Hemeretzigarren atala

 

        Bi edo hiru egun joan zitzaizkigun, ez, hobe igerian joan zitzaizkigula esan beharko nuke, izan ere, lasai, leun, eta maitagarri igaro baitziren egunak. Hauxe egiten genuen denbora pasatzeko. Han behean ibaia ikaragarri handia zen, batzuetan mila t'erdi hartzen zuen zabaleran. Gauez ibiltzen ginen, eta egunez almadia gelditu eta ezkutatu egiten genuen. Gaua amaitzeko zegoenean, ontzian ibiltzeari utzi eta almadia lotu egiten genuen, ia beti ur geldoetan hondar pilen aurrean, gero zumardi gazteen eta sahatsen adarrak moztu eta horiekin almadia ezkutatu, eta kordelak botatzen genituen. Ondoren ibaian sartu eta igerian ibiltzen ginen, freskatu eta beroa astintzeko. Orduan ura belaunetaraino iristen zen lekuan hondar gainean jarri, eta egunsentia ikusteko zain geratzen ginen. Hots bat ere ez zen inon entzuten, dena isili isilik, mundu osoa lotan balego bezala, noizean behin, beharbada, igel handien korrokak besterik ez. Ibai gainean begiratuz ikusten zen lehenengo gauza marra ilun antzekoa zen. Hori beste aldeko basoa zen, eta ezin zenuen besterik ikusi; gero zurbilgunea zeruan, eta zurbiltasun handiagoa inguruan zabalduz. Gero gorago ibaia baretu egiten zen, eta ez zen horren beltza, grisa baizik. Urak zeramatzan beltzuneak ikus zitezkeen urrutian; salerosketako batelak, eta antzekoak; arrasto beltz luzeak: almadiak. Batzuetan arraun handi baten hotsa entzun zitekeen, edo ahotsen zurrumurrua. Isiltasuna erabatekoa zen, eta oso urrutitik zetozen hotsak. Ondoren uretan marra bat ikus zenezakeen, eta itxurarengatik enbor urperatua zela antzeman, ur lasterrak bere gainean lehertu eta marrari antz hori ematen baitzion; lainoa uretatik gora zeriola, eta ekialdea gorritzen ikus zitekeen, eta ibaia ere bai. Basoaren atarian egurrezko etxetxoa antzeman zenezakeen, ibaiaren beste aldeko bazterrean, ziur aski egurtegia izango zena, azpi-lapur horiek pilak egiterakoan, pilak nolanahi egin, eta egurren arteko zuloetatik zakurrak pasatzeko adina tartea utzita zutelarik. Gero haize goxoak jotzen zuen, eta haizemailea balitz bezala zetorren, hotz eta freskoa, eta usain gozoa zuen, zuhaitz eta breen eraginez; baina ez zen beti era horretakoa izaten, inguruan arrain hilak uzten baitzituzten, lutxoren bat edo, eta horiei kiratsa zerien. Ondoren egun argia izaten zen, gauza guztiek eguzkiari irribarre egiten zioten, eta txori kantariak jo eta ke abesten!

        Ke pixka bat garai horretan ziur aski nabarmenduko ez zelakoan, kordeletatik arrain batzuk jaso, eta gosari goxoa azkar prestatzen hasi ginen. Gero ibaiaren bakardadeari erreparatzen genion, eta alferkeriak hartzen gintuen, alferkerian lotan gelditu arte. Jaiki, eta gero zerk esna erazi gintuen begiratzen genuen, eta beharbada bapore bat aurkitzen genuen, ibaian gora eztulka, beste aldetik urruti, hari buruz txopako gurpila, edo alde batekoa zeraman soil soilik eta besterik ezin antzeman zenezakeelarik; gero ordubetean ez zenuen ezer entzuten eta ez inor ikusten, bakardade osoa besterik ez. Gero almadia bat ikus zenezakeen urrutian, eta beharbada haren gainean marinel bizar guria egurra mozten, gehienetan hala ibiltzen dira eta almadia gainean; eta aizkoraren distira beherantz zihoala ikus zenezakeen... baina ez zenuen ezer entzuten; aitzitik aizkora berriz altxa eta gizonaren buruaren parean zegoenean, orduan entzuten zenuen, kaska! denbora guzti hori behar izan zuen hotsak ur gainetik guregana iristeko. Horrela ematen genuen eguna, alferkerian eta isiltasuna entzuten. Behin batean laino itxia izan genuen, eta almadietan eta han zebiltzan beste ontzietan latorrizko ontziei danba-danba eragiten zieten baporeek harrapa ez zitzaten. Txalupa edo almadia bat oso gertutik igaro zitzaigun, eta han zihoazenak hizketan, biraoka, eta barrez entzun genitzakeen, garbi-garbi entzun, entzun ere; baina ez genuen horien arrastorik ere ikusten. Horrek dardara eragiten zuen, izpirituak airean zebiltzala zirudien. Jimek esan zuen izpirituak iruditzen zitzaizkiola; baina nik esan nuen:

        — Ez, izpirituak balira ez lukete esango, laino madarikatu hori.

        Gaua egin bezain laster abiatzen ginen. Ontzia ibaian erdiratu, eta urak nahi zuen lekura eraman zezan uzten genuen. Gero pipak piztu, hankak zintzilik jarri eta uretan sartzen genituen, eta era guztietako gaiez hitz egiten genuen. Beti larru-hutsik ibiltzen ginen, gau eta egun, moskitoek uzten zigutenean noski. Bucken familiak egin zizkidan jantzi berriak onegiak ziren gustura ibiltzeko, eta bestela ere, ni ez nintzen askotan jantzita ibiltzen.

        Batzuetan ibai osoa guretzat izaten genuen denbora luzean. Urrutian ibai bazterrak eta uharteak genituen, ura alde batetik bestera; eta beharbada argi distiraren bat, etxetxo bateko leiho ondoko kandela izaten zena, eta zenbaitetan uretan argi erlantzen bat edo beste ikusten genuen, almadia edo txaluparen batekoa, jakina; eta beharbada ontzi horietatik zetorren biolinen bat edo abestiren bat entzun zitekeen. Zoragarria zen almadia batean bizi izatea. Zerua genuen gainean, izarrez ttittakatua, eta etzanda jarri eta horiei begira egoten ginen. Eztabaidak izaten genituen horretaz, alegia, izarrak eginak ote ziren, edo besterik gabe han zeudenak. Jimek uste zuen eginak zirela, baina nik berriz uste nuen han zeudela. Iruditzen zitzaidan denbora luzeegia behar izango zutela guzti horiek egiteko. Jimek esan zuen ilargiak berak jarritakoak izan zitezkeela, eta arrazoizkoa iruditu zitzaidanez, ez nion aurkakorik esan, ikusi baitut nik igela antzeko arrautza pila jartzen, beraz hori ere gerta zitekeen. Erortzen ziren izarrak ere ikusten genituen, tximisten antzera beherantz jsisten. Jimek uste zuen hondatu egin zirela eta habiatik bota zituztela horregatik.

        Gauean behin edo bitan baporea ikusten genuen ilunpetan isilik zihoala, eta noizean behin txinparta pila botatzen zuen tximiniatik kanpora, eta ibaiaren gainera erortzen ziren euriaren antzera. Benetan ikuskizun polita zen. Gero bihurguneari bira egin eta argiak itzaltzen ziren eta motorraren hotsa itzali eta ibaia berriz isilik geratzen zen. Geroxeago haren olatuak guregana iristen ziren, ontzia desagertu eta handik luzera, eta almadia dantzan jartzen zuten. Gero ez zenuen ezer entzuten handik ez dakit zenbat denboran, igelak edo antzekoak ezik.

        Gau erdiaren ondoren ibai bazterrean bizi zen jendea oheratu egiten zen, eta handik aurrera bi edo hiru orduz bazterrak beltz beltzak egoten ziren, ez zen argi distira gehiagorik etxetxoetako leihoetan. Argi distirak gure erloju ziren. Lehenengo argiak egunsentia zetorrela adierazten zuen, beraz berehala leku bat bilatzen genuen geure buruak ezkutatu eta almadia lotzeko.

        Goiz batean eguna argitzerakoan, kanoa bat aurkitu eta urlasterra zeraman ubidea gurutzatu nuen ibai bazter nagusira iristeko, berrehun bat metro besterik ez ziren, eta errekatxoan gora mila bat egin nuen nekosta zuhaitzen artean, baia batzuk jasotzeko asmotan. Errekatxoa gurutzatzen zuen gurdibide antzeko batetik igarotzen ari nintzelarik, gizon bikote bat azaldu zen bidexkan beren oinek ahal zuten baino bizkorrago lasterka. Iruditu zitzaidan nireak egin zuela, izan ere, baten bat beste baten atzetik ikusten nuen guztietan nire atzetik zetorrela iruditzen zitzaidan eta, edo Jimen atzetik bestela. Handik korrika alde egitera nindoan, baina oso gertu nituen, eta oihuka eskatu zidaten bizia salba niezaien. Ez zutela ezer egin, eta horregatik zebiltzala beren bila. Gizonak eta zakurrak omen zituzten atzetik, baina nik esan nien:

        — Ez hori egin. Ez ditut zakurrak eta zaldiak oraindik entzun; oraindik baduzue denbora sasi artean sartu eta errekan goraxeago sartzeko; gero uretan sartu eta niregana etorri txalupan sartzera. Horrela zakurrek zuen aztarna galduko dute.

        Hala egin zuten, eta ontziratu ziren bezain laster geure hondar pilara abiatu nintzen presaka, eta bost edo hamar minututan zakurrak eta gizonak entzun genituen garrasika urrutian. Errekarantz zihoazela entzun genuen, baina ezin genituen ikusi. Bazirudien geratu eta inguruan begira ari zirela, gero gu urrutiratu ahala ia ez genuen ezer entzuten. Basoan aurrera mila bat edo egin, eta ibairatu ginenerako, dena isiltasun osoan zegoen, eta hondar pilarantz arraun egin genuen eta zumardi artean ezkutatu eta ordurako arriskurik ez genuen.

        Gizon horietako batek hirurogeita hamar urte inguru izango zituen, buru soila zen, eta bizar zuria zuen. Sonbreiru makur narrasa zeraman, artilezko alkandora urdin koipetsua, eta mahoizko galtza zahar urdinak bota luzeetan sartuta, eta etxean egindako tiranteak... ez, bakarra zuen. Mahoizko beroki luzea urre antzeko botoi lauak eta guzti, besoan zintzilik zeraman airean, eta biek zeramatzaten zarpail itxura zuten burusi poltsak.

        Besteak hogeita hamar urte inguru izango zituen, eta aurrekoa bezain zarpail jantzita zegoen. Gosaldu ondoren denak etzan eta hizketan aritu ginen, eta agerian geratu zen berehala bikoteak ez zuela lehendik elkar ezagutzen.

        — Zer dela eta dituzu arazoak? —esan zion burusoilak beste adiskideari.

        — Hortzetatik lertzoa kentzeko gai bat saltzen aritu naiz, eta kendu kentzen zuen, bai, eta gehienetan hortz azala ere batera; baina behar nuena baino beste gau bat gehiago egin eta, hanka egiten ari nintzenean zurekin topo egin dut bidean herriaren alde honetan, eta orduan zuk esan didazu atzetik zenituela eta erregutu didazu estualditik ateratzen laguntzeko. Esan dizut laster istiluak izango nituela nik ere, eta zurekin ihes egingo nuela. Hori da istorio guztia. Zein da zurea?

        — Astebetez aritu naiz alkoholdun edarien aurkako deialdia egiten, eta emakume jendearen begikoa nintzen, zahar nahiz gazteena, zurruteroen aurka gogor hitz egiten bainuen, eta egia esango dizut, gauero bost edo sei dolar irabazten nituen, hamar xentimona, umeak eta beltzak doan. Gero eta diru gehiago jasotzen nuen; baina nonbaitetik zurrumurrua zabaldu zen bart gauean, alegia, denbora pasatzeko ohitura nuela ezkutuan eta bakarka pitxerretik edatekoa. Beltz batek esnatu nau gaur goizean, eta esan dit jendea isilik biltzen ari zela, zakur eta zaldiekin batera; laster etorriko zirela eta ordu erdi emango zidatela alde egiteko, eta gero atzetik ni harrapatzera aterako zirela; ahal izanez gero harrapatu eta bikezkatu eta lumak jarriko zizkidatela, eta hesi baten gainean jar erazi. Ez nintzen gosariaren zain geratu. Ez nintzen goseak.

        — Agure —esan zuen gazteak—, uste dut talde lanean elkar gaitezkeela; zer diozu?

        — Ez nago horren aurka. Zertan zabiltza zu, bereziki?

        — Inprimagilea naiz, lanbidez; sendagarri patentatuekin ere batzuetan ibiltzen naiz, antzezle... tragediak, badakizu; aukera izanez gero, saioak egiten ditut mesmerismoan eta frenologian; aldatu nahi izanez gero, geografia kantuan irakasten dut; noizean behin hitzaldi bat edo beste bota... oi, gauza pila egiten dut, ia eskura etortzen zaidan guztia, lan egitea ez bada behintzat. Zein da zure zeregina?

        — Medikuntzan dezente ibilia naiz. Eskuak gainean jarrita sendatzea da ondoen egiten dudana..., minbizia, paralisia, eta antzekoak sendatzeko; eta etorkizuna ere ongi xamar esan dezaket, gertakizunen berri emateko norbait ondoan izanez gero. Sermoigintza ere nire arloa da; eta mendiko bileretan lan egitea; eta misiolari gisa ibiltzea.

        Inork ez zuen tarte batean ezer esan. Gero gazteak hasperen egin eta esan zuen:

        — Ai, ene!

        — Zer zabiltza ai eneka? —esan zuen burusoilak.

        — Pentsatzen ari naiz zer den horrelako bizimodua eramateko bizirik iraun beharra, eta honelako lagunartea izatera makurtu beharra —eta zapi bat hartu, eta begi ertza igurtzi zuen.

        — Zoaz infernura, ez al gara nahikoa lagunarte on zuretzat? —esan zuen burusoilak era lotsagabe eta harroan.

        — Bai nahikoa ona da niretzat; ona da merezi dudanez gero; nork jaitsi erazi nau hona behera, horren goian egonik? Neronek. Ez dizuet errua egozten, jaunak, ezta gutxiago ere; ez diot inori egotzi nahi. Mundu hotz honek kalterik handiena egin diezadala; gauza bakar bat dakit: hilobi bat bada nonbait nire zain. Munduak beti bezala aurrera egin dezala, eta gauza guztiak ken diezazkidala: maite izan ditudanak, ondasunak, dena; baina hori ez dit kenduko. Egunen batean han barruan etzan eta gauza guztiak ahaztuko ditut, eta nire bihotz gaixo hautsiak atseden hartuko du —eta begiak igurzten aurrera egin zuen.

        — Pikutara zure bihotz gaixo hautsia —esan zuen burusoilak—. Zertarako botatzen diguzu bihotz gaixo hautsia gure gainera? Guk ez dizugu kalterik egin.

        — Ez, badakit ezetz. Ez da zuen errua izan, jaunak. Nik makurtu dut neure burua... bai, nik neronek egin dut. Zuzena da nik jasan behar izatea, oso zuzena, eta ez dut horregatik negar egiten.

        — Jaitsi nondik? Nondik jaitsi zara?

        — Ez zenukete sinetsiko; munduak ez dit inoiz sinesten... berdin dio... ez dio axolarik. Jaiotzaren sekretua...

        — Jaiotzaren sekretua? Zer esan nahi duzu.

        — Jaunak —esan zuen gizon gazteak ohore handiz—, aditzera emango dizuet, iruditzen zaidalako zuengan uste ona izan dezakedala. Ni dukea naiz legez!

        — Jimi begiak ia burutik irten zitzaizkion hori entzun zuenean; eta nik uste dut nireak ere gauza bera egin zutela. Gero burusoilak esan zuen:

        — Ez! Ez da posible.

        — Bai, birraitona, Bridgewater dukearen seme zaharrena, joan den mendearen bukaeran iheslari etorri zen lurralde honetara, askatasunaren aire garbia arnastera; hemen ezkondu, eta hil zen, seme bat utzi zuelarik, aita hil zen garai berean. Hildako honen bigarren semeak tituluak eta ondasunak bereganatu zituen... eta benetako dukea berriz baztertua geratu zen. Haur horren ondorengo zuzena naiz ni. Benetako Bridgewater dukea naiz; eta hemen nago, umezurtz, goi mailatik botata, gizonak atzetik ni harrapatu nahian dabiltzala, mundu doilorrak gutxietsia, zarpaildua, nekatua, bihozgabetua, eta mailaz jaitsi eta almadia batean ihesleekin egotera behartua!

        Jim erruki zitzaion oso, eta ni ere bai. Bihotza pizten saiatu ginen, baina alferrik ari ginela esan zigun, ezin zuen pozik hartu. Gu duketzat hartzeak beste ezerk baino hobe egingo liokeela esan zigun; beraz hala egingo genuela esan genion, nola jardun esaten baldin bazigun. Esan zuen bere aurrean burua makurtu beharko genuela, eta «Jaun goren», «Jaun txit goren» edo «Gorentasun» esan, eta berdin zitzaiola «Bridgewater» besterik gabe esaten bagenion, edozein modutara ere, titulua zenez gero eta ez izena; eta guretako batek janaria zerbitzatu beharko ziola, eta berak eskatzen zion edozer gauzatxo egin.

        Ez zen lan handirik, eta hala egin genuen. Bazkaritan Jim zutik geratu zitzaion inguruan janaria zerbitzatzeko, eta esaten zion: Maiestate horrek hemengoa ala beste aldekoa nahi du?» eta edonork ikus zezakeen oso atsegin zitzaiola.

        Baina agure zaharra handik tarte batera isilik geratu zitzaigun, ez zuen ezer esatekorik, eta ez zirudien oso gustura zegoenik, batez ere dukearen inguruan generabilen lausengu guzti horiekin. Buruan zerbait zerabilela iruditu zitzaidan. Eta hala, arratsaldean, esan zuen:

        — Begira, Bilgewater, benetan penaturik nago zuregatik, baina ez zara tankera horretako arazoak dituen pertsona bakarra.

        — Ez?

        — Ez, ez zara. Ez zara zu goi mailatik jaitsi erazi, eta nolanahi arrastaka ibil erazi duten bakarra.

        — Ene!

        — Ez, ez zara jaiotzaren sekretua gordetzen duen pertsona bakarra —eta, hura lana, gizona negarrez hasi zen.

        — Egon! Zer esan nahi duzu?

        — Bilgewater, fidagarria al zaitut? —esan zuen burusoilak, oraindik negar zotinka ari zelarik.

        — Heriotza arte! —agure zaharrari eskutik heldu, ongi estutu, eta esan zion—: Zein duzu sekretu hori: esan!

        — Bilgewater, ni nauzu hildako Delfina!

        Orduan bai begiak irtenda Jim eta biok elkarri begiratu geniola. Gero dukeak esan zuen:

        — Zer zarela?

        — Bai, adiskidea, egia besterik ez da. Zure aurrean duzu Frantziako Delfin desagertu gizajoa, Louis XVII.a, Louis XVI.a eta Maria Antonietaren semea.

        — Zu! Adin horretan! Ez! Hildako Carlomagno berbera zarela esan nahi duzu? Sei edo zazpirehun urte izan beharko zenituzke gutxienez.

        — Oinazeak, Bilgewater, oinazeak du errua; horrek ekarri dizkit ile zuri hauek eta ile erortze goiztiarra. Bai, jaunak, hementxe duzue, mahoizko jantziak dituelarik eta pobretasun osoan, Frantziako benetako Errege iheslari, atzerriratu, zanpatu eta mindua.

        Negar zotinka aurrera egin zuen etengabe, eta Jim eta biok ia ez genekien zer egin, erruki gintzaizkion... eta, era berean, pozik eta harro ginen hura gure artean izateagatik. Berriro hasi ginen, dukeari egin genion bezala, agureari bihotza alaitu nahian. Baina esan zigun alferrik zela, heriotzak eta guzti haren amaierak besterik ez lukeela lasaituko; baina, hala ere, askotan gustura senti erazi eta on egiten ziola jendeak bere mailari zegokion eran jokatzen bazuen, alegia, berarekin hitz egiteko belaunikatu, beti «Maiestate» esan, edo janaria zerbitzatu, eta bere aurrean berak esan arte jendea ez bazen esertzen. Beraz Jim eta biok maiestateka hasi ginen, eta gauza bat eta bestea berarentzat egiten, eta zutik egoten hark esan arte. Horrek ikaragarrizko bizia eman zion, eta gu ere gustura eta pozik geratu ginen. Baina dukea pipertua zebilen berarekin, eta ez zirudien batere gustura zegoenik han gertatzen ari zenarekin; erregea anaitasunean ari bazitzaion ere. Esan zion, gainera, dukearen birraitona eta beste Bilgewater duke guztiak ere oso ongi hartu zituela bere aitak eta jauregira maiz gonbidatzen zituela; baina dukea kopetilun ibili zen tarte luzean, azkenean erregeak esan zion arte:

        — Almadia honetan elkarren ondoan denbora luze madarikatuan egon beharko dugunez gero, Bilgewater, ez zaigu komeni umore txarrez ibiltzea. Horrek nekeak besterik ez dizkigu ekarriko. Ez da zure errua errege ez jaio izana, ezta nirea ere duke jaio ez izana... beraz zertarako alferrik nekatu? Gauzak gertatzen diren bezalaxe hartu behar dira, hala diot nik... hori da nire jokabidea. Ez da gauza txarra hemen topo egin izana... janaria gainezka dugu eta bizimodu erosoa... ekarri bosteko hori, duke, eta adiskidetu gaitezen.

        Dukeak eskua eman zion, eta Jim eta biok poztu egin ginen. Hango ezinegonak baztertu eta hori gertatu ondoren gauzak onera itzuli zirenean, izan ere, gauza txarra baita ezinikusiak izatea almadia batean; bertan izan nahi dena, batez ere, denak gustura egotea baita, lasai eta besteekin adiskidetasunean.

        Denbora gehiegi ez nuen behar izan garbi ikusteko gezurti horiek ez zirela ez errege ez dukerik, inondik ere, gezurrontzi eta ziri-sartzaileak baizik. Baina ez nuen ezer esan, ez nion inori esan; nire baitan gorde nuen; hori izaten da onena beti; horrela ez da eztabaidarik izaten, eta ezta arazorik ere. Duke eta errege esatea nahi zutela? Guk ez genuen batere oztoporik horretarako, familiako bakea gordetzeko balio bazuen; eta ez nuen ezer aurreratzen Jimi esanda, beraz ez nion esan. Inoiz aitarengandik ezer ikasi banu, horixe ikasi nuen, tankera horretako jendearekin ongi konpontzeko modurik onena dela nahi dutena egiten uztea.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia