Hogeita laugarren atala

 

        Hurrengo egunean, iluntze aldera, ibai erdian zegoen hondar pila bateko sahats baten azpian lotu genuen ontzia, ibai bazterrak alde bakoitzean herri bat zuelarik. Dukea eta erregea herri horietan jarduteko plana hasi ziren eratzen. Jim dukeari zuzendu zitzaion, eta esan zion espero zuela ordu batzuk besterik ez zituztela beharko, gogorra eta aspergarria egiten baitzitzaion egun osoa kanpadenda barruan sokaz lotuta egon beharra. Badakizu, bakarrik uzten genuenean lotu egin behar izaten genuen, izan ere, norbaitek lotu gabe aurkitzen bazuen, ez zion beltz iheslariaren itxurarik ikusiko. Dukeak esan zuen neketsua zela egun osoa lotutik egon beharra, eta zerbait asmatuko zuela hori egin behar ez izateko.

        Dukeak buru argia zuen oso, eta berehala zerbait bururatu zitzaion. Jimi Lear Erregearen arropak jantzi eta horrela mozorrotu zuen, alegia, gortinetarako perkalezko soineko luzea, eta zaldi zuriaren ilezko bizar eta ileordea. Gero antzerkiko pintura hartu eta Jimen aurpegia, eskuak, belarriak eta lepoa ongi zabaldutako urdin kolore ilunez estali zizkion, bederatzi egun itota eman dituen gizon baten antzera. Haizeak naramala, hori ez baldin bazen inoiz ikusitako ikuskizunik ikaragarri eta asaldagarriena. Gero dukeak ohol txiki bat hattu eta honela idatzi zuen bertan:

 

Arabiarra gaixorik. Ez du ezer egiten bere onetik aterata ez dagoenean.

 

        Eta ohol txikia langa batean iltzatu,zuen eta langa dendaren aurrean bi metrotara edo jarri zuen. Jim pozik zegoen. Esan zuen askoz hobea zela hori lotuta eta etzanda egon beharra baino egunero bi urte luzez, eta dardarka hastea baino hots bat entzuten zuen aldiro. Dukeak esan zion lasai eta patxadan egoteko, eta norbait inguruan zebilela sumatzen bazuen, kanpadendatik jauni egin eta ateratzeko, eta uluka jarduteko behin edo bitan animalia basati baten eran; eta hala uste zuela bakarrik utzi, eta alde egingo ziotela. Zentzuzko ideia zen hori, baina edozein gizon ez litzateke haren uluen zain geratuko. Hark ez baitzuen hildakoaren itxura soilik, are itxura okerragoa zuen.

        Alfer-handi horiek Erregetasuna Berdingabea nahi zuten berriz antzeztu, diru pila irabazi baitzuten, baina arriskutsuegia zela iruditu zitzaien, beharbada ordurako berriak bertaraino iritsiak izan zitezkeelako. Ezin zuten erabat asetzen zituen planik asmatu, eta azkenean dukeak esan zuen joan egingo zela eta burmuinak ordubetez edo lanean jarriko zituela Arkansaseko jendearentzat zerbait presta zezakeen ikusteko. Erregeak adierazi zuen beste herrira joango zela bera, batere planik eraman gabe, Goikoaren Probidentziak —deabruarenak esan nahi zuela, uste dut— bide zuzenetik eramango zuelako uste osoan. Denok jantzi berriak erosi genituen azken herrian; eta orduan erregeak bereak jantzi zituen, eta nireak janzteko esan zidan. Hori egin nuen, noski. Erregearen jantziak beltz beltzak ziren, eta dotore eta tantaia zirudien benetan. Orduan konturatu nintzen erropek jendea nola alda zezaketen. Ordura arte zahar zital gaiztoena zirudien, baina orduan txistera berri zuria kendu eta burua makurtzen zuenean, handiki, on eta santu itxura zuen, eta esango zenuke arkatik atera berria zela, eta Levitiko zahar berbera zela. Jimek kanoa garbitu, eta nik arrauna prestatu nuen. Bapore handia zegoen ibaian gora bazterrean loturik lurmuturra baino beherago, herrira iritsi baino hiru mila edo lehenago; ordu pare bat zeramatzan han, zamaketan. Esan zuen erregeak:

        — Nire janzkera ikusirik, uste dut hobe izango dela St. Louis edo Cincinnatitik iritsi berria izatea, edo beste leku handi horietako batetik. Goazen baporerantz, Huckleberry; horko ontzi horretan iritsiko gara herrira.

        Ez zidaten bi aldiz esan behar, bapore batera igotzeko asmoz aurrera egiteko. Herrira iritsi baino mila bat lehenago ibai bazterrera hurbildu nintzen, eta gero azkar-azkar joan ginen ibai bazter harritsuaren ondotik ur geldoetan barrena. Berehala topo egin genuen begirada atsegin eta inozoa zuen mendialdeko gazte batekin, egur baten gainean eserita aurpegiko izerdia lehortzen ari zelarik, izan ere, eguraldi beroa egiten zuen oso; eta tapiz oihalezko bi poltsa zituen ondoan.

        — Hurbildu branka lehorrerantz —esan zuen erregeak. Nik hori egin nuen—. Nora zoaz gazte?

        — Baporera, Orleansera joateko.

        — Igo ontzira —esan zuen erregeak—. Nire zerbitzariak lagunduko dizu poltsak igotzen. Jauzi egin eta lagundu jaun horri, Adolphus —hori niri esaten zidala zirudielarik.

        Hala egin nuen, eta hirurok abiatu ginen berriz. Mutil gazteak eskerrak eman zizkigun benetan; esan zuen lan astuna zela ekipaiaren zama eraman behar izatea eguraldi bero hartan. Erregeari nora zihoan galdegin zion, eta erregeak erantzun zion ibaian behera zihoala beste herrian goizean bertan lehorreratzeko, baina lehenik mila batzuk gorantz zihoala han goiko etxalde bateko lagun zahar bat ikustera. Gazteak esan zuen:

        — Hasieran ikusi zaitudanean, esan dut nire artean: «Wilks jauna izan behar du, ziur, eta ia garaiz iristeko zorian egon da.» Baina gero esan dut berriz: «Ez, ez da izango, bestela ez litzateke ibaian gora arraun egiten arituko.» Ez zara bera izango, ezta?

        — Ez, Blodgett dut izena, Elexander Blodgett, Elexander Blodgett apaiz jauna, uste dut esan beharko nukeela, Jaungoikoaren seme xumeetako bat naizenez gero, baina ni ere nahigabeturik nago Wilks jauna ez delako garaiz iritsi, atzerapenak zerbait egitea eragotzi badio..., gertatuko ez ahal da, baldinbait!

        — Galdu, ez du ondasunik galdu, edozein modutara ere eskuratuko dituelako; baina Peter anaia hiltzen ikusteko aukera galdu du, eta horrek axola dion edo ez dion ezin du inork jakin, baina anaiak mundu honetako edozer gauza eman zukeen hil baino lehen hura ikusi ahal izateko; beste ezer ez du esan azken hiru aste hauetan. Mutil gazteak zirenez gero, ez dut uste elkar ikusi zutenik, eta William beste anaia ez dut uste inoiz ikusi zuenik, anaia gormutua da hori, eta Williamek ez ditu hogeita hamar edo hogeita hamabost urte baino gehiago izango. Peter eta George ziren ona etorri ziren anaia bakarrak. George ezkonduta zegoena zen, eta bera eta emaztea iaz hil ziren. Harvey eta William besterik ez dira geratzen; eta, esan dizudan bezala ez dira garaiz iritsi.

        — Inork dei egin al zien?

        — Bai, noski; duela hilabete edo, Peter gaixotu zenean, Peterrek esan baitzuen iruditzen zitzaiola orduko hartan ez zela sendatuko. Badakizu, zahar xamarra zen, eta Georgen alabak gazteegiak ziren berarekin egoteko, Mary Jane kaska gorria alde batera utzita; beraz bakarrik geratu zen George bere emaztea hil ondoren, eta ez zirudien bizirik irauteak gehiegi axola zionik. Harvey ikusi nahi zuen beste ezer baino gehiago, eta dirudienez William baita ere, hilburukoa egitea eraman ezin duten horietakoa baitzen. Harveyentzat eskutitz bat utzi zuen, esan zuen bertan zioela dirua non gorde zuen, eta ondasunak nola banatu nahi zituen, Georgeren alabak behar zutena izan zezaten, Georgek ez baitzien ezer utzi. Eta eskutitz hori sinatzea izan zen harengandik lortu zuten gauza bakarra.

        — Zergatik uste duzu ez dela Harvey etorri? Non bizi da?

        — Ingalaterran bizi da, Sheffielden, predikaria da bertan, ez da inoiz herrialde honetan izan. Denbora nahikoa ez du izan, eta agian ez du eskutitza oraindik jaso, badakizu.

        — Hori pena, hori pena hil baino lehen anaiak ikusteko aukerarik ez izatea, gizajoa. Orleanserantz zoazela esan duzu, ezta?

        — Bai, baina bidaiaren zati bat besterik ez da hori. Ontzi bat hartu eta datorren asteartean Rio de Janeirora noa, osaba han bizi da eta.

        — Bidaia luze xamarra da, baina gustura egingo nuke nik. Mary Jane al da zaharrena? Zenbat urte dituzte besteek?

        — Mary Janek hemeretzi, Susanek hamabost, eta Joannak hamalau edo, hori da jendeari laguntzeko ekintza onak egiten dituena, eta erbiezpaina duena.

        — Gaisoak! Mundu gogor onetan bakarrik bizi beharra ere.

        — Beno, okerragoa ere izan zitekeen. Peter zaharrak lagunak zituen, eta ahaleginak egingo dituzte kalterik jasan ez dezaten. Hay Hobson, predikari baptista, Lot Hovey diakonoa, Ben Rucker, Abner Shackleford, eta Levi Bell abokatua dira; eta Robinson doktorea, eta horien emazteak, Bartley alarguna, eta... beno, asko dira; baina horiek dira Peterren lagun minenak, eta horietaz idazten zuen, etxera bidaltzen zituen eskutitzetan; beraz Harveyk jakingo du lagunak non bilatu herrira iristen denean.

        Agureak galderak egin eta egin aurrera jo zuen gazteari ahal izan zuen guztia atera zion arte. Eta hark bai galdetu ziola herri bedeinkatu horretako jende eta gauza guztiei buruz, eta Wilkstarren berri; eta Peterren lanari buruz, larru-ontzailea zelarik lanbidez, eta Georgeri buruz, arotza beste hau, eta Harveyri buruz, apaiz disidentea berau, eta abar, eta abar. Gero esan zuen:

        — Zergatik zoaz oinez itsasontziraino?

        — Orleanseko bapore handia delako, eta beldur nintzelako ez zuela herrian geldituko. Oso beteta daudenean ez dute bidaiari batengatik gelditu nahi izaten. Cincinnatiko ontziek bai geldituko lukete, baina hori St. Louisekoa da.

        — Peter Wilks aberatsa al zen?

        — Bai, nahikoa aberatsa zen. Etxeak eta lurrak zituen, eta jendeak uste du hiru edo lau mila utzi dituela dirutan nonbait ezkutaturik.

        — Noiz esan duzu hil zela?

        — Ez dizut esan, baina bart gauean izan zen.

        — Hiletak bihar izango dira ziur aski?

        — Bai, eguerdi aldera.

        — Bai, oso gogorra da, baina denok dugu noizbait joan beharra, lehenago edo beranduago. Eta gure eginbeharra da prestatuak egotea; orduan lasai egongo gara.

        — Bai, jauna, horixe dugu modurik onena. Gure amak beti horixe esaten zuen.

        Ontzira iritsi ginenean, zamaketa lana bukatzen ari zen, eta berehala atera zen. Erregeak ez zuen ezer esan ontziratzeaz, beraz bertaraino iritsi ondoren ibilaldia galdu nuen. Ontziak alde egin eta gero, erregeak beste mila bat arraun egin erazi ninduen gorantz leku lasai batera iritsi arte, gero lehorrera jauzi egin zuen eta esan zidan:

        — Orain azkar joan, eta ekar ezazu dukea hona, eta tapiz oihalezko poltsa berriak ere bai. Eta beste aldeko ibai bazterrera joan baldin bada, bertara jo eta ekar ezazu hona. Eta esan nolanahi ere ongi jantzita etortzeko. Joan azkar.

        Banekien zertan zebilen, baina ez nuen ezer esan, noski. Dukearekin itzuli nintzenean, kanoa ezkutatu eta enbor baten gainean eseri ziren, eta erregeak mutilak esandako guztia errepikatu zion hari, kontaketaren hitz guzti guztiak. Eta esaten ari zitzaion bitartean, ingelesa balitz bezala hitz egiten ahalegindu zen; eta ongi egiten zuen gainera, hura zen alfer-handia izateko. Ezin dut haren tankeran hitz egin, eta ez dut ahaleginik ere egingo, baina benetan ederki egiten zuen. Gero esan zuen:

        — Zer moduz egingo zenuke gormutuarena, Bilgewater?

        Dukeak esan zion lasai egoteko; antzerki historikoetan gormutuarena egin zuela. Eta halaxe bapore baten zain geratu ziren.

        Arratsalde erdian edo ontzi txiki pare bat igaro ziren, ez zetozen ordea ibaian behera nahikoa urrutitik, baina azkenean etorri zen handi bat, eta keinuak egin zizkioten gelditzeko. Iola bidali zuen, eta ontziratu ginen. Cincinnatikoa zen, eta konturatu zirenean lau edo bost mila besterik ez genituela egin nahi, su eta gar jarri ziren, birao egin zuten, eta ez gintuztela lehorrean utziko esan ziguten. Baina erregea lasai zegoen. Esan zuen:

        — Jaun batzuek milako dolar bana ordain badezakete, iola batean ontziratu eta ontzi gainetik lehorreratuak izateko, baporeak eraman ahal izango ditu, ezta?

        Horrela baretu ziren pixka bat eta baietz esan zuten; eta herrira iritsi ginenean, iolan eraman gintuzten ibai bazterrera. Dozena pare bat gizon bildu ziren iola hurbiltzen ikusi zutenean, eta erregeak esan zien:

        — Zuetako norbaitek, jaunak, esango al liezadake non bizi den Peter Wilks jauna?

        Batak besteri begiratu zion, eta baietz eginez mugitu zuten burua, esanez bezala, «Zer esaten nizun nik?» Gero horietako batek esan zuen, modu apal eta atseginean:

        — Atsekabe dut esatea, jauna, baina esan diezazukegun gauza bakarra da non bizi zen atzo arratsa arte.

        Halako batean konturatu orduko, izaki zahar zital hori zerraldo erori zen, eta gizon baten kontra erori; kokotsa sorbaldan jarri zion, eta bizkar gainean negar egin zuen, eta esan zuen:

        — Oi, ene! Oi, ene! anaia gizajoa. Joan egin da, eta ezin ikusi izan dugu; oi, gogorregia da hau, gogorregia!

        Orduan jira egin zuen, negar zotinka, eta eskuak erabiliz keinu tentel pila egin zizkion dukeari, eta, arraio, honek poltsa erortzen utzi eta negarrez lehertu zuen. Horiek bai zirela inoiz ikusitako marka guztiak hausten zituzten bi gezurtirik gaiztoenak.

        Gizonak inguratu zitzaizkien, doluminak eman zizkieten, eta era guztietako gauza atseginak esan. Gizon horiek tapiz oihalezko poltsak eraman zituzten aldapan gora, eta gainean jarri eta negar egin zezaten utzi zieten. Erregeari anaiaren azken uneen berri zehatza eman zioten, eta erregeak eskuak erabiliz dena errepikatzen zion dukeari, eta biek larru-ontzailearengatik negar egiten aurrera egin zuten hamabi apostoluak galdu balituzte bezala. Inoiz halakorik ikusi badut, beltza naiz ni orduan. Hura nahikoa zen edonor giza arrazaz lotsa erazteko.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia