Hamaseigarren atala

 

        Ia egun guztia lotan eman genuen, eta gauean irten ginen, segizio baten luzera adina zuen almadia ikaragarri baten atzetik. Lau arraun luze zituen mutur bakoitzean, horregatik iruditu zitzaigun gutxienez hogeita hamar gizon eraman zitzakeela. Bost kanpadenda zituen gainean, batetik bestera tarte handia zutelarik, sua egiteko leku estali gabea erdian, eta banderentzat hagak bi muturretan. Almadiak itxura dotorea zuen. Tankera horretako almadia eramateak mailaz igo behar zuen.

        Bihurgune handi batera gindoazen ibaian behera, eta gaua lainoz estali eta berotu egin zen. Ibaia oso zabala zen, eta bi aldeetan zituen zuhaitz hostotsuek muga jartzen zioten; ez zen ia inoiz hutsunerik ez argitasunik ikusten. Cairoz hitz egin genuen, eta ea bertara iristean herria ezagutuko ote genuen. Esan nuen ziur aski ez genuela ezagutuko, izan ere, entzun bainuen dozena bat etxe besterik ez zituela, eta argiak piztuta ez bazituzten, nola jakingo genuen herri ondotik ari ginela igarotzen? Jimek esan zuen bi ibaiak han elkartzen baziren, nabarmena izango zela. Baina nik esan nuen beharbada handik igarotzean pentsa genezakeela uhartearen beheko muturra pasatzen ari ginela eta lehengo ibai zaharrera itzultzen. Horrek Jim kezkatu egin zuen, eta neu ere bai. Orduan galdera hau zen, zer egin genezakeen? Nik esan nuen, lehenengo argia ikusi bezain laster ibai bazterrera joango ginela; bertakoei esango geniela aita atzetik zetorrela bere salerosketa txalupa eta guzti, eta merkataritza lanetan hasi berria zenez gero, jakin nahiko lukeela zenbat falta zen Cairora iristeko. Jimi ideia ona iruditu zitzaion, eta burutapen horretan pentsatuz, zigarroa erre, eta itxaron egin genuen.

        Ezin genuen ezer egin, herria ikusi arte begiak erne eduki besterik, hura ikusi gabe aurretik ez pasatzeko. Jimek esan zuen antzemango zuela, zalantzarik gabe, ikusi eta minutu berean gizon librea izango zelako, baina ez bazuen ikusten esklabo lurraldean izango zen berriz eta ez zuen askatasunerako beste aukerarik izango. Tarteka-marteka jauzi egin eta esaten zuen:

        — Hortxe dago!

        Baina ez zen herria. Argi txakurrak ziren, edo ipurtargiak; orduan berriz eseri, eta begira jartzen zen, lehen bezalaxe. Jimek esaten zuen dardarka eta gaixorik jartzen zuela askatasunaren horren gertu egoteak. Bada, nik ere esango nuke dardarka eta gaixorik nengoela, Jimek esaten zuena entzunda, buruan garbi ikusten hasi nintzelako ia gizon librea zela, eta noren erruz? Bada, nireaz. Ezin nuen inolaz ere, ezta inondik ere hori burutik baztertu. Horrek ematen zidan lanak ez zidan atseden hartzen uzten. Ezin nuen leku batean geldirik egon. Ordura arte ez nuen ongi ulertu zertan ari nintzen. Baina ordua ulertu nuen, eta barnean geratu zitzaidan, eta kiskali egiten ninduen gero eta gehiago. Neure buruari sinets erazi nahi nion ez nintzela errudun, nik ez nuelako Jim bereizi bere legezko jabearengandik; baina alferrik. Barruak esaten zidan denbora guztian: «Baina zuk bazenekien askatasuna lortzeko ihes egin zuela, eta zergatik ez duzu txalupa hartu eta ibai bazterreraino arraun egin norbaiti horren berri emateko?» Eta hala zen. Ezin nuen hortik atera inolaz ere. Horrek amorra erazten ninduen. Barruak esaten zidan:»Zer egin dizu Watson andereño gaixoak, bere beltza zure begien aurrean ihes egiten ikusi eta hitzik ere inori ez esateko? Zer egin dizu emakume zahar gaixoak berarekin horren zitala izateko? Bada, ikasgaiak irakasten saiatu da, ohitura onak ere bai, eta beti on egiten ahal zuen modu guztietan. Horixe da egin zuena. Zital eta zoritxarrekoa nintzela sentitzen nuen, eta hilik egon nahi nuke horregatik. Almadian gora eta behera ezinegonean nenbilen, neure buruari gaizki esaka, eta Jim gora eta behera zebilen urduri, bidean gurutzatzen zitzaidalarik. Ez batak eta ez besteak ezin genuen geldirik egon. Jim dantzan zebilen han inguruan eta esaten zuen: «Hortxe dago Cairo!» Tiro batek jo izan banindu bezala geratu nintzen, eta pentsatzen nuen hura Cairo izanez gero zoritxarrak jota hil egingo nintzela.

        Jimek ozenki hitz egiten zuen denbora guztian nik neure buruari hitz egiten nion bitartean. Esaten zuen estatu libreetara iritsi eta egingo zuen lehenengo gauza dirua aurreratzea izango zela eta xentimorik ere ez gastatu. Nahikoa izatean emaztea erosiko zuen, Watson andereñoren ondoko etxalde batean morroi gisa bizi baitzen. Gero biek lan egingo zuten bi haurrak erosteko, eta nagusiak ez balitu saldu nahiko, abolizionista bat hartu eta hari haurrengana joan eta lapurtzeko eskatuko zioten.

        Ia harri eginik geratu nintzen hori entzutean. Ordura arte ez zitzaion burutik ere pasako horrela hitz egitea. Ikusi nolako aldea egin zuen laster libre izango zela iruditu zitzaion unean bertan. Esaera zaharrak zioenarekin bat zetorren:»Eman beltzari erdia eta osoa hatuko dizu». Neure buruari esan nion: Hori gauzak behar bezala ez egiteagatik gertatzen zaizu. Hantxe nuen ihes egiteko nolabait ere laguntza eman nion beltza, aurpegiz aldatu gabe bere haurrak lapurtuko zituela esanez. Nik ezagutzen ez nuen gizon batenak ziren haurrak, alegia; inoiz kalterik egin ez zidan gizonarenak.

        Mindu egin ninduen Jimek esandakoak entzuteak, mailaz jaitsi edo egiten zuen. Barruak inoiz baino gogorrago astintzen ninduen, azkenean erabaki nuen arte: «Egon pixka bat... ez da oraindik beranduegi... Lehenengo argia ikusi bezain laster ibai bazterrera jo, eta salatu egingo dut.» Une berean lasaitu eta poztu egin nintzen, luma bera baino arinago nengoen. Kezka guztiak desagertu egin zitzaizkidan. Adi-adi argiren bat ikusiko ote nuen begira hasi nintzen, nire artean abestu edo egiten nuelarik. Geroxeago argi bat azaldu zen. Jimek oihu egin zuen:

        — Bizirik gara, Huck, bizirik! Jauzi egin eta eragin zapatei, Cairo zaharra da hori azkenean, ziur nago!

        Nik esan nuen:

        — Kanoa hartu eta ikustera joango naiz, Jim. Agian ez da Cairo, badakizu.

        Jauzi egin zuen zutitzeko eta kanoa prestatu zuen; bere beroki zaharra jarri zuen kanoaren barruan ni gainean esertzeko, eta arrauna eman zidan. Kanoa askatzen nuen bitartean, esan zidan:

        — Laster pozez garrasika ibiliko naiz, eta orduan esango dut, dena Hucki zor diot. Gizon librea naiz, baina inoiz ez nintzatekeen libre izango Huckengatik izan ez balitz. Huckek lortu du. Jimek ez zaitu inoiz ahaztuko Huck. Zu zara Jimek izan duen lagunik onena, eta Jim zaharrak orain duen lagun bakarra.

        Arraunean bizkor nindoan izerdi patsetan bera salatzeko, baina hori entzun nuenean, indarrak joan zitzaizkidala sumatu nuen. Orduan poliki aurreratzen nuen, eta zalantzan nengoen pozik egon ala ez eskuartean nuenarekin. Berrogeita hamar metro egin nituenean, Jimek esan zuen:

        — Hor doa, Huck lagun zintzoa; Jimekin leial jokatu duen gizon zuri bakarra.

        Ondoezik nengoen. Baina esaten nion neure buruari: «Egin beharra duzu,... ezin duzu orain atzera egin.» Orduan bertan, txalupa bat ikusi nuen, barruan eskopetak zeramatzaten bi gizon zituelarik, eta geratu egin ziren eta ni ere geratu egin nintzen. Horietako batek esan zuen:

        — Zer da hango hura?

        — Almadia zati bat —esan nuen.

        — Bertakoa al zara?

        — Bai, jauna.

        — Gizonik ba ia du gainean?

        — Bat besterik ez, jauna.

        — Bost beltzek ihes egin dute gaur gauean, hango bihurguneko goiko aldetik. Nolakoa da zuk diozun gizona, zuria ala beltza?

        Ez nuen berehalakoan erantzun. Ahaleginak egin nituen, baina hitzak ez zitzaizkidan ahora etortzen. Saiatu nintzen, unetxo batez, indarrak bildu eta gordeta nuena adierazten, baina ez nintzen behar bezalako gizona... ez nuen oilo baten ausardiarik. Indarrak falta nituela konturatu nintzen, eta amore eman nuen, eta esan nuen halako batean:

        — Zuria da.

        — Uste dut gu geu joango garela ikustera.

        — Nahiago nuke —esan nuen—, aita baita hor dagoena, eta beharbada lagun diezadakezue almadia ibai bazterrera eramaten, argi hori dagoen lekura. Gaixorik dago... ama eta Mary Ann bezalaxe.

        — Ene, deabruen arima! Presaka gabiltza, motel. Baina zerbait egin beharko dugu. Azkar, eutsi palari, eta goazen.

        Nire palari eutsi nion eta gizonek beren arraunei. Behin edo bitan arraunei eragin, eta esan nuen:

        — Aitak benetan eskertuko dizue, bai horixe. Denek ihes egiten dute almadia ibai bazterrera eramaten laguntzeko eskatzen diedanean, eta nik bakarrik ezin dut eraman.

        — Bada, hori bai dela deabruaren zainekoa izatea. Eta harritzekoa, gainera. Esan, mutiko, zer du aitak?

        — Zera da... e... ba, gauza handirik ez da.

        Arraun egiteari utzi zioten. Tarte txikia besterik ez zen falta almadiara iristeko, eta horietako batek esan zuen:

        — Aizu, hori gezurra da. Zer du aitak? Egia erantzun, eta hobe izango duzu.

        — Bai, jauna, hala egingo dut, benetan, baina ez gaitzazuela hemen utzi, arren. Zera hori da... jaunak, aurrera egiten baduzue pixka bat, eta nik ontziaren soka botako banizue, ez zenukete almadia ondora hurbildu beharrik ere... arren.

        — Atzera egin, John, atzera! —esan zuen batek. Bira eman zuten—. Ez hurbildu, mutiko... ababorrean gera zaitez. Arraioa, uste dut haizeak guregana bidali duela. Zure aitak nafarreria du, eta zuk oso ongi dakizu. Zergatik ez diguzu hori esan? Leku guztietara zabaltzea nahi al duzu?

        — Bada —esan nuen, negar zotinka—, orain arte denei esan diet, eta beti alde egin digute eta bakarrik utzi.

        — Gizajo alaena, badu nolabaiteko arrazoia. Pena handia sentitzen dugu, baina guk... zer arraio, ez dugu nafarreririk nahi. Begira, zer egin behar duzun esango dizut. Ez zaitez alferrik ahalegindu bakarrik lehorreratzen, ez baduzu dena txikitzea nahi. Utzi almadia ibaian behera joaten hogei bat mila egin arte eta ibaiaren ezkerreko bazterrean herri bat aurkituko duzu. Egun argia izango duzu ordurako, eta laguntza eskatzera joaten zarenean, esan sendia gaixorik duzula hotzikarez eta sukarrak hartuta. Ez berriz leloarena egin jendeari benetako gaixotasuna asmatzen utziz. Laguntza eskaini nahi dizugu, eta orain hogei milatako tartea utzi gure artean, mutil zintzoak bezala. Ez lizuke asko lagunduko argi hori dagoen lekura joateak, egurtegi bat besterik ez da eta. Begira, uste dut aita pobrea duzula, eta esango nuke zorte onegirik ere ez duela izan. Hara, hogei dolarretako urrezko txanpona jarriko dizut ohol honen gainean, eta zuk aldamenetik igarotzean jaso. Gaizki jokatu dudala iruditzen zait zu horrela uztean, baina Jaungoikoa!, ezin da nafarreriarekin txantxetan ibili, ez al duzu ikusten?

        — Tori, Parker —esan zuen beste gizonak—, hemen duzu nire ordez beste hogeikoa ohol gainean jartzeko. Agur, mutiko, egin ezazu Parker jaunak esan dizuna, eta ongi ibiliko zara.

        — Bai, arrazoi du, mutiko, agur, agur. Beltz iheslariren bat ikusten baduzu, laguntza bila joan eta harrapatu, eta horrela diru pixka bat irabaziko duzu.

        — Agur, jaunak —esan nuen—, ez diot inongo beltz iheslariari alde egiten utziko nire esku baldin badago.

        Alde egin zuten, eta ni almadia gainera igo nintzen, bihozgabeturik, ongi nekielako ez nuela zuzen jokatu, eta ikusi nuen gainera alferrik zela niretzat zuzen jokatzen ikasten saiatzea. Txikitatik ongi hazten ez denak, ez du gero aukerarik izaten; zailtasun garaietan ez du euskarririk eta ezta ere bere bidean aurrera egiteko laguntzarik, eta orduan galtzaile izaten da. Minutu batean pentsatzen geratu nintzen, eta esan nion neure buruari: egon pixka bat..., jo dezagun zuzen jokatu duzula eta Jim salatu, orain baino gusturago egongo al zinateke? Ez, esan nuen, gaizki egongo nintzateke, oraintxe nagoen bezalaxe. Eta, orduan, zertarako zuzen jokatzen ikasi, zuzen jokatzeak arazoak sortzen baditu eta oker jokatzea ere erraza ez bada, eta gainera irabaziak berdin berdinak direnean? Nahasturik nengoen. Ezin nuen erantzunik eman. Horrenbestez erabaki nuen ez nintzela gehiago horretaz kezkatuko, eta handik aurrera eskueran nuena egingo nuela beti.

        Denda barruan sartu nintzen; Jim ez zen han; ez zen inon ageri. Esan nuen:

        — Jim!

        — Hemen nago, Huck. Joan al dira? Isilago hitz egin.

        Uretan zegoen, txopako arraunaren azpian, sudurra besterik kanpoan ez zuelarik. Esan nion aurrean ez zirela ageri, eta almadiara igo zen. Esan zuen:

        — Elkarrizketa entzuten aritu naiz, eta uretan sartu, eta ontzira hurbildu izan balira ibai bazterrera joateko asmoa nuen. Gero, gizonak alde egin ondoren, berriz igerian itzuliko nintzen. Baina, demontre, nola sartu diezu ziria, Huck! Azpi oko bizkorra izan da benetan! Esaten dizut bada, ume, uste dut horrek Jim zaharra salbatu duela. Jim zaharrak egin duzuna ez du inoiz ahaztuko, laztana.

        Gero diruaz aritu ginen hizketan. Diru igoaldia izan genuen, hogeina dolar genituen. Jimek esan zuen baporean ontzi gaineko geletan joateko adina bagenuela, eta diruak estatu libreetan barrena noranahi joateko iraungo zigula. Esan zuen hogei mila gehiago egitea ez zela gehiegi, baina nahiago izango zuela jadanik bertan egotea.

        Eguna argitzera zihoanean almadia lotu genuen, eta Jim arretaz arduratu zen almadia ezkutatzeaz. Gero egun osoan aritu zen gauzak fardeletan biltzen, eta dena prestatzen almadia uzteko.

        Gaueko hamarretan edo ibai behean herri baten argiak ikusi genituen aurreko bihurgunearen ezkerreko bazterrean.

        Kanoan abiatu nintzen, horren berri izateko. Berehala aurkitu nuen txalupan zihoan gizon bat, kordelak botatzen ari zelarik. Hurbildu eta esan nion:

        — Jauna, Cairo al da herri hori?

        — Cairo? Ez. Txoriburu alaena izan behar duzu.

        — Zein herri da, jauna?

        — Jakin nahi baduzu, joan eta ikusi. Nire inguruan oztopo egiten minutu erdi bat gehiago bazabiltza, gustuko izango ez zaizun zerbait hartuko duzu.

        Almadiarantz arraun egin nuen. Jim jota zegoen, baina nik esan nion ez kezkatzeko, nire ustez Cairo izango zela hurrengo herria.

        Egunsentia iritsi baino lehen beste herri baten aurretik pasa ginen, eta hurbiltzera nindoan; baina tontor batean zegoen, eta ez nintzen joan. Cairo inguruan ez da mendi gainik, esan zuen Jimek. Ahazturik nuen. Ibaiaren ezkerreko bazterretik gertu xamar zegoen hondar mutur batean ezarri genituen gauzak eguna han egiteko. Zerbait susmatzen hasi nintzen. Jim ere bai. Nik esan nuen:

        — Beharbada Cairo aurretik igaro ginen lainopean ibili ginen gauean.

        Jimek esan zuen:

        — Ez dezagun horretaz hitz egin, Huck. Beltz gizajoek ezin dute zorte onik izan. Beti uste izan dut kriskitin sugearen larruak ez zuela bere egiteko guztia bukatu.

        — Nahiago nuke suge larru hori inoiz ikusi izan ez banu, Jim. Hori begitartean inoiz eduki ez izana nahi nuke.

        — Ez duzu errurik, Huck; ez zenekien. Ez bota zeure buruari horren errurik.

        Egunak argitu orduko, han ikusi genituen Ohio ibaiaren ur garbiak gu ginen bazterraren ondoan, zalantzarik gabe, eta kanpoaldetik betiko Mississippi lokaztua! Beraz akabo Cairori buruzko amets guztiak.

        Horretaz hitz egin genuen. Alferrik joango ginen ibai bazterrera; eta noski, ezingo genuen almadia ibaian gora eraman. Ilundu arte zain egotea beste aukerarik ez zitzaigun geratzen, kanoa hartu eta atzera egitea eta zetorrenari aurre egitea. Zumardi batean lotan eman genuen eguna, lan egiteko indarrak bildu asmoz, eta iluntzean almadiara itzuli ginenean kanoarik ez zegoen!

        Ez genuen hitzik esan tarte luze batean. Ez zegoen ezer esatekorik. Ongi genekien kriskitin sugearen larrua baino zerbait gehiago zela; beraz zertarako hitz egin? Akatsen bila ari ginela pentsa zitekeen, eta horrek zorte txarra besterik ez liguke ekarriko, eta eten gabe gainera, isilik egoteko adina ikasi arte.

        Geroxeago zer egin genezakeen eztabaidan aritu, eta konturatu ginen almadian ibaian behera joan beste aukerarik ez genuela atzera egiteko beste kanoa erosteko aukera izan bitartean. Ez genuen txalupa hartuko inguruan inor ez zebilenean, aitak egingo lukeen bezala, horrek jendea gure atzetik ekar zezakeelako.

        Ilundu ondoren almadian abiatu ginen.

        Inork orain arte ez bazuen sinesten erokeria dela suge larrua eskutan hartzea, guri egin zizkigun kalteak ikusita, sinetsiko du bai, irakurtzen aurrera egiten badu eta zer gehiago egin zigun ikusten badu.

        Kanoak ibai bazterraren ondoan dauden almadietan saltzen dituzte. Baina ez genuen ibai bazterreko almadiarik ikusi; eta aurrera egin genuen hiru orduz edo gehiago. Gaua grisa jarri zitzaigun, eta ilun xamarra, eta hori ia lainoa bezain txarra izaten da. Ezin duzu ibaiaren nondik norakoa antzeman, eta ez da inolako tarterik bereizten. Berandutu zitzaigun eta dena isiltasunean geratu zen, eta orduan bapore ontzia ibaian gora zetorrela ikusi genuen. Linterna piztu, eta iruditu zitzaigun argia ikusiko zuela. Ibaian gora zebiltzan ontziek gehienetan ez ziren guregana hurbiltzen; erdiratu egiten ziren eta hondar piletatik aurrera egiten zuten ur harrietan barrena ur errazak aurkitu nahian; baina era horretako gauetan ontzi bideari utzi eta ibai osoari heltzen zioten indarrez.

        Zanpa-zanpa gorantz zetorrela entzuten genuen, baina ez genuen ikusi hurbildu zitzaigun arte. Guregana zuzen-zuzen zetorren. Askotan egiten dute hori ukitu gabe noraino hurbildu daitezkeen ikusteko; batzuetan gurpilak arraun luzeari kosk egiten dio, eta orduan gidariak burua atera eta barre egiten du, eta besteak baino azkarragoa dela iruditzen zaio. Hurbiltzen ari zen, eta esan genuen gure ontzia ukitzen saiatuko zela; baina ez zirudien desbideratzera zihoanik. Handia zen, eta presaka zihoan. Hodei beltza zirudien, inguruan ipurtargi errenkak zituelarik, baina halako batean puztu egin zen, handi eta beldurgarri, eta labeetako ateen ilara luzeek hortz gori goriak bailiren distiratzen zuten; branka ikaragarria eta babesa gure gainean zintzilik genituelarik. Garrasi egiten zigutela entzun genuen, motorrak geratzeko kanpai hotsa, madarikazio saila, eta lurrunaren txistua..., eta Jimek ontziaren alde batera jo zuen eta nik bestera, baporeak almadia erdi erditik txikitu zuen.

        Uretara jauzi egin nuen, eta hondoa aurkitzeko asmoa ere banuen, hamar metrotako gurpila gainetik pasako zitzaidalako, eta nik horretarako tarte nahikoa gorde nahi nuen. Minutu bat iraun nezake ur azpian; baina orduan uste dut minutu t'erdi egin nituela. Gero azkar atera nintzen ur gainera, ia lehertzeko zorian nengoen eta. Besapeetaraino atera nuen kolpetik gorputza uretatik, ura sudurretik kanpora bota, eta arnasestuka aritu nintzen pixka batean. Urlaster zaratatsua zen, noski; eta ontziak motorrak geratu eta handik hamar segundotara piztu zituen berriz, horiek inoiz ez baitute kezka handiegirik izan almadia gizonengatik; eta ibaian gora joan zen, nire ikusmenetik kanpo eguraldi ilunean, entzun egin nezakeen arren.

        Dozena bat aldiz deitu nion Jimi garrasika, baina ez nuen erantzunik izan. Orduan uretan oinei eragiten ari nintzen bitartean albotik ukitu ninduen ohol bati heldu nion, eta bazterrerantz jo nuen, oholari aurrerantz bultza eginez. Baina berehala konturatu nintzen ur lasterra ezker aldeko ibai bazterrera zihoala, eta horrek esan nahi zuen bidegurutze batean nengoela, eta horrenbestez norabidea aldatu eta beste bidea hartu nuen.

        Bi milatako bidegurutze luze eta zeharkako horietakoa zen hura, eta denbora luzea behar izan nuen handik ateratzeko. Lehorrera osorik iritsi nintzen, eta ibai ertzean gora egin nuen. Ia ezin nuen ezer ikusi, eta poliki-poliki ibili behar izan nuen mila laurden batean edo tarte luzeagoan lur zailetan barrena, eta gero garai bateko itxurako etxe bikoitz baten aurrean azaldu nintzen konturatu gabe. Aurretik bizkor pasa eta ihes egin nahi nuen handik, baina orduan zakur multzoa jauzika, zaunka eta uluka hasi zitzaidan, eta arnasarik ere ez hartzea hobe izango nuela erabaki nuen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia