Hamabigarren atala

 

        Ia goizeko ordu bata zen azkenean uhartetik urrundu ginenean, eta almadia oso poliki zihoala zirudien. Ontziren bat azalduz gero kanoa hartu beharko genuen eta Illinoisko ibai bazterrera azkar jo; eta eskerrak ez zela ontzirik etorri, ez baitzitzaigun bururatu eskopeta, arrantzarako hariak edo jateko zerbait kanoan sartzea. Larriegi ibili ginen hainbeste gauza kontutan hartzeko. Ez zen oso zentzuzko erabakia izan gauza guztiak almadian jartzea.

        Gizonak uhartera joan baziren, nik piztutako sua aurkitzea espero nuen, eta limen zain gau osoa han igarotzea. Dena dela, gugandik urrun zeuden, eta nik egindako suak ez bazituen engainatu ez zen nire erruz izan. Nik ahal izan nuen modu zitalenean jokatu nuen.

        Egunsentiaren lehenengo seinaleak azaldu zirenean, iztupa mutur batean lotu genuen almadia Illinois aldeko bihurgune handi batean, eta zumar zuri adarrak moztu genituen aizkora erabilita eta horiekin almadia estali, eta horrela ibai bazter horretan lur-jauzia izan zela zirudien. Iztupa muturra hondar barra bat da, eskuarearen hortzak bezain lodiak diren zumar zuriz osatuta dagoelarik.

        Missouriko aldean mendiak dituzu, baso ugariak Illinoisekoan, eta leku horretan ontzi-ubidea Missouriko bazterretik igarotzen da, beraz ez ginen inork aurkituko gintuen beldur. Egun osoa bertan eman genuen, eta almadiak eta baporeak bizkor ikusten genituen Missouriko bazterretik beherantz zihoazela, gorantz zihoazen baporeak berriz, ibaiaren erdian aurrera egin ezinean borrokan. Jimi emakumearekin izandako berriketa osoaren berri eman nion; eta Jimek esan zuen azkarra zela andrea, eta bera gure bila hasiz gero, ez zela kanpamenduko suari begira geratuko, ez, jauna, zakurra eramango zuela. Orduan, esan nuen, senarrari zakurra eramateko ere esan ziezaiokeela. Jimek esan zuen apustu egingo zuela gizonak abiatzeko orduan emakumeari hori bera bururatuko zitzaiola, eta uste zuela herrira joanak izango zirela zakurraren bila eta horrela denbora galdu zutela, eta horri eskerrak, bestela ez ginatekeela han eztopa mutur batean herritik behera hamasei edo hamazazpi milatara egongo, ez, horixe, herri zahar horretan egongo ginateke berriz. Orduan nik esan nuen bost axola ziola zergatik ez gintuzten harrapatu, harrapatzen ez gintuzten bitartean.

        Iluntzen hasi zuenean, buruak atera genituen zumar zurien sasitetik eta gora, behera, eta aurrera begiratu genuen; ezer ez agerian; eta horrenbestez Jimek eguraldi bero eta euritsuetatik babesteko eta gauzak lehor gordetzeko almadiako goiko ohol batzuk hartu zituen indioen tankerako kanpadenda erosoa egiteko. Jimek zorua egin zion kanpadendari, eta leku horretan hamabost zentimetro edo gehiago altxa zizkion almadiaren gainari, eta horrela burusi eta gauza guztiak baporeen olatuak iristen ez ziren lekuan jarrita zeuden. Kanpadendaren erdian hamabi edo hamalau zentimetrotako lur geruza jarri genuen, inguruan egitura bat zuelarik, lurra bere lekuan egon zedin. Hori eguraldi euritsu eta hotza egiten zuenean sua pizteko izango zen. Kanpadendak sua ezkutatuko zuen. Beste arraun nagusia ere egin genuen, besteetako bat puska zitekeen eta, urperatutako enbor bat edo beste edozer gauza jota. Sarde tankerako makilatxoa jarri genuen tente linterna zaharra gainean zintzilikatzeko. Izan ere, linterna piztu behar izaten genuen baporeak ibaian behera zetozen guztietan, haiek harrapa ez gintzaten; baina ez zen beharrezkoa piztea baporeak gorantz ari zirenean, «bidegurutze» esaten dioten horretan ez baginen behintzat; alegia, ibaia hazi xamarra zegoen oraindik, beheko bazterrak zertxobait ur azpian zeudelarik; horregatik gorantz zihoazen ontziek ez zuten ontzi-bidetik aurrera egiten, eta horren ordez ur errazagoak bilatzen zituzten.

        Bigarren gauean zazpi edo zortzi orduz ibaian behera aritu ginen, uraren indarrak orduko lau milatako abiadura baino gehiago hartzen zituelarik. Arrantzan egin genuen, eta noizean behin uretan sartzen ginen loak ez hartzeko. Ospe handiko gauza zen ibai isil handi horretan behera joatea, eta lurrean etzanda izarrei begira egotea. Ez genuen ahots ozenean hitz egiteko gogorik, eta ez genuen askotan barre egiten, barre isilen bat besterik ez. Eguraldi ona izan genuen, gehienetan, eta gau horretan ez zitzaigun ezer gertatu, ez hurrengoan, eta ez hurrengoan ere.

        Gauero herrien aurretik igarotzen ginen, batzuk goi batean urrutian zeuden mendialde beltzetan, argiz osatutako ohe distiratsua besterik ez zen, eta etxe bakar bat ere ez zen bereizten. Bosgarren gauean St Louisen aurretik pasa ginen, eta hura mundu osoa argiztatua ikustea bezalakoxea zen. St Petersburgen esan ohi zuten St Louisen hogei edo hogeita hamar mila pertsona bizi zirela, baina nik ez nuen sinesten goizeko ordu bietan gau isil horretan argi eremu zoragarri hori ikusi nuen arte. Ez zen soinu bakar bat entzuten, denak lo zeuden.

        Gauero, hamarrak inguruan, ibai bazterrera isil isilik atera, eta herriren batera joaten nintzen, eta hamar edo hamabost xentimo irin, hirugihar, edo jateko beste zerbait erosten nuen. Batzuetan makil gainean gustura kokatua ez zegoen oiloren bat hartu, eta eraman egiten nuen. Aitak beti esaten zuen: oiloa hartu aukera duzun guztietan, zuk ez baduzu nahi ere beti izango da eta nahiko duen norbait, eta mesede on bat ez da inoiz ahazten. Ez nuen aita inoiz ikusi oilorik behar ez zuen unean, baina, dena dela, hori esan ohi zuen.

        Goizean, egunak argitu aurretik, ezkutuan joaten nintzen arto soroetara eta sandiaren bat, meloia, kalabaza, artaburuak, edo tankera honetako gauzak hartzen nituen. Aitak beti esaten zuen gauzak hartzeak ez zuela kalterik egiten, noizbait ordaintzeko asmoa izanez gero; baina alargunak lapurretaren izen dotoreagoa besterik ez zela zioen, eta pertsona zintzoa zenak ez lukeela hori egingo. Jimek esan zuen iruditzen zitzaiola alargunak neurri batean arrazoi zuela, eta aitak neurri batean ere bai; horrenbestez onena genuen zerrendatik bi edo hiru gauza kentzea eta gehiago ez genituela hartuko esatea; hartara ez zuen uste beste gauzak hartzeak inori kalterik egingo zionik. Horretaz hitz egiten jardun genuen gau osoan, ibaian behera gindoazelarik, sandiak, meloiak, kalabazak edo zerrendatik zer kendu erabaki nahian. Baina egunsentirako dena ongi erabakita genuen, baso-sagarrak eta kakiak botatzeari ongi iritzi genion.

        Hori erabaki baino lehen ez ginen oso lasai, baina orain dena primeran zegoen. Gainera poztu egin nintzen emaitzarekin, basoko sagarrak ez zirelako inoiz onak izaten, eta kakiak bi edo hiru hilabete pasa arte heldugabe egongo zirelako.

        Goizean goiz jaiki edo gauean garaiz oheratu ez zen ur hegaztiari tiro egiten genion, noizean behinka. Orokorrean hartuta, aberatsak bezalatsu bizi ginen.

        Bostgarren gauean St Louis igarota gauerdiaren ondoren ekaitz ikaragarria izan genuen, tximista eta trumoi pila ederra eta guzti, eta euria barra-barra ari zuen, oihal tinkoa osatzen zuelarik. Kanpadenda barruan geratu ginen, eta almadia bere kabuz joaten utzi genuen. Tximistak argitzen zuenean ibai zuzen eta handia ikusten genuen aurrean, eta mendi garai harritsu eta aldapatsuak bi aldetara. Handik tarte batera esan nuen: «Hara, Jim, begira han urruti! Harkaitz baten kontra bazterra jo zuen baporea zen. Zuzen-zuzen gindoazen harengana. Tximistak oso garbi erakusten zuen. Okertuta zegoen, goiko ontzi-bizkarra ur gainean zegoelarik. Argi distira agertzen zen bakoitzean garbi-garbi ikus zitezkeen tximiniako haize euskarri txikiak bana banan, eta bizkarrean sonbreiru zaharra zintzilik zuen aulkia kanpai nagusiaren ondoan.

        Gau iluna izanik, ekaitz eta misterio giro horretan, beste edozein gaztek sentituko lukeen gauza bera sentitu nuen, ibaiaren erdian itsas ontzia goibeldurik eta bakardadean ikusi nuenean. Ontziratu nahi nuen eta ezkutuan ibili hango gauzak ikusten. Eta esan nuen:

        — Ontzira gaitezen, Jim.

        Baina Jim hasieran horren aurka zegoen erabat. Esan zuen:

        — Ez dut tontakerietan ibili nahi inongo ontzi urperatutan. Ongi ari gara, demonio, eta hobe dugu hura bakean uztea, liburu santuak esaten duen bezala. Ziur aski zaindaria izango du ontzi horrek.

        — Zaindaria hire amona, zera —esan nuen—; ez dago zaintzeko ezer ofizialeen gelak eta lemaren etxetxoa ez bada, eta zuk uste al duzu inork bere burua arriskuan jar dezakeela ofizialeen gela eta lemaren etxetxo batengatik gaugiro honetan, ontzia hausteko zorian egonik eta edozein unetan urak arrastaka eraman dezakeelarik? Jimek ezin zion honi ezer erantzun, beraz saiatu ere ez zen egin.

        —Eta gainera —esan nuen—, agian gauza baliagarriren bat bat genezake kapitainaren ontzi-gelatik. Zigarroak, apustu egingo nizuke, eta bost xentimotan saltzen da alea, esku dirua, zera. Baporeetako kapitainak aberatsak izan ohi dira, hirurogei dolar irabazten dituzte hilean, eta ez zaie axola gauza batek zenbat balio duen, badakizu, gauza hori lortu nahi badute behintzat. Sar ezazu kandela poltsikoan. Ez naiz lasai egongo, Jim, ontzian miaketa egiten ez dugun bitartean. Zuk uste al duzu Tom Sawyerrek horrelako aukera alferrik galtzen utziko lukeenik? Ez eta pentsatu ere, ez luke egingo. Abentura izena emango lioke, bai halaxe esango luke; eta bere azken ekintza izango balitz ere ontzi horretan sartuko litzateke. Eta bai tankera dotorea emango liokeela!, eta ederki luzatu ere gauzak azaltzen! Cristobal Colonen antza emango zenioke hari beste munduko Erreinua aurkitzen. Tom Sawyer hemen izan nahi nuke.

        Jim marmarka aritu zen, baina azkenean amore eman zuen. Esan zuen oso premiazkoa zenaz besterik ez genuela hitz egin behar, eta hori ere isil isilik. Tximistak ontzia argitu zuen berriz, une egokienean, istriborreko txirrika hartu, eta almadia bertan lotu genuen.

        Ontzi gainak kanpora egiten zuen leku horretan. Ilunpetan aldapan behera arrastaka joan ginen ontziaren ezker alderantz, ofizialeen gelarantz, poliki-poliki bidea oinen bidez haztamuka aurkitzen genuelarik, eta eskuak zabal-zabal jarrita sokekin traba ez egiteko, izan ere, iluntasun horretan ez baitzen horien arrastorik aurkitzen. Berehala sabaileihoaren aurreko muturrarekin egin genuen topo, eta gainera igo ginen. Hurrengo urratsak kapitainaren gelaren ate aurrera eraman gintuen, eta irekita zegoen, eta, arraioa! ofizialeen pasabidetik harantz argia ikusi genuen; eta aldi berean barruan ahotsak marmarka entzun genituela iruditu zitzaigun.

        Jimek ahopeka esan zuen oso gaizki zegoela, eta handik kanpora ateratzeko. Baietz esan nion; almadiarantz abiatzera gindoazen, baina orduantxe ahots bat entzun nuen orro egiten zuela esanez:

        — Oi, ez mesedez, mutilak; zin egiten dizuet ez dudala ezer esango!

        Beste ahotsak esan zuen, modu ozen xamarrean:

        — Gezurra, Jim Turner. Aurrekoetan ere gauza bera esaten zenuen. Beti nahi izan duzu zegokizuna baino diru gehiago, eta beti eskuratu duzu gainera, zin egiten zenuelako dirua lortzen ez bazenuen salatu egingo gintuzula. Baina oraingoan gehitxo jokatu duzu. Lurralde honetako gizatxar zeken eta azpisugeena zara.

        Ordurako Jim almadiara joana zen. Ni jakin-minez irrika bizian nengoen; eta esaten nuen nirekiko, Tom Sawyerrek ez luke orain atzera egingo, eta nik ere ez. Hemen zer gertatzen den ikustera noa. Belaun eta esku gainean jarri nintzen lurrean pasabide txikian, eta ilunpetan txoparantz joan nintzen lau oinetan, ni nengoen lekutik ontzi gaineko pasabide bidegurutzeraino iristeko ontzi-gela bakarraren tartea geratu zen arte. Orduan gizon bat ikusi nuen lurrean luze etzanda eskuak eta oinak lotuta, eta bere aurrean bi gizon zituelarik. Horietako batek linterna ahula zuen eskutan, eta besteak pistola. Honek arma lurrean zegoen gizonaren burura zuzenduta zuen eta zioen:

        — Nahi nuke! Hobe nuke, gainera, gizatxar zeken alaena!

        Lurreko gizona bihurritu egiten zen, eta esaten zuen:

        — Ez, Bill, mesedez. Ez dut inoiz hitzik esango.

        Eta hori esaten zuen aldiro, linterna zuen gizonak barre egiten zuen esanez:

        — Noski ez duzula ezer esango! Ez duzu inoiz egia handiagorik esan, apustu egin dezakezu. Eta orduan esan zuen:

        — Hara nola erregutzen duen! eta menperatu ezin izan bagenu eta lotu, biak hilko gintuzkeen. Eta zergatik? Ezergatik ere ez. Geure eskubideen alde jokatzeagatik besterik ez, horregatik. Baina apustu egiten dizut ez duzula hemendik aurrera inor mehatxatuko, Jim Turner. Gorde pistola hori, Bill.

        — Ez dut nahi, Jake Packard —esan zuen Billek—. Hil egin behar dut. Ez al zuen berak Hatfield zaharra ere horrelaxe hil. Ez al du, bada, merezi?

        — Baina nik ez dut hilik behar, eta arrazoiak ditut hori esateko.

        — Bedeinkatua izan zaitez, Jake Packard, hitz horiek esateagatik! Ez zaitut inoiz ahaztuko, bizi naizen artean —esan zuen lurreko gizonak, negar muzinka.

        Packardek ez nion jaramonik egin, linterna iltze batean zintzilikatu, eta ilunpetan ni nengoen lekura hurbiltzen hasi zen, Billi bere atzetik joateko keinuak egin zizkiolarik. Karramarroen tankeran atzerantz egin nuen ahal bezain azkar, bi metro edo, baina ezin nuen azkarregi ibili, ontzia hain zegoen okerturik. Horrenbestez harrapatu ez nintzaten goiko aldeko ontzi-gela batean sartu nintzen lau hanketan arrastaka. Gizona haztamuka etorri zen ilunpetan, eta Packard nire ontzi-gelaraino iritsi zenean, esan zuen:

        — Hona, sartu hona!

        Sartu egin zen, eta Bill bere atzetik. Baina horiek sartzerako goiko ohean nengoen igota, bazterrean eta inguratuta, eta han egoteagatik damuturik. Gero zutik geratu ziren, eskuak ohe ertzean jarrita eta hizketan. Ezin ikus nintzakeen, baina non zeuden esan bai, edan zuten whiskyari eskerrak. Poztu nintzen whiskya edaten ez nuelako, baina, dena dela, ez nion alde handirik ikusten, denbora gehienean ezingo ninduten eta harrapatu arnasarik ez nuelako hartzen. Beldurtuegia nengoen. Eta gainera, inork ezingo luke arnasa hartu eta aldi berean horrelako hizketaldia entzun. Ahopeka eta zinez ari ziren hitz egiten. Billek Turner hil nahi zuen, eta esan zuen:

        — Esan zuen hitz egingo zuela, eta hala egingo du. Bioi dagokigun zatia emango bagenio ere alferrik izango litzateke istiluaren ondoren, eta hura erabili dugun bezala erabilita. Ziur baino ziurrago egon zaitezke auzitan salatu egingo gaituela. Orain entzun ongi. Bere kezka guztietatik libre utzi nahi dut betiko.

        — Nik ere bai —esan zuen Packardek, isil isilik.

        — Eskerrak; ez zenuela nahi pentsatzen hasita nengoen. Ederki orduan. Goazen, bada, eta egin dezagun.

        — Itxaron minutu bat. Ez dut amaitu oraindik. Entzun. Tiro egitea ongi dago, baina badira modu isilagoak hori bera egiteko. Hau duzu nire iritzia: ez deritzot zentzuzkoa urka sokaren inguruan ibiltzeari, gauza bera modu egokian eta aldi berean arriskutan ibili gabe egin daitekeenean. Ez al da hala?

        — Ez da izango, bada? Baina oraingo honetan nola moldatuko zara?

        — Hara, nire ideia hau da: azkar inguruak begiztatu eta ontzi-geletan ikusi gabe utzitako gauzak hartuko ditugu, ibai bazterrera gauzak txalupan eraman eta zamaketa ezkutatu egingo dugu. Gero zain egongo gara. Nik uste dut bi ordu baino gehiago ez dituela ontzi honek egingo txikitu eta urak ibaian behera arrastaka eraman baino lehen. Ikusten? Ito egingo da, eta bere burua besterik ez du izango errua egozteko. Nik uste dut gizona hiltzea baino gauza erosoagoa dela hori. Gizona hiltzearen aurka nago besterik egiterik dagoen bitartean; zentzurik ez luke, eta gizalegezkoa ere ez litzateke izango. Ez al nago zuzen?

        — Bai, baietz uste dut. Baina jo dezagun ontzia ez dela txikitzen eta urak ez duela eramaten.

        — Berdin-berdin zain egon gaitezke, eta bi ordutan zer gertatzen den ikusi, ezta?

        — Ederki, goazen.

        Gizonak irten ziren, eta ni izerditan eta hotzak abiatu nintzen lau oinetan ontziaren brankarantz. Infernua baino ilunago zegoen, baina ahopeka eta zakar xamar esan nuen, Jim! eta arrenkuratsu erantzun zidan, sorbalda ondo ondotik hain zuzen ere, eta esan nion:

        — Azkar, Jim, denborarik ez dago lelokerietan eta kexuka ibiltzeko. Hiltzaile talde bat dago hor barruan, eta ez badugu horien txalupa bilatu eta ibaian behera joaten uzten, itsasontzitik ihes egin ezinean uzten ditugularik, horien arteko batek estualdi larriak ezagutuko ditu. Baina txalupa aurkitzen badugu denak jar ditzakegu estualdian, sheriffak harrapatuko dituelako. Azkar, mugi! Nik ababorrean begiratuko dut, zuk istriborrean. Almadia dagoen lekutik hasi, eta...

        — Ene Jauna, Jauna! Almadia? Ez dugu almadiarik, soka hautsi eta joan egin da! Eta gu hemen!

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia