Hamazazpigarren atala

 

        Handik minutu erdira edo norbaitek hitz egin zuen leihotik, burua kanpora atera gabe, eta esan zuen:

        — Lasai, mutilak! Geldik! Nor dabil hor?

        Nik esan nuen:

        — Ni naiz.

        — Nor da ni?

        — George Jackson, jauna.

        — Zer behar duzu?

        — Ez dut ezer behar, jauna. Etxe aurretik pasa nahi nuen, baina zakurrek ez didate utzi.

        — Zeren bila zabiltza hemen gaueko garai hauetan?

        — Ez nabil ezeren bila, jauna. Baporeko ontzi gainetik erori egin naiz uretara.

        — Ene, bai zera, erori al zara? Argia piztu dezala norbaitek. Nola esan duzu zela zure izena?

        — George Jackson, jauna. Mutil bat besterik ez naiz.

        — Hara, egia esaten ari bazara, ez duzu beldurtu beharrik. Inork ez dizu kalterik egingo. Baina ez mugitu; zauden tokian egon. Zuetako batzuek Bob eta Tom esnatu, eta eskopetak ekar ditzatela. George Jackson, ba al da inor zurekin?

        — Ez, jauna, inor ez.

        Etxean jendea mugitzen sumatu nuen, eta argi bat piztu zuten. Gizonak oihu egin zuen:

        — Kendu argi hori hortik, Betsy, tuntun alaena. Txoratu al zara? Lurrean utz ezazu sarrerako atearen atzean. Bob, zu eta Tom prest bazaudete, zeuen lekuetan jarri.

        — Listo.

        — George Jackson, Shepherdsontarrak ezagutzen al dituzu?

        — Ez, jauna. Ez dut horien berririk.

        — Ederki, hori egia izan daiteke, edo ez. Orain, denok prest. Aurrera urrats bat George Jackson. Eta kontuz, ez presaka ibili, poliki hurbildu. Norbait badago zure ondoan, atzean gera dadila, bere burua azaltzen badu tiro egingo diogu. Orain, segi aurrera. Poliki ibili; zuk zeuk bultza egin ateari; gorputza zeharka pasatzeko adina behar duzuna besterik ez zabaldu, entzun al duzu?

        Ez nintzen presaka ibili, ezingo nukeen nahi izanda ere. Urrats txikia ematen nuen mugitzen nintzen bakoitzean, eta ez nuen hots bakar bat entzuten, bihotza entzun nezakeela konturatu nintzen. Zakurrak gizakiak bezain isilik zeuden, baina atzetik etorri zitzaizkidan pixka batean. Atariko hirugarren egurrezko eskailera igo nuenean, giltzak, ate-langak eta sarrailak irekitzen ari zirela entzun nuen. Atean jarri nuen eskua eta bultza egin nuen pixkanaka-pixkanaka, norbaitek esan zuen arte: «Hortxe, nahikoa da. Sartu burua.» Hala egin nuen, baina bururik gabe utz nazaketela ere pentsatu nuen.

        Kandela lurrean zegoen, eta hantxe geratu ziren denak niri begira, eta ni haiei minutu laurden batean edo. Hiru gizon nituen aurrean eskopetak niregana zuzentzen zituztelarik, eta esan beharra dut horrek ikara ager erazi zuela nire aurpegian. Zaharrena, hirurogei urteko ile zuria; beste biek hogeita hamar edo gehiago izango zituzten, denak apain eta dotoreak; ilea urdindurik zuen andre zahar ezin goxoagoa, eta bere atzean oso ongi ezin ikus nitzakeen bi emakume gazte. Etxeko nagusi zaharrak esan zuen:

        — Ongi dagoela uste dut. Sartu.

        Etxera sartu nintzen bezain laster, etxeko nagusiak atea giltzatu zuen, langa jarri eta sarrailak itxi, eta gizon gazteei esan zien eskopetak hartu eta atzetik joateko. Egongela handi batean sartu ginen, eta lurrean eskuz egindako tapiz berria zuen. Etxe aurreko leihoen ikus menetik kanpo zegoen gelako bazter batean bildu ziren, albo horretan ez zen leihorik eta. Kandela hartu, eta goitik behera begiratu zidaten, eta guztiek esan zuten: «Ez da Sheperdsontarra, ez, ez du Sheperdsontarren antzik.» Etxeko nagusiak esan zidan espero zuela ez nuela gaizki hartuko armak nituen ikusteko arakatzen baninduten, izan ere ez ninduela mindu nahi, eta ziurtatzeko besterik ez zela. Halaxe ez zen poltsikotan bila ibili, eta kanpotik bere eskuz ukitu besterik ez zidan egin, eta ongi zegoela esan zuen. Patxadan eta etxean banengo bezala egoteko adierazi zidan, eta nire gora behera guztiak esateko; baina etxeko andre zaharrak esan zuen:

        — Baina, Jainkoaren izenean, Saul, gizajoa blai eginda dago; eta ez al zaizu iruditzen goseak egon daitekeela?

        — Arrazoi duzu, Rachel, ez naiz konturatu. Orduan etxeko andre zaharrak esan zuen:

        — Betsy (andre beltza zen), joan zaitez airean eta ekarri gizajo honi jateko zerbait, ahal duzun bezain azkar; eta, neskak, zuetako batek Buck esna dezala, eta esan... Hara, hementxe dugu bera. Buck, kanpotar txikia eraman eta kendu iezazkiozu arropa bustiak eta emazkiozu zure lehor batzuk janzteko.

        Buckek nire adinekoa zirudien, hamahiru edo hamalau hortxe ibiliko zen, baina ni baino handiagoa zen. Alkandora hutsean zegoen, eta ilea dena sakabanaturik zuen. Ahozabalka eta esku batez begiak igurzten ari zela sartu zen, eta beste eskuan eskopeta zekarren. Esan zuen:

        — Ez al da Sheperdsontarrik inguruan?

        Ezetz esan zioten, iruditu egin zitzaiela, baina ezetz.

        — Ba —esan zuen—, izango balitz, uste dut bat harrapatuko nukeela.

        Barre egin zuten, eta Bobek esan zuen:

        — Bitartean larrutu gintzaketen, Buck, halako patxadan etorrita.

        — Aizu, inor ez da nire bila etorri, eta hori ez dago ongi. Alde batera uzten nauzue beti; ez didazue aukerarik ematen.

        — Lasai, Buck, seme —esan zuen gizon zaharrak—, izango dituzu aukera nahikoak garaia iristean, ez kezkatu horregatik. Orain joan eta egin ezazu amak esandakoa.

        Eskaileretan gora bere gelara igo, eta alkandora lakatza, jaka motza, eta bere prakak eman zizkidan, eta nik jantzi egin nituen. Horretan ari nintzela izena galdetu zidan, baina nik ezer esan ahal izan nuen baino lehenago, hasi zitzaidan esaten aurreko egunean basoan oskilasoa eta untxi gazte bat harrapatu zituela, eta galdetu zidan non zen Moises kandela itzali zitzaionean. Ez nekiela erantzun nion; ez nuen ordura arte horren berririk izan.

        — Asmatu, bada —esan zuen.

        — Nola asmatuko dut —esan nuen—, ez badidate horretaz inoiz ezer esan?

        — Asma dezakezu, ordea. Oso erraza da.

        — Zein kandela? —esan nuen.

        — Edozein —esan zuen.

        — Ez dakit non zegoen —esan nuen—; non zegoen?

        — Ilunpetan, ba! Hantxe zegoen!

        — Eta, non zegoen baldin bazenekien, zertarako galdetu didazu?

        — Arraioa, asmakizuna da, ez al duzu ikusten? Esan, noiz arte geratuko zara hemen? Betiko geratu. Primeran ibiliko gara; orain ez da eskolarik. Zakurrik ba al duzu? Nik badut bat, eta ibaira joaten da nik botatzen dizkiodan makilatxoen bila. Atsegin al zaizu igandeetan orraztu eta zorakeria guzti horiek egitea? Niri ez behintzat, baina amak behartzen nau. Praka madarikatuak! Jantzi egin beharko ditut, baina nahiago nuke ez janztea, hain dago bero eguraldia. Prest zaude? Ederki. Goazen, adiskidea.

        Arto ogi hotza, kontserba-poteko haragi hotza, gurina eta esne krematsua jarri zidaten behean, eta ez dut inoiz gauza hoberik topatu. Buckek, bere amak, eta gainontzeko guztiek arto oskolez egindako pipak erretzen zituzten; bi emakume gazteak, eta ordurako alde egin zuen andre beltzak ezik. Denek erre eta hitz egiten zuten, eta nik jan eta hitz egiten nuen. Emakume gazteek lepo oihalak zeramatzaten, eta ilea bizkarrean behera zintzilik. Denek galderak egiten zizkidaten, eta nik esan nien aita, ni, eta familia osoa Arkansaseko hegoaldean bizi ginela etxalde txiki batean, eta Mary Ann, nire arrebak, ihes egin eta ezkondu egin zela, eta geroztik ez genuela haren berririk izan, eta Bill haren bila joan zela eta geroztik ez genuela haren berririk ere izan; Tom eta Mort, berriz, hil egin ziren, eta aita eta biok besterik ez ginen geratu. Esan nien aita ia hezurretan geratu zela arazo guztiak zirela eta; eta hil zenean geurea zena hartu nuela, etxaldea ez baitzen gurea, eta ibaian gora abiatu nintzela, ontzi gainean joateko pasaia hartuta, eta gero ontzi gainetik erori nintzela; eta horrela iritsi nintzela bertara. Esan zidaten nahi nuen arte izango nuela han etxea. Orduan ia egunsentia zen, eta denak oheratu ziren. Ni Buckekin joan nintzen ohera, eta goizean jaiki nintzenean, arraio beltza, nire izena ez nuen gogoan. Ordubetean saiatu nintzen hori gogoratu nahian, eta Buck esnatu zenean, esan nuen:

        — Buck nola idazten den ba al dakizu?

        — Bai —esan zuen.

        — Apustu egingo nuke ez dakizula nire izena nola idazten den —esan nuen.

        — Zenbat apustu baietz? —esan zuen.

        — Ederki —esan nuen—, aurrera.

        — G-o-r-g-e J-a-x-o-n, hor duzu —esan zuen.

        — Asmatu duzu, bai, eta ez nuen uste jakingo zenuenik. Ez da ez nolanahiko izena nirea idazteko, eta horrela gainera zuzen zuzenean, eta aurretik ikasi gabe.

        Idatzi egin nuen paper batean, ezkutuan, balinetan hurrengoan norbaitek idazteko eskatzen bazidan; neure baitako egin nahi nuen eta arrapaladan esan egunero, esaten ohiturik banengo bezala.

        Familia oso atsegina zen, eta etxea ere bai. Ez nuen mendialdean inoiz horrelako etxe ederrik ikusi eta halako dotoretasuna zuenik. Ez zuen burdinazko kisketarik sarrerako atean, ezta larruzko soka zuen egurrezkorik ere, brontzezko euskarria zuen ateak ireki ahal izateko, herrietako etxeetakoak bezalakoxea. Egongelan ez zuten oherik; herrietan egongela askok oheak zituzten arren. Tximinia handi bat zuten, beheko aldean adreiluz estalirik, eta garbi eta gorri-gorriak zituzten adreiluak ura botatzen zietelako eta beste adreilua hartu eta igurzten zituztelako; batzuetan pintura gorria erabilita garbitzen zituzten, eta horri marroi espainiarra esaten zioten, herrietan egiten duten bezalaxe. Bi su burdina handi zituen tximiniak aurrean enbor zerratua eusteko adinakoak. Tximinia gaineko apalean erloju bat zegoen, aurreko kristalaren beheko aldean herri baten irudia margotua zuelarik, eta haren erdian borobil bat eguzkiaren lekua betetzeko, eta haren atzean pendulua ikus zitekeen alde batetik bestera zanbuluka zebilela. Zoragarria zen erloju haren tiki-taka entzutea; eta batzuetan bitxi saltzaile horietako bat etorri, eta garbitu eta behar bezala jartzen bazuen, han hasten zen ehun eta berrogeita hamar kanpai hots jo arte, nekatu ere egin gabe. Erlojua ez lukete diru guztiagatik ere emango.

        Papagaio handi eta nabarmenak zituen erlojuak albo bakoitzean, kare antzeko zerbaitez eginak, eta kolore bizienetan margotuak. Papagaio batek aldamenean toskaz eginiko katua zuen, eta toskaz eginiko zakurra bestean; eta estutuz gero garrasi egiten zuten, baina ahoa ireki gabe, begirada aldatu gabe eta jakin-minik adierazi gabe. Azpiko aldetik egiten zuten garrasi. Gauza hauen atzean basoko ahateen hegalaz eginiko haizemaileak zeuden zabaldurik. Gelaren erdi erdiko mahai gainean toskazko otartxo polita zegoen, eta barruan sagar, laranja, melokotoi, eta mahatsa pilaturik zituen, eta denak benetakoak baino gorriagoak, horiagoak, eta ederragoak ziren, baina ez ziren egiazkoak, eta hori azala kenduta izan eta beheko karea edo zena zela erakusten zuten zatietan ongi ikus zitekeen.

        Mahaiak estalki bat zuen, zeinak hegoak zabalik zituen arrano gorri eta urdina margoturik eta inguru osoan azpildura josita baitzuen. Esan zuten Philadelphiatik bertatik ekarria zutela. Baziren baita ere liburu batzuk, zuzen-zuzen pilan jarrita, mahaiaren bazter bietan. Horietako bat familiako Biblia handia zen, irudiz beteta. Bestea Erromesaren bidaia, bere familia utzi eta alde egin zuen gizon bati buruzkoa, zergatik alde egin zuen esaten ez zitzaigularik. Irakurri nuen handik puska ederra tarteka-marteka. Gaia interesgarria zen, baina zaila. Beste bat Henry Clayren hitzaldiak, gauza ederrez eta poesiaz beterik zegoena; baina ez nuen poesiarik irakurri. Bestea Gunn doktorearen famili medikuntza, bertan gaixoari nahiz hildakoari zer egin behar zitzaion esaten zigun. Eresi liburu bat, eta beste liburu asko ere baziren. Eserlekua zumitzezkoa zuten aulki dotoreak ere bazituzten, eta osorik gainera, ez erdialdean barnealdera sartuak edo lehertuak, otar zaharrak bezala.

        Horman irudiak zituzten zintzilik, gehienak Washington eta Lafayetterenak, eta gerra girokoak, eta Eskoziako Maryri buruzkoak, eta «Independentzia deklarazioaren izendapena» izena zeraman bat. Baziren batzuk lapitzez eginak edo zeritzotenak, eta orain hilik zegoen familiako alaba batek hamabost urte besterik ez zituela egindakoak. Ordura arte nik ikusitako marrazkiak ez bezalakoak ziren horiek; besteak baino ilunagoak gehienbat. Horietako bat emakume bat zen soineko estu beltza jantzita, gerrikoa besapeetan, eta mauken erdian azak bezalako bi kozkor zituelarik. Ertz zabaleko sonbreiru handi beltza zuen aurpegi-estalki beltza eta guzti, eta txorkatila zuri argalak zinta beltzak inguratzen zituelarik, eta abarketa beltz txiki txikiak, zizel baten modukoak. Hilarri baten kontra pentsakor jarrita zuen eskuineko ukalondoa, sahats baten azpian, eta beste eskuaz, mukizapi zuria alde batera zintzilikatzen zitzaiolarik, poltsatxoa heltzen zuen. Irudiaren azpian honela zioen: «Ai ene, ez zaitut berriz ikusiko.» Beste batean emakume gaztea agertzen zen ilea gorantz buruaren tontorreraino tente orraztua, eta han ilea atzean korapiloa eginda, orrazea eserlekuaren atzealdea balitz bezala jarrita zuelarik. Negarrez ari zen, eta mukizapia aurpegi aurrean zuen, eta beste eskuan hankaz gora etzanda zegoen txori hila. Irudiaren azpian honela zioen: «Ai ene, ez dut berriz zure txorrotxio goxoa entzungo». Beste irudian neska gazte bat ilargiari leihotik begira ari zitzaion, eta malkoak masailetatik irrist egiten zioten. Eskutitz irekia zuen esku batean, ertzean lakre beltza erakusten zuelarik, eta emakumea katea eta guzti zuen domina ahoaren kontra gogor estutzen ari zen. Irudiaren azpian honela zioen: «Ai ene, joan egin zara, bai, joan egin zara».

        Denak irudi politak ziren, baina ez nituen oso gogoko, izan ere lur jota baldin banenbilen, dardara eragiten zidaten. Denek pena handia hartu zuten hil zelako, halako irudi asko utzi zituelako egin gabe, eta edonork ikus zezakeen egindakoari begiratuz gero zer galdu zuten. Baina nik uste dut haren jarrera kontutan hartuta, hilobian gusturago izango zela. Lanean ari zen etxekoek zioten irudi nagusia egiten gaixotasunak hartu zuenean, eta gau eta egun errezatzen aritzen zen irudi hori bukatu arte bizirik irauteko aukera izan zezan eskatuz, baina ezin izan zuen. Soingaineko zuri luzea zeraman neska gazte baten irudia zen. Zubiaren maratilan zutik zegoen, jauzi egiteko prest, ilea bizkarrean behera zintzilik, eta ilargiari begira, eta malkoek aurpegian irrist egiten zioten. Bi beso gurutzaturik zituen bular aurrean, beste bi aurrerantz luzatuta, eta beste bi ilargirantz altxatuta. Asmoa zuen zein beso pare zen egokiena ikusi eta gainontzekoak ezabatzekoa, baina, esan dudan bezala, hil egin zen hori erabaki aurretik, eta orain irudi hori bere gelako ohe gainean zuten, eta urtebetetze egunean loreak jartzen zizkioten irudiari. Gainontzean gortina txiki baten atzean gordetzen zuten. Irudiko neska gazteak aurpegi goxo eta polita zuen nolabait, baina, nire ustez, beso pila horrek armiarma itxura ere ematen zion.

        Neska gazteak bizirik zegoenean papertxoak biltzeko liburu bat zuen, eta Presbyterian Observer aldizkaritik hartutako hildakoen berriak, istripuak, etsipenezko sufrimenduko kasuak itsasten zituen bertan, eta horiei buruz poesiak asmatzen zituen. Oso poesia onak ziren. Hau da Stephen Dowling Bots izena zuen gazte bati buruz idatzi zuena, zeina putzu batera erori eta ito egin baitzen:

 

STEPHEN DOWLING BOTSi ODA, HERIOTZAN

 

Eta gaixotu al zen Stephen,

Eta Stephen gaztea hil al zen?

Bihotz goibelak penatu al ziren,

Lagunek negar egin al zuten?

 

Ez; ez zen hori patua

Stephen Dowling Bots gaztearena;

Bere inguruko bihotzak penatu ziren arren,

Ez zen errua izan gaixotasunarena.

 

Ez zuen kukurruku eztulak haren gorputza zigortu,

Ez elgorriak azkurez aspertu;

Ez zuten horiek kaltetu

Stephen Dowling Bots, oi izen sakratu.

 

Ez zuen maitasunaren zoritxarrik

Buru ile kizkurra makurtu,

Ez zuen sabeleko minik,

Stephen Dowling Bots azpiratu.

 

Oi ez. Malkoz estalitako begiz adi egon,

haren patua esango dizuet eta.

Arimak gorputz hotzetik hegan egin zion,

Putzu batera erori zen eta

 

Atera eta hustu egin zuten;

Beranduegi zen baina;

Haren izpiritua airean joan zen

Ondasun eta handitasun bila.

 

        Emmeline Grangerford horrelako poesiak egiteko gai baldin bazen hamalau urte bete ez zituenean, auskalo zer egingo lukeen geroago. Buckek esaten zuen poesiak aitaren batean botatzen zituela. Ez zuen pentsatu ere egin behar. Esaten zuen segidan egiten zituela lerroak, eta errimarik aurkitu ezin bazuen zirriborratu, beste bat idatzi eta aurrera egiten zuela. Ez zuen bereizketarik egiten, ematen zitzaion edozein gaiz idatz zezakeen, nahikoa zen gai tristea izatea. Gizon bat, emakume bat, edo haur bat hiltzen zen aldiro, han inguruan ibiliko zen bere «eskaintza» egiteko gorpua hoztu aurretik. «Eskaintzak» zirela esaten zuen. Auzokoek zioten lehenengo medikua etortzen zela, gero Emmeline, eta gero lurperatzailea... Lurperatzailea ez zen inoiz Emmelinen aurretik azaldu behin batean ezik, eta hori hildakoaren izenarekin errima aurkitu ezinik geratu zelako, Whistler izenarekin alegia. Orduz gero ez zen lehengo Emmeline izan; ez zuen ezer esan, baina itzaltzen hasi zen eta ez zen luzaroan bizi. Gaixoa. Askotan behartzen nuen neure burua bere gelatxora igotzeko eta papertxoen liburuxka atera eta irakurtzeko, bere marrazkiak gogaitu nindutelako eta berarekin samindurik egon nintzelako. Familia osoa maite nuen, hildakoak eta guzti, eta ez nuen horiengandik bereizi nahi. Emmeline gaixoak hildakoei poesiak egiten zizkien bizirik zegoenean, eta ez zitzaidan zuzena iruditzen bera hil eta inor ez izatea hari poesiak idazteko. Horregatik izerditan bazen ere bertso bat edo bi egin nahi izan nizkion, baina nonbait ezinezkoa zen. Emmelineren gela txukuna eta polita gordetzen zuten, eta gauza guztiak hura bizirik zegoenean gogoko zitzaion leku berberean jarrita zeudelarik, eta inork ez zuen han lo egiten. Etxeko andreak berak zaintzen zuen gela, beltz ugari zituen arren, eta askotan han josten zuen eta Biblia ere gehienetan gela horretan irakurtzen zuen.

        Egongelaz ari nintzenez, esango dut honek leiho ondotan gortina ederrak zituela; zuriak ziren eta irudi margotuek osatzen zituzten, alegia, hormetan behera aihen-belarra zintzilik zuten gazteluek, eta edatera zihoazen animaliek. Piano txiki zahar bat ere bazuten, nonbait barruan latorrizko ontziak zituena, eta ez da gauza ederragorik neska gazteak «Azken lotura hautsi da» abesten, eta «Pragako borroka» pianoan jotzen entzutea baino. Gela guztietako hormak kareztatuak zeuden, gehienek tapizak zituzten lurrean, eta etxe osoa kanpotik zuritua zegoen.

        Etxeak bi alde zituen, eta horien artean geratzen zen pasabide zabalak teilatua zuen eta zorua, eta batzuetan han jartzen zuten mahaia eguerdian, eta leku hozkirria eta erosoa zen. Ez zen gauza hoberik. Eta janaria ona izatea gutxi bazen, gainera nahi adina eta gehiago izaten genuen!

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia