Hogeita seigarren atala

 

        Denek alde egin zutenean erregeak Mary Janeri galdegin zion gonbidatuentzat gelarik ba ote zuen, eta neskak bazuela bat erantzun zion; osaba Williamentzat izan zitekeela hori, eta bere gela osaba Harveyri utziko ziola, eta bestea baino handixeagoa zela; bera ahizpen gelara joango zela, eta oharka batean egingo zuela lo; ganbaran beste gelatxo bat zuten bertan lastaira bat zuelarik. Erregeak esan zuen gelatxoa nahikoa izango zela bere zerbitzariarentzat, niretzat, alegia.

        Mary Janek gora lagundu zigun, eta haiei gelak erakutsi zizkien, apaindurarik gabeak baina politak zirelarik. Neskak Harvey osabari esan zion soinekoak eta beste gauzak gelatik aterako zituela oztopo egiten bazioten, baina hark ezetz esan zuen. Soinekoak horman bata bestearen ondoan zintzilik zeuden, lurreraino zintzilikatzen zuen perkalezko gortina aurrean zutelarik. Gelaren bazter batean larruzko maleta zahar bat zegoen, eta gitarra kutxa bestean, eta txitxiri-bitxiri eta era guztietako bitxiak nonahi, neskek gelak alaitzeko erabiltzen dituztenak bezalakoak. Erregeak esan zuen apaingarriek gelan giro atseginagoa eta etxekoagoa sortarazten zutela, eta zeuden lekuan uzteko. Dukearen gela txiki xamarra zen, baina nahikoa berarentzat, eta nire gelatxoa ere bai niretzat.

        Gau horretan afari galanta izan zuten, eta gizon eta emakume guztiak bertan ziren. Ni erregearen eta dukearen aulkien atzean zutik geratu nintzen horiei zerbitzatzeko, eta beltzek gainontzekoei zerbitzatzen zieten. Mary Jane mahaiburu zegoen, Susan aldamenean zuelarik, eta hura esaten aritu zen, ogiak txarrak zeudela, eta gatzunetan jarritakoa ere bai; oilasko frijitua gogorra eta lehorra zegoela... eta emakumezkoek lausenguak entzuteko esaten dituzten tontakeria guzti horiek, eta jende guztiak zekien dena oso ona zegoela, eta honela zioten: «Nola ateratzen zaizkizu ogiak kolore gorri-beltz dotore horrekin?» eta «Non demontretik ateratzen dituzu gatzune saltsa zoragarri horiek? eta, badakizu, afaritan jendeak erabiltzen duen zurikeriazko berriketa guzti hori.

        Eta afaria bukatu zutenean, erbiezpaina eta biok sukaldean afaldu genuen besteek utzitakoa, beste ahizpek beltzei gauzak jasotzen laguntzen zieten bitartean. Erbiezpaina Ingalaterrako berriak atera nahian zirikatzen hasi zitzaidan, eta, arraioa, bai leku irristakorrean ibil erazi ninduela zenbaitetan. Esan zuen:

        — Inoiz ikusi al duzu erregea?

        — Zein errege? William laugarrena? Ez nuen ikusiko bada... gure elizara joaten da —banekien urteak zirela hura hil zela, baina ez nuen ezer esan. Gure elizara joaten zela adierazi nionean, hark esan zuen:

        — Zer... beti?

        — Bai... beti. Bere aulkia gurearen pare parean dago... pulpituaren beste aldean.

        — Londonen bizi zela uste nuen.

        — Bai han bizi da. Non bizi izango zen bada?

        — Baina ez al zineten zuek Sheffielden bizi?

        Hantxe harrapatu ninduela iruditu zitzaidan. Oilaskoaren hezurra kontrako eztarrira joan zitzaidala itxura egin behar izan nuen, handik nola atera pentsatzeko denbora izan nezan. Orduan esan nuen:

        — Esan nahi nuen gure elizara joaten dela beti Sheffielden denean. Uda garaian izaten da hori, itsasoko bainuak hartzera etortzen denean.

        — Baina, zer diozu... Sheffield ez dago itsaso ondoan.

        — Nork esan du halakorik?

        — Zeuk esan duzu.

        — Ez dut hori esan.

        — Esan duzu.

        — Ezetz.

        — Baietz.

        — Ez dut horrelakorik esan.

        — Zer esan duzu orduan?

        — Esan dut itsaso bainuak hartzera etortzen dela... horixe da esan dudana.

        — Hori bada! Eta nola hartuko ditu itsasoko bainuak itsaso ondora joan gabe?

        — Begira —esan nuen—, inoiz ikusi al duzu Congress urik?

        — Bai.

        — Eta Congressera joan behar al duzu horren bila?

        — Ez, noski.

        — Bada, William laugarrenak ere ez du itsasora joan beharrik itsas bainuak hartzeko.

        — Nola hartzen ditu orduan?

        — Hemen inguruko jendeak Congresseko ura hartzen duen bezala..., upeletan. Han Sheffileldeko jauregian labeak dituzte, eta hark ur beroa nahi izaten du. Ezingo lukete horrelako ur pila han urrutian itsasoan berotu. Horretarako tresnarik ez dute.

        — Orain ulertzen dut. Hasieran hori esan eta denbora aurreratu zenukeen.

        — Hori esan zuenean larrialditik kanpo ikusi nuen berriz neure burua, eta lasai eta gustura geratu nintzen. Ondoren, esan zuen:

        — Zu ere Elizara joaten al zara?

        — Bai... beti.

        — Non duzu eserlekua?

        — Non izango dut ba... geure aulkian.

        — Noren aulkian?

        — Gurean bada..., osaba Harveyenean.

        — Berean? Zertarako nahi du hark aulkia?

        — Gainean esertzeko. Zertarako uste zenuen beharko zuela?

        — Pulpituan izango zela uste nuen.

        Deabruak zeramala agurea! Predikaria zela ahaztu nuen. Berriro ere harrapatu ninduela konturatu nintzen, eta beste hezurra erabili nuen bitartean zerbait pentsatzeko. Gero esan nuen:

        — Arraiopola, ez duzu uste izango eliza bakoitzean predikari bat besterik ez denik?

        — Zertarako behar dituzte gainontzekoak?

        — Zertarako? ...erregearen aurrean hitz egiteko. Ez dut inoiz zu bezalako neskarik ikusi. Hamazazpitik gora dituzte.

        — Hamazazpi! Ene! Bada, nik ez nioke horrelako txirikorda luzeari entzungo, ezta horregatik aintza iritsiko ez banu ere. Astebete beharko dute.

        — Bai ta zera ere! Ez dute denek egun berean hitz egiten.... Batek besterik ez.

        — Eta, zer egiten dute gainontzekoek?

        — Oi, gauza askorik ez. Inguruan ibili, erretilua pasa..., eta antzeko gauzak. Baina bestela ez dute ezer egiten.

        — Orduan zertarako daude?

        — Itxura egiteko. Ez al dakizu ezer?

        — Ez ditut lelokeria horiek jakin nahi. Ondo hartzen al dituzte zerbitzariak Ingalaterran? Guk beltzak hartzen ditugun baino modu hobean hartzen al dituzte?

        — Ez! Zerbitzaria han ez da inor. Zakurrak baino okerrago erabiltzen dituzte.

        — Ez al dituzte jai egunik izaten, gure beltzek, Gabonetako eta Urteberriko astean, eta Uztailaren lauan izaten duten bezala?

        — Entzun ongi! Ezagun duzu ez zarela inoiz Ingalaterran izan. Begira erbiez..., begira Joanna, haiek ez dute urte hasieratik amaierara jai bakarrik ikusten; ez dira inoiz ez zirkora ez antzerkira joaten, ez beltzen emanaldietara, ez inora.

        — Eta elizara?

        — Ezta ere.

        — Baina zu beti joaten zara elizara.

        Berriro hanka sartu nuen. Agurearen zerbitzaria nintzela ahaztu nuen. Baina berehalakoan azalpen moduko batean murgildu nintzen: norbaiten laguntzaile eta zerbitzari arrunta izatea ez zela gauza bera, eta hark elizara joan beharra zuela nahi bazuen eta ez bazuen, eta familiaren ondoan eseri behar zuela, legeak gainera hala agintzen zuelako. Baina ez nuen nonbait oso ongi adierazi, eta amaitu nuenean konturatu nintzen nik esandakoak ez zuela ase. Esan zuen:

        — Indio hitza eman iezadazu ez didazula gezur pila esan?

        — Indio hitza —esan nuen.

        — Gezur bakar bat ere ez?

        — Bat ere ez. Ez dizut gezurrik esan —esan nuen.

        — Jar ezazu eskua liburu honen gainean eta esan ezazu.

        Ikusi nuen hiztegi bat besterik ez zela, eta eskua gainean jarri eta esan nuen. Orduan lasaixeago zirudien, eta esan zuen:

        — Esandako gauza batzuk sinetsiko dizkizut; baina Jaungoikoaren izenean, ez dizut gainontzekoa inola ere sinetsiko.

        — Zer ez duzu sinetsiko, Joe? —esan zuen Mary Janek, Susan atzetik zuela, gelan sartzen zen bitartean—. Ez da gizalegezkoa ez eta atsegina ere zuk mutilari horrela hitz egitea, kanpotarra izanik eta lagunak horren urruti dituelarik. Nahiko al zenuke zu horrela erabiltzea?

        — Beti gauza bera egiten duzu, Maim... beti mina hartu ez duenari laguntza eman nahian ibiltzen zara. Ez diot ezer egin. Gehiegikeria batzuk esan dizkidala uste dut; eta esan diot ez nituela denak irentsiko; eta horixe da esan dudan guzti guztia. Uste dut txikikeria hori jasan ahal izango duela, ezta?

        — Berdin zait txikia edo handia izatea, gure etxean dago eta kanpotarra da, eta itsusia da hori esatea. Zuri egokituz gero, lotsatu egingo zinateke; eta ezin zaio inori esan lotsa eraziko duen gauzarik.

        — Baina, Maim, esan du...

        — Berdin da zer esan duen..., hori ez da kontua. Zuk egin behar duzuna da modu atseginean jokatu berarekin, eta ez bere herritik eta jendartetik urrun dagoela gogora eraziko dion gauzarik esan.

        Esan nuen nirekiko: «Honelako neska bati dirua lapurtzen utzi behar al diot agure narrasti horri!»

        Gero Susan hasi zen dantzan; eta benetan esaten dizut, erbiezpaina-ri hilobitik entzuteko moduko errierta egin zion.

        Esan nuen nire artean: «Eta beste honi ere utziko al diot agureari dirua lapurtzen!»

        Gero Maryk ekin zion berriz, eta modu goxo eta maitagarrian, hark egin ohi zuen bezala, aurrera egin zuen, eta amaitu zuenerako erbiezpain gaixoak ez zuen zer esanik. Beraz garrasi eginez erantzun zuen.

        — Ederki, orduan —esan zuten beste neskek—, eska iezaiozu barkamena.

        Eta hala egin zuen. Eta oso modu ederrean gainera. Entzuteko ere oso modu atsegina zen; eta mila gezur esan nahi nizkiokeen berriro horrela hitz egin erazteko.

        Esan nuen nirekiko: «Honi ere dirua lapur diezaion utzi behar al diot?» Amaitu zuenean, denak biziki ahalegindu ziren etxean eta lagunartean egon nendin. Zital, maltzur eta nirekoia nintzela sentitu nuen, eta orduan esan nuen nirekiko: «Erabakia dut; dirua itzuliko diet edo bestela leher egingo dut».

        Orduan alde egin nuen... ohera nindoala esan nien, lehenago edo beranduago hala egingo bainuen. Bakarrik geratu nintzenean horretaz pentsatzen hasi nintzen medikuarengana joango ote nintzen ezkutuan, eta iruzurtzaileak salatu. Ez, ez litzateke egokia izango. Beharbada nork esan zion aitortuko zuen, eta orduan dukea eta erregeak astindu egingo ninduten. Mary Janengana ezkutuan joan eta esango al diot? Ez, ez nintzakete ausartuko. Haren aurpegia ikusi eta susmagarria irudituko zitzaien, ziur; dirua izanik isil isilik alde egingo zuten. Iruditzen zait, neska laguntza bila hasiz gero, ni istiluan nahastuko ninduela guztia amaitu aurretik. Ez, bide egoki bakar bat besterik ez zen. Dirua lapurtu egin behar nuen, nola edo hala; eta nire susmorik izan ez zezaketen moduan lapurtu behar nuen. Lanbide ona dute hemen; eta ez dute alde egingo familia eta herri honetatik atera nahi dutena eskuratu bitartean, beraz badut aukera egokia bilatzeko denbora nahikoa. Lapurtu eta ezkutatu egingo dut; eta handik egun batzuetara ibaian behera urruti izatean, eskutitza idatzi eta Mary Janeri dirua non ezkutatu dudan esango diot. Baina hobe gaur gauean bertan lapurtzen badut, ahal izanez gero, beharbada medikuak ez du berak adierazi duen adina etsi eta; hemendik kanpora uxa ditzake oraindik.

        Beraz, pentsatu nuen gora joan eta gelak miatuko nizkiela. Goian pasabidea ilun zegoen, baina aurkitu nuen dukearen gela, eta haztaka hasi nintzen diruaren bila eskuak luze jarrita; baina gogoratu zitzaidan ez zela erregearen izaerarekin bat zetorrena bere eskutatik urrun beste baten eskutan dirua uztea; beraz bere gelara joan eta haztaka hasi nintzen han. Konturatu nintzen ezin nuela ezer egin kandelarik gabe, baina ez nintzen ausartzen bat pizten. Orduan beste modu batera jokatzeari on iritzi nion, alegia, bikotearen zain egon, eta ezkutuan esaten zutena entzun. Ia orduantxe entzun nituen haien oin-hotsak hurbiltzen, eta ohe azpian sartzera nindoan; eskua luzatu nuen, baina ohea ez zegoen nik uste nuen lekuan, eta Mary Janen soinekoak estaltzen zituen gortina ukitu nuen. Haren atzera jauzi egin eta arropa artean txirikordatu eta izpirik ere mugitu gabe geratu nintzen bertan.

        Sartu eta atea itxi zuten; eta dukeak beste ezer egin aurretik ohe azpian begiratu zuen. Orduan poztu egin nintzen ohea nahi izan nuen garaian ez nuelako aurkitu. Eta bestalde, badakizu, gauza erraza izaten da ohe azpian sartzea ezkutuan zabiltzanean. Eseri egin ziren, eta erregeak esan zuen:

        — Eta, zer duzu? Azkar esan ezazu esan beharrekoa, hobe genuke eta behean aieneka jo eta ke aritzea, hemen goian egotea baino, gutaz hitz egin dezaten horiei aukera ematen diegularik.

        — Hauxe da, Caper. Ez nago lasai; ez nago gustura. Medikuak kezkatzen nau. Zure asmoak jakin nahi nituzke. Zerbait bururatu zait, eta uste dut ideia zuzena dela.

        — Eta, zer da, duke?

        — Hobe dugula hemendik hanka egitea, goizeko hirurak jo baino lehen, eta ibaian behera airean joatea eskuratu dugunarekin. Batez ere, kontutan hartuz zein erraz lortu dugun: eman egin digute, muturrera bota digutela esan genezake, geureganatzeko lapurtu egin beharko genuela uste genuenean. Gauzak bere horretan utzi eta desagertzearen alde nago.

        Gogogabetu egin ninduten. Zuela ordubete edo beste era batera izan zatekeen, baina orduan hark lur jota utzi eta gogogabetu ninduen. Erregeak bere onetik aterata esan zuen:

        — Zer? Eta gainontzeko ondasunak saldu gabe utzi? Inozoak bezala alde egin, eta zortzi edo bederatzi mila dolar balio duten ondasunak hor botata utzi beste batek jasotzeko prest?... Gauza onak dira gainera eta erraz saltzeko modukoak.

        Dukea marmarka aritu zen; esan zuen urre zorroa nahikoa zela, eta ez zuela gehiago sartu nahi..., ez ziela umezurtz horiei zeukaten guztia lapurtu nahi.

        — Baina, zer diozu! —esan zuen erregeak—. Ez diegu diru hau besterik lapurtuko. Ondasunen erosleek jasango dituzte kalteak, izan ere, gureak ez direla jakin orduko, eta hori guk alde egin eta berehala gertatuko da, salmentak ez du baliorik izango, eta lehengo eskuetara itzuliko da dena. Umezurtz horiek etxea berreskuratuko dute, eta horrekin nahikoa dute; gazteak eta neska bizkorrak dira, eta erraz atera daitezke aurrera. Ez dute kalterik izango. Milaka eta milaka dira horiek baino okerrago bizi direnak. Zer arraio, ez dute kexuka ibiltzeko arrazoirik.

        Erregeak bestea zoratu arte hitz egin zuen; eta hark azkenean amore eman behar izan zuen, eta baiezkoa eman, baina esan zuen zorakeria galanta zela han geratzea, medikua beren atzetik izanik. Baina erregeak esan zuen:

        — Kaka zaharra medikua! Zergatik kezkatu behar dugu horregatik? Ez al ditugu herriko tentel guztiak gure alde? Eta ez al da edozein herritan gehiengo nahikoa?

        Eta hala behera itzultzeko prest zeuden. Dukeak esan zuen:

        — Ez dut uste diru hori leku egokian jarri dugunik.

        Horrek suspertu ninduen. Pentsatzen hasia nintzen inongo aztarna lagungarririk ez nuela izango. Erregeak esan zuen:

        — Zergatik?

        — Mary Jane hemendik aurrera beltzez jantzita ibiliko delako, eta berehala gelak atontzen dituen zerbitzari beltzari aginduko diote arropa horiek bildu eta gorde ditzan; eta zuk uste duzu beltz batek dirua topatuz gero ez lukeela zerbait hartuko?

        — Burua lehengo lekuan duzu berriz, duke —esan zuen erregeak—; eta gortina atzean ni nengoen lekutik metro erdira edo eskua luzatu eta zerbaiten bila hasi zen. Hormaren kontra estu-estu jarri, eta ez nintzen mugitu, dardarka nengoen arren; eta neure buruari galdegiten nion zer esango ote zidan bikote hark ni harrapatuko banindu. Baina erregeak zorroa hartu zuen nik burutapen erdia amaitu baino lehenago, eta ez zuen ni han nenbilela susmatu. Hartu eta zorroa ohearen lumatxaren azpiko lastairaren zulotxo batetik sartu zuten, eta metro erdia edo sartu zuten lasto artean barrurantz, eta esan zuten han ongi egongo zela, beltzak lumatxa atondu eta lastairari urtean behin edo bitan besterik ez ziola buelta emango, eta handik lapurtua izateko arriskurik ez zela.

        Baina nik banekien ordea. Bikotea eskaileren erdira iritsi baino lehenago atera nuen zorroa lastairatik. Ilunpetan igo nintzen nire gelatxora, eta han ezkutatu nuen beste nonbait gordetzeko aukera hobea izan bitartean. Iruditu zitzaidan hobe izango zela dirua etxetik kanpo ezkutatzea, horiek dirua falta zela konturatuz gero etxea goitik behera miatuko zutelako. Ziur nengoen horretaz. Gero arropak jantzita oheratu nintzen; baina nahi izanez gero ere ezingo nukeen loak hartu, irrika bizian nengoen eta lana amaitzeko. Beranduago erregea eta dukea gorantz zetozela entzun nituen; koltxoi gainean zilipurdi egin eta handik jaitsi nintzen, eta etzanda geratu nintzen zer gertatuko ote zen ikusteko, kokotsa eskaileraren azken mailan jarrita nuelarik. Baina ez zen ezer gertatu.

        Eta hala geratu nintzen azken hotsak isildu ziren arte, eta goizeko hots berriak oraindik hasi ez zirenean, eskaileran behera isil isilik jaitsi nintzen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia