Hogeita hirugarren atala

 

        Egun osoa jo eta ke jardun zuten bera eta erregea, eszenatokia, oihala, eta kriseiluak jartzeko kandela-errenka prestatzen. Gau horretan auzitegia gizonez gainezka zegoen. Aretoan sartzeko lekurik geratu ez zenean, dukeak sarrerako atea utzi, atzetik eszenatokiraino joan eta zutik geratu zen oihalaren aurrean. Hitz batzuk esan zituen, tragedia goraipatuz, inoiz izandako zirraragarriena zela, eta antzerkiaz, eta pertsonaia nagusiaren lana egingo zuen Edmund Kean zaharraz, harropuzkeriak esan eta esan jardun zuen, eta azkenean jende guztiaren ikusmina azken mugara eraman ondoren, oihala altxatu, eta hurrengo minututan erregea azaldu zen ostikadaka lau oinetan, larru-hutsik. Goitik behera borobilak, marrak eta arrastoak zituen margotuta, kolore guztietakoak, ortzadarra bezain ikusgarria. Alde batera utziko ditut gainontzeko osagarriak, erokeria galanta zen, baina oso barregarria. Jendeak ia barrez lehertu zuen, eta erregeak jauzi egiten eta ostikoak ematen amaitu ondoren oihal atzera joan zenean, orro egin zuten eta txalo, eta algaraka aritu ziren, ahalik eta erregea atera, eta dena berriz egin zuen arte. Haren ondoren beste behin egin erazi zioten. Behi batek ere barre egingo luke zoro zaharrak egiten zituen nabarmenkeriak ikusita.

        Orduan dukeak oihala jaitsi zuen, eta jendearen aurrean makurturik, esan zuen tragedia aparta hura beste bi gauetan besterik ez zela aurkeztuko, Londonen zituzten utziezinezko betebeharrak zirela eta, bertan zegoeneko Drury Laneko sarrera guztiak salduta zituztelarik. Gero beste agurra egin zion jendeari, eta esan zuen gustura ikusi bazuten eta ikuskizunetik zerbait ikasi, eskertuko liekeela lagunei hori ikustera joatea gomendatuko baliete.

        Hogei pertsonek esan zuten oihuka:

        — Baina, zer, bukatu al da? Hori al zen dena?

        Dukeak baietz esan zuen. Gero ederra izan zen. Denak garrasika hasi ziren «ziria!», eta haserre bizian altxa ziren, eta eszenatokirantz abiatu tragedialariengana. Baina on itxura zuen gizon handi bat aulki baten gainera jauzi egin, eta esan zuen oihuka:

        — Egon! Egon pixka bat, jaunak —isildu egin ziren entzuteko—. Ziria sartu digute, eta oso ondo gainera. Baina ez duzue herri osoko barregarrienak izan nahiko, izan ere, hil artean gogora ekarriko ligukete. Ez. Egin behar duguna da, hemendik isil isilik atera, eta emanaldiaz ongi esaka aritu, herriko gainontzekoei ziria sartzeko! Orduan denak berdintsu egongo gara. Ez al da zentzuzkoa?

        — Bai horixe! Epaileak arrazoi du! —oihu egin zuten denek.

        — Ederki orduan, hitz bakar bat ere ez adarjotze honetaz. Zoazte etxera eta denei esan etortzeko tragedia ikustera.

        Hurrengo egunean emanaldia aparta zela eta beste konturik ez zen herrian. Aretoa jendez gainezka zegoen berriz, gau horretan, eta horiei ere berdin-berdin ziria sartu genien. Dukea, ni eta erregea almadiara itzuli ginenean, afaldu ondoren gauerdi aldera, Jim eta bioi almadia atera erazi ziguten, eta ibai erdian joaten utzi, herritik bi mila beherago lehorreratu eta han ezkutuan uzteko esan ziguten.

        Hirugarren gauean aretoa jendez josita zegoen berriz, eta, oraingoan, ez ziren bezero berriak, aurreko bi gauetan emanaldian izandakoak baizik. Dukearen ondoan nengoen sarrerako atean, eta konturatu nintzen sartzen ziren gizon guztiek poltsikoak puztuta zituztela, edo zerbait ezkutatzen zutela berokien azpian; lurrinik ez zeramatela konturatu nintzen, ezta antzekorik ere. Arrautza hondatuen usaina aditu nuen upelkadaka, eta aza ustelena, eta antzeko gauzena; eta katu hilen usaina ezagutzen badut, eta baietz apustu egingo nuke, hirurogeita lau sartuko zituzten. Une batean sartu nintzen, baina kiratsa era guztietakoa zen, eta ezin nuen jasan. Aretoak jende gehiago onartu ezin zuenean, dukeak hango bati dolar laurdena eman zion eta esan zion sarrera zaintzeko, eta gero eszenatokiko atearen bila hasi zen, eta ni bere atzetik; baina izkinari bira eman orduko, eta ilunpetan ginenean, esan zuen:

        — Orain, azkar ibili, etxeak atzean utzi arte, eta gero joan zaitez korrika almadiara deabrua atzetik bazenu bezala!

        Halaxe egin nuen, eta hark ere bai. Batera iritsi ginen almadiara, eta bi segundo pasa baino lehen ibaian behera irristaka gindoazen, inork hitzik esan gabe. Iruditu zitzaidan erregea tarte ederra igarotzen arituko zela ikuslegoarekin; baina inondik ere ez; berehalaxe lau hanketan jarrita atera zen kanpadenda barrutik, eta esan zuen:

        — Zer moduz ibili zarete gaurkoan, duke?

        Ez zen herrira ezertara joan.

        Ez genuen argirik piztu herritik hamar milatara izan ginen arte. Orduan argia piztu eta afaldu egin genuen; erregea eta dukea barrez leher gaizto egin zuten jendeari modu horretan ziria sartzeagatik. Dukeak esan zuen:

        — Txoriburuak, tentelak! Banekien, bai, lehenengo joan zirenek ez zutela ezer esango eta herriko gainontzekoak joatera bultzatuko zituztela; eta banekien gure bila joango zirela hirugarren gauean, eta orduan txanda heldu zitzaiela irudituko zitzaiela. Bada, iritsi zaie txanda, eta zerbait ere emango nuke nora iritsi diren jakiteagatik. Jakin nahi nuke nola erabili duten beraien aukera. Afari ere bihur zezaketen... jateko nahikoa eraman dute.

        Alfer-handi horiek laurehun eta hirurogeita bost dolar irabazi zituzten hiru gauetan. Ordura arte ez nuen inoiz dirua, era horretan, gurdikadaka jasotzen ikusi.

        Gero, biak lotan eta zurrunka ari zirenean, Jimek esan zuen:

        — Ez al zaitu harritzen erregeen jokaerak, Huck?

        — Ez —esan nuen— ez nau harritzen.

        — Zergatik ez, Huck?

        — Bada berezkoa dutelako. Uste dut denak ere tankerakoak direla.

        — Baina, Huck, gure errege hauek benetako alferrak dira; horixe, benetako alferrak.

        — Horixe esaten ari naiz bada; errege guztiak izaten dira ia beti alfer-handiak, hori iruditzen zait niri.

        — Hala al da?

        — Irakur ezazu horien berri, eta ikusiko duzu. Begira Enrike VIII.a; gure errege hau igandeetako eliza-eskola arduraduna besterik ez da haren ondoan. Eta Charles II.a, Louis XIV a, Louis XV a, James II.a, Edward Ma, Richard III.a, eta beste berrogei gehiago; eta zer esanik ez garai zaharretan halako istiluak sortzen zituzten Zazpi lurraldeetako saxoitarrak. Ene, garai bateko Enrike VIII.a ezagutu behar zenuen gazte garai loratuetan. Hori bai zela lorea. Egunero emakume berriarekin ezkontzen zen, eta burua mozten zion hurrengo goizean. Eta patxada ederrean egiten zuen gainera, arrautzak eskatzen arituko balitz bezalaxe. «Ekar ezazue Nell Gwynn», esaten zuen. Eramaten zuten bere aurrera. Hurrengo goizean, «Moztu iezaiozue burua! Eta moztu egiten zioten. «Ekar ezazue Jane Shore» esaten zuen eta han azaltzen zen. Hurrengo goizean «Moztu iezaiozue burua!»...eta moztu egiten zioten. «Dei egin Rosanum Ederrari». Rosanum Ederrak txirrinari erantzuten zion. Hurrengo goizean «Moztu iezaiozue burua». Denak gauero ipuin bat kontatzera behartzen zituen; eta halaxe egin zuen mila eta bat ipuin bildu zituen arte, eta gero liburu batean jarri zituen, eta Domesday izena jarri zion, gauzak garbi azaltzeko izen aproposa zuelarik. Zuk ez dituzu erregeak ezagutzen, Jim, baina nik bai; eta geure birigarro hau historian topatu dudan garbienetakoa da. Hara, Henryri buruan sartzen zaio bere herriari istiluak sortu nahi dizkiola. Nola jokatzen du? Ezer esaten al du? Ezer adierazten al dio herriari? Ez. Halako batean Bostoneko kaian te guztia ontzi gainetik botatzen du, independentzi aldarrikapena bota, eta jendea zirikatzen du aurka egin ziezaion. Halakoxea zen, ez zion inori aukerarik ematen. Wellington dukea zen bere aitaren susmo txarrak hartu zituen. Eta, zer egin zuen? Gauzak argitzeko eskatu? Ez... ardo gozoz betetako upel batean ito zuen, katua balitz bezalaxe. Jo dezagun jendeak bera zebilen inguruan dirua uzten duela ahaztuta... zer egingo luke? Harrapatu. Jo dezagun zerbait egiteko hitz eman, eta dirua jasota zuela, eta ez zuela inguruan inor zertan ari zen begira... zer egingo luke? Kontrakoa beti. Jo dezagun ahoa irekitzen zuela... eta orduan zer? Ez baldin bazuen berehalakoan ixten, gezurra botako zuen, aldi bakoitzean. Tankera horretakoa zen Henry hori; eta hori gurekin izan bagenu etxeko erregeen ordez, geureek baino askoz okerrago jokatuko zukeen herri horrekin. Ez dut esan nahi gureak ardi otzanak direnik, ez baitira, gauzak hotzean begiratuta, baina, dena dela, hutsa dira aker zahar horren ondoan. Nik esaten dudana zera da, erregeak erregeak dira, eta barkatu egin behar zaie. Gauzak diren bezala hartuta, lapur gaizto galantak ditugu. Hala hezi dituzte eta.

        — Baina gure honi kiratsa dario ez dakit zer baino, Huck.

        — Besteei bezala, Jim. Ezin dugu erregearen kiratsa aldatu; historiak ez digu konponbiderik ematen.

        — Baina dukea, eramangarriagoa da gauza batzuetan.

        — Bai dukeak desberdinak izaten dira. Baina oso desberdinak ere ez. Gurea erdizka da lapur gaiztoa. Mozkortzen denean, begi-lauso batek ez luke errege batetik bereiziko.

        — Dena dela, ez dut errege gehiagorik nahi, Huck. Horiek dira eraman ditzakedan guztiak.

        — Ni ere zu bezala nago, Jim. Baina gure ardurapean ditugu, eta zer diren gogoan hartu behar dugu, eta beraiekin bihozberak izan. Batzuetan erregerik ez duen lurralde baten berri izan nahiko nuke.

        Zertarako esango nion Jimi horiek ez zirela benetako errege eta dukeak? Ez nuen ezer aterako; eta gainera, halaxe zen; ezingo zenituzke benetakoengandik bereizi.

        Lotara joan nintzen, eta Jimek ez ninduen esnatu txanda egiteko garaian. Askotan egiten zuen hori. Esnatu nintzenean, egunsentiarekin batera, eserita zegoen burua belaunen artean sartuta, eta negar zotinka eta hasperenka ari zen. Ez nion arretarik jarri, ez ezer adierazi. Banekien zer gertatzen zitzaion. Iparraldean utzitako emaztea eta haurrak zituen gogoan, eta goibel eta itzul-minez zegoen; ez zuen inoiz etxetik alde egin eta ordura arte bizitza osoan; eta uste dut bere etxekoez zuriek egiten duten adina kezkatzen zela. Ez dirudi horrela behar duenik, baina horrela dela uste dut. Askotan aritzen zen negar zotinka eta hasperenka, gauez, iruditzen zitzaionean lotan nintzela, eta esaten zuen «Elisabeth txiki gaixoa! Johnny gizajoa! Gogorra da; uste dut ez zaituztedala berriz ikusiko, inoiz ez!» Jim oso beltz ona zen, bai horixe.

        Baina orduan, ez dakit nola, baina hizketan hasi nintzen berarekin emazteaz eta haurrez; eta handik tarte batera esan zuen:

        — Oraingoan mindu nauena zera da, han urrutian ibai bazterrean danbateko edo ate-danbada antzeko zerbait entzun dudala duela gutxi, eta gogora etorri zait Elizabeth nire alabatxoa gogor erabili nuen unea. Lau urte edo izango zituen, eta elgorriak jo eta gaixotu egin zen, eta oso bolara txarra pasa zuen; baina sendatu zen, eta egun batean han inguruan zebilen eta orduan nik esan nion: «Itxi atea!» Ez zuen atea itxi; han geratu zen gora begira irribarre eginez. Nire onetik atera ninduen. Berriz esan nion ahots ozenean: «Ez al didazu entzun? Itxi ate hori esan dut!» Mugitu gabe gelditu zen, gora begira irribarrez. Su eta gar nengoen. Esan nion: «Erakutsiko dizut nik aginduak betetzen!» Eta orduan zapla eman nion buruan eta lurrera bota nuen. Gero beste gelara joan, eta hamar minutu edo egin nituen han. Itzuli nintzenean, atea zabalik zegoen oraindik, eta haurra zutik ate ondoan negar zotinka lurrera begira, malkoak masailetan behera zerizkiola. Ene, suak hartuta nengoen, umearen bila nindoan, baina une hartan, barrurantz irekitzen diren ate horietakoa zen, eta orduantxe, haize bolada sartu eta danba! itxi zuen umearen atzean. Haurra ez zen ezertxo ere mugitu. Ia arnasa galdu nuen; eta borren... horren... ez dakit nola jarri nintzen. Dardarka atera nintzen, hurbildu eta atea ireki nuen poliki eta kontuz, eta burua jarri nuen umearen atzean, isil isilik, eta halako batean, danba! esan nuen ahal nuen garrasi handiena eginez: Ez zen mugitu! Ene, Huck, negarrez hasi nintzen eta besotan hartu nuen, eta esan nuen: «Ume gaixoa! Jaungoiko Ahaltsuak barka diezaiola Jim gizajoari, berak ez dio bizitza osoan bere buruari barkatuko eta!» Ene, gormutua zegoen erabat, Huck, erabat gormutua... eta nik horren gaizki erabili nuen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia