Hogeita bigarren atala

 

        Kalean gora zihoazen Sherburnen etxerantz, uluka, oihuka eta haserre, indiarren erara, eta aurretik gauza guztiak kendu behar zitzaizkien edo bestela zapaldu eta txiki-txiki egiten zituzten, eta ez zen batere ikuskizun polita. Haurrak jendetzaren aurrean ageri ziren, garrasika eta bide erditik alde egin nahian. Emakumeen buruek bide osoko leiho guztiak betetzen zituzten, eta zuhaitz guztietan mutiko beltzak zeuden, eta hesien gainetik neska mutil gazteak begira ari ziren, baina jendetza hurbildu ahala elkarrengandik bereizi, eta airean ateratzen ziren. Emakume eta neska gazte asko negar eta oihu egiten zuten, beldurrak hartuta.

        Sherburnen etxearen hesi aurrean pilatu ziren, elkarren ondoan denak, eta ezin zitezkeen norberaren burutapenak ere entzun hango iskanbila hartan. Zazpi metrotako lorategi txikia zen. Batzuek esan zuten oihuka: «Bota hesi hori! Bota hesi hori! Gero eztanda bat izan zen eta han aritu ziren hesia puskatzen, bere lekutik ateratzen eta zapaltzen, eta azkenean erori egin zen, eta jendetzaren aurreko errenkek aurrera egin zuten itsasoko olatua balitz bezalaxe.

        Orduantxe agertu zen Sherburn aurreko atariko teilatuaren gainean, bi kanoietako eskopeta eskutan zuelarik, eta hantxe geratu zen, oso lasai eta tinko, hitzik esan gabe. Iskanbila isildu zen, eta olatuak atzera egin zuen.

        Sherburnek ez zuen ezer esan, han geratu besterik ez, beherantz begira. Isiltasuna ileak tente jartzeko modukoa zen eta ez gustura egotekoa. Sherburnek adi-adi begiratu zion jendeari; eta begiratua geratzen bazuen, jendeak eutsi nahi izaten zion, baina ezin; lurrera begiratu eta ihes egiten zioten. Geroxeago Sherburnek barre antzekoa edo egin zuen; ez alai erazten duen barre horietakoa, barruan hondarra duen ogia jaten duzunean sentitzen den zirrara bera senti erazten duena baizik.

        Gero esan zuen, poliki eta aurrekoak gutxiesten zituelarik:

        — Zuek inor jipoituko duzuela pentsatze hutsak barre egin erazten dit. Inor jipoitzeko barrena nahikoa duzuela pentsatzea ere! Kemena duzue, bai, baina hortik babesik gabe dabiltzan emakume gaixoak bikeztatu eta lumez estaltzeko besterik ez. Eta horregatik uste al duzue ausardia nahikoa duzuela zuen esku horiez gizon bat jipoitzeko? Bada, inongo gizonek ez luke beldurrik izango zuen moduko hamar milaren eskutan egonik ere..., egun argiz bada behintzat eta ez badiozue atzetik eraso egiten.

        «Ezagutzen al zaituztet? Goitik behera esango nuke. Hegoaldean jaio eta hazi ninduten, eta iparraldean bizi izan naiz; beraz inguru guztiko jende arrunta ezagutzen dut. Gizon arrunta oilo kakatia da. Iparraldean nahi duenak zapal dezan uzten du, eta etxera joan ondoren errezatu egiten du bihotza apal dakion zapaltzailea jasan ahal izateko. Hegoaldean berriz gizon batek, bakar bakarrik eta egun argiz gainera, gelditu zuen gizonez betetako dilijentzia eta dena lapurtu zien. Egunkariak ausartak zaretela esan eta esan ari dira, eta zuek besteak baino ausartagoak zaretela uste duzue, baina besteak bezain ausartak zarete zuek, ez gehiago. Zergatik ez dituzte epaileek hiltzaileak zintzilikatzen? Beldur direlako gauez gizonaren lagunek atzetik tiro egingo dieten..., eta horixe da egingo luketena».

        «Horregatik barkatzen diete beti; eta orduan gizon bat joango da gauean, maskaradun ehun beldurti atzetik dituelarik, eta legea hautsi duena jipoituko du. Zuen hutsegitea izan da ez duzuela gizon hori ekarri; hori da akats bat, eta bestea ez zaretela gauez etorri, eta ez dituzuela maskarak ekarri. Gizon laurdena ekarri duzue, Buck Harkness delako hori, eta hori izan ez bazenute zuek zirikatzeko, dena hutsean geratu zatekeen.

        «Ez zenuten etorri nahi. Gizon arruntak ez ditu istiluak eta arriskua nahi izaten. Baina nahikoa da gizon erdi batek, Buck Harkness hori bezalakoak, garrasi egitea «Jipoitu, jipoitu!» atzean geratzeko beldurrez, benetan zaretena, oiloak, agerian uzteko beldurrez, garrasi egin eta gizon erdi horren berokitik zintzilika jarri, eta zuen onetik aterata hona etortzeko gauza ikaragarriak egin behar dituzuela zin eginez. Gauzarik tamalgarriena jendetza izaten da; hori da armada, jendetza. Ez dute jaiotzako kemenez borroka egiten, jendearengandik sortutako kemenez baizik, eta ofizialeengandik. Baina aurrean gizona ez duen jendetza, tamalgarria baino are okerragoa da. Orain egin behar duzuena da, isatsak hanka tartean gorde, etxeratu eta zuloan sartu. Benetako jipoiketarik izatekotan, gauez izango da, hegoaldekoen erara; eta maskarak jantzita etorriko dira, eta gizona ere ekarriko dute. Orain joan, eta eraman gizon erdi hori —hori esatean ezkerreko besorantz altxa zuen eskopeta eta katua jaso zion.

        Jendeak atzera egin zuen orduan, elkarrengandik urrundu, eta korrika alde egin zuten leku batetik eta bestetik. Buck Harkness ere horien atzetik joan zen, burumakur. Nahi izan banu han gera nintekeen, baina ez nuen gogorik.

        Zirkora joan nintzen eta atzealdean alde batetik bestera ibili nintzen zaindaria aurretik igaro zen arte, eta orduan oihalaren azpitik sartu nintzen. Hogei dolarretako urrezko txanpona eta beste txanpona batzuk banituen, bina hobe iruditu zitzaidan dirua gordetzea, ez baitago esaterik noiz izango duzun beharra, etxetik urrun eta ezezagunen artean egonik. Kontu guztiak beharrezkoak dira. Ez nago zirkoetan dirua gastatzearen aurka, beste biderik ez dagoenean, baina ez da komeni dirua alferrik galtzea.

        Zirkoa benetan aparta zen. Inoiz aurrean izandako ikuskizunik ederrena zen, denak zaldi gainetan sartu zirenean, binaka, gizona eta andrea, bata bestearen ondoan, gizona galtzontzilotan eta elastiko hutsean, ez zapata eta ez oin-lokarririk, eskuak izterretan jarrita, patxada ederrean. Hogei bat izango ziren; emakume guztiek azal ederra zuten, politak ziren oso, eta benetako erregina taldea zirudien; milioika dolar balio zuten jantziak zeramatzaten, diamantez goitik behera josita... Benetan ikuskizun ikaragarria zen; ez dut inoiz gauza politagorik ikusi. Eta orduan bana banan zutik jarri ziren, eta jendea agurtzen hasi ziren borobilaren inguruan modu dotorean, gorputza batera eta bestera mugituz, eta estilo handiz. Gizonak luze, arin eta tenteak ziren, burua makurtu eta makurtu ari ziren, eta han goian oihalaren sabaiaren pean hegan egiten zuten; emakumeei arrosa hostozko soinekoak leunki eta zetazkoak balira bezala mugitzen zitzaizkien kadera inguruan, inoiz ikusitako eguzkitako ederrenak ziruditelarik.

        Eta gero eta azkarrago ari ziren denak dantzan. Lehenik hanka bat airean jarrita, eta gero bestea, zaldiak gehixeago makurtzen ziren. Zuzendaria borobilean jirabiraka zebilen erdiko zutoinaren inguruan, zartailuari eraginez eta garrasika «Aida!» eta pailazoak txantxak egiten zizkion atzean; geroxeago esku guztiek uhalak erortzen utzi zituzten, eta andre guztiek hatz-koskorrak gerrian jarri eta gizonek besoak tolestatu zituzten, eta gero zaldiak aurrerantz makurtu eta arrapaladan abiatu ziren! Eta horrela bata bestearen atzetik borobilera jauzi egin zuten zaldi gaineko guztiek, eta burua inork baino era dotoreagoan makurtu ondoren korrika atera ziren. Denek txalo egin zuten ia erotu arte.

        Zirkoko ikustaldian gauza harrigarrienak egin zituzten; eta pailazoa han ari zen denbora guztian jo eta ke, eta jendeak ia barrez lehertu zuen. Zuzendariak ezin zion hari hitz bakar bat esan besteak aldi berean erantzuna eman gabe, inori bururatuko ez litzaiokeen ateraldi barregarrienekin; eta nola bururatuko zitzaizkion horrenbeste, eta horren bizkor, eta horren aproposak, ezin nuen inolaz ere ulertu. Nik ez nituzke urte osoan asmatuko. Geroago gizon mozkor bat borobilera atera nahian zebilen, eta esan zuen zaldi gainean ibili nahi zuela, inork baino hobeto zekiela zaldi gainean ibiltzen. Eztabaidan aritu ziren eta handik ateratzeko ahaleginak egin zituzten, baina ez zuen kasurik egiten. Orduan ikuskizuna gelditu egin zuten. Jendea garrasika hasi zitzaion eta bere kontura barre egiten, eta horrek bere onetik atera zuen. Su eta gar jarri zen, eta orduan jendea bero-bero egin zen, eta gizon asko eserlekuetatik altxa, eta denak batera borobilera jaisten hasi ziren, «Eman horri! Bota kanpora! esaten zutelarik, eta emakume bat edo beste oihuka hasi zen. Orduan zuzendariak hitzalditxoa egin zuen, eta esan zuen espero zuela ez zela iskanbilarik izango, eta gizonak hitza ematen bazuen ez zuela beste istilurik sortuko, zaldi gainean ibiltzen utziko ziola, berak uste bazuen zaldi gainean egon zitekeela. Denek barre egin zuten eta bat etorri ziren, eta gizona igo egin zen. Zaldi gainera igo bezain laster, animalia su eta gar hasi zen, jauzika eta zilipurdika borobil osoan, zirkoko bi gizonek uhaletatik heldu nahian ari ziren bitartean, eta mozkorra zaldiaren lepotik zintzilik zihoan, eta oinek jauzialdi bakoitzean airean hegan egiten zioten, eta ikuslego guztia zutitu egin zen, garrasika eta barrez lehertzeko zorian. Azkenean, zirkoko gizonek egindako ahalegin guztiak eginda ere, zaldia askatu egin zen, eta hantxe joan zen arrapaladan borobilean jirabiraka, mozkorra gainean etzanda zuelarik eta lepotik helduta, hasieran alde bateko hanka ia lurreraino iristen zitzaiolarik, eta gero bestea beste aldetik, eta jendea zoraturik. Ez zitzaidan barregarria iruditzen; arrisku hori ikusteak dardara eragiten zidan. Baina azkar xamar gainean eserita jartzeko borrokan aritu ondoren eseri eta uhalak hartu zituen, alde batetik bestera balantza egiten zuelarik. Ondorengo minutuan jauzi egin, uhalak bota eta zutik jarri zen! eta zaldiak sua eman baliote bezala zihoan airean. Zutik geratu zen, borobilaren inguruan, batere indarrik egin gabe, hegan eginez, bizitza osoan mozkorrik harrapatu ez balu bezala... eta gero arropa kentzen eta botatzen hasi zen. Horrenbeste jantzi kendu zituen ezen airean pilatu egin baitziren, eta denera hamazazpi edo kendu zituela uste dut. Eta orduan, hantxe ageri zen, argal eta dotore, inoiz aurrean izandako jantzi ikusgarri eta politena jantzita. Zartailua hartu eta zaldia zigortu zuen eta amaitzeko jauzi egin zuen zaldi gainetik, burua makurtu eta dantzan urrundu zen jantzi-gelarantz. Jendea algaraka ari zen pozez eta harriduraz.

        Orduan zuzendariak ikusi zuen ziria sartu ziotela, eta nik uste dut zuzendariak osasuna galdu zuela inoiz ikusiko ez zenukeen moduan. Izan ere, bere gizonetako bat zen! Berak asmatu zuen bere kabuz txantxa osoa, inori ezer esan gabe. Ni ere lotsaturik nengoen, dena sinesteagatik, baina ez nuke borobil hartan egon nahi, ezta mundu guztiko diruagatik ere. Ez dakit; izango dira beharbada hori baino zirko harroagoak, baina ez dut beste horrelakorekin inoiz topo egin. Dena den niretzat nahikoa ona zen; eta beste nonbait topatuko banu, egunero izango ninduke bezero.

        Gau horretan egin genuen gure emanaldia; baina hamabi pertsona besterik ez ziren bildu; zorrak ordaintzeko adina besterik ez. Jendea barrez aritu zen denbora guztian, eta horrek dukea haserre erazi zuen; eta, egia esateko, denek alde egin zuten emanaldia amaitu baino lehen, denak lotan zegoen mutil batek ezik. Beraz dukeak esan zuen Arkansaseko artaburu horiek ez zirela gai Shakespeare ulertzeko; behar zutena behe mailako komedia zela, eta behar bada behe mailako komedia baino zerbait okerragoa ere. Esan zuen tankera hartu ziela. Hurrengo goizean biltzeko paperezko orriak, eta margo beltza hartu, esku-paperak prestatu, eta herrian zehar zintzilikatu genituen. Esku-paperek honela zioten:

 

AUZITEGIAN!

3 gauetan besterik ez!

Mundu osoan ezagunak diren tragedia antzezleak

DAVID GARRICK GAZTEA!

eta

EDMUND KEAN ZAHARRA!

London eta Kontinentaleko Antzerkikoak,

ERREGEREN KAMALOPARDOA

edo

ERREGETASUN BERDINGABEA!

Tragedia zirraragarrian

 

Sarrera 50 xentimo

 

        Gero azpian lerrorik handiena zegoen idatzita, eta honela zioen:

 

EMAKUME ETA HAURRENTZAT SARRERA DEBEKATUA.

 

        — Hara —esan zuen—, tankera hori gustatzen ez bazaie, ez dut Arkansas ezagutzen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia