Hamabosgarren atala

 

        Kontuak atera genituen hiru gau beharko genituela Cairora iristeko, Illinoiseko hegoaldean dagoen hiria, Ohio ibaia iristen den azken muturrean, eta horren bila ari ginen. Almadia salduko genuen, bapore batera igo, eta Ohio ibaian gora joango ginen estatu libreetara, eta han ez genituen arazorik izango.

        Bigarren gauean lainoa gaineratzen hasi zitzaigun, eta iztupa mutur batera abiatu ginen almadia han lotzeko, ez baita ona laino artean aurrera egitea. Baina kanoa hartu eta aurrerantz arraunean hasi nintzenean, soka han nonbait lotzeko eskutan nuelarik, zuhaixkak besterik ez nituen aurkitu. Soka hartu eta inguratu nuen horietako bat itsas malda baten ertzean, baina ur lasterrak zirenez, almadiak bizkor behera egin eta hantxe eraman zuen zuhaixka airean sustrai eta guzti. Lainoa ixten ikusi nuen, eta gaixorik eta beldurrak hartuta geratu nintzen, eta iruditu zitzaidan minutu erdian baino gehiago mugitu ezinik egon nintzela. Gero ez nuen almadiarik nire aurrean ikusi. Ez zen aurrean hogei metrotara ere ezer ikusten. Jauzi egin eta kanoan sartu nintzen eta txopan jarri. Arraunari eutsi eta lehenengo astindua eman nion handik ateratzeko. Baina ez zen mugitu. Larrialdi hartan kanoa askatzea ahaztu zitzaidan. Zutitu eta askatzen ahalegindu nintzen, baina ezinegonean eskuak dardarka nituen eta ezertarako ere ez ziren gai.

        Handik ateratzea lortu nuen bezain azkar almadiaren atzetik joan nintzen, jo eta ke, iztupa muturraren albo albotik. Ongi ibili nintzen horrek iraun zuen bitartean, baina iztupa muturrak ez zituen hirurogei metro luze, eta bere oinera iritsi orduko laino zurian sartu nintzen bat-batean, eta ez nekien inondik ere nora demontre nindoan.

        Esan nuen nire artean, alferrik izango da arraun egitea; badakit gainera horrela hondar pila edo iztupa mutur edo zerbaiten kontra jo egingo dudala; mugitu gabe egongo naiz eta urak eramango nau. Baina ez da gauza erraza horrelako urduritasunean eskuak mugitu gabe eduki beharra. Oihu egin eta belarria erne jarri nuen. Behean, nonbait, oihu apal bat entzun nuen, eta bihotza berpiztu zitzaidan. Arin-arin abiatu nintzen haren atzetik, belarria zorroztu eta berriz erantzuna entzuteko zain geratu nintzen. Entzun nuen hurrengo aldian, konturatu nintzen ez nindoala ongi haren atzetik, eta eskuin aldera ari nintzela urruntzen. Eta hurrengoan, ezker aldetik ari nintzen, eta gainera ez nintzaion gehiegi hurbildu, inguruan jirabiraka ari nintzelako, alde batera eta bestera, baina hotsa denbora guztian aurrean nuen.

        Zoro horri latorrizko ontziari danba-danba ematea bururatuko balitzaio ere, esaten nion neure buruari, eta gelditu gabe horri eragin, baina ez zuen hori egin, eta garrasi arteko isiluneak ziren arazoak ematen zizkidatenak. Aurrera joateko indar egin nuen, eta berehalaxe oihua nire atzean entzun nuen. Ederki nahasia nengoen, bai. Beste norbaiten garrasia zen, edo bestela atzealdera begira nengoen.

        Arrauna kanoan bota nuen. Berriz entzun nuen garrasia; atzean zegoen, baina beste leku batean; hurbiltzen ari zen, lekuz aldatzen, eta nik erantzun egiten nion, pixkanaka berriz nire aurrean entzun nuen arte eta ongi nekien ur lasterrak kanoari jira egin erazi ziola, eta orduan berriz behar bezala burua aurrean nuela, haren oihuak Jimenak baldin baziren behintzat eta ez beste almadia baten jabearenak. Ezin da ezer jakin laino artean entzuten diren ahotsez, ezerk ez baitu betiko itxura edo hotsa lainopean dagoenean.

        Oihuak aurrera egin zuen, eta minutu batean edo iritsi nintzen ibai bazter maldatsura, kea zerien arbola mamutzarrak gainean zituelarik. Uraren indarrak ezkerraldera bultza ninduen eta bizkor-bizkor astindu, eta ia orroka ari ziren enbor pila baten tartetik ziztu batean pasa erazi.

        Handik segundo batera edo bitara dena zuri-zuri eta isiltasunean geratu zen berriz. Ezertarako mugitu gabe egon nintzen, bihotzaren taupadak entzuten, eta ez dut uste arnasa behin hartu nuenik hark ehun taupada egin zituen bitartean.

        Etsita nengoen. Banekien zer gertatu zen. Ibai bazter aldapatsu hori uharte bat zen, eta Jimek uhartearen beste aldetik jo zuen. Hura ez zen aldamenetik joan eta hamar minututan igaro daitekeen hondar pila. Uharte arrunt baten zuhaitz handiak zituen; bost edo sei mila luze izan zitzakeen, eta mila erdia baino gehiago zabaleran.

        Belarriak ongi zorroztu, eta isil isilik geratu nintzen hamabost minututan edo. Aurrerantz ari nintzen, noski, lauzpabost mila orduko, baina ez zaizu hala iruditzen. Ez, iruditzen zaizu ur gainean ez zarela batere mugitzen; eta halako batean enbor bat ikusten baduzu aldamenetik irristan pasatzen, ez duzu pentsatzen zein azkar ari zaren, aitzitik arnasari eutsi eta esaten diozu zeure buruari: ene! bai azkar doala enbor hori. Iruditzen bazaizu ez dela gauza goibel eta bakartia, gauean zu bakarrik lainopean, horrela egotea, behin proba egin ezazu, eta orduan ikusiko duzu.

        Gero, ordu erdiz edo, garrasi egin nuen noizean behin; azkenean erantzuna entzun nuen oso aurrean, eta haren atzetik joateko ahaleginak egin nituen, baina ezin nuen, eta berehala iruditu zitzaidan hondar pilazko kabi batean sartu nintzela, juxtu-juxtu ikusi ahal izan nituen eta nire bi alboetan; batzuetan bide estua besterik ez zen horien artean; eta beste hondar pilak ezin nituen ikusi ere, banekien han zeudela uraren indar hotsa entzuten nuelako sasi zahar erori eta bazterretan zintzilik zeuden adarren artean. Ez zen denbora luzea igaro, aurrean hondar pilen artean, oihuak galtzerako, eta pixka batean besterik ez nintzen aritu horiek harrapatu nahian, izan ere sorgin haizea harrapatzea baino zailagoa zen hori. Ez nekien hotsak hala ibiltzen zirenik jauzika alde batetik bestera, horren maiz eta horren bizkor.

        Arin xamar eragin nion arraunari bazterretik ateratzeko, lauzpabost aldiz, ibaitik atera eta uharteen kontra ez joateko; eta berdin iruditu zitzaidan ibiliko zela almadia behin eta berriz bazterrari danbatekoak emanez, edo bestela urrundu eta oihu menetik kanpo ibiliko zen, ni baino zertxobait arinago zihoan eta.

        Azkenean ibai zabalera itzuli nintzela zirudien, baina ez nuen oihuen arrastorik entzuten. Kontuak atera nituen beharbada Jimek, enbor baten kontra jo, eta bereak egin zuela. Ni osorik nengoen eta leher eginik, eta orduan kanoan etzan eta neure buruari esan nion ez nintzela hartaz gehiago kezkatuko. Ez nuen lotara joan nahi, noski; baina logurak nengoen oso eta ezin nuen esna egon. Orduan pentsatu nuen lo kuluxkatxoa egin nezakeela.

        Baina uste dut lo kuluxka baino zerbait luzeagoa ere izan zela, esnatu nintzenean izarrak distiratzen ari baitziren, lainorik ez zen, eta ni jirabiraka nindoan ibaian behera bihurgune handi batean txopa aurrean neramalarik. Hasieran ez nekien non nintzen; ametsetan nengoela iruditu zitzaidan; eta gauzak bururatzen hasi zitzaizkidanean, aurreko asteaz gero dena ezabaturik nuen.

        Ibai handi ikaragarria nuen aurrean, bazterretan zuhaitz luze eta zabal-zabalak zituena; horma sendoa, izarren laguntzaz ikusi ahal izan nuenez. Ibaian aurrera begiratu eta beltzunea ikusi nuen uretan. Atzetik joan nintzen, baina ondora iritsi nintzenean ikusi nuen zerratutako bi enbor lotuta besterik ez zirela. Gero beste beltzunea ikusi eta harrapatu nuen; gero beste bat, eta orduan bai asmatu nuela. Almadia zen.

        Bertaraino hurbildu nintzen eta hantxe ikusi nuen Jim eserita, burua belaunen artean zuelarik, lotan, eskuineko besoa lema arraunaren gainean zintzilik. Beste arrauna txikituta zegoen, eta almadia hostoz, adarrez eta lokatzez beteta. Beraz une larriak igaro behar izan zituen.

        Kanoa lotu eta Jimen sudurraren azpian etzan nintzen almadian. Ahozabalka eta nagiak ateratzen hasi nintzen Jimen kontra, eta esan nuen:

        — Kaixo, Jim, lotan geratu al naiz? Zergatik ez didazu esnatu?

        — Jaungoikoari eskerrak, zu al zara, Huck? Eta ez zara hil, eta ez zara ito, berriz hemen zara? Onegia da egia izateko, laztana, onegia da egia izateko. Utz iezadazu begiratzen, ume, utz iezadazu ukitzen. Ez, ez zaude hilik! Itzuli zara, bizirik eta osorik, lehengo Huck berbera, eskerrak Jaungoikoari!

        — Zer gertatzen zaizu, Jim? Edaten aritu al zara?

        — Edaten? Edaten aritu al naizen? Aukerarik izan al dut ba edateko?

        — Orduan, zer dela eta esaten dituzu txorakeria horiek?

        — Zer txorakeria esaten ditut ba?

        — Zer? Ez al duzu nire itzuleraz, eta guzti horretaz, hitz egin, kanpoan izan banintz bezala?

        — Huck, Huck Finn, begira iezaiezu zuzen-zuzen nire begiei; begira begiei. Ez al zara kanpoan ibili?

        — Kanpoan? Baina, zer demontre esan nahi duzu? Ez naiz inon izan. Nora joango nintzen bada?

        — Ederki, begiratu hona, nagusi, hemen zerbait oker dabil, ezta. Ni neu al naiz edo nor naiz? Hemen nago ala non nago? Hori da jakin nahi dudana.

        — Benetan hemen zaudela uste dut, baina burua korapilatua duen zoro alaena zara, Jim.

        — Bai, ezta? Orain erantzun honi. Soka hartu eta ez al zara kanoan joan almadia iztupa mutur batean lotzera?

        — Ez. Zein iztupa mutur? Ez dut iztupa muturrik inon ikusi.

        — Ez al duzu muturrik ikusi? Begira hona. Ez al da soka hautsi eta almadia ibaian behera bizkor-bizkor joan, eta zu ez al zaitu atzean utzi kanoan laino artean?

        — Zer laino?

        — Bada, lainoa. Gau osoan inguruan izan dugun lainoa. Eta ez al duzu garrasirik egin, eta nik ere ez al dut egin, uharteetan sartu eta guretako bat galdu den arte, eta bestea galduta balego bezala, ez zekielako non zebilen? Eta ez al dut uharte horien kontra jo eta larrialdi ikaragarria izan eta ez al naiz ia ito? Ez al da hala, nagusi, ez al da hori gertatu? Erantzun honi.

        — Gehiegi da hori niretzat, Jim. Ez dut lainorik ikusi, ez uharterik, ez arazorik, ez ezer. Hemen egon naiz eserita zurekin gau osoan hizketan, duela hamar bat minutu zu lotara joan zaren arte, eta uste dut nik gauza bera egin dudala. Ezin izan duzu tarte honetan mozkortu, horrenbestez ametsetan aritu zara.

        — Bai eta zere ere, baina nola amestuko nituen gauza guzti horiek hamar minututan?

        — Arraioa, noski amestu dituzula, horietako bat ere ez baita gertatu.

        — Baina Huck, dena garbi baino garbiago ikusten dut...

        — Berdin da garbi ikusten baduzu ere, ez da ezer gertatu, ni hemen egon naiz eta denbora guztian.

        Jimek ez zuen hitzik esan bost minututan, eta eserita geratu zen guztia buruan zerabilelarik. Gero esan zuen:

        — Ederki, orduan, pentsa dezagun baietz, amestu egin dudala, Huck; baina mila deabru hau ez bada izan nire amets guztietan indartsuena. Inoiz ez dut izan honelako nekea eragin didan ametsik.

        — Ederki, hori egia da, ametsak batzuetan benetan nekatu egiten dute eta. Baina amets hori amets zoragarria izan da. Konta iezadazu Jim.

        Orduan Jimek ekin zion eta goitik behera kontatu zidan guztia, gertatu zen bezalaxe, berak nahikoa apaindu bazuen ere. Gero esan zuen haren zentzua azaldu behar zuela, aholku gisa bidalia izan zelako. Lehenengo iztupa muturra guri mesede egiten saiatuko zen gizon ona zen, baina ur lasterra gu harengandik urruntzen ahaleginduko zen beste gizona. Garrasiak noizean behin iritsiko zitzaizkigun aholkuak ziren, eta ez baginen gogor saiatzean horiek ulertzen, zorte txarrera eramango gintuzten, gu handik kanpo gorde beharrean. Hondar pilak jende istilutsu eta zekenarekin izango genituen arazoak ziren, baina geure lanari eusten bagenion, horiei erantzun eta zirikatu gabe, aurrera egingo genuen eta laino artetik irten ibai zabalera, alegia estatu libreetara, eta ez genuen buruhauste gehiagorik izango.

        Lainoz estali eta ilundu zen zerua ni almadiara igo eta berehala, baina argitzen ari zuen orduan.

        — Ederki, ez duzu ametsari dagokiona gaizki azaldu, Jim —esan nuen—, baina zer egiten dute hor gauza horiek?

        Almadia gaineko hosto eta zakarrak ziren, eta arraun hautsia. Oso ongi ikus zitezkeen orduan.

        Jimek hondakinei begiratu zien, gero niri, eta gero berriz hondakinei. Buruan oso tinko zuen ametsa kokaturik, eta ezin zuen dena astindu eta zuzenean gauzak berriz bere lekuan jarri. Baina gertatutakoa bideratu ahal izan zuenean, adi-adi begiratu zidan, irribarretxorik ere egin gabe, eta esan zuen:

        — Zer egiten duten? Oraintxe esango dizut zer egiten duten. Lan egiteaz, eta zuri garrasika dei egiteaz leher eginik geratu nintzenean, lotara joan eta bihotza ia lehertu zitzaidan zu galdu zinelako, eta niri edo almadiari zer gertatuko zitzaion bost axola zitzaidan. Eta esnatu eta ikusi dudanean hemen zinela, bizirik eta osorik, malkoak atera eta ia belauniko jarri eta oinetan musu eman dizut eskerrak emateko. Eta zuri bururatu zaizun guztia Jim zaharrari gezurra esan eta adarra jotzea izan da. Gauza pila hori zikinkeria da; eta zikinkeria da baita ere lagunak lotsa erazteko buru gainera lokatza botatzen dien jendea.

        Poliki zutitu eta kanpadendara abiatu zen, sartu eta ez zuen hitzik esan. Baina nahikoa esan zuen. Oso gaizki jokatu nuela iruditu zitzaidan, eta oinetan musu ere emango niokeen hitz horietan atzera egingo balu.

        Hamabost minutu behar izan nituen zutitu eta beltzaren aurrean burua makurtzeko, baina egin nuen, eta ez zait geroztik inoiz damutu. Ez nion berriz txantxarik egin, eta ez niokeen egingo jakin izan banu halako nahigabea pasa erazi behar nionik.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia