Hogeigarren atala

 

        Galdera asko egin zizkiguten; almadia zergatik estaltzen genuen almadia modu horretan jakin nahi zuten, eta zer zela eta egunez geldirik egoten ginen ibili beharrean... Beltz iheslaria ote genuen Jim? Nik esan nuen:

        — Ene, Jainkoa, beltz batek ihes egingo al luke hegoalderantz? Ez, bat etorri ziren ez lukeela hala egingo. Baina, hala ere, gauzak garbi azaldu behar nituen, eta esan nuen:

        — Nire familia Pike konderrian bizi zen, Missourin, nire jaioterria hain zuzen ere, eta etxeko denak hil egin ziren, ni, aita eta Ike anaia ezik. Aitak erabaki zuen dena bertan utzi eta osaba Benen etxera bizitzera joatea, zeinak ibai ondoan etxalde txikia baitzuen Orleansetik behera berrogeita lau milatara. Aita pobrea zen, eta zorrak zituen; beraz horiek garbitu zituenean hamasei dolar eta Jim, gure beltza, besterik ez zitzaizkion geratu. Hori ez zen nahikoa laurehun mila ibaian egin ahal izateko, ez ontzi gainean eta ez bestela ere. Ibaia hazi zenean, aitak egun batean zorioneko ustekabea izan zuen; almadia zati hau aurkitu zuen, eta Orleansera honen gainean joan gintezkeela erabaki genuen. Aitaren zorionak ez zuen luze iraun; bapore batek brankako mutur baten kontra jo zuen gau batean, eta denak ontzi gainetik erori ginen eta gurpilaren azpian igeri egin behar izan genuen; Jim eta biok osorik irten ginen ur gainera, baina aita mozkorturik zegoen, eta Ikek lau urte besterik ez zituen, eta ez ziren uretatik inoiz atera. Hurrengo egunean eta ondorengoan istiluak izan genituen, jendea txalupetan hurbiltzen zitzaigun eta Jim eraman nahian ibili ziren, beltz iheslaria omen zelakoan. Handik aurrera ez ginen inoiz egunez ibili, gauez ez ziguten lanik ematen.

        Dukeak esan zuen:

        — Utz nazazue zerbait asma dezadan, nahi izanez gero, egunez ibili ahal izateko. Pentsatuko dut horretaz... zerbait bururatuko zait hori konpontzeko. Gaurkoz alde batera utz dezagun, ez dugulako egun argiz herri horren aurretik igaro nahi: beharbada ez litzateke komenigarria izango.

        Gaua hurbiltzen ari zenean zerua estali egin zen eta euria zetorrela zirudien; beroak eragindako tximistak nonahi ezustean sortzen ziren zeruaren beheko aldean, eta hostoak dardarka hasi ziren... ederra zetorren, errez antzeman zitekeen. Beraz dukea eta erregea geure kanpadendara gainbegiratua ematera sartu ziren, oheak nolakoak ziren ikusteko. Nire ohea lastaira zen, Jimena baino hobea, hura arto txurikinez egina baitzen, beti izaten dira lokotxak horrelako koltxoietan, eta zulatu eta min egiten dute; eta horietan jira eginez gero orbel gainean zilipurdika ibilita entzuten den hots berbera egiten dute txurikinek; eta zaratak esnatu egiten zaitu. Dukeak nire ohea hartuko zuela adierazi zuen; baina erregeak berriz ez zuela onartzen. Honek esan zuen:

        — Pentsa zitekeena zen geure maila desberdintasunak garbi ikus eraziko zizula txurikinezko ohea ez zela nik lo egiteko aproposena izango. Jaun goren horrek hartu beharko du ohe hori.

        Jim eta biok izerdia botatzen hasi ginen, une batean, bi gizonen artean berriro ere istiluak sortuko ziren beldur; horregatik poztu ginen dukeak esan zuenean:

        — Hauxe da nire halabeharra beti lokatzetan ibili beharra zapaltzailearen burdinazko takoiaren azpian. Zoritxarrak makurtu du garai batean harroa nuen gogoa; amore ematen dut, zure esanetara nago; nire halabeharra da. Bakarrik nago munduan, jasan ditzadan kalteak; eraman ditzaket.

        Gauak ongi ilundu zuen bezain laster abiatu ginen. Erregeak esan zigun ibaiaren erdi erdira ateratzeko, eta argirik agerian ez uzteko herritik nahikoa urrutiratu bitartean. Geroxeago argi sorta aurrean izan genuen, hori zen herria, jakina, eta haren aurretik isil isilik pasa ginen arazorik gabe, bazterretik mila erdira edo. Handik behera milaren laurdena egin genuenean, linterna ezaugarria altxa genuen; eta hamarrak inguruan euria, haizea, trumoiak eta tximistak hasi ziren gogotik; eta horregatik erregeak esan zigun bioi eguraldiak hobetu arte begira egoteko; gero bera eta dukea kanpadendara joan ziren lau oinetan eta lotara sartu ziren. Niri zegokidan hamabiak arteko zaintza egitea, baina ez nukeen lorik hartuko, ezta ohea izango banu ere; horrelako ekaitzak ez baitira astero ikusten, ezta gutxiago ere. Ene, haizeak bai orro egiten zuela! Eta ia segundoro argi distirak uhin apartsuak pizten zituen inguruko mila osoan, eta ikus zitezkeen euri artean uharte hautseztatuak, eta haizeak astintzen zituen zuhaitzak; gero, zasta!... danba! danba! tarrapa... tarrapa... danba... danba... eta trumoiak orroka eta burrunbaka urrundu eta desagertzen ziren... eta gero zasta! tximista, eta seko uzteko moduko beste danbatekoa. Olatuek ia ontzi gainetik bota ninduten, zenbait aldiz, baina arroparik ez neraman, eta ez zuen batere garrantzirik. Enbor urperatuek ere ez ziguten lanik ematen; tximisten distira eta argitasun amaigabeari eskerrak garaiz ikus genitzakeen horien alde batera edo bestera ontzia bideratu eta horiek saihesteko.

        Gauerdiko zaintza egokitu zitzaidan, baina garai horretarako logurak hartu xamarra ninduen, eta Jimek esan zuen lehengo ordu erdiaren zaintza berak egingo zidala. Gauza horietarako oso ona izaten zen beti Jim, bai horixe. Lau oinetan jarri, eta kanpadendara sartu nintzen, baina erregeak eta dukeak hankak mutur batetik bestera sakabanaturik zituztenez gero ez zen niretzat lekurik; beraz kanpoan etzan nintzen. Euriak ez zidan kalterik egiten, giroa epela baitzen, eta olatuak ez ziren orduan handiegiak. Ordu biak aldera olatuek gora egin zuten, eta Jimek ni esnatzeko asmoa izan zuen arren, atzera egin zuen ez zitzaiolako iruditu kalterik egiteko adinakoak zirenik. Baina oker zebilen, izan ere berehala ustekabean benetako olatua etorri, eta ontzi gainetik uretara bota ninduen. Jim ia barrez lehertu zen. Edozein beltzi baino errazago etortzen zitzaion hari barrealdia.

        Txanda egin nion, eta Jim etzan eta zurrungan hasi zen. Geroxeago ekaitza guztiz amaitu zen, eta lehenengo argia agerian ikusi nuen orduko, Jim esnatu nuen eta almadia egun osorako bere ezkutalekura eraman genuen.

        Erregeak zoko usaina zerion karta pila zaharra atera zuen gosaldu ondoren, eta dukearekin zazpi t'erdiko jokora aritu ziren pixka batean, jokoa bost xentimotan. Gero aspertu egin ziren, eta «irtenaldia», hala zeritzoten, eratu behar zutela adierazi zuten. Dukeak zorroan begiratu, iragarki papertxo pila atera, eta ozenki irakurri zituen. Paper batek zioen «Armand de Montalban Parisko doktore ospetsuak», «Frenologia zientziaz» hitzaldia emango du halako eta halako tokitan, hilaren halako egunetan, sarrera hamar xentimotan, eta «izaeraren deskribapenak eskainiko ditu hogeita bost xentimotan alea.» Dukeak esan zuen bera zela hura. Beste papertxo batean dukea bera zen «Shakespeareren tragedien munduko antzezlerik ezagunena, Garrick Gaztea, Drury Lanekoa, Londonen.» Beste agirietan izen desberdin ugari zituen eta gauza miragarriak egiten zituen denetan, hala nola ura eta urrea aurkitu «makilatxo magikoa» erabilita, edo «sorginkeriak desegin», eta abar eta abar. Geroxeago esan zuen:

        — Baina musa historikoa dut gustukoena. Ohol gainetan aritua al zara, Maiestate?

        — Ez —esan zuen erregeak.

        — Arituko zara, bai, hiru egun zaharrago egin aurretik, Handitasun Erori hori —esan zuen dukeak—. Lehenengo herri onera iritsi bezain laster, aretoa alokatuko dugu eta Ricardo III. aren ezpata borroka eta Romeo eta Julietaren balkoiaren eszena antzeztuko dugu. Zer iruditzen zaizu?

        — Ongi deritzot, burumuinetaraino gogo biziz nago dirua ekarriko duen edozer gauza egiteko, Bilgewater, baina nik ez dakit ordea antzerki eta antzezteaz ezer, eta ikusi ere ez dut gehiegi ikusi. Gazteegia nintzen aitaren jauregian antzerkiak izaten ziren garai hartan. Irakatsiko al zenidake?

        — Noski!

        — Ederki. Irrika bizian nauzu horrelako gauza freskoren bat egiteko. Oraintxe has gaitezen.

        Orduan dukeak esan zion Romeo nor zen, eta Julieta nor zen, eta Romeorena egiten ohiturik zegoela, eta erregea Julieta izan zitekeela.

        — Baina Julieta neska gaztea bazen, duke, nire buru soila eta bizar zuria agian bitxiak izango dira.

        — Ez, ez kezkatu, herritar lelo horiei ez zaie halakorik bururatuko ere. Gainera, badakizu, mozorroturik antzeztuko duzu, eta horrek ikaragarrizko aldea ematen dio. Julieta balkoian dago, ilargiaren eztitan oheratu aurretik, eta azpiko gona eta oherako txano zimurtua daramatza. Hemen ditut pertsonaien jantziak.

        Gortinen oihalez eginiko bi edo hiru jantzi atera zituen, eta esan zuen Richard III. aren erdi aroko burdin jantzia izango zela bata, eta beste adiskidearena bestea, eta batera ongi zihoazen kotoizko alkandora luze zaharra eta txano zimurtua ere agerian jarri zuen. Erregea pozik zegoen, eta dukeak orduan liburua atera eta modu harroputz dotoreenean irakurri zituen zatiak, alde batetik bestera pertsonaiak antzezten zebilelarik, besteak lana nola egin behar zen ikus zezan; gero liburua erregeari eman zion eta bere zatia buruz ikasteko esan zion.

        Bazen herri txiki bat ibaiaren bihurgunetik hiru bat milatara, eta bazkal ondoan dukeak esan zuen buruan zerabilen asmoa taxuturik zuela handik aurrera egunez ere ibili ahal izateko Jimek arriskurik izan gabe. Horrenbestez adierazi zuen herrira joan eta hori antolatuko zuela. Erregeak bera ere joango zela adierazi zuen, ezer topatzen zuen ikustera. Kafea ahitu zitzaigun, eta Jimek esan zuen hobe nuela besteekin batera kanoan joan eta erostea.

        Herrira iritsi ginenean inor ez zebilen. Kaleak hutsik zeuden, erabat isilik eta lasai, igandeetan bezalaxe. Beltz gaixo bat aurkitu genuen etxe atzeko baratzean eguzkitan, eta esan zigun gazteegi, gaixoegi, edo zaharregi ez ziren guztiak mendiko eliz bilerara joanak zirela, basoan barrena bi milatara edo. Erregeak zuzenbidea ongi jaso, eta adierazi zuen bertara joan eta han lan egingo zuela ahal zuen guztia ateratzeko, eta ni berarekin joan nintekeela.

        Dukeak esan zuen inprimategia aurkitu nahi zuela, eta halako lantegi txiki bat aurkitu genuen aroztegi baten gainean. Arotzak eta inprimatzaileak eliz bilerara joanak ziren, eta ateak itxi gabe zeuzkaten. Leku zikin, nahaspilatua zen, eta tinta arrastoak zituen, eta zaldien eta beltz iheslarien irudiak zeuden hormetan. Dukeak berokia kendu eta behar zuen guztia bazuela esan zuen. Beraz ni eta erregea handik atera ginen mendiko bilerara joateko.

        Ordu erdian iritsi ginen, izerdi patsetan, eguraldi oso beroa egiten zuen eta. Mila pertsona izango ziren han bilduta, inguruko hogei milatatik etorriak. Basoa zaldi parez eta gurdiz josita zegoen, nonahi lotuta, eta animaliak gurdietako asketan jaten ari ziren eta isatsei eraginez euliak uxatzen zituzten. Baziren makilez egindako txabolak, zuhaitz adarrez estaliak zeudelarik, zeinetan limonada eta zingiberra saltzen baitzuten, eta meloi pila eta arto berria eta antzekoak.

        Predikua antzeko txabolen azpian egiten ari ziren, baina handiagoak ziren eta jende pila hartzen zuten. Eserlekuak egurren kanpoko aldea erabiliz eginak zeuden, azalean zuloak zituztelarik handik makilak sartu eta hanka moduan erabiltzeko. Atzealderik ez zuten. Predikariek txabolaren mutur batean oholtza garaiak zituzten gainera igotzeko. Emakumezkoek eguzkitako sonbreiruak zeramatzaten; batzuek hari eta artilezko nola-halako soinekoak zeramatzaten, beste batzuek gingazkoak, eta gazte gutxi batzuek perkalezkoak. Gizon gazte zenbait hankutsik zegoen, eta haur batzuek harizko alkandora besterik ez zuten jantzita. Emakume zaharretako batzuk trikota egiten ari ziren, eta gazte bikote zenbait ezkutuan gorteiatzen.

        Sartu ginen lehenengo txabolan predikaria himnoa ari zen irakurtzen. Bi lerro irakurri zituen, eta denek abestu zituzten, eta gauza ederra zen hori entzutea, horrenbeste jende ari zelarik eta horrenbesteko indarrez kantuan; gero beste bi lerro irakurri zituen jendeak abesteko, eta horrela aurrera egin zuten. Jendea gero eta piztuagoa zegoen, eta gero eta indartsuago ari zen; bukaera aldera batzuk negarrez hasi ziren, eta besteak garrasika. Gero predikaria sermoia egiten hasi zen; eta benetan hasi zen, gainera; eta hasieran oholtzaren alde batean hasi zen eta gero beste alderaino joan zen jirabiraka, gero makurtu egin zen oholtzaren aurrealdean, besoei eta gorputzari denbora guztian eragiten zielarik, eta indar guztiz hitzak deiadarka esaten zituen. Aldian behin Biblia altxa eta zabaldu egiten zuen, eta alde batetik bestera hala zerabilen, garrasi eginez: «Basamortuko brontzezko sugea da hori!» «Begira iezaiozue eta bizitza izango duzue!» Eta jendeak oihu egiten zuen «Aintza... A..a..men! Eta horrela aritu zen, eta jendeak negar eta garrasi egin eta amen esaten zuen:

        — Zatozte damutuen aulkira! Zatozte bekatuan zikindutakoak! (amen!) zatozte, gaixo eta nekatuak! (amen!) zatozte, ezindu, herren eta itsuak! (amen!) zatozte pobre eta beharrean zaudetenak, lotsak hartuta zaudetenak! (a..a..men!) nekatuak, zikinduak, minduak! zatozte gogoa umilduta! zatozte bihotza damututa! Zatozte zarpaildurik, bekatuan eta zikindurik! ur garbitzaileak zain dituzue, Zeruko ateak zabalik daude... sar zaitezte eta atseden hartu! (a..a..men! Aintza! Aintza! Aleluia!)

        Eta horrela eten gabe. Ezin zitekeen handik aurrera ulertu predikariak zioena, hango garrasiak eta negarrak zirela eta. Entzuleak zutitu egiten ziren, eta jendetza artean nonahi bidea zabaltzen zuten, indarraren indarrez, damutuen aulkira joateko, malkoak aurpegian behera zeriela; eta damutu guztiak zutitu eta aurreko aulkira taldean iritsi zirenean, abestu eta oihu egin zuten, eta belar gainera bota zuten bere burua, zoro eta basatien moduan.

        Konturatu baino lehen, hantxe abiatu zen erregea, eta jende guztiaren gainetik entzuten zitzaion; gero oholtza gainera igo zen eta predikariak jendeari hitz egin ziezaion eskatu zion, eta hark hori egin zuen. Jendeari esan zion pirata zela, hogeita hamar urtetan izan zela pirata Ozeano Indikoan, eta ontziko marinelak urritu egin zitzaizkiola dezente, aurreko udaberrian borroka batean, eta etxera itzuli zela gizon berriak hartzera, eta Jaungoikoari eskerrak bezperako gauean lapurtu egin ziotela eta baporetik lehorrera bota, eta han utzi zutela xentimorik gabe; pozik zegoela baina, inoiz gertatutako gauzarik miresgarriena gertatu zitzaiolako, izan ere, gizon berria bilakatu baitzen, eta bizitza osoan lehenengo aldiz zoriontsu izan zen; eta pobrea izanik, berehala hasi behar zuen lanean Ozeano Indikora atzera joateko eta bizitza osoa emango zuen piratak bide zuzenera bultza erazten; inork baino hobeto egin zezakeen eta lan hori, ozeano horretako pirata talde guztiak ezagutzen zituenez gero; eta, dirurik gabe, bertara iristeko denbora luzea beharko zuen arren, nola edo hala iritsiko zen, eta pirata bat bide onera ekartzen zuen guztietan esango zion: «Ez niri eskerrak eman, ez dut merezimendurik, Pokevilleko mendiko bileran zegoen jende maitagarriaren merezimendua da, benetako anaiak eta askaziaren on-egileak, eta bertako predikari maitearena, pirata batek inoiz izan duen lagunik minena!

        Gero lehertu eta negarrez hasi zen, eta hala egin zuten beste guztiek. Orduan norbaitek oihu egin zuen: «Egin dezagun diru-bilketa berarentzat, diru-bilketa egin dezagun!» Dozena erdiak jauzi egin zuen dirua biltzen hasteko, baina norbaitek oihu egin zuen: «Pasa dezala berak gure artean sonbreirua!» gero denek gauza bera esan zuten, predikariak ere bai.

        Orduan erregea jende artean sartu zen sonbreirua eskutan zeramalarik, begiak igurzten, eta jendea bedeinkatzen, goraipatzen, eta guztiei eskerrak ematen urrutiko piratekin horren ederki jokatu zutelako; eta aldian-aldian neska politenek, malkoak masailetan behera zerizkielarik, zutitu eta eskatzen zioten musu ematen uzteko, bera betiko gogoan izan zezaten; eta hark beti baiezkoa ematen zien; eta hark neska batzuk hartu, besarkatu zituen eta bost edo sei aldiz musu eman zien. Astebete bertan igarotzera gonbidatu zuten; eta denek etxeetan hartu nahi zuten, eta esaten zuten ohore handia izango zutela; baina mendiko bileraren azken eguna zenez gero, esan zuen ezingo ziela mesede gehiagorik egin, eta gainera Ozeano Indikora joateko irrika bizian zegoela piratak salbatzeko lanean hasteko.

        Almadiara iritsi ginenean dirua kontatzen hasi zen, eta ikusi zuen laurogeita zazpi dolar eta hirurogeita hamabost xentimo bildu zituela. Eta gainera hamabi litrotako whisky pitxerra hartu zuen, etxera gentozela basoan gurdi baten azpian aurkitu zuena. Erregeak esan zuen, guzti hori kontutan hartuta, misiolaritzan gehien irabazi zuen eguna izan zela. Esan zuen zalantzarik ez zuela, alegia, basatiek ez zutela piperrik balio piraren ondoan mendiko bileretan jarduteko.

        Dukeak, erregea azaldu zen arte, ongi aritu zela uste zuen, baina handik aurrera ez zegoen oso ziur. Inprimategian nekazarientzat lantxoak antolatu eta inprimatu zituen, zaldien irudiak hain zuzen ere, eta lau dolar irabazi zituen. Eta beste hamar dolar irabazi zituen egunkarian iragarkiak jartzeagatik, eta esan zien lau dolarrengatik jarriko zituela dirua aldez aurretik ematen bazioten, eta hala egin zuten. Egunkariaren ordainketa urtean bi dolar ziren, baina hiru harpide egin zituen dolar erdian alea aldez aurretik ordaintzeko baldintzarekin; erregaia egiteko egurra eta tipularen truke, beti egin ohi zuten bezala, ordaindu nahi zuten, baina esan zien lantegia hartu berria zuela eta ahal zuen gehiena jaitsiko zituela prezioak, eta dirutan egingo zituela kontuak beti. Berak bere kabuz asmatutako poesia egin zien, hiru bertso goxo eta goibel xamarrak, izenburuak zielarik: «Bai, mundu hotz horrek, zapal ezazu bihotz eri hau», eta egin eta inprimatzeko prest utzi zituen eta ez zien horiek idazteagatik dirurik eskatu. Bederatzi dolar t'erdi atera zituen, eta esan zuen ongi lan egin behar izan zuela diru hori irabazteko.

        Gero berak inprimatutako beste lan txikia erakutsi zigun, guretzat izateagatik doan egin zuelarik. Beltz iheslari baten irudia zen, fardeltxoa bizkarrean eta guzti, eta $200 dolarretako saria beheko aldean idatzita zegoelarik. Irakurketa osoa Jimi buruzkoa zen, eta goitik behera deskribatzen zuen. Paperak zioen New Orleansetik beherantz berrogei milatara zegoen St Jacqueseko soroetatik ihes egin zuela aurreko neguan, eta beharbada ipar aldera joana izango zela, eta inork harrapatzen bazuen eta bere lehengo lekura eramaten, saria eta horretarako erabili behar izan zuen dirua ordainduko zitzaiola.

        — Orain —esan zuen dukeak—, bihartik aurrera, nahi izanez gero, egunez ibil gaitezke. Norbait hurbiltzen zaigula ikusten badugu, soka bat hartu eta, eskuak eta oinak loturik Jim kanpadendan sartuko dugu, papertxoa erakutsi eta esango diegu ibaian gora harrapatu dugula, eta baporean bidaia egiteko adina dirurik ez genuenez gero, almadia txiki hau utzi digutela lagunek eta sariaren bila goazela ibaian behera. Eskuburdinak eta kateak egokiagoak izango lirateke Jimentzat, baina ez lirateke bat etorriko gu pobreak izatearen kontuarekin. Bitxien oso antzekoak dira. Sokak dira gauza zuzenena; batasuna gorde behar da, antzerkigintzan esaten dugun bezala.

        Denek esan genuen dukeak buru argia izan zuela, eta ez genuela arazorik izango egunez ibiltzeagatik. Iruditu zitzaigun nahikoa urrundu gintezkeela gau horretan dukearen inprimaketa lanak herri txiki horretan sortuko zituen zalapartei ihes egiteko; gero aurrera jo genezakeen, nahi izanez gero.

        Ezkutuan eta isilik geratu ginen, eta ez ginen ia hamarrak arte abiatu. Orduan irrist egin eta ibaiaren erdi aldera joan eta herritik urrundu egin ginen. Ez genuen linterna zintzilik jarri herritik ikusten ez gintuztela ziur egon ginen arte.

        Jimek goizeko lauretan zaintza egiteko esnatu ninduenean, esan zidan:

        — Huck, iruditzen al zaizu bidaia honetan errege gehiago aurkituko ditugula?

        — Ez —esan nion—, ez dut uste.

        — Ongi da —esan zuen—. Errege bat edo bi izatea tira, baina nahikoa da. Hemengo hau mozkor-mozkor eginda dago, eta dukea ez dago askoz hobeto.

        Jakin nuen Jimek erregea frantsesez hizketan jarri nahi izan zuela, nolakoa zen entzun ahal izateko; baina hark esan zion lurralde hauetara aspaldi etorri zenez gero, eta izan zituen arazo guztiak izanda, ahazturik zuela.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia