Hemezortzigarren atala

 

        Grandgerford koronela gentleman horietakoa zen. Goitik behera zen gizon ongi ikasia; eta familia ere halakoxea zuen. Ongi jaioa, esaerak dioen bezala, eta horrek berdin balio du gizonarentzat nahiz zaldiarentzat, hala esaten zuen Douglas alargunak, eta inork ez zion ukatu herriko lehenengo aristokrata izatea; eta aitak ere gauza bera esaten zuen, bera katu arrainaren mailatik gorakoa ez bazen ere. Grangerford koronela garaia zen eta oso argala, azal beltxaran xamarra zuen, eta ez zuen inon gorriaren arrastorik. Bizarra mozten zuen goizero, aurpegi mehe osoan goitik behera, ezpain fin finak zituen, sudur mehea oso eta irtena, bekain lodiak, eta begi beltz beltzak, hain sakonean sartuak ezen leize-zuloetatik begira ari zitzaizula baitzirudien, nolabait ere. Kopeta zabala zuen, ilea beltza eta leuna, eta sorbaldetaraino zintzilikatzen zitzaion. Eskuak luzeak eta finak zituen, eta egunero hutsik egin gabe alkandora garbia janzten zuen eta goitik behera lihoz eginiko janzkia, zeinak horren zuria izanagatik begietan min ere ematen baitzuen; igandeetan berriz jaka luze urdina urre antzeko botoiak eta guzti. Kirtena zilarrezkoa zuen kaobazko makila erabiltzen zuen. Ez zuen inoiz arinkeriarik egiten, ezta bat ere, eta ez zuen garrasirik egin behar izaten. Atseginetan atseginena zen, sumatu egiten zitzaion, badakizu, eta horrek lagun bilakatzen zuen. Batzuetan irribarre egiten zuen, eta poza ematen zuen horrela ikusteak, baina kandela bezain tente jartzen zenean, eta bekain azpitik tximistak keinuka hasten zirenean, nahiago izaten genuen arbola gainera igo, eta geroko utzi zer gertatu zen jakitea. Ez zion hark inori esaten portaera egokia izateko, bere aurrean denak behar bezala egoten ziren. Haren ondoan gustura egoten ziren denak; eguzkitsu izaten zen gehienetan, alegia, eguraldi ona egiten zuela zirudien. Lainotzen zitzaigunean berriz, dena ikaragarri ilun geratzen zen minutu erdiz edo, baina gero aste osoan ez zen okerrik izaten.

        Goizean gizona eta etxeko andrea jaisten zirenean, familia osoa zutik jarri eta egun onak ematen zizkien, eta ez ziren berriz esertzen haiek eseri arte. Gero Tom eta Bob pitxarrak izaten ziren arasa ondora hurbildu, eta bitter edalontzia nahasi eta aitari ematen zioten; hark eskuan hartu eta zain egoten zen Bob eta Tomek beraienak nahastuak zituzten arte, gero mutilek burua makurtu eta esaten zuten: «Geure begirunea zuei, jaun eta andrea»; eta pitin bat makurtzen zuten burua eta eskerrik asko esaten zuten. Orduan hirurak edaten zuten, eta Bob eta Tomek koilarakada bat ur botatzen zuten edalontzi hondoan geratu zitzaien azukre eta whisky edo sagar brandyaren kondarren gainean, eta niri eta Bucki ematen ziguten, eta guk ere etxeko nagusien ohoretan edaten genuen.

        Bob zaharrena zen, eta Tom bigarrena. Gizon dotore eta garaiak, sorbalda zabal eta aurpegi beltzaranekoak, eta ilea luzea eta begi beltzak zituzten. Goitik behera liho zuriz janzten zuten, etxeko nagusiak bezala, eta Panamako sonbreiru zabalak zeramatzaten.

        Ondorengoa Charlotte andereño zen, hogeita bost urte zituen, liraina, harroa, eta ederra, baina on hutsa, haserre ez bazegoen; baina haserretzen bazen, aitak bezala hark ere begirada zuen ihes egin erazten zuena. Polita zen.

        Bere ahizpa Sophia ere halakoa zen, baina beste izaera zuen. Atsegina eta goxoa zen, usoaren antzera, eta hogei urte besterik ez zituen.

        Familiakoek beltz bana zuten zerbitzari gisa, Buckek ere bai. Nire beltzak ez zuen batere lanik, ni ez nengoelako ohiturik pertsona bat izaten niri gauzak egiteko, baina Buckena airean zebilen ia denbora guztian.

        Horiek ziren familiako guztiak, baina gehiago izanak ziren, hil zituzten beste hiru seme; eta Emmeline hil zena. Etxeko nagusiak etxalde asko bereak zituen, eta ehun beltzetik gora. Batzuetan jendetza etortzen zen, zaldiz, hamar edo hamabost mila egin ondoren, eta bost edo sei egun egiten zituzten etxean, eta ibilaldiak egiten zituzten han inguruan, ibaian gora eta behera, eta egunez basoan dantzak eta bazkariak egin ere bai, eta gauez etxean dantzaldiak. Jende hori gehienetan familiaren ahaideak ziren. Gizonek eskopetak zeramatzaten. Goi mailakoak ziren, zalantzarik ez zen.

        Beste aristokraten taldea bizi zen han inguruan, bospasei familia, gehienak Sheperdson izena zutenak. Grangerfordtarren taldekoak bezain dotore, etxe oneko, ongi jaiotako eta handikiak ziren. Sheperdsontarrek eta Grangerfordtarrek baporeen kai berbera erabiltzen zuten, eta gure etxetik behera joan eta bi milatara edo zegoen; horregatik guretako askorekin batera kaira joaten ginenean maiz ikusten genuen Sheperdsontar taldea, zaldi dotoreen gainean.

        Egun batean Buck eta biok basoan ehizan genbiltzala, zaldiak zetozela entzun genuen. Bidea ari ginen gurutzatzen, eta Buckek esan zuen:

        — Azkar! Sartu azkar basoan!

        Hori egin ondoren, basoan ginenean, ezkutuan begiratu genuen hosto artetik. Berehala gizon gazte bikaina azaldu zen bidean zaldi gainean, soldadu baten antzera trebetasunez zebilelarik. Eskopeta zelaren alde batean sartuta zuen. Ezagutzen nuen lehendik. Harney Sheperdson gaztea zen. Bucken armak tiro egiten zuela entzun nuen belarri ondoan, eta Harneyren sonbreirua burutik erori zitzaion. Bere eskopeta hartu eta zaldi gainean zuzen-zuzen zetorren gu ezkutatuak ginen lekuraino. Baina ez ginen han geratu. Basoan barrena abiatu ginen lasterka bizian. Basoa ez zen oso itxia, horrenbestez sorbalda gainetik begiratzen nuen balei ihes egiteko, eta bi aldiz ikusi nuen Harneyk eskopeta Buck zegoen lekura zuzenduta zuela. Gero lehengo bidera itzuli zen, uste dut sonbreiruaren bila joan zela, baina ezin nuen ikusi. Ez genion lasterketari utzi etxera iritsi arte. Etxeko jaun zaharraren begiak sugartu egin ziren une batez, gehienbat harrokeriaz, iruditu zitzaidan niri. Gero aurpegia lasaitu zitzaion, eta esan zuen modu atseginean:

        — Zuhaixken atzetik tiro egite hori ez zait oso atsegin. Zergatik ez zinen bide erdira irten, semetxo?

        — Sheperdsontarrek ez dute hori egiten, aita. Beti aurrea hartzen dute horiek.

        Charlotte andereñok burua tente zuen erregina baten moduan Buckek gertatutakoa kontatzen zuen bitartean, eta sudurzuloak puztu egiten zitzaizkion eta begiei haserrea zerien. Bi mutil gazteak kopetilun zeuden, ez zuten hitzik esan. Sophia andereño zurbildu egin zen, baina kolorea etorri zitzaion gizona ez genuela zauritu jakin zuenean.

        Buck handik zuhaitz azpiko aletegietara eraman ahal izan nuen bezain laster, esan nion:

        — Hil nahi al zenuen, Buck?

        — Noski baietz.

        — Zer egin dizu, bada?

        — Berak? Berak ez dit inoiz ezer egin.

        — Eta, orduan, zergatik nahi zenuen hil?

        — Ezergatik ere ez... Mendekuarena besterik ez da.

        — Zer da mendekua?

        — Baina, non hazi zaituzte? Ez al dakizu mendekua zer den?

        — Ez dut hori inoiz entzun. Esan, bada, zer den.

        — Hara —esan zuen Buckek—, horrela izaten da mendekua: gizon bat beste batekin haserretzen da, eta batak bestea hiltzen du; gero bestaren anaiak hura hiltzen du; gero bi aldeetako anaiak bata bestearen aurka hasten dira; gero lehengusuek parte hartzen dute, eta azkenean denak hiltzen dira, eta akabo mendekua. Baina poliki xamar gertatzen da hori, eta denbora luzea behar da.

        — Zuena aspaldikoa al da, Buck?

        — Bai horixe! Duela hogeita hamar urte edo hasi zen. Zerbaiti buruz istilua izan zuten, eta gero auzia hori konpontzeko. Auziak gizon bati eman zion arrazoia, eta horrenbestez besteak auziaren irabazleari tiro egin eta hil zuen, noski, barruak esaten ziona egin zuen. Edozeinek hala egingo zukeen.

        — Zertaz izan zuten eztabaida, Buck? Lurrak...?

        — Beharbada... Ez dakit.

        — Nork egin zuen tiro? Grangerfordtarrak ala Sheperdsontarrak?

        — Arraioa, nola nahi duzu jakitea? Aspaldi gertatu zen.

        — Inork ez al daki?

        — A bai, aitak badakiela uste dut, eta zaharretako batzuek ere bai; baina orain ez dakite hasierako istilua zertaz izan zen.

        — Hildako asko izan dira, Buck?

        — Bai, hileta pila ederra izan dugu. Baina ez dute beti nahitanahiez hiltzen. Aitak posta tiro batzuk ditu gorputzean, baina ez zaio axola berak bestela pisu handirik ez du eta. Bobi mendiko labana erabiliz arrastoak utzi zizkioten, eta Tom behin edo bitan zauritu dute.

        — Inor hil al dute aurten, Buck?

        — Bai, guk bat eta beraiek bestea. Duela hiru hilabete inguru Bud gure lehengusua, hamalau urteko gaztea, zaldi gainean zebilen basoan barrena ibaiaren beste aldetik, armarik ez zeramala, zorakeria galanta hori bestalde. Leku bakarti batean zaldi bat atzetik zetorrela sumatu zuen, eta Baldy Sheperdson zaharra ikusi zuen hurbiltzen eskopeta eskuan hartuta eta hile zuria airean hegan egiten; eta zaldi gainetik jauzi egin eta basora jo beharrean, Budi iruditu zitzaion zaharra baino azkarrago joan zitekeela; eta han ibili ziren, jo eta ke, bost mila baino gehiago egin arte, agurea gero eta hurbilago. Azkenean Budek ikusi zuen alferrik ari zela, eta gelditu eta atzera begiratu zuen tiroak aurpegian aurrez aurre hartzeko, eta zaharra zaldi gainean gehiago hurbildu eta tiroz bota egin zuen lurrera. Baina aukera handirik ez zuen izan poza hartzeko, gure jendeak handik astebetera hil egin zuelako.

        — Iruditzen zait agure hori koldar txepela besterik ez zela, Buck.

        — Nik ez dut uste koldarra zenik. Ezta gutxiago ere. Ez da koldar txepelik Sheperdsontarren artean, bakar bat ere ez. Eta ez da koldarrik Grangerfordtarren artean ere. Izan ere, gizon zahar hori borrokan aritu zen ordu erdiz hiru Grangerfordtarren aurka, eta irabazle izan zen. Denak zaldi gainean zihoazen; agurea zaldi gainetik jauzi egin eta egur pila baten atzean ezkutatu zen, eta zaldia aurrean jarri zuen balak gelditzeko, baina Grangerfordtarrak zaldi gainean geratu eta gizonaren inguruan ibili ziren, eta tiroz josi zuten, eta hark ere gauza bera egin zuen. Zaldia eta bera zulatu xamarrak eta herrenka etxeratu ziren, baina Grangerfordtarrak etxera eraman behar izan zituzten, eta horietako bat hilik zegoen, eta beste bat hurrengo egunean hil zen. Ez, jauna, norbaitek koldarrak aurkitu nahi baditu ez dezala denbora galdu Sheperdsontarren artean bila ibilita, ez baita beren artean mota horretakorik.

        Hurrengo igandean mezetara joan ginen guztiok, hiru mila edo egin genituen denak zaldi gainean. Gizonezkoak eskopetak hartuta zihoazen, Buck bezalaxe, eta belaunen artean jarrita zituzten edo eskutik gertu hormaren kontra edo. Sheperdsontarrek gauza bera egiten zuten. Hitzaldia gogor xamarra izan zen: anaien arteko maitasunaz, eta antzeko aspergarrikeriaz aritu zen; baina denek esan zuten oso sermoi ederra izan zela, eta etxeko bidean horretaz hitz egin zuten, eta esateko gauza pila zuten fedeaz, ekintza onez, eta doai amaigabeaz, eta predestinapenaz, eta nik zer dakit zenbat gauzez, hura gogoan dudan iganderik astunena iruditu baitzitzaidan.

        Bazkaldu eta handik ordubetera denak erdi lotan zeuden, batzuk aulkietan eta besteak geletan, eta aspergarria bilakatu zen giroa. Buck eta zakurra belazean luze etzanda zeuden eguzkitan lo zerraldo. Geure gelara igo eta nik ere lo-kuluxka egingo nuela erabaki nuen. Sophia andereño atsegina ikusi nuen gure logelaren ondoan zegoen bere gelako ate aurrean. Gelara sartu ninduen eta poliki-poliki itxi zuen gero atea. Galde egin zidan bera gustukoa al nuen, eta baietz erantzun nion; gero galdegin zidan inori ezer esan gabe mesede bat egingo ote nion, eta nik baietz esan nion. Orduan esan zidan Testamentu liburua elizako eserlekuan ahaztuta utzi zuela, beste bi liburuen artean eta isil isilik atera eta haren bila joango ote nintzen, inori ezer esan gabe. Baietz esan nion. Poliki atera eta bidean gora urrundu nintzen. Elizan ez zen inor, zerri bat edo beste ezik, ateak ez baitzuen sarrailarik, eta zerriek udan egur lodiko lur ongi marruskatua gustura hartzen dute, freskoa izaten baita. Konturatzen bazara, jende gehiena beharrezkoa duenean besterik ez da joaten elizara; baina zerriak desberdinak dira.

        Neure buruari esan nion han zerbait gertatzen zela; ez zitzaidan ulergarria iruditzen neska batek horrelako izerdiak botatzea Testamentu liburu batengatik. Horrenbestez astindu bat eman nion liburuari eta paper puska bat erori zen lurrera, eta bertan «Ordu bi t'erdiak» idatzita zegoen lapitzez. Goitik behera aztertu nuen, baina ez nuen besterik aurkitu. Ez nuen ezer ulertzen, beraz papera berriz sartu nuen liburuan. Etxera iritsi eta eskailerak igo nituenean, Sophia andereño aurkitu nuen nire zain. Bultza egin eta barrura sartu ninduen, eta gero atea itxi zuen. Gero Testamentu barruan begira ibili zen papera aurkitu arte eta poza eman ziola zirudien, eta aitaren batean, heldu eta besarkada eman zidan, eta esan zuen munduko mutilik onena nintzela, eta inori ezer ez esateko. Minutu batean aurpegia gorritu egin zitzaion, eta begiak piztu eta oso polita jarri zen. Tarte luze batean harri eta zur geratu nintzen, eta berriro nire onera etorri nintzenean galdegin nion zer jartzen zuen paperean, eta hark ea irakurri nuen galdegin zidan, eta nik ezetz erantzun nion. Orduan eskuz idatzitakoa irakur nezakeen galdegin zidan, eta nik ezetz, inprentaz idatzitakoa besterik ez nuela irakurtzen. Ondoren esan zidan papera orrialdea gordetzeko ezaugarria besterik ez zela, eta jolastera joan nintekeela.

        Ibai aldera jaitsi nintzen, guzti hori buruan nerabilelarik, berehalakoan konturatu nintzen nire zerbitzari beltza atzetik zetorkidala. Etxetik nahikoa urrundu ginenean, atzerantz begiratu zuen une batez, eta gero korrika hurbildu zitzaidan, eta esan zuen:

        — George jauntxoa, zingirara jaisten bazara, uretako sugeak erakutsiko dizkizut.

        Esan nuen nirekiko: gauza bitxia da hori; gauza bera esan zidan atzo. Jakin behar du gainera inori ez zaizkiola suge horiek gustatzen, horiek harrapatzera joateko adina behintzat. Hala ere zertan ibiliko da? Eta esan nuen:

        — Ederki, goazen aurrera.

        Mila erdia edo egin nuen bere atzetik, gero zingiran sartu eta beste mila erdia egin zuen ura txorkatiletaraino iristen zitzaiolarik. Zuhaitzez, sasiz eta aihen-belarrez beterik zegoen zabalgune lau eta lehorrera iritsi ginen, eta esan zuen:

        — Sartu hortik eta urrats batzuk eman, George jauntxoa, eta hantxe aurkituko dituzu. Ikusiak ditut nik lehendik ere, eta ez ditut berriz ikusi nahi.

        Gero putzuan aurrera egin eta joan egin zen, eta berehala ezkutatu zuten zuhaitzek. Sartu nintzen beltzak esandako lekutik, eta zabalgune batera iritsi nintzen logela baten neurrikoa edo izango zena. Aihen-belarrez inguraturik zegoen, eta gizon bat aurkitu nuen bertan lotan..., eta nor izango eta Jim berbera izan behar!

        Hurbildu nintzaion, eta bururatu zitzaidan ustekabe ederra izango zuela ni berriz ikusteagatik, baina ez zen hala gertatu. Ia negarrez hasi zen, pozaren pozez, baina ez zitzaion harritu. Esan zuen gau hartan nire atzetik etorri zela igerian, eta nire oihuak entzun zituela denbora guztian, baina ez zuela erantzun, ez zuelako nahi norbaitek harrapatu, eta esklabutzara berriz eramatea. Esan zuen:

        — Zauriren bat egin nuen, eta ezin nuen oso azkar igeri egin, eta azkenerako zugandik urruti xamar geratu nintzen. Lehorreratu zinenean kontuak atera nituen harrapatu egingo zintudala oihurik egin behar izan gabe, baina etxea ikusi nuenean polikiago hasi nintzen ibiltzen. Urrunegi nengoen zer esaten zizuten entzun ahal izateko... Zakurren beldur nintzen, baina dena lasaitu zenean, banekien etxean izango zinela, eta basora jo nuen eguna argitzeko zain. Goizean goiz soroetara zihoazen beltz batzuk igaro ziren handik, eta leku honetara ekarri ninduten. Hemen ura dela eta zakurrek ezin antzeman nazakete, eta jateko zerbait ekartzen didate gauero, eta zure bizimoduaren berri ematen didate.

        — Eta zergatik ez diozu nire Jack horri hona lehenago ekartzeko esan, Jim?

        — Alferrik zen zu neka eraztea, Huck, zerbait egin genezakeen arte, baina orain ongi gaude. Ontziak, jateko tresnak, eta janariak erosi ditut, eta gauez aukera izan dudanean almadia konpontzen aritu naiz...

        — Zein almadia, Jim?

        — Geure lehengoa bera.

        — Zer esan nahi duzu, almadia ez zela txiki-txiki eginda geratu?

        — Ez, ez zen geratu. Kaltetua bai, mutur bat batez ere, baina kalte handiegirik ere ez zuen izan, gure gauza gehienak ordea galdu egin ziren. Horren ur sakonetan sartu izan ez bagina, edo ur azpian horren urruti joan ez bagina, gaua horren beltza izan ez balitz, beldurrak hainbesteraino hartu izan ez bagintu, eta esaten den bezala, horren txoriburuak izan ez bagina, almadia ikus genezakeen. Baina ongi atera zaigu, orain almadia berritan baino hobeto utzi dudalako, eta gauza berri asko ditugulako, galdutakoen ordez.

        — Eta, nola berreskuratu duzu almadia, Jim. Zeuk hartu duzu?

        — Nola hartuko nuen basoan egonda? Ez, beltz horietako batzuek aurkitu zuten enbor batek bidea ixten ziolarik, hor aurreko bihurgunean, eta errekatxo batean ezkutatu zuten sahats artean; eta norena izango zen erabakitzeko eztabaida horren handia izan zutenez gero, berehala jakin nuen zer gertatu zen. Orduan nik erabaki nuen auzia, eta esan nien ez zela hango inorena, zurea eta nirea baizik; eta ea gizon zuri baten ondasuna hartu nahi zuten galdegin nien, eta harengatik astindu ederra jaso. Gero hamarna xentimo eman nien, eta gustura joan ziren, beste almadiarik azaltzeko irrika bizian, eta harekin berriz aberasteko. Oso zintzoak izan dira beltz horiek nirekin, eta edozein gauza eskatzen diedala ere, ez diet bi aldiz esan behar, laztana. Jack hori beltz jatorra duzu, eta buru argi xamarra ere badu.

        — Bai hala da. Ez dit esan hemen zinenik; hona etortzeko esan dit, eta uretako suge pila erakutsiko zizkidala. Ezer gertatuz gero, eskuak garbi izango lituzke. Inoiz ez gaituela elkarrekin ikusi esan dezake, eta egia izango litzateke.

        Hurrengo egunaz ez dut oso luze hitz egin nahi. Iruditzen zait hobe izango dela gertatutakoa laburtzea. Egunsentiarekin batera esnatu nintzen, eta beste aldera jira egin lo hartzeko asmotan, baina orduan isiltasun handia sumatu nuen. Ez zirudien han inor zebilenik. Harrigarria zen. Gero Buck jaiki eta joan zela ohartu nintzen. Jeiki, eta eskailerak jaitsi nituen han inor ez izateko zer gertatu ote zen neure buruari galdezka; ez zen txintik ere entzuten. Kanpoan gauza bera gertatzen zen. Nire artean nioen hura zer ote zen. Egur pilaren ondoan Jack aurkitu nuen, eta esan nion:

        — Zer gertatu da hemen?

        Hark esan zuen:

        — Ez al dakizu George jauna?

        — Ez —esan nuen—, ez dakit.

        — Hara, zera, Sophia andereñok ihes egin du! Benetan. Gauean egin omen du hanka, inork ez daki noiz zehazki, baina Harney Sheperdsonekin ezkontzeko egin du ihes, badakizu, edo hala uste dute behintzat. Duela ordu erdi edo konturatu dira etxekoak, edo beharbada lehenago, eta benetan esaten dizut ez dutela batere denborarik galdu. Horrelako eskopeta eta zaldi prestaketa bizkorra ez zenuen inoiz ikusiko. Emakumezkoak ahaideei gertatutakoaren berri ematera joan dira, eta Saul, etxeko nagusi zaharra, eta mutilak eskopetak hartu eta ibaiko bidera jo dute gizon gaztea harrapatu eta hiltzeko asmoz, Sophia andereñorekin ibaiaren beste aldera iritsi ez dadin. Iruditzen zait garai gogorrak ezagutuko ditugula.

        — Buck ni esnatu gabe joan da.

        — Bai, hala egingo zuen. Ez zintuzten istilu horretan nahasi nahiko. Buck jaunak eskopeta hartu, eta zin egin du Sheperdsontarren bat harrapatu edo bestela lehertu egingo duela. Asko izango direla uste dut, eta ziur egon aukera izanez gero harrapatuko duela baten bat.

        Ibaiko bidean gora abiatu nintzen ahal izan nuen bizkorren. Geroxeago urrutian tiroen hotsa entzuten hasi nintzen. Baporeen geltoki zen egurrezko etxetxora eta egur pila ondora iritsi nintzenean, zuhaitz eta sasi artean ibili nintzen leku egokia aurkitu arte, eta gero zumardi baten adarretan gora igo nintzen gertuegi ez egoteko, eta begira geratu nintzen. Egur pila bat bazen zuhaitzaren aurrean metro t'erdira edo, hasieran haren atzean ezkutatzea bururatu zitzaidan, baina asmatu nuen beharbada han ez geratzen.

        Lauzpabost gizon zebiltzan egurrezko etxearen aurreko zabalgunean zaldi gainetan jirabiraka, biraoka eta oihuka, eta ontzira lekuaren ondoan egur pila baten atzean zegoen gazte bikote bat harrapatu nahian, baina ezin zituzten harrapatu. Mutiletako batek egurren atzetik ibaira ematen zuen aldetik bere burua erakusten zuen bakoitzean, tiro egiten zioten. Bi gazteek bizkarra bizkarraren kontra jarrita zuten, eta horrela bi alderdiak zain zitzaketen.

        Geroxeago gizonek zaldi gainean jirabiraka ibiltzeari eta oihu egiteari utzi zioten. Etxetxorantz hurbiltzen hasi ziren. Orduan mutil bat zutitu, egur pila gainetik tinko eskopeta zuzendu, eta zelatik behera bota zuen gizonetako bat. Gizon guztiek zaldi gainetik jauzi egin eta zauritua hartu eta etxetxora eramatera joan ziren; orduantxe bertan bi mutilak airean atera ziren. Gizonak konturatu baino lehen nire zuhaitzerantz bide erdia egin zuten. Gero gizonek ikusi zituzten, zaldi gainera igo eta gazteen atzetik joan ziren. Hurbiltzen ari zitzaien, baina ez nahikoa, mutilak lehenago hasi baitziren. Nire zuhaitzaren aurreko egur pilara iritsi ziren gazteak, eta haren atzean ezkutatu gizonei berriro ere aurrea hartuz. Mutiletako bat Buck zen, eta bestea hemeretzi bat urtetako gazte argala.

        Gizonak azkar mugitu ziren han inguruan, eta gero zaldi gainean urrundu. Handik desagertu bezain laster, Bucki oihu egin nion eta alde egin zutela esan. Hasieran harritu egin zen nire ahotsa zuhaitzetik zetorrela entzutean. Zor eta lot zegoen. Esan zidan erne egoteko eta jakin erazteko berari gizonak berriz azaltzen baziren; esan zuen deabrukeriaren bat egingo ote zieten beldur zela, ez zirela luzarorako joanak izango. Nahiago nuke zuhaitz hartara ez igo izana, baina jaisteko odol berorik ez nuen. Buck negarrez hasi zen eta biraoka, eta zin egin zuen berak eta Joe lehengusuak (beste mutil gazteak, alegia) ordaina emango ziotela egun horretan gertatutakoari. Buckek esan zuen aita Shepersondarrak ezkutatu eta bat-batean atera zitzaiela. Shelersondarrak indartsuei aritu ziren. Galdegin nion zer gertatu zen Harney gaztea eta Sophia andereñorekin. Esan zuen ibaia gurutzatu eta osorik atera zirela. Poztu egin nintzen; baina Buck nola jarri zen ikustea Harney ez zuelako hil tiro egin zion egunean... ez zitzaidan jarrera ulerterraza iruditu.

        Halako batean, danba, danba, danba! hiru edo lau eskopeta hasi ziren tiroka. Gizonak isil isilik sartu ziren zuhaitz artean eta zaldirik gabe atzetik agertu zitzaien! Mutilek ibaira jauzi egin zuten, biak zaurituta, eta igeri egiten zuten bitartean gizonek bazterretik tiro egiten zieten eta oihuka zioten: «Mutilak akabatu, akabatu! Ondoezik geratu nintzen eta ia zuhaitzetik behera erori nintzen. Ez dut gertatutako guztiaren berri eman nahi, hala egingo banu berriz gaixotuko nintzateke eta. Hobe nuke gau horretan ibai bazterrera joan izan ez banintz, horrelako gauzak ikusteko ere. Inoiz ez ditut barrutik hustuko... askotan egiten dut amets horiekin.

        Zuhaitzean geratu nintzen ilundu arte, jaisteko beldurrez. Batzuetan eskopetak entzuten nituen basoan urruti, eta bitan gizon taldeak ikusi nituen arrapaladan egurrezko etxetxoaren aurretik pasatzen, armak eta guzti zeramatzatela; beraz borroka amaitu gabe zegoela jakin ahal izan nuen. Oso gogaiturik nengoen, eta neure buruari zin egin erazi nion ez nintzela etxe horretara inoiz itzuliko, nolabait ere errudun nintzela iruditzen zitzaidalako. Igarri nuen paper puskak zer esan nahi zuen, alegia, Sophia andereño Harneyrekin ordu bi t'erdietan nonbait elkartuko zela eta ihes egingo zuela; eta kontuak atera nituen hobe litzatekeela paperarena eta neskaren jarrera bitxiarena aitari esan izan banio; aitak beharbada alaba giltzaperatuko zukeen eta iskanbila ikaragarri hori ez zatekeen gertatutako.

        Zuhaitzetik jaitsi, eta pixka batean ibai bazterrean aurrera arrastaka ibili nintzen. Bi gorpuak aurkitu nituen ibai ertzetik gertu, eta tira egin nien lehorrera eraman nituen arte. Gero aurpegiak estali nizkien, eta ahal bezain laster ihes egin nuen handik. Negar pixka bat egin nuen Bucki aurpegia estaltzen nion bitartean, oso jatorra izan baitzen nirekin.

        Ilundu zuen orduantxe. Ez nintzen etxera itzuli, basoan barrena zingirarantz baizik. Jim ez zen uhartean, eta orduan ahal izan nuen bezala errekatxora abiatu nintzen, sahats ugarietan zehar, ontziratzeko eta lurralde izugarri horretatik ihes egiteko gogo biziz. Baina, han ez zen almadiarik! Ene, beldurrak airean nengoen! Ezin izan nuen arnasarik hartu gutxienez minutu batean. Ondoren oihu egin nuen. Zortzi metrotara edo ahots batek erantzun zidan:

        — Jaungoikoa! Zu al zara, laztana? Ez zaratarik egin.

        Jimen ahotsa zen. Inoiz entzundako hotsik ederrena iruditu zitzaidan. Ibai ondoan aurrera lasterka egin nuen tarte batean eta ontziratu egin nintzen. Jimek igotzeko heldu eta besarkatu egin ninduen. Oso pozik zegoen ni berriz ikusteagatik. Esan zuen:

        — Bedeinkatua izan zaitez, mutiko, berriz ere hilik zinela uste osoa nuen. Jack etorri zait esatera uste zuela tiroz hil zintuztela, etxera itzuli ez zinenez gero. Horregatik oraintxe ari nintzen almadia errekaren ahora eramaten, jack zu hilik zinela ziurtatzera berriz etorri bezain laster, sokak askatu eta hemendik alde egiteko dena prest izateko. Oso pozik nago berriro zu hemen izateagatik, laztana.

        Nik esan nuen:

        — Ederki. Hori ongi dago; ez dira nire bila ibiliko, eta hil egin nautela pentsatuko dute, eta ibaiak eraman nauela... Bada zerbait han goian hori pentsa eraziko diena; beraz, Jim, ez denbora alferrik galdu, eta bultza ontzia ur handietara ahal duzun bezain bizkor.

        Ez nintzen lasai egon almadiak ibaian behera bi mila egin eta Mississippiren erdian izan ginen arte. Orduan keinuak egiteko linterna zintzilikatu genuen, eta berriro ere askatasunean eta bizirik ginela konturatu nintzen. Aurreko egunaz gero ez nuen ezertxo ere jan. Jimek arto ogi opilak, esne krematsua, txerrikia, aza, eta barazkiak atera zituen. Mundu osoan ez da gauza hoberik, behar bezala prestatuz gero. Afaldu bitartean hitz egiten aritu ginen, eta gustura egon ginen. Oso pozik nengoen mendekuetatik alde egin nuelako, eta Jim ere bai zingiratik alde egiteagatik. Azken batean, almadia bezalako etxerik ez zela erabaki genuen. Beste lekuak estuegiak dirudite eta itolarria eragiten dute, baina almadiak ez. Oso libre, lasai, eta gustura izaten zara almadian.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia