengabe; predikaria hilkutxaren aurrean zutik jarrita, itxaron beharra izan zuen..., ezin zen ezertxo ere entzun. Nekagarria zen, eta bazirudien inork ez zekiela zer egin. Baina berehala lurperatzaile hankaluzea ikusi genuen predikariari keinu egiten ziola, esanez bezala: «Lasai, nik konponduko dut.» Gelditu egin zen berriz eta hormaren kontra irristaka hasi zen mugitzen, sorbaldak soil soilik jendearen buruen gainetik erakusten zituelarik. Aurrerantz egin zuen irrist eta iskanbila eta hots gero eta ikaragarriagoak ziren; eta azkenean, gelako bi aldeak egin zituenean, sotora jaitsi eta desagertu zen. Handik segundo batzuetara danbateko bat entzun genuen, eta zakurrak ulu harrigarri pare bat egin eta amaitu zuen, eta orduan dena heriotza bezala isil isilik geratu zen, eta predikariak ospe handiko hizketaldia hasi zuen lehen utzitako lekuan. Minutu pare bat beranduago han azaltzen da gure lurperatzailea, berriro bizkarra hormaren kontra jarri eta irrist eginez; irrist aurrera, eta irrist aurrera, gelaren hiru hormetan barrena. Gero zutitu, eskua ahoaren aurrean alde batera jarri, eta lepoa tente duelarik predikariari begiratzen dio, jendearen buruen gainetik, eta esaten du, zurrumurru zakar antzekoa erabiliz: «Arratoia zuen!» Gero berriz jaitsi eta hormaren kontra irrist eginez itzultzen da bere lekura. Jendeari lasaitasun ederra eman ziola gauza nabarmena zen, horiek noski gertatutakoa jakin nahi zutelako. Gauza txiki horiek erraz egiten dira, eta gauza txikiak dira gizonari begirunea eta jendearen maitasuna ekartzen diotenak. Ez zen herri osoan lurperatzailea baino gizon ospetsuagorik.

        Hiletaren sermoia bikaina izan zen, baina predikariak luze eta aspergarriegia egin zuen; gero erregeak parte hartu zuen, betiko zarpailkeriak esan, eta azkenean amaitu zen guztia. Lurperatzailea poliki-poliki hurbildu zen hilkutxara bihurkina eskutan zuelarik. Beldurrak airean nengoen orduan, eta arretaz begiratu nion. Ez zuen ezer egin; estalkia kontuz bere lekura eraman, leun eta eztiki, eta torlojuak sartu zituen sendo eta azkar. Eta hantxe geratu nintzen! Ez nekien dirua barruan zegoen ala ez. Beraz, pentsatu nuen: jo dezagun norbaitek diru hori ezkutuan eraman egin duela, nola jakingo dut nik Mary Janeri idatzi behar diodan ala ez. Jo dezagun lurpetik ateratzen duela eta ez duela ezer aurkitzen, zer pentsatuko luke nitaz? Arraiopola, esan nuen: harrapatu eta kartzelan sar nazakete; hobe izango dut isilik egotea eta gauzak ezkutuan gordetzea, eta ezer ez idaztea; bai ederki nahasi ditudala gauzak oraingoan, gauzak zuzendu nahian, mila aldiz okertu ditut. Gauzak zeuden bezala utzi izan banitu baldinbaitere; pikutara doala guztia!

        Gorpua lurperatu eta etxera itzuli ziren, eta aurpegiei begira hasi nintzen berriz, nahitaez begiratu beharra nuen, ezin nuen lasai egon. Baina ez nuen handik ezer atera; aurpegiek ez zidaten ezer esan.

        Erregeak zenbait etxetara agerraldiak egin zituen iluntzean, eta hitz goxoak esan zizkien denei, oso modu atseginean; eta adierazi zien, alegia, Ingalaterrako bere eliza-senideak kezkatan izango zirela bera itzuli arte, eta azkar ibili, eta berehala konpondu behar zituela ondoretasunaren arazoak etxera itzultzeko. Nahigabeturik zegoen horren presaka ibili beharragatik, eta besteak ere halaxe zeuden; gustatuko litzaieke egun gehiagotarako geratzea, baina ulertzen zuten ezinezkoa zuela. Baita ere esan zuen neskak Williamek eta biekin batera eramango zituela etxera; eta horrek jendea pozik jarri zuen, era horretan neskak egokiera onean, eta beren sendikoen artean izango zirelako; eta neskak ere poztu egin ziren..., eta poztu mundu honetan zorigaitzen bat izan zutenik ahaztu arte; eta esan zioten agureari nahi zuen bezain azkar saltzeko gauza guztiak, eta joateko prest izango zituela. Gaixoak halako gustura eta pozik zeudela, eta besteak azpikerietan eta gezurretan ari zitzaiela ikustean bihotzak min ematen zidan, baina arriskurik gabeko biderik ez nuen aurkitzen muturra sartu eta hango martxa aldatzeko.

        Errege petral horrek etxea, beltzak eta ondasun guztiak berehalakoan aldarrikatu zituen: hiletaren egunetik bi egunetara izango zen salmenta; baina inork nahi izanez gero haren aurretik bakarkako erosketa egin zezakeen.

        Hileta egin eta hurrengo egunean eguerdi aldera edo, nesken pozak lehenengo astindua jasan behar izan zuen; beltz salerosle bikotea azaldu, eta erregeak salneurri onean saldu zizkien etxeko beltzak, hiru egun barruko ordainketa bidez, horiek esaten zioten bezala, eta hantxe joan ziren, bi semeak ibaian gora Memphisera, eta ama ibaian behera Orleansera. Iruditu zitzaidan neska gaixoek eta beltzek minez leher egin behar zutela; hango penak eta negarrak ikusi eta ia gaixotu egin nintzen. Neskek esan zuten ez zitzaiela burutik ere pasa familia bereizia eta herritik kanpo salduta ikusi beharko zutenik. Ezin dut burutik baztertu ikuskizun hori, neska gaixo horiek eta beltzak bata bestearen lepotik zintzilik eta negarrez; eta iruditzen zait ezin eraman izango nuela, lehertu egingo nuela eta bikotea salatu, jakin izan ez banu salmentak baliorik ez zuela eta beltzak aste pare batean etxera itzuliko zirela.

        Gertakizunak herrian ere zalapartak sortu zituen, eta askok argi eta garbi adierazi zuten lotsagarria zela ama eta umeak modu horretan bereiztea. Horrek neurri batean iruzurtzaileei kalte egin zien; baina agure tentelak aurrera egin zuen, dukeak egin edo esan zezakeena kontutan hartu gabe, eta, egia esango dizut, dukea ez zegoen batere lasai.

        Hurrengo egunean enkantea egin behar zuten. Goizean egunak argitu ondoren, dukea eta erregea ganbarara igo ziren eta esnatu egin ninduten, eta begiradan ezagutu nuen zerbait gertatu zela. Erregeak esan zuen:

        — Herenegun gauean nire gelan izan al zinen?

        — Ez, maiestate —horrela deitzen nion beti geure taldekoak besterik inguruan ez zebilenean.

        — Bart edo bart gauean izan al zinen?

        — Ez, maiestate.

        — Hitz eman iezadazu; ez gezurrik esan gero.

        — Hitza ematen dizut, maiestate. Egia esaten ari natzaizu. Ez naiz zure gelan izan Mary Janek zuri eta dukeari bertara lagundu eta gela erakutsi zizuenez geroztik.

        Dukeak esan zuen:

        — Beste inor ikusi al duzu bertan sartzen?

        — Ez, jaun goren hori, ez dut gogoan, ez dut uste.

        — Egon eta pentsatu!

        Pixka batean pentsatzen aritu nintzen, eta aukera ona iruditu zitzaidan. Orduan esan nuen:

        — Izan ere, beltzak ikusi ditut zenbait aldiz zure gelan sartzen. Biak tente jarri ziren, eta hasieran ez zutela hori espero edo zirudien, eta gero baietz, espero zutela. Esan zuen dukeak:

        — Zer, denak?

        — Ez, gutxienez denak batera ez. Alegia, ez dut uste denak batera ateratzen ikusi ditudanik behin batean ezik.

        — Baina, baina... noiz izan da hori?

        — Hiletaren egunean gertatu zen. Goizean. Ez zen goiz, berandu arte lotan geratu nintzelako. Eskailera jaisten hastekoa nintzen, eta orduan ikusi nituen.

        — Segi aurrera, segi aurrera... zer egin zuten? Nolako jarrera zuten?

        — Ez zuten ezer egin. Eta ez zuten inolako gauza harrigarririk egin, nik ikusi ahal izan nuenez behintzat. Hanka punttetan irren ziren, eta berehala iruditu zitzaidan maiestatearen gela atontzera sartu zirela, edo horrelako zerbait, jaikita izango zinelakoan, baina lotan zinela ikusirik, nahaspila horretatik ezkutuan ihes egin nahiko zuten zu esnatu gabe, ordurako esnatu ez bazintuzten behintzat.

        — Arraioa, horixe besterik ez genuen behar! —esan zuen erregeak—; eta biei gaixo eta tentel itxura galanta jarri zitzaien. Zutik geratu ziren minutu batean pentsatzen eta buruari hatz eginez, eta gero dukeak barre zakarra eginez eten zuen, eta esan:

        — Hori bai dela hori! Bai ederki adarra jo digutela beltz horiek. Lurralde honetatik joan egin behar zutela eta nahigabeturik omen zeuden! Eta nik sinetsi gainera hala zeudela! Eta zuk ere bai, eta jende guztiak. Ez esan gero niri beltzek ez dutela erraztasun istrionikorik (antzerkia egiteko erraztasunik). Horretan izan duten jarduteko modua ikusi, eta edonori ziria sartuko liokete. Horiek bai balio dutela diru pila, horiek! Dirua izango banu eta antzerkiak egiteko aretoa, ez nuke antzezle talde hoberik aurkituko..., eta guk bi sosen truke saltzea ere. Eta, oraindik sos horiek erabiltzeko aukerarik izan gabe gainera. Non dira sosak? zera, ordainketa jasotzeko agiria.

        — Bankuan dirua jasotzeko zain. Non izango ziren bestela?

        — Ongi dago hori, eskerrak.

        Esan nuen, lotsatu xamarra:

        — Okerrik izan al da?

        Erregeak jira egin eta niri begira oihu egin zidan:

        — Hori ez da zure kontua! Isilik egon, eta zure gauzetan sartu muturra, baldin badituzu behintzat. Gogoan izan hori herri honetan zauden bitartean, entzun duzu? Gero esan zion dukeari:

        — Hau irentsi beharra dugu, eta ez dugu ezer esango; isilik egon eta kito.

        Eskaileran behera joatekoak zirenean, dukeak barre egin zuen berriz, eta esan zuen:

        — Salmenta azkarrak eta irabazi eskasak! Aberasbide ederra, bai! Erregeak haserre begiratu eta esan zion:

        — Onerako izango zelakoan, azkar saldu nahi izan ditut ondasunak. Irabaziak hutsa izan badira, edo hutsa baino gutxiago, batere ez, nire erruz izan al da zure erruz baino gehiago?

        — Etxe honetan izango lirateke horiek, eta gu berriz ez, nire esanak entzunak izan balira.

        Erregeak modu lotsagabean erantzun zion egoera horren aurrean hori egin zezakeen neurrian, eta gero norabidea aldatu eta niri egin zidan eraso, beltzak gelatik modu horretan irteten ikusi, eta ez nintzaiolako esatera joan... Esan zidan edozein txoriburuk sumatuko zuela zerbaitetan zebiltzala. Gero berriz hasi zen dantzan eta bere buruari gaizki esaka jardun zuen; eta esan zuen dena goiz horretan ohean ohiko atsedena hartzen ez zelako gelditu gertatu zela, eta inondik ere ez zuela hori berriz egingo. Marmarka alde egin zuten; eta ni oso pozik geratu nintzen beltzei errua bota nielako eta gainera horiei kalterik egin gabe.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia