Hamahirugarren atala

 

        Arnasari eutsi eta ia zorabiatu nintzen. Itsasontzi batean harrapatuta, eta honelako bandarekin! Baina denborarik ez genuen samurkerietan aritzeko. Txalupa aurkitu behar genuen, geuk behar genuen. Beldurrez eta hotzak dardarka ibili ginen istribor aldetik, eta poliki ibili gainera; astebetez aritu ginela iruditu zitzaigun brankara iristerako. Ez zen inon txaluparen arrastorik. Jimek esan zuen ez zuela uste gehiago egin zezakeenik, beldurrak airean zegoela eta amaitu zitzaizkiola indarrak. Baina, nik esan nion, mugi, ontzi honetan geratzen bagara larri ibiliko gara eta. Eta berriro katuka ibili ginen. Gainaldeko branka bilatzen hasi ginen, aurkitu, eta atzaparka igo ginen sabaileiho gainera, kontraleiho bati eta besteari eutsiz, sabaileihoaren muturra uretan baitzegoen. Pasabidearen atetik gertu ginelarik, hantxe ikusi genuen txalupa, bai horixe! Ia ezin nuen ikusi. Esker onez aserik nengoen. Segundo bat igaro eta txalupa barruan egon nintekeen, baina orduantxe bertan atea ireki zen. Gizonetako batek burua atera zuen, nigandik metro eskas batera, eta nireak egin zuela pentsatu nuen, baina berriz sartu zuen, eta esan:

        — Kendu linterna madarikatu hori nire begien aurretik, Bill!

        Poltsa bat edo horrelako zerbait bota zuen txalupara, eta gero bera sartu eta eseri zen. Packard zen. Gero Bill atera zen eta txalupan sartu. Packardek esan zuen ahopeka:

        — Prest. Askatu txalupa!

        Ia ezin nion neure buruari eutsi kontraleihotan zintzilik, oso ahuldurik nengoen eta. Baina Billek esan zuen:

        — Itxaron. Gizona aztertu al duzu?

        — Ez. Zuk ere ez?

        — Ez. Ziur berak izango duela orduan diruaren zati bat.

        — Orduan, etorri. Alferrik da gauzak hartu eta dirua uztea.

        — Eta, ez al du susmatuko zertan gabiltzan?

        — Beharbada. Baina hala ere hartu egin behar dugu. Goazen.

        Txalupatik irten eta barrura joan ziren.

        Atea kolpetik itxi zen, ontzia okertzerakoan ur gainean geratu zen aldean zegoelako; segundo erdian txalupan nengoen, eta Jim atzetik hankaz gora sartu zen. Labaina atera eta soka moztu nuen, eta hantxe abiatu ginen!

        Ez genuen arraunik ukitu, ez hitz egin, ezta ahopeka ere, ia arnasarik ere ez genuen hartu. Uretan irristaka joan ginen, isiltasun osoan, palatxoen gurpilaren ertza eta brankaren aurretik pasa ginen; gero segundo pare bat igaro eta itsasontzitik ehunka metrotara ginen ibaian behera, eta iluntasunak ontzia xurgatu egin zuen, azken arrastoa ere, eta gu osorik eta bizirik ginen, eta bagenekien.

        Ibaian behera hiru edo laurehun metrotara ginenean, ontzi gaineko atean unetxo batean linterna argia ikusi genuen txinparta txikia balitz bezala, eta horrela jakin genuen petral horiek txalupa galdu, eta jabetzen hasiak zirela, Jim Turnerrek bezalatsu, beraiek ere arazoak zituztela.

        Gero Jimek arraunak hartu zituen, eta gure almadiaren bila abiatu ginen. Orduan hasi nintzen lehenengo aldiz gizonengatik kezkatzen..., uste dut denborarik ere ez nuela izan ordura arte. Pentsatzen hasi nintzen ikaragarria zela, baita hiltzaileentzat ere, horrelako estualdian egotea. Esan nuen nire artean, ezin daiteke esan baina ni neu ere hiltzaile izan naiteke egunen batean, eta orduan, zer, gustatuko al litzaidake? Horrenbestez esan nion Jimi:

        — Lehenengo argia ikusten dugunean, lehorreratu egingo gara, argia baino ehun metro lehenago edo aurrerago, txalupa eta zu ezkutatzeko leku egokiren batean, gero ni joango naiz eta istorioren bat asmatuko dut, eta hirukotearen bila joateko norbait bilatuko dut eta estualditik libratuko ditu, horrela urkatuko dituzte beraien garaia iristean.

        Baina ideiak ez zuen aterabide onik izan. Berehala ekaitzak lehertu zuen berriz, eta inoiz baino gogorrago. Euria barra-barra ari zuen, eta ez zen argirik ikusten; denak ohean izango ziren, noski. Trumoi hotsen artean gindoazen, argi bila eta gure almadia aurkitu nahian. Denbora luzea igaro eta euriak atertu zuen, baina hodeiak han geratu ziren, eta tximistak muzinka ari ziren etengabe. Geroxeago distira batek gure aurrean gauza beltz bat erakutsi zigun, ur gainean, eta haren atzetik joan ginen.

        Almadia zen, eta poztu egin ginen bertara berriz igo ginenean. Argia ikusi genuen orduan, aurrerago eskuinetan, ibai bazterrean. Bertara abiatuko nintzela esan nuen. Txalupa hirukoteak itsasontzian lapurretan harrapatutako gauzez erdi beterik zegoen. Azkar-azkar jarri genuen dena almadian pila batean, eta Jimi esan nion ibaian aurrera egiteko, eta argia pizteko bi mila edo egin zituela iruditzen zitzaionean, eta piztuta uzteko ni iritsi bitartean.Gero arraunak hartu nituen eta argiaren alderantz abiatu nintzen. Hurbildu ahala beste bizpahiru argi agertu ziren mendi hegalean. Herrixka bat zen. Argi ondoraino iritsi nintzenean arraunak utzi eta ur gainean txalupa joaten utzi nuen. Aurretik pasatzerakoan, linterna bat ikusi nuen zintzilik gorpuzkera bikoitzeko alda-ontzi baten banderaren makilatik zintzilik. Inguruan ibili nintzen zaindariaren bila, lotan non ote zegoen neure buruari galdezka. Ontzi gaineko langetan, aurrealderantz etzanda aurkitu nuen, burua belaunen artean zuelarik. Bizkarrean eman nizkion bi edo hiru astindu txiki, eta negarrez hasi nintzen.

        Mugitu egin zen, asaldaturik nolabait. Ni nintzela ikusi zuenean, ahoa zabaldu eta nagiak atera zituen, eta gero esan zuen:

        — Kaixo, zer dugu? Ez negar egin, motel. Zer duzu?

        Esan nuen:

        — Aita, eta ama, eta arreba, eta

        Orduan negarrez hasi nintzen berriz. Hark esan zuen:

        — Aizu, ez horrela jarri, denok izaten ditugu arazoak eta zurea ere konponduko da. Zer gertatzen zaie?

        — Joan dira... joan dira... ontziaren zaindaria al zara?

        — Bai —esan zuen, bere buruarekin nahikoa harro zegoela adieraziz bezala—. Neu nauzu kapitaina eta jabea, eta laguntzailea, eta lemazaina, eta zaindaria, ontzi gaineko marinelen burua; eta batzuetan zama eta bidaiaria. Ez naiz Jim Hornback bezain aberatsa, eta ezin dut bera bezain eskuzabal madarikatua izan Tom, Dick eta Harryri laguntza emateko, eta ezin dut berak egiten duen bezala dirua han eta hemen alferrik galtzen ibili; baina askotan esan diot ez niokeela leku hau trukatuko. Nik esaten diot, bada, marinelaren bizitza da niretzat bizitza, eta zoritxarrekoa izango nintzateke herritik bi milatara bizi behar izango banu inoiz ezer gertatzen ez den lekuan, ezta bere diru zikin guztiarengatik ere. Nik esaten dut, bada...

        Hizketaldia moztu eta esan nion:

        — Larrialdi ikaragarrian daude, eta...

        — Nortzuk?

        — Bada, aita, ama, arreba, eta Hooker andereño; eta alda-ontzia hartu eta bila joango bazina...

        — Bila nora? Non daude?

        — Hondoa jo duen itsasontzian.

        — Zein itsasontzi?

        — Bat besterik ba al dago?

        — Zer, Walter Scottean daudela esan nahi duzu?

        — Bai.

        — Ene! Zertan ari dira, Jaungoikoaren izenean?

        — Ez ziren nahita joan.

        — Pentsatzen dut ez zirela joango! Baina, ene, ez dute salbabiderik izango ez badira berehala ateratzen! Nola demontre bururatu zaie horrelako estualdian sartzea?

        — Hara, Hooker andereño ikustaldia egitera etorri zen herrira...

        — Bai, Booth's Landingera... segi.

        — Ikustaldia egiten ari zen, hor Booth's Landingen, eta arratsaldearen azken orduan ibaiaren beste aldera joaten hasi zen zaldien zamaontzian bere emakume laguntzaile beltzarekin, gaua lagun baten etxean igarotzeko asmotan, andereño «ez dakit zer», izena ahaztu zait. Arraun nagusia galdu zuten, bira eman eta norabiderik gabe zihoazen, popa aurrean zutelarik, bi mila inguru egin, eta itsasontzi urperatuarekin danba topo egin zuten. Alda-ontziko gidaria, andre beltza, eta zaldiak desagertu egin ziren, baina Hooker andereño nonbait heldu eta ontziratzea lortu zuen. Ilundu eta handik ordubetera, geure ontzi zamarian ibaian behera gindoazen, eta hain ilun zegoenez gero, ez genuen ontzi hondoratua ikusi haren gainean izan ginen arte. Guk ere danba topo egin genuen, baina denak osorik atera ginen Bill Whipple ezik... hara, munduko gizonik onena zen! Nahiago nuke niri gertatu balitzait.

        — Alajaina! Inoiz entzun dudan gauzarik bitxiena da hori. Eta gero zer egin duzue?

        — Garrasi egin eta geure onetik atera, baina ibaia oso zabala da, eta inork ezin gintuen entzun. Orduan aitak esan du norbaitek ibai bazterrera joan beharko zuela laguntza bila. Neu nintzen igeri egin zezakeen bakarra, eta ziztu batean atera naiz. Hooker andereñok esan dit berehala laguntzarik lortzen ez banuen, hona etorri eta osaba aurki nezala, eta berak konponduko zuela dena. Mila bat beherago gutxi gorabehera lehorreratu naiz, eta orduz gero batean eta bestean denbora galtzen ibili naiz jendearen laguntza eskuratu nahian, baina esaten zidaten, «Honelako gaugiroan eta ur laster honekin? Ez da zentzuzkoa, joan zaitez alda-ontziaren bila». Zu joango bazina, eta...

        — Alajainkoa, nahi nuke, eta ez dakit zer arrazoirengatik, baina joango naiz. Nork demontre ordea ordainduko dit? Aitak uste al duzu...

        — Hori ez da arazoa. Hooker andereñok garbi esan zidan Hornback osabak egingo zuela.

        — Arraioa! Osaba al du? Bai zorte ona berea. Begira joan zaitez azkar han urrutian ikusten duzun argi horretarantz, eta bertara iristean jo mendebaldera, eta mila laurdena egin eta taberna bat topatuko duzu. Bertan daudenei esan ziztu batean eraman zaitzatela Jim Hornbacken etxera eta berak ordainduko duela kontua. Ez denbora alferrik galdu gero, hark berriak jakin nahiko ditu eta. Esan iezaiozu iloba bizirik eta onik izango duela bera herrira iritsi baino lehen. Azkar ibili. Ni izkina horren atzera noa makinaria esnatzera.

        Argirantz abiatu nintzen, baina gizonak izkinari bira eman bezain laster atzera egin eta txalupan sartu nintzen. Ura xukatu eta gero ibaian gora seiehun metro egin nituen ur geldoan. Egur zamaontzien artean ezkutatu nintzen, ezin bainuen atseden hartu alda-ontzia abiatzen ikusi arte. Baina bestela, esango nuke, gustura nengoela hirukoteak eman zizkidan buruhauste guzti horiekin, edozeinek ez bailuke lan hori hartuko. Alargunak haren berri izan zezan nahi nuke. Nitaz harro egongo litzateke gaizkileei laguntza emateagatik, gaizkileak eta besteen kontura bizi direnak baitira alargunari eta jende onari kezka handienak sortzen dizkien jendea.

        Denbora luzea igaro gabe, hor azaldu zen ontzi hondoratua, ilun eta itzalpean, ibaian behera irristaka! Hotzikarak goitik behera astindu ninduen, eta hurbildu egin nintzaion. Oso urperaturik zihoan, eta berehala konturatu nintzen barruan inor bizirik egoteko itxurarik ez zuela. Bira eman nion eta oihu egin ere bai, baina ez zen erantzunik izan. Bihozgabetu nintzen pixka bat hirukoteari gertatutakoagatik, baina ez gehiegi, izan ere neure buruari esan nion beraiek jasan ahal izan bazuten, nik ere halaxe egingo nuela.

        Orduan alda-ontzia azaldu zen. Ibai erdirantz arraun egin nuen ibaian behera eta zeharka, eta ikusmiratik kanpo nengoela iruditu zitzaidanean, arraunak utzi, eta atzera begiratu nuen. Alda-ontzia hondoa jo zuen itsasontziaren ondora hurbiltzen ikusi nuen, Hooker andereñoren gorpuaren bila inguruan zebilelarik, kapitainak bazekien eta Hornback osabak nahiko zituela. Geroxeago alda-ontziak amore eman zuen eta ibai bazterrera itzuli zen. Ni lanari ekin eta ibaian behera arrapaladan egin nuen arraun.

        Ikaragarri luze egin zitzaidan Jimen argia distiratzen ikusi arteko tartea, eta ikusi nuenean, iruditu zitzaidan mila milatara baino urrutirago zegoela. Bertara iristerako zerua ekialdean gris xamarra jartzen hasia zen, eta horregatik uharte batera abiatu ginen. Almadia ezkutatu, txalupa urperatu, oheratu eta lo zerraldo egin genuen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia