Hogeita batgarren atala

 

        Argitu zuen egunak ordurako, baina almadia lotu gabe aurrera egin genuen. Azkenean esnatu ziren erregea eta dukea, eta itxura onik ez zuten; baina ontzi gainetik jauzi egin eta igerian aritu ondoren, bizkortu egin ziren. Gosaldu eta gero erregea almadiaren bazter batean eseri, eta gustura egoteko hankak uretan zintzilik utzi zituen, pipa piztu, eta bere Romeo eta Julieta buruz ikasten hasi zen. Ongi xamar ikasi zuenean, dukea eta biak elkarrekin lan egiten hasi ziren. Dukea behin eta berriz ari zitzaion, esaldi bakoitza nola adierazi behar zuen esanez; eta hasperen egin erazi zion, eta eskua bihotzean jarri, eta handik pixka batera ongi egin zuela esan zion, «baina —esan zuen dukeak—, ez duzu Romeo! esatean orro egin behar zezenek egiten duten bezala; ahots ahulez, indarrik gabe, eta bihotz gabe esan behar duzu, honela, R..o..o..meo!, hori da; Julieta neska gazte goxo maitagarria baita, eta ez du arrantza egiten astoak bezala».

        Hurrengo egunean bi ezpata luze atera zituzten dukeak haritz egurrez egindakoak, eta ezpata borrokaren saioak egiten hasi ziren. Dukeak bere buruari Ricardo IILa zeritzon; eta horien eraso egiteko modua, eta almadian atzera eta aurrera oilartuta ibiltzekoa ikusgarria zen benetan. Baina handik pixka batera erregea oztopatu eta ontzi gainetik erori zen; gero atseden hartu zuten eta beste garaietan ibaian izandako abenturez hizketan aritu ziren.

        Bazkal ondoan dukeak esan zuen:

        — Ederki, Capet, primerako agerraldia egin behar dugu, beraz iruditzen zait zerbait erantsi beharko diogula. Dena dela beste bat eskaerarako zerbait izan beharko genuke.

        — Zer da beste bat hori, Bilgewater?

        Dukeak azaldu zion, eta gero esan zuen:

        — Nik dantza eskoziarra edo marinelarena egin dezaket; eta zuk... ikus dezagun... badakit... Hamleten bakarrizketa egin dezakezu.

        — Hamleten zer?

        — Hamleten bakarrizketa, badakizu; Shakespeareren gauzarik ezagunena. Oi, aparta da, aparta! Beti bereganatzen du entzulegoa. Ez dut liburuan, ale bakarra besterik ez dut, baina uste dut buruz osatuko dudala. Gora eta behera ibiliko naiz pixka batean, eta ikusiko dut oroitzapenen mundutik atera dezakedan.

        Almadian atzera eta aurrera hasi zen, pentsatzen, eta noizean behin kopeta modu beldurgarrian zimurtzen zuen. Gero bekainak altxatzen zituen, eta ondoren eskua kopetaren kontra estutu eta atzerantz balantza egiten zuen marmarka ari zen bitartean; orduan hasperen egin, eta malkoren bat isurtzen zuen. Polita zen hura lanean ikustea. Handik tarte batera osaturik zuen. Adi egoteko eskatu zigun. Orduan ospetsuen eran jarri zen, hanka bat aurrerantz jarrita, besoak gorantz zabaldurik, eta burua zertxobait atzerantz botata zerura begira; gero modu nabarmenean hasi zen hizketan, burua galdu balu bezala, eta hortzak karraskatuz; hitzaldi osoan zehar uluka aritu zen, harro zebilen, eta bularra puztu egiten zuen, eta ordura arte nik ikusitako antzezle guztiek ez zuten haren neurririk iristen. Hau da hitzaldia, erraz xamar ikasi nuen erregeari irakasten zion bitartean:

 

Izan ala ez izan; horixe da ezten soila

bizitza luze eta zoritxarrekoa egiten duena;

nork eraman nahiko lituzke bestela halako zamak,

Birnam-eko basoa Dunsinane-ra iristen den lekuraino,

heriotzaren ondorengoaren zerbaitek

amets errugabea hilko duen beldurragatik ez balitz,

naturaren bigarren baliabidea,

zori lotsagalduaren geziak jaurtiki erazten diguna

ezagutzen ez ditugunengana, horiengana laguntza eske joan baino aiseago.

Horra hor pentsatzeko geldi erazi behar gaituen burutapena:

Esna ezazu Duncan zure deialdien bidez! Egingo ahal duzu!

Nork jasan lezake bestela garaiaren zigor eta muzinak,

zapaltzailearen bidegabekeriak, gizon harroaren irainak,

justiziaren atzerapenak, eta saminak basamortu hilotzean, hartuko lukeen etenaldia,

gauerdian, hilobiak aho zabalka hasten direnean,

ohiko jantzi beltz ospe handikoetan;

baina lurralde ezezagun horrek, zeinetik inongo bidaiaria itzultzen ez baita.

Arnas kiratsua egiten dio munduari,

eta horrenbestez erabakiaren aurkako oihua, esaera zaharraren katua bezala,

gaixotu egiten da, edo ahuldu,

eta gure teilatuak estaltzen dituzten odei guztiek,

erabaki honen aurrean, norabidea aldatu egiten dute,

eta ekintza izena galtzen dute.

Sineste osoz desiratu behar den amaiera da.

Baina, lasai, Ophelia ederra:

ez ireki masail hezur indartsu eta marmolezkoak,

eta zoaz komentura... zoaz!

 

        Agure zaharrari hitzaldia atsegin zitzaion, eta berehala ikasi zuen eta primeran egin zezakeen. Horretarako jaioa zirudien; eta lanak hartua zuenean eta grinaz ari zenean, zoragarria zen haren garrasi egiteko modua, haserrealdiak eta jauziak hitzaldia ematen zuen bitartean.

        Lehenengo aukera etorri zitzaigunean dukeak iragarki paperak inprimatu zituen; eta gero bi edo hiru egunetan ibaian aurrera gindoazelarik, almadia inongo lekurik alaiena bilakatu zen, han ez baitzen denbora guztian ezpata borroka eta saio aldirik besterik, dukeak hala esaten zien. Goiz batean Arkansas estatuan behera xamar gindoazelarik herri txiki bat ikusi genuen bihurgune batean, eta mila laurdena edo lehenago lotu genuen almadia, errekatxo baten ahoan, nekosta zuhaitzek tunel baten moduan ixten zutelarik; Jim ezik beste guztiek kanoa hartu eta ibaian behera abiatu ginen geure emanaldia egiteko aukerarik ote genuen ikustera.

        Ongi asmatu genuen; arratsaldean zirkoa izango zuten, eta basoko jendea etortzen hasia zen, era guztietako gurdi baldarretan, eta zaldi gainean. Zirkoa gaua egin baino lehenago joan egingo zen, eta gure emanaldiak aukera ona izan zezakeen. Dukeak auzitegia alokatu zuen, eta iragarkiak hormetan jartzen ibili ginen. Honela zioten:

 

Shakespeareren birjarpena!!!

Ikuskizun zoragarria

Gau bakar batean besterik ez!

Mundu osoan ezagunak diren antzezle tragikoak,

David Garrick gaztea, Drury Laneko Antzerkikoa, Londonen,

eta

Edmund Kean zaharra, Haymarket Erregeen Antzerkikoa, White

Chapel, Pudding Lane, Piccadilly, London, eta

Erregeen Antzerki Kontinentalekoa, Shakespeareren ikuskizun ezin

hobea eskainiko dute:

Balkoiaren eszena

Romeo eta Julieta antzerkikoa !!!

Romeo: Garrick jauna

Julieta: Kean jauna

Antzerki-talde osoaren laguntzarekin!

Jantzi berriak, agertoki berria, paper banaketa berria!

Gainera:

Ezpata borrokaren duelu

hunkigarri, maisutasunezkoa, eta ikaragarria

Ricardo III.aren antzerkikoa!!!

Richard III.a: Garrick jauna

Richmond: Kean jauna

Gainera:

(Eskaera berezietarako)

Hamleten Bakarrizketa ahaztezina!!

Kean antzezle apartaren eskutik

Parisen 300 gauetan etengabe antzezle honek egina!

 

Gau bakar batean,

Europako betebehar ezinbestekoak direla eta!

Sarrera 25 xentimo; haurrak eta zerbitzariak, 10 xentimo.

 

        Gero herrian zehar ibiltzera joan ginen. Dendak eta etxeak egitura zahar itxuragabekoak ziren, eta lehorregiak inoiz pinturarik hartu ez zutelako; lurretik metroa edo gehixeago izango zuten zutoi gainetan eraikita zeuden, urak azpian ez hartzeko ibaiak gainezka egiten zuenetan. Etxeek baratz txikiak zituzten inguru guztian, baina ez zirudien bertan sorgin belarra eta eguzki loreak besterik hazten zirenik, eta zapata eta bota zahar kizkurtuak, botila puskak, zapi zaharrak, eta latorrizko ontzi hondatuak. Hesia ohol desberdinez osaturik zegoen, garai desberdinetan iltzatuak; eta edozein aldetara okerturik zeuden, eta ateek ez zuten izaten larruzko erro bakar bat besterik. Hesi horietako batzuk, noizbait, kareztatu zituzten, baina dukeak esan zuen bezala ziur aski Kolonen garaian izango zen. Zerriak izaten ziren baratzetan, eta jendeak uxatu egiten zituen.

        Denda guztiak kale bakar batean zeuden. Etxe aurreko bebarruan estalpe zuriak zituzten, eta mendi aldeko jendeak hango zutabetan lotzen zituen zaldiak. Kaxa hutsak izaten ziren estalpeetan, eta alferrak horien gainean egoten ziren etzanda egun osoan, Barlow labainak hartu eta egurrari puskak kentzen, eta tabakoa xehatzen, erdi lo, aho zabalka eta nagiak ateratzen; burugogor pila ederra zen, bai:

        Lastozko sonbreiru horiak zeramatzaten gehienek, euritakoa bezain zabalak, baina ez zituzten ez beroki ez gerruntzerik janzten. Batak besteari Bill, Buck, Hank, Joe, edo Andy, esaten zion, eta alferkerian eta gogorik gabe hitz egiten zuten, eta birao pila esan ere bai. Estalpeko zutabe bakoitzaren kontra izaten zen alferren bat gutxienez, eta ia beti eskuak praken poltsikotan sartuta izaten zituen, eta ez zituen ateratzen tabako ahokada norbaiti emateko ez bazen edo hatz egiteko. Inor horien artean jarriz gero, denbora guztian honela ari zirela entzungo lieke:

        — Hi, tabako pixka bat emango al didak, Hank?

        — Ezin diat. Beste pixka bat besterik ez zaidak geratzen. Eska iezaiok Billi.

        Beharbada Billek emango zion apur bat; edo agian gezurra esan eta ez zuela erantzun. Alfer horietako batzuk ez dira xentimo bakar bat, ezta tabako ahokada baten jabe ere. Tabako guztia besteei eskatutakoa izaten dute. Esaten diote adiskide bati: «Tabako pixka bat emango al didak, Jack, oraintxe eman zioat Beni azkeneko apurra» —ia beti gezurra galanta izaten zen; eta horrek kanpotarrari besterik ez lioke ziria sartuko; baina Jack kanpotarra ez zenez gero, esango zion:

        — Eman al diok? Bai, hire amonaren katuak ere eman ziok. Dagoeneko zor dizkidaanak atzera eman, Lafe Buckner, eta gero emango diat tona pare bat, eta ez dizkiat atzeko interesak eskatuko, gainera.

        — Batzuk ordaindu dizkiat, zera.

        — Bai, hala duk... sei edo. Dendako tabakoa eskatzen dik eta gero beltzaren buruarena pagatzen dik.

        Dendetako tabakoa puska lau eta ilunetan saltzen zen, baina jende honek tabako hosto kizkurtua bera xehatzen zuen. Ahokada bat tabako eskatzen zutenean, ez zuten gehienetan labaina hartu eta mozten, tauleta hortzen artean jarri, hortzetan karraskatu, eta eskuz tira egiten zioten bitan zatitu arte; gero tabakoaren jabeak kopetilun begiratzen zion tabakoari atzera ematen ziotenean, eta esaten zuen, irri-mirrika:

        — Tori, eman ahokada, eta hartu tauleta.

        Kale eta karrika guztiak lokazturik zeuden, lokatza pila besterik ez ziren, pikea bezain beltza, eta hogeita hamar zentimetrotara iristen zen toki batzuetan; eta bost edo zortzi zentimetrotara leku guztietan. Zerriak nonahi alferkerian zebiltzan eta kurrinka. Zerrama lokaztua bere zerrikumeekin lasai-lasai zetorrela ikus zitekeen eta bide erdian jartzen zen, jendeak zerria inguratu behar zuelarik aurrera joateko, eta orduan nagiak atera eta begiak ixten zituen, eta belarriei eragin, zerrikumeak edoskitzen ari ziren bitartean, eta txoria baino alaiago zegoela zirudien. Eta berehala entzun zenezakeen alfertzar horietako bat garrasika: «Hi, lagun, harrapa ezak, Tige!» eta zerriak airean alde egiten zuen, garrasi bizian, zakur bat edo bi belarri bakoitzetik tiraka zituelarik, eta atzetik beste hiru edo lau dozena zakur korrika. Orduan ikusiko zenituen alfer guztiak zutik jartzen eta zerriari begien bistatik galdu arte begira, jolasaldiari barre eginez, eta itxuraz zaratari eskerrak eman nahian. Gero berriz lasai etzaten ziren zakur borrokaren bat edo gertatu arte. Ez zen horiek goitik behera esnatzeko zakur borroka baino gauza hoberik, ez eta horrek adina dantzan jarriko zituenik, kaleko zakur bati turmentina gainera bota eta sua ematea ez bazen behintzat, edo bestela zakurrari latorrizko ontzia isatsari lotu eta hura ziztu batean lehertu arte korrika joaten ikustea.

        Ibai bazterraren aurreko etxe batzuek kanpoaldera egiten zuten, okertuta, makurturik, eta ia ibai gainean etzanda zeuden. Hango jendea beste etxeetara joana zen. Ibai bazterreko lurrean zuloa egiten ari zen beste etxe batzuen ertzetan, eta ertz horiek ibaian zintzilik zeuden. Horietan jendea bizi zen, baina arriskutsua zen. Batzuetan etxe baten zabalera hartzen zuen lur zatia lurperatu egiten baitzen bat-batean. Edo sakonean milaren laurdena neurtzen zuen lur zirrinta lurperatzen hasi eta pixkanaka-pixkanaka uda batean den dena ibaian hondoratzen zen. Era honetako herriek atzera egiten ibili beharra dute, atzera eta atzera, ibaiak beti lurra jaten baitie.

        Eguerdia etorri ahala, zaldi eta gurdiak kaleak bete eta bete ari ziren, eta etengabe berriak iristen ziren. Familiek bazkaria menditik zekarten, eta gurdietan jaten zuten. Whiskya ederki edan ere bai, eta hiru borroka ikusi nituen. Geroxeago norbaitek oihu egin zuen:

        — Hara hemen zetorrek Boggs agure zaharra! ...menditik zerorrek hileroko mozkorraldi zaharraren bila... hemen zetorrek, mutilak!

        Alfer guztiak poztu egin zirela zirudien. Iruditu zitzaidan Boggsen kontura barre egiten ohiturik zeudela. Horietako batek esan zuen:

        — Nor akabatzera ote hoan jakin nahi nuke. Hogei urte hauetan esandako gizon guztiak garbitu izan bahitu, honez gero entzutea ere izango huke.

        Beste batek esan zuen:

        — Boggsek niri mehatxu egitea nahi nuke, hartara mila urtetan bizirik iraungo nuela jakingo nuke.

        Boggs arrapaladan zetorren zaldi gainean, uluka eta oihuka indiar baten eran, eta esan zuen garrasika:

        — Alde bide erditik. Borrokara nihoak, eta hilkutxen prezioa igo egingo duk.

        Mozkorturik zihoan, zelan alde batetik bestera dantzan. Berrogeita hamar urtetik gora izango zituen, eta aurpegia more-more. Denek oihu egin, adarra jo, eta irain egiten zioten. Berak erantzun zien kontutan hartuko zituela eta akabatuko zituela denak garaia iristen zitzaienean, baina ezin zuela orduan gelditu, Sherburn koronela hiltzera zetorrelako herrira, eta bere leloa zuela «jakia aurretik, eta koilarakadak azkenerako».

        Ni ikusi ninduen, eta zaldi gainean hurbildu zitzaidan eta esan zidan:

        — Nongoa haiz, motel? Pronto al hago hiltzeko?

        Gero zaldi gainean urrundu egin zen. Beldurrak airean nengoen; baina gizon batek esan zidan:

        — Ez du asmo txarrik; horrela ibiltzen da beti edanda dagoenean. Arkansaseko zahar zoro kastakoena da. Inori ez dio kalterik egin, ez mozkorra egonik, eta ez bestela ere.

        Boggs zaldi gainean joan zen herriko denda handienaren aurreraino eta burua makurtu zuen bebarruetako oihal azpian ikusteko, eta esan zuen garrasika:

        — Atera hona, Sherburn! Atera eta iruzur egin diozun gizonari aurre egin. Bila nabilen zakurra zara, eta harrapatuko zaitut, gainera!

        Eta hala jardun zuen, Sherburnen aurka mihiak esan nahi zituen gauza guztiak esan eta esan. Kale guztia jendez josita zegoen, eta hari entzun eta barre eginez gustura zebiltzan. Geroxeago berrogeita hamabost urteko gizon harro xamarra, eta baita ere herri osoan jantzi dotoreenak zeramatzana, dendatik atera zen. Jendetzak atzera egin zuen hari lekua uzteko. Boggsi hurbildu zitzaion lasai eta presarik gabe, eta esan zion:

        — Aspertuta naukazu; baina ordu batak arte eramango dut. Ordu bata, entzun duzu, ez beranduago. Handik aurrera behin bakarrik ahoa zabaltzen baduzu nire aurka jarduteko, nahi duzun lekura joanda ere harrapatuko zaitut.

        Gero bira eman eta joan egin zen. Jendeak kopetilun begiratzen zuen; ez zen inor mugitu, eta han ez zen barrealdi gehiagorik entzun. Sherburni indar osoz lotsa gaiztoko oihuak esanez Boggs zaldi gainean urrundu zen kale osoan behera. Berehala itzuli eta denda aurrean geratu zen, lehengoari eutsiz. Gizon batzuk inguratu zitzaizkion eta gizona isil erazten ahalegindu ziren, baina ezin izan zuten; esan zioten hamabost minutu geratzen zirela ordu batarako, eta etxeratu beharra zuela, berehala alde egin behar zuela. Indar guztiz birao eginez joan zen, sonbreirua lokatzetara bota eta zaldia haren gainean ibili zuen, eta berehala joan zen kalean behera haserre bizian, ile zuria airean zeramalarik. Aukera izan zuten guztiak ahalegindu ziren zalditik jaitsi erazten, giltzapean sartu eta bere onera ekar erazten; baina dena alferrik izan zen: kalean gora abiatu zen berriz, Sherburnen aurka biraoka. Gero batek esan zuen:

        — Joan zaitezte alaba ekartzera! azkar, joan alabaren bila; batzuetan hark esandakoa egiten du. Inori entzutekotan, hari entzungo dio.

        Norbait korrika joan zen. Ni kalean behera abiatu, eta gelditu egin nintzen. Handik bost edo hamar minututara Boggs azaldu zen berriz, baina ez zaldi gainean; balantzaka zetorren kale erditik niregana, sonbreirurik gabe, bi aldeetan lagunak zituelarik besoetatik heltzen eta handik azkar eraman nahian. Isilik zihoan, eta ez zirudien lasai zegoenik; ez zuen atzerantz indarrik egiten, eta bera ere presaka mugitzen zen. Norbaitek oihu egin zuen:

        — Boggs!

        Nor ote zen jakin nahian begiratu nuen, eta Sherburn koronela ikusi nuen. Kale erdian geldi geldirik zegoen, eta pistola zuen eskuineko eskuan, inori zuzendu gabe, kanoia zerura begira jarrita. Une hartan bertan neska gazte bat korrika zetorrela ikusi nuen, bi gizon alboan zituelarik. Boggs eta gizonek bira eman zuten nor ote zen deika ari zena jakin nahian. Pistola ikusi zutenean gizonek jauzi egin zuten alde batera, eta pistolaren kanoia poliki-poliki jaitsi zen balantzarik egin gabe zuzen jarri arte, katua jasota zuelarik. Boggsek eskuak altxa, eta esaten du: «Jauna, ez tiro egin! Danba! egiten du lehenengo tiroak, eta atzerantz balantza egiten du bere buruari airean eutsi nahiko balio bezala, danba! bigarren tiroa, eta lurrera erortzen da, zerraldo, besoak zabal zabalik. Neska gazteak garrasi egiten du, eta korrika hurbiltzen zaio, eta aitaren gainera makurtzen da, negarrez, eta esaten du: «Oi, hil egin du, hil egin du! Jendea inguratzen zaio, bata besteari bultzaka eta denak pila eginda, lepoak luzatuta, han zegoena ikusi nahian, eta barrurago zeudenak berriz atzerantz bultzaka, eta oihu eginez: «Atzera, atzera, airea behar du!

        Sherburn koronelak pistola bota zuen lurrera, eta orpo gainean jira egin eta oinez alde egin zuen.

        Boggs botika txiki batera eraman zuten, jendea inguruan bultzaka ari zelarik, lehen bezalaxe. Herri osoa zetorren atzetik, eta ni presaka joan eta leku ona aurkitu nuen gizonarengandik gertu zegoen leiho baten ondoan, eta handik ongi ikus nezakeen barrua. Lurrean utzi zuten, Biblia handia jarri zioten buru azpian, eta beste bat zabaldu zioten bular gainean, baina lehenik alkandora hautsi zioten, eta bala bat non sartu zitzaion ikusi ahal izan nuen. Dozena bat aldiz arnasestuka aritu zen, arnasa hartzean bularrak Biblia altxatzen zuelarik, eta jaisten arnasa botatzen zuenean. Gero geldirik geratu zen; hilik zegoen. Orduan alaba aitaren ondotik bereizi zuten, garrasika eta negarrez, eta handik kanpora eraman. Hamasei bat urte izango zituen, eta goxoa eta otzana zirudien, baina zurbil zegoen oso eta beldurturik.

        Berehala bildu zen han herri osoa, bultza eta bultza, eta muturra sartzeko indarka, leihora iritsi eta han gertatzen ari zena ikusteko; baina lekuak hartuta zituztenak ez ziren mugitzen, eta atzean zeudenak esan eta esan ari ziren: «Aizue, nahikoa ikusi duzue, lagunak; ez dago ondo, ez dago eskubiderik, zuek hor denbora guztian eserita, eta guri aukerarik utzi gabe; besteek ere zuek adinako eskubidea dute.

        Bata bestearen aurkako erantzunak entzuten hasi ziren, eta nik badaezpada ere alde egin nuen, istiluak izango zirelakoan. Kaleak jendez gainezka zeuden, eta denak harrotuta zebiltzan. Tiroketa ikusi zutenek nola gertatu zen ari ziren kontatzen, eta horietako bakoitzak inguruan jende pila zuen, lepoak tente jarri, eta entzuten. Gizon luze argal batek, ile luzeduna, larruzko txistera handia buruan atzerantz jarrita zeramalarik, eta kirten okerdun makila eskutan, lurrean arrastoak marraztu zituen Boggs non zegoen, eta Sherburn non zegoen erakusteko. Jendea atzetik zihoakion leku batetik bestera, hark egiten zuen guztiari begira, buruari gora eta behera eraginez ulertu zutela esateko, eta gelditu, eskuak izterretan jarri eta makila hartu eta lurrean arrastoak nola egiten zituen begiratzen zuten. Gero zutitu eta tente jarri zen Sherburn jarri zen leku berean, kopeta zimurtu, txistera aurrerantz begi gainean jarri, eta oihu egin zuen: «Boggs!» eta makila poliki-poliki jaitsi zuen zuzen jarri arte, eta «danba!» esan eta atzerantz egin zuen balantza, eta «danba!» berriz esan, eta atzerantz zerraldo erori zen. Gertatutakoa ikusi zutenek primeran egin zuela esaten zuten; gertatu bezalaxe egin zuela. Gero dozena bat lagunek botilak atera zituzten eta edatera gonbidatu zuten.

        Azkenean norbaitek esan zuen Sherburnek zigorra merezi zuela. Handik minutu batera denak gauza bera esaten ari ziren; eta hantxe joan ziren zoroen moduan eta garrasika, eta bidean ahal zituzten arropa zabaltzeko soka guztiak harrapatu zituzten, horiekin gizona zintzilikatzeko.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia