Hogeita bosgarren atala

 

        Berria bi minututan zabaldu zen herri osoan, eta jendea korrika zetorrela ikus zitekeen, nonahitik, eta batzuek bidean berokiak janzten zituzten. Berehala jendetzaren erdian geratu ginen, eta oin zapalaldien hotsak soldaduen ibilaldia zirudien. Leiho eta atariak beteta zeuden; eta minuturo norbaitek esaten zuen hesi baten gainetik:

        — Etorri al dira?

        Eta taldean korrika zihoan batek erantzun eta esaten zion:

        — Bai horixe.

        Etxera iritsi ginenean, aurreko kalea jendez beteta zegoen, eta hiru neskak ate ondoan zutik zeuden. Mary ile gorria zen, baina horrek ez zuen garrantzirik, oso polita zen, eta haren aurpegi eta begiek aintzaren distira zuten. Oso pozik zegoen osabak iritsi zirelako. Erregeak besoak zabaldu zituen, eta Mary Jane presaka hurbildu zitzaion, eta erbiezpaina zuenak dukearengana jauzi egin zuen, eta han elkartu ziren! Ia jende guztiak, batez ere emakumezkoek, azkenean elkartu zirela eta halako gustura zeudela ikustearen pozaz negar egin zuten.

        Gero erregeak dukeari bultza egin zion, ezkutuan, —nik ikusi nuen, bai— eta gero inguruan begiratu eta hilkutxa ikusi zuen, bazter batean bi aulkien gainean. Orduan dukea eta biak, eskua bata bestearen bizkarrean jarrita, eta beste eskuak begietan zituztelarik, poliki eta ospetsuen eran hurbildu egin ziren. Jendeak atzera egiten zuen lekua uzteko, eta hizketa eta hots guztiak isildu ziren. Jendeak Xoo! esaten zuen eta gizonezkoek sonbreiruak kendu eta burua makurtzen zuten, eta orratz bat lurrera erortzen ere entzun zitekeen. Hilkutxa ondora iritsi zirenean, haren ondoan makurtu eta barrurantz begiratu zuten, begiratu azkarra eman ziguten, eta negarrez plust hasi ziren, horien algarak Orleansetik ere entzun zitezkeelarik; eta gero besoak bata bestearen lepo inguruan jarri zituzten, eta kokotsak bata bestearen bizkar gainean; eta hiru edo beharbada lau minututan, inoiz bi gizon negarrez ikusi ez nituen bezala malkoak zeriela ikusi nituen. Eta egia esan, denek gauza bera egin zuten, eta lekua hezea geratu zen nik inoiz ikusi ez dudan bezala. Orduan horietako bat hilkutxaren alde batean jarri zen, eta bestea beste aldean, eta belaunikatu eta kopetak hilkutxaren gainean jarri zituzten, eta beren buruarentzat errezatzen arituko balira bezala itxura egin zuten. Hori egin zutenean, jendea bereganatu zuten ez sinesteko moduan, eta ezin izan zioten eutsi eta negar zotinka hasi ziren ozen ozenki, neska gaixoak ere bai; eta emakumeak bana banan, hurbiltzen zitzaien neskei, hitzik esan gabe, eta musa ematen zieten poliki-poliki, eta gero eskua buruan jarri, eta gorantz begiratzen zuten zerura, malkoak aurpegian behera irrist eginez, eta gero negarrez hasi eta zotinka alde egiten zuten aurpegia igurtziz, eta hurrengo emakumeari txanda uzten zioten. Ez dut inoiz gauza gogaikarriagorik ikusi.

        Geroxeago erregea zutitu, eta aurrerantz etorri zen pixka bat, berotu egin zen eta lerdea zeriola hitzaldia bota zuen, negar malkoz beteta eta tontakeriak esan eta esan; berak eta anaiak hildakoa galdu eta jasan behar izan zuten froga gogor horretaz, eta hildakoa —eri datzana esaten zuen erregeak— bizirik ikusteko aukerarik izan ez zutela, lau milatako bidaia egin ondoren, baina auzi hori eztitu eta santu bilakatzen zela erruki zintzo eta malko santu haiekin, eta horregatik eskerrak eman zizkien bere eta anaiaren bihotz barnetik, ahotik ezin baitzuen, hitzak ahulak eta hotzegiak baitziren, eta antzeko tontakeria eta samurkeriak, egoera ia gaixorik jartzeko modukoa egin zen arte; eta gero negar malkoen artean on itxurako Amen errukiorra esan zuen, eta berriro negarrari ekin zion ia lehertu arte.

        Eta hitz horiek ahotik atera orduko jende arteko norbait doxologia abesten hasi zen, eta denak elkartu zitzaizkion indar guztiz. Horrek indartu egiten zintuen eta elizatik ateratzean bezain ongi senti erazten. Gauza ona da musika; eta horrenbesteko gurin izpirituala eta zikinkeria guzti horien atzetik, ez nuen inoiz ikusi musika horrelako freskotasuna sortzeko gai zenik, eta horren hots zintzo eta aparta zuenik.

        Gero erregeak berriro eragin zion masail hezurrari, eta esan zuen bera eta ilobak poztu egingo zirela etxeko lagun handienak gau horretan beraiekin afaritara geratuko balira, hildakoaren errautsei bela egiteko. Esan zuen han zetzan anaia gizajoak hitz egin ahal izango balu, bazekiela zein izen esango zituen, oso izen maiteak zituelako, eta eskutitzetan askotan aipatzen zituelako; eta horiexek aipatuko zituela berak, alegia, ondorengo horiek: Hobson jaun apaiza, Lot Hovey diakonoa, Ben Rucker jauna, Abner Shackleford, Levi Bell, eta Robinson doktorea, beraien emazteak, eta Bartley alarguna.

        Hobson jaun apaiza eta Robinson doktorea herniaren beste muturrean zeuden, elkarrekin ehizan; alegia, doktorea gizon gaixo bat beste mundura bidaltzen ari zen, eta predikariak nondik joan behar zuen esaten zion. Bell abokatua Louisvillera joana zen traturen bat egitera. Baina gainontzekoak aurrean zeuzkan, eta erregearengana hurbildu, eta eskua eman zioten, eta eskerrak eman eta harekin hitz egin ere bai; ondoren dukeari eman zioten eskua, eta ez zioten ezer esan, irribarrez begiratu eta buruari eragin besterik ez babalore pilo baten antzera, besteak eskuak mugitu eta horien bidez keinuak egiten zituen bitartean, denbora guztian «Taa..ta..ta..ta..» esanez, hitz egiten ez dakien haurrak egiten duen bezala.

        Erregeak aurrera egin zuen tontakeriak esan eta esan, eta herriko guztiengatik galdegitea lortu zuen, baita zakurrengatik ere, beren izenez, eta garai batean edo bestean herrian, edo Georgeren familiari, edo Peterri gertatutako era guztietako gertakizun txikienak aipatu zituen; eta beti adierazten zuen Peterrek idatzitakoak zirela, baina hori gezurra zen; gauza guzti horiek baporeraino kanoan eraman genuen gazte txoriburu harengandik atera zituen.

        Orduan Mary Janek aitak utzitako eskutitza ekarri zion, eta erregeak irakurri eta haren gainean negar egin zuen. Etxea eta hiru mila dolar urretan uzten zituen neskentzat; eta larru-apaindegia (lantegi bikaina zelarik), beste etxe eta lurrekin batera (zazpi mila edo balio zutelarik), eta hiru mila dolar urretan Harvey eta Williamentzat, eta esku dirutan utzitako sei mila horiek sotoan non zeuden ezkutaturik esaten zuen. Iruzurtzaileek esan zuten jaitsi eta dirua ekarriko zutela; gauza guztiak zuzen eta garbi egingo zituztela, eta kandela bat hartu eta beraiekin joateko esan zidaten. Sotoan sartu ondoren atea itxi genuen, eta zorroa ikusi zutenean dirua lurrera bota eta hustu egin zuten. Ikuskizun ederra zen ale hori guzti horiek ikustea. Ene, nolako distira zuten erregearen begiek! Dukeari bizkarrean zapla-zapla eman zion, eta esan zuen:

        — Ez omen zen aparta, ez eta ezer ere! Ez, ez, ez dut uste! Bada, Billy, honek Erregetasun Berdingabeari jo eta pasa egiten dio, ez al da hala?

        Dukeak baietz adierazi zuen. Txanpon ale horiak eskuka erabili zituzten, eta hatz tartean irristatzen utzi eta txintxin eginez lurrera bota zituzten; eta erregeak esan zuen:

        — Ez dugu zertan eztabaidan ibili beharrik; hildako gizon aberats baten anaiak izanik, eta utzi dituen oinordekoen atzerriko ordezkariak, zure eta nire lanbidea dugu, Bilge. Honako hau Goikoaren Probidentzian sinesteagatik etorri zaigu. Hori da biderik onena, epe luzean. Bide asko ezagutu ditut, baina ez da hori baino hoberik.

        Gehienentzat nahikoa izango litzateke diru pila ikustea, eta itsu-itsuan onartuko lukete; baina ez, horiek zenbatu egin behar zuten. Zenbatu, eta laurehun eta berrogeita hamar dolar falta zirela ikusi zuten. Esan zuen erregeak:

        — Agure madarikatua, zer egingo ote zuen laurehun eta berrogeita hamar dolar horiekin?

        Pixka batean kezkaturik ibili ziren horrengatik, eta bazter guztiak arakatu zituzten diruaren bila. Gero esan zuen dukeak:

        — Gaixorik zegoen gizona izanik, ez da harritzekoa akatsik egin izana... hori gertatuko zitzaiola uste dut. Onena izango da dagoen horretan utzi, eta ezer ez esatea. Hori gabe ere ibil gaitezke.

        — Oi, demontre, bai, ibil gaitezke. Horrek ez nau kezkatzen... kontuan ari naiz pentsatzen. Zuzen, bidezko eta garbi azaldu behar dugu hemen, zera. Diru hau gora eraman behar dugu eta denen aurrean zenbatu, gauza susmagarririk izan ez dadin. Eta hildakoak esaten badu sei mila dolar daudela, jakina, ez dugu nahi...

        — Egon pixka bat —esan zuen dukeak—. Defizita ordain dezagun —eta poltsikotik txanponak ateratzen hasi zen.

        — Burutapen aparta izan duzu, duke. Buru argia duzu —esan zuen erregeak—. Arraioa Berdingabeak ez badigu berriro laguntza eman —eta txanpon horiak atera eta pilatzen hasi zen.

        Ia xentimorik gabe geratu ziren, baina sei mila garbi-garbi bildu zituzten.

        — Aizu —esan zuen dukeak—, beste zerbait bururatu zait. Goazen gora eta zenbatu dezagun dirua, eta gero hartu eta neskei eman diezaiegun.

        — Ene Jainkoa, duke, utz iezadazu besarkatzen! Gizon bati inoiz bururatu zaion ideiarik liluragarriena izan duzu. Inoiz ikusi dudan bururik harrigarriena duzu benetan. Ene, trikimailu aparta da, ez du inolako akatsik. Susmo txarrak har ditzatela orain nahi badute... honek utziko ditu lur jota, honek.

        Gora joan ginenean, denak mahai inguruan bildurik zeuden, eta erregeak dirua zenbatu eta pilaturik jarri zuen, hirurehun dolar pilako, hogei pilatxo dotore. Denak goseturik begira geratu ziren, eta ezpainak miazkatu zituzten. Gero zorroan sartu zituzten berriz, eta erregea harro-harro puzten ikusi nuen beste hitzaldia botatzeko. Esan zuen:

        — Lagunok, hor datzan nire anaia gizajoa, eskuzabala izan da hemen, negar-ibarrean utzi gaituenokin. Eskuzabala izan da horiekin, ardi txiki gaixo horiekin, maite eta zaindu izan dituen ardi txiki gaixo horiekin, aitazurtz eta amazurtz geratu diren horiekin. Bai, eta ezagutu genuenok, badakigu eskuzabalagoa izango zela horiekin, bere William maiteari eta niri min emateko beldurrik izan ez balu. Ez al da hala? Ez dut zalantzarik batere nire baitan. Eta, orduan, zer nolako anaiak lirateke bidean oztopo egingo lioketenak honelako une batean? Eta zer nolako osabak izango lirateke ardi otzan gaixo horiei lapurtu, bai, lapurtu, egingo lieketenak honelako une batean? William ezagutzen badut, eta ezagutzen dudala uste dut,... berak... baina, galdetu egingo diot —jira egin zuen, eta eskuak mugitu eta dukeari keinu pila egiten hasi zitzaion; eta dukea hari begira geratu zen tenteldurik eta txepeldurik, gero halako batean bazirudien ulertu zuela esan nahi ziona, eta erregearen ondora jauzi egin zuen, taa..ta..ta.. esanez pozaren pozez eta indar guztiz. Hamabost aldiz besarkatuko zuen gutxienez askatu baino lehen—. Gero erregeak esan zuen: «Banekien; uste dut horrek garbi utziko duela edonorentzat zer pentsatzen zuen horretaz. Hona hemen, Mary Jane, Susan, Joanna, har ezazue dirua, har ezazue guztia. Hor, hotza baina pozik, datzanaren oparia duzue.

        Mary Jane erregearengana hurbildu zen, Susan eta erbiezpaina dukearengana, eta orduan inoiz ikusi ez ditudan besarkada eta musuak izan ziren. Eta denak hurbildu zitzaizkien malkoak begietan, eta gehienek eskua eman zieten iruzurtzaileei, eten gabe esaten zutelarik:

        — Zuek zarete, zuek, arima zintzoak! Bai gauza ederra dela! Nola egin dezakezue!

        Gero, handik tarte txiki batera han zeudenek berriro ekin zioten hildakoari buruz hitz egitera, ona tela benetan, nolako galera izan zen, eta guzti hori; eta geroxeago bidea egin eta masail hezur burdin antzekoak zituen gizon handi bat sartu zen, eta entzuten eta begira geratu zen, ezer esan gabe; eta era berean berari ere inork ez zion ezer esan, erregea hizketan ari baitzen eta denak arretaz ari baitziren entzuten. Erregea lehenago hasitako beste zerbaiten erdi erdian ari zen:

        — ...horiek izan dira eri datzanaren lagunik minenak. Horregatik gonbidatu ditugu gaur gauean; baina bihar denak etortzea nahi dugu, jende guztia; jende guztiari begirunea zion hark eta, jende guztia maite zuen, eta horregatik on deritzogu bere hileta orgiak jendaurrean egiteari.

        Eta aurrera egin zuen zerura begira eta gauzak asmatzen, gustura bere buruari hizketan entzunez, eta behin eta berriz ateratzen zuen hileta orgiena, dukeak azkenean gehiago jasan ezin izan zuen arte; orduan paper puska batean idatzi zion, «Elizkizunak, zoro alaena», tolestatu eta taa..taa esanez hurbildu zitzaion eta papera jendearen buruen gainetik eman zion. Erregeak irakurri, eta poltsikoan sartu zuen, eta esan zuen:

        — William gizajoa, bera gaixorik dagoen bezala egonda ere, bihotza osasuntsua du. Eskatzen dit hiletetara denak gonbidatzea, ...nik denei ongietorria ematea nahi du. Baina ez du zertan kezkatu beharrik... horretan ari nintzen, hain zuzen ere.

        Gero zeharka-meharka ibili zen, lasaitasun osoz, eta hitzetik hortzera hasi zen berriz hileta orgiak aipatzen, lehenago egin zuen bezalaxe. Eta hirugarren aldiz egin zuenean, esan zuen:

        — Orgiak esan dut, ez hitz arrunta delako, ez baita hala, elizkizunak da izen arrunta, hitz zuzena delako baizik. Elizkizunak ez da jadanik Ingalaterran erabiltzen, modan ez dago. Ingalaterran orain orgiak esaten dugu. Orgiak esatea hobe da, esan nahi duzuna zehatzago esaten baitu. Grekerako orgo hitzetik dator, eta kanpoa, irekia, zabalik esan nahi du; eta jeesum hebreerako hitzetik, landatu, estali; alegia, lurperatu. Beraz, ikusten duzue, hilera orgiak hileta ireki edo jendaurrekoak dira.

        Ez dut gizon hori baino okerragorik inoiz topatu. Burdin antzeko masail hezurrak zituen gizonak barre egin zion aurrez aurre. Denak harriturik zeuden. Denek zioten: «Baina, doktore!» eta Abner Shacklefordek esan zuen:

        — Baina, Robinson, ez al duzu berririk izan? Harvey Wilks dago—:

        Erregeak lehiatsu irribarre egin zuen, eta atzaparra luzatu zion, eta esan zuen:

        — Gure anaia gizajoaren lagun on era medikua al zara? Ni...

        — Ken itzazu esku horiek gainetik! —esan zuen doktoreak—. Ingelesek bezala hitz egiten duzu zuk, ezta? Inoiz entzun dudan imitaziorik okerrena da zurea. Peter Wilksen anaia zu? Lapur galanta, horixe zara zu!

        Orduan bai haserretu zirela denak! Medikuaren inguruan bildu ziren, eta isil erazi nahi zuten, eta azaldu, eta esan nahi zioten Harveyk mila modutara garbi utzi zuela Harvey zela, eta denak izenez ezagutzen zituela, baita zakurrenak ere, eta erregutu zioten behin eta berriz Harveyren eta neska gaixoen bihotza ez mintzeko, eta abar; baina alferrik aritu ziren, su eta gar aurrera egin zuen, eta esan zuen ingelesa zela sinets erazi nahi zuen edonork, ez bazion hizkeraren antza hark egiten zuena baino hobe ematen, gezurti eta iruzurtzailea besterik ez zela. Neska gaixoak erregearen besotik zintzilik zeuden eta negarrez ari ziren; eta halako batean doktorea beraiei zuzendu zitzaien. Esan zuen:

        — Zuen aitaren laguna nintzen, eta zuen laguna naiz; eta lagunek, eta lagun zintzoek, egiten duten bezala aholku emango dizuet, kalte eta arazoetan ez nahasteko zaindu nahi zaituztedalako; lotsagaldu hori alde batera utzi, eta ez nahastu ezertarako berarekin, alfer-handi eskola-gabe horrekin, berak esaten duen bezala greziera eta hebreera txatxu horiekin. Iruzurtzaile traketsenetakoa da, hemen azaldu da nonbaitetik jasotako izen eta gauza zentzugabe pila ekarrita, eta zuek frogak direla diozue, eta honako lagun zoro hauek, bide zuzena zein den jakin beharko luketelarik, gezurrak sinets erazten laguntzen dizuete. Mary Jane Wilks, badakizu laguna nauzula, eta lagun berekoia ez dena gainera. Orain entzun iezadazu ongi; bidal ezazu hemendik zital penagarri hori... mesedez eskatzen dizut hori egin dezazun. Egingo al duzu?

        Mary Jane tente jarri zen, eta, ene, bai edema zela! Esan zuen:

        — Hemen duzu nire erantzuna —diruaren zorroa altxa eta erregearen eskutan jarri zuen, eta esan zuen—: har itzazu sei mila dolar hauek eta erabil itzazu nire eta nire ahizpen izenean zeuk nahi duzun moduan, eta horren ordainagiririk ez eman.

        Gero besoa jarri zion erregeari inguruan haren aldamenetik, eta Susan eta erbiezpainak gauza bera egin zuten beste aldetik. Denek txalo egin zuten eta ekaitza balitz bezala lurrean danba-danba oinei eragin zieten, erregeak burua tente jarri eta harro-harro irribarre egiten zuen bitartean. Doktoreak esan zuen:

        — Ederki, nik eskuak garbi ditut arazo honetan. Baina aditzera ematen dizuet etorriko dela garaia, eta orduan gaixotu egingo zaretela gaurko honetan pentsatuko duzuen bakoitzean —eta joan egin zen.

        — Ederki, doktore —esan zuen erregeak, adarra jo nahiko balio bezala—, zure bila joango gara sendatu ahal izateko —horrek barre egin erazi zien guztiei, eta esan zuten primerako ateraldia izan zuela.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia