Hamalaugarren atala

 

        Gero, jaiki ginenean, bandakoek ontzi hondoratuan lapurtutako zamaketa hustu genuen. Botak aurkitu genituen, burusiak, arropak, eta bestelako gauza asko, liburu pila, kataloxa, eta hiru zigarro kaxa. Ez ginen inoiz hain aberatsak izan geure bizitza osoan. Zigarroak primerakoak ziren. Arratsalde osoa basoan hizketan eman genuen, ni liburu bat irakurtzen aritu nintzen, eta oso ondo pasa genuen. Jimi esan nion ontzi hondoratuan eta alda-ontzian gertatu zen guztia; eta esan nion horrelako gauzak abenturak zirela, baina berak esan zuen ez zuela abentura gehiagorik nahi. Esan zuen ofizialeen gelan sartu nintzenean, eta bera lau hanketan almadiara itzuli zenean eta ez zegoela ikusi zuenean, ia bertan hil zela; izan ere, iruditu zitzaion nolabait guztia amaiturik zegoela berarentzat. Handik ateratzen ez bazuten ito egingo zen, eta bizirik irtenez gero, salbatu zuenak etxera bidaliko zuen atzera dirusaria jasotzeko, eta orduan zalantzarik gabe Watson andereñok Hegoaldera salduko zuen. Zuzen zegoen. Ia beti zuzen egoten zen. Jimek, beltza izateko, buru aparta zuen benetan.

        Gauza asko irakurri nizkion Jimi errege, duke, konte, eta halakoez, eta nolako jantzi nabarmenak zerabiltzaten, nolako jarduera zuten, eta batak besteari nola esaten zion maiestate, jaun eder hori, jaun goren, eta abar, jauna esan beharrean. Jimi begiak ia bere lekutik irten zitzaizkion, eta buru belarri entzuten zuen. Esan zuen:

        — Ez nekien halako pila zirenik. Ez nuen horien berririk, Salomon errege zaharrarena besterik ez, kartetako erregeak ez baditugu kontutan hartzen behintzat. Zenbat irabazten du errege batek?

        — Irabazi? —esan nuen—; hilabetean mila dolar bai, nahi izanez gero. Nahi duten guztia irabaz dezakete; gauza guztien jabe dira.

        — Ez al da pozgarria? Eta zer egin behar dute, Huck?

        — Ez dute ezer egiten! Hori gauzak esaten dituzunak. Hor nonbait eseri, besterik ez.

        — Bai zera!

        — Baietz ba. Eserita egoten dira, baldin eta gerrarik ez badago; bestela gerrara joaten dira. Baina gainontzean alferkerian ibiltzen dira; edo hegazti harrapariak hazten dituzte, hegaztiak hartu eta... Xoo! Ez al duzu ezer entzun?

        Presaka irten ginen eta begiratu genuen, baina ez zen bapore baten gurpilen algara besterik, ibaiaren beheko aldean lurmuturrari bira ematen zetorrelarik, eta berriro itzuli ginen.

        — Bai —esan nuen—, eta beste batzuetan, gauzak aspergarri egiten zaizkienean, parlamentua zirikatzen dute; eta jendeak ez badu zuzen jokatzen burua mozten diete. Baina gehienetan haremaren inguruan ibiltzen dira.

        — Zeren inguruan?

        — Haremaren inguruan.

        — Zer da harema?

        — Emazteak gordetzen dituzten lekua. Ez al zenuen haremen berri? Salomonek bazuen bat; milioi bat emazte izango zituen.

        — Bai, hala da... ahazturik nuen. Harema ostatuaren antzeko zerbait dela uste dut. Gehienetan iskanbila garaiak izango dituzte haurren gelan. Eta emazteek eztabaida franko izango dituzte, eta horrek iskanbilak areagotu egingo ditu. Baina bestalde, Salomon munduan inoiz bizi izan den gizonik jakintsuena zela diote. Ez dut uste hori egia denik. Izan ere, gizon jakintsu batek bizi nahi izango al luke halako algara-malgararen erdian denbora osoan? Ez, noski ez lukeela nahiko. Gizon jakintsuak pertzen lantegia hartuko luke, eta gero lantegia itxi atseden hartu nahi bazuen.

        — Baina bera gizon jakintsuena zen hala ere; alargunak berak esan ez zidan bada.

        — Berdin zait alargunak esaten duena, ez zen jakintsua, inolaz ere. Inoiz ikusi ditudan ohitura bitxi eta madarikatuenak zituen. Ba al dakizu ezer bi puskatan moztu behar zuen haur horretaz?

        — Bai, alargunak esan zidan.

        — Eta? Ez al zuen munduko ateraldirik xelebreena izan? Orain gogoan erabili pixka bat. Bada hor enbor bat, hori izango da emakumeetako bat; zu hemen zaude, eta zu zara beste emakumea; ni Salomon izango naiz; eta dolar bateko diru paper hau izango da haurra. Biok nahi duzue. Zer egingo dut? Auzokoen artean galdetzera joango al naiz benetan norena den diru-papera jakiteko, eta dagokionari emango al diot dirua oso osorik, burua bere lekuan duen edonork egingo lukeen bezala? Ez. Hartu eta papera erdibitu egingo dut, eta erdia zuri emango dizut, eta beste erdia beste emakumeari. Horixe egitera zihoan Salomon haurrarekin. Orain galdera bat egingo dizut: zertarako balio du diru-paper erdiak? Ezin duzu ezer erosi horrekin. Eta zertarako balio du haur erdiak? Ez nuke xentimorik emango horietako milioi batengatik ere.

        — Utzi hori, Jim, mezua nahastu egin duzu. Madarikatu hori, ez duzu inondik ere ulertu.

        — Nork? Nik? Zoaz pikutara. Ez etorri niri mezuaren kontu horrekin. Nik badakit zentzua non dagoen ikusi orduko; eta jokaera horietan ez dago zentzurik. Eztabaida ez zen haur erdiaz, eztabaida haur osoaz zen; eta haur osoari buruzko eztabaida haur erdiarekin konpon daitekeela uste duen gizonak ez daki ezta eskuineko eskua non duen. Ez ekarri niri Salomonen konturik, Huck, badakit eta zer tankerakoa den.

        — Baina esan dizut ez duzula mezua ulertu.

        — Infernura mezua! Dakidana badakit eta kito. Eta barkatu, baina benetako mezua areago dago, barru barruan. Salomon hazi zuten moduan datza. Bat ezazu haur bat edo bi dituen gizona; haurrak alferrik galtzen utziko dituela uste al duzu? Ez, noski; ezingo luke. Badaki zer balio duten. Baina bost milioi haur edo etxean atzera eta aurrera dituen gizona hartu, eta desberdina izango da. Berehala moztuko luke haurra bitan katua balitz bezala. Gehiago ditu eta. Haut bat gehiago ala gutxiago, Salomoni berdin zaio, deabruek daramatela!

        Ez nuen halako beltzik inoiz ikusi. Buruan zerbait sartuz gero, ezin zitzaion handik atera. Salomonen aurka gehien saiatu den beltza zen hura. Horrenbestez beste erregeez hizketan jardun nuen, eta Salomon alde batera utzi behar izan nuen. Frantzian duela urte asko burua moztu zioten Louis XVI.az aritu nintzaion; eta bere semea Delfinez, errege izan zitekeen arren, kartzelan sartu eta batzuek diotenez han bertan hil zena.

        — Mutiko gizajoa.

        — Baina besteek diotenez ihes egin zuen, eta Ameriketara etorri.

        — Bai ederki! Baina bakarrik ere egongo da, hemen ez da erregerik, ezta, Huck?

        — Ez.

        — Orduan ezingo du lanik egin. Eta zer egingo du?

        — Ez dakit ba. Batzuk polizian sartzen dira, eta besteek jendeari frantsesez hitz egiten irakasten diote.

        — Zer, Huck, ez al dute frantsesek guk bezala hitz egiten?

        — Ez, Jim; ez zenieke hitz bakar bat ulertuko, ezta bat ere.

        — Leher egin dezadala! Nola da posible?

        — Ez dakit; baina hala da. Liburu batean aurkitu nuen mordoilokeria horretako zerbait. Jo dezagun gizon bat hurbildu eta pale-vu franse esaten dizula. Zer pentsatuko zenuke?

        — Pentsatu ezer ez; hartu eta buruan kankarreko ederra emango nioke. Hori, zuria ez balitz. Ez nioke inongo beltzari niri horrelakorik esaten utziko.

        — Arraioa, ez dizu ezer txarrik esan eta. Frantsesez badakizun galdetu besterik ez dizu egin.

        — Eta, zergatik ezin du bada hori esan?

        — Bada, hain zuzen ere, esaten ari delako. Frantsesez era horretara esaten da.

        — Era lotsagarri madarikatua da hori, eta ez dut besterik entzun nahi. Horrek ez du ez hanka eta ez buru.

        — Begira, Jim, katuak hitz egiten al du guk bezala?

        — Ez, katuak ez.

        — Eta behiak?

        — Ez, behiak ere ez.

        — Katuak behiak bezala hitz egiten al du, edo behiak katuak bezala?

        — Ez.

        — Eta ez al dute berezkoa eta ez al da egokia katuak eta behiek guk ez bezala hitz egitea?

        — Baietz uste dut.

        — Eta zergatik ez da berezkoa eta egokia izango frantses batentzat guk ez bezala hitz egitea? Erantzun iezaiozu honi.

        — Katua gizona al da, Huck?

        — Ez.

        — Beraz, ez du zentzurik katuak gizonak bezala hitz egitea. Behia gizona al da? Edo behia katua al da?

        — Ez, ez bata eta ez bestea.

        — Beraz, ez du zertan batak besteak bezala hitz egin beharrik. Frantsesa gizona al da?

        — Bai.

        — Ederki! Arraioa, eta zergatik ez du gizonak bezala hitz egin behar? Erantzun iezaiozu honi!

        Ohartu nintzen alferrik zela harekin hizketan aritzea... Ezin zaio beltzari eztabaidatzen irakatsi. Beraz etsi egin nuen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia