Hamaikagarren atala

 

        — Sartu —esan zuen andreak. Eta nik hori egin nuen. Berak esan zuen:

        — Har ezazu aulkia.

        Hori egin nuen. Goitik behera begiratu zidan bere begi txiki distiratsuekin, eta esan zuen:

        — Nola duzu izena?

        — Sarah Williams.

        — Non bizi zara? Auzo honetan?

        — Ez, andrea. Hookervillen, zazpi mila beherago. Oinez egin dut bide osoa eta oso nekaturik nago.

        — Goseak ere bai, iruditzen zait. Aterako dizut zerbait.

        — Ez, andrea. Ez nago goseak. Goseak nengoen oso, eta bi mila beherago dagoen etxalde batean geratu behar izan dut, horregatik orain ez nago goseak. Horrek atzeratu egin nau. Ama gaixorik dago, eta ez du ez dirurik eta ez ezer, eta nire osaba Abner Moorerengana noa hori esatera. Herriko goiko aldean bizi da; amak hala esan zidan. Ez naiz inoiz hemen izan. Ezagutzen al duzu?

        — Ez, baina ez dut oraindik jende guztia ezagutzen. Ez dira bi aste izango hona etorri ginela. Tarte handi xamarra duzu herriko goiko mugaraino iristeko. Hobe duzu gaua hemen pasatzea. Ken ezazu sonbreirua.

        — Ez —esan nuen—, pixka batean geratuko naiz, eta gero aurrera egingo dut. Ez nau iluntasunak beldurtzen.

        Esan zidan ez zidala bakarrik joaten utziko, senarra geroxeago etorriko zela, handik ordu t'erdira edo, eta nirekin bidaliko zuela. Orduan senarraz hasi zen hizketan, eta ibaiaren goiko sendikoez, eta ibaiaren beheko sendikoez, eta lehen hobe bizi zirela, eta jakin gabe gaizki egin zutela gure herrira etortzen, gauzak bere hartan utzi ordez... eta abar eta abar. Eta ia beldur nintzen ez ote nuen oker jokatu herriko berrien bila harengana joateagatik; baina geroxeago hasi zen aitaz eta hilketaz, eta orduan gustura utzi nion berriketan aurrera egiten. Nik eta Tom Sawyerrek aurkitutako sei mila dolarrez aritu zen (hamarreraino gehitu zituen, baina) eta aitari buruzkoak eta nolako gizatxarra zen, eta nolako gizatxarra nintzen ni, eta azkenean iritsi zen nire hilketara. Nik esan nuen:

        — Nork egin zuen? Gauza asko entzun ditugu gertakizun horietaz, behean Hookervillen, baina ez dakigu nork hil zuen Huck Finn.

        — Ba, uste dut hemen ere badela jende pila nork hil zuen jakin nahiko lukeena. Batzuek uste dute Finn zaharrak berak hil zuela.

        — Ez. Egia al da hori?

        — Ia denek hori uste zuten hasieran. Ez du inoiz jakingo zein gertu ibili zen lintxamendutik. Baina gaua egin baino lehenago iritziz aldatu egin zuten eta erabaki zuten Jim izena zuen beltz iheslari batek egin zuela.

        — Zergatik egin...

        Isildu egin nintzen. Iruditu zitzaidan hobe nuela isilik egotea. Aurrera egin zuen, eta ez zen ezertarako konturatu eten egin niola.

        — Beltzak Huck Finn hil zuten gauean bertan egin zuen ihes. Horregatik saria jarri dute harrapatzen duenarentzat: hirurehun dolar. Eta beste saria jarri dute Finn zaharrarentzat: berrehun dolar. Hara, hilketa gertatu eta hurrengo goizean etorri zen herrira, eta gertakizun horretaz hitz egin zuen, eta besteekin joan zen haren bila alda-ontzian, eta hori egin eta berehala desagertu zen. Ilundu baino lehen jipoitu nahi zuten, baina ez zuten aurkitu. Hurrengo egunean konturatu ziren beltzak ihes egin zuela; konturatu ziren inork ez zuela ikusi hilketa gertatu zen gaueko hamarrak geroztik. Orduan hari egotzi zioten errua, eta horretan ari zirela bete betean, hurrengo egunean Finn zaharra itzuli zen eta Thatcher epaileari joan zitzaion negar zotinka Illinois osoan beltza harrapatu ahal izateko diru eske. Epaileak eman zion zerbait, eta arratsalde hartan mozkortu egin zen eta gauerdia baino beranduago arte ibili zen itxura txarreko kanpotar bikote batekin, eta gero beraiekin alde egin zuen. Bada, ez da geroztik azaldu, eta ez dute ikustea espero gauzak baretu artean, jendeak uste baitu berak hil zuela mutila eta gainera gauzak antolatu zituela jendeak pentsa zezan lapurrek egindako gauza zela, eta horrela Hucken dirua hartuko zuen auzitan denbora luzea itxaron beharrik gabe. Jendeak dio horrelakorik ez egiteko bezain zintzoa ez zela. Zuhurra da, bai, nik uste. Urtebetean agertuko ez balitz, gauzak ongi lihoazkioke. Frogarik ez legoke bere aurka, badakizu; dena bare-bare egongo litzateke, eta erraz baino errazago harrapatuko luke Hucken dirua.

        — Bai, nik ere hori uste dut. Ez dut horretarako eragozpenik ikusten. Denek baztertu al dute orduan beltzak egin zuela?

        — Ez, ez, denek ez. Badira batzuk berak egin zuela uste dutenak. Baina laster harrapatuko dute beltza, eta agian beldurtu egingo da eta egia esan eraziko diote.

        — Zergatik dabiltza oraindik bere atzetik?

        — Hara berriz, bai inozoa zarela! Egunero jartzen al dituzte hirurehun dolar jendeak eskura ditzan? Batzuek uste dute beltza ez dabilela hemendik urruti. Ni nauzu horietako bat..., baina ez dut horretaz hitzik esan. Duela egun batzuk aldamenean enborren etxetxoan bizi den bikote zahar batekin hizketan aritu nintzen, eta uste gabean aipatu zuten ez zela ia inor joaten han urrutian dagoen uhartera, Jacksonen uhartea deritzoten horretara. Ez al da han inor bizi?, galdegin nuen. Ez, inor ez, esan zuten. Ez nuen besterik esan, baina pentsakor geratu nintzen. Ia erabat ziur nengoen han kea ikusi nuela, uhartearen kaskoan gutxi gorabehera, egun bat edo bi lehenago, eta horrenbestez esan nuen nirekiko, ez al da beltz hori han ezkutatua egongo? Dena dela, iruditzen zait pena merezi duela lekua miatzeak. Geroztik ez dut kerik ikusi, eta agian alde egingo zuen, bera izatekotan ere; baina senarra han dagoen ikustera joatekoa da, bera eta beste gizon bat. Ibaian gora ibili da, baina gaur itzuli da eta, duela bi ordu edo, eta iritsi bezain laster dena esan diot.

        Estu-estu jarri nintzen, eta ezin nuen geldirik egon. Eskuak mugitu behar nituen. Mahai gainetik orratz bat hartu eta haria sartzen hasi nintzaion. Eskuak dardarka nituen, eta ez nintzen ongi ari. Orduan emakumea isildu egin zen, gorantz begiratu, eta modu bitxian begiratu zidan, irribarrez. Orratza eta haria utzi, eta jakin-minez entzuten niola itxura egin nuen —eta hala entzuten nion gainera—, eta esan nuen:

        — Hirurehun dolar ez da diru makala. Amak lortzea nahi nuke. Senarra gaur gauean bertan joango al da?

        — Bai, bai. Herrira joan da lehen esan dizudan gizonarekin txalupa bat eskuratu eta beste eskopeta norbaiti eskatzera. Gauerdia pasa eta gero joango dira.

        — Ez al lukete hobe ikusiko egun argia egin arte itxaronez gero?

        — Bai. Eta beltzak ere ez al luke hobe ikusiko? Gauerdiaz gero lotan egongo da ziur aski, eta orduan zuhaitz artean ezkutatu eta ilunpetan errazago aurkituko dute kanpamenduko sua, sua egin baldin badu behintzat.

        — Ez nuen hori kontutan hartu.

        Emakumeak modu bitxian begiratzen zidan orduan ere, eta ni ez nengoen oso lasai. Berehalaxe esan zuen:

        — Nola esan duzu zela zure izena, maitea?

        — M... Mary Williams.

        Ez zitzaidan iruditu aurrekoan Mary esan nuenik, eta horregatik ez nuen burua altxatu; iruditzen zitzaidan Sarah esan nuela, eta estualdian ikusten nuen neure burua, eta hori agerian uzteko beldurrez. Emakumeak zerbait gehiago esan zezan nahi nuen; zenbat eta denbora luzeagoa isilik egin, kezkatuagoa nengoen. Baina orduan esan zuen:

        — Maitea, iruditu zait sartu zarenean Sarah izena zenuela esan duzula.

        — A, bai andrea, hala esan dut. Sarah Mary Williams. Sarah dut lehenengo izena. Batzuek Sarah esaten didate, besteek Mary

        — Hara, horregatik al zen?

        — Bai, andrea.

        Lasaiago geratu nintzen, baina dena dela handik kanpora egon nahi nuen. Ezin nuen oraindik burua altxatu.

        Emakumea garai txarrak zirela eta hasi zen hizketan, eta oso gaizki bizi zirela, arratoiak han jaun eta jabe ibiltzen zirela, eta abar eta abar, eta orduan berriz lasaitu nintzen. Arrazoi zuen arratoiez esandakoaz. Bazterreko zulotik muturra ateratzen ikus zenezakeen animalia horietako bat edozein unetan. Esan zuen gauzak eskueran izan behar zituela arratoiei botatzeko bakarrik zegoenean, bestela ez zutela bakean uzten. Goiko muturrean korapiloa zuen berunezko barra bat erakutsi zidan, eta esan zuen apunteria ona zuela gehienetan, baina egun pare bat lehenago besoa bihurritu zuela, eta ez zekiela asmatuko ote zuen orduan. Baina aukera izan zuenean, hartu eta arratoi baten kontra bota zuen, baina arratoiaren lekutik oso urrutira, eta ai! esan zuen besoak jaurtiketan min eman baitzion. Gero esan zidan hurrengoarekin ni saiatzeko. Agurea itzuli baino lehen alde egin nahi nuen handik, baina noski ez nuen hori adierazi. Tresna hartu, eta muturra atera zuen lehenengo arratoiari zuzendu nion, eta leku berean geratu izan balitz ez litzateke hura oso arratoi osasuntsua izango. Esan zuen primerako jaurtiketa izan zela hura, eta iruditzen zitzaiola hurrengoari emango niola ederra. Berunezko tresna hartzera joan, eta hari mataza batekin batera ekarri zuen, eta hura askatzen lagundu niezaion nahi zuen. Bi eskuak zabaldu nituen eta mataza jarri zidan eskuen gainean eta aurrera egin zuen bera eta senarraren arazoez hizketan. Baina halako batean eten egin zuen eta esan:

        — Ez arratoiak begi bistatik galdu gero. Hobe duzu barra magalean gordetzea, eskueran.

        Tresna magalera bota zidan, une horretan bertan, nik hankak elkartu nituen hura harrapatzeko eta andreak hizketan aurrera egin zuen. Baina minutu bat edo besterik ez. Gero eskutatik kendu zidan mataza eta aurpegira bete betean begiratu zidan, baina oso modu atseginean, eta esan zuen:

        — Zatoz, eta esan... zein duzu benetako izena?

        — Zer, andrea?

        — Zein duzu benetako izena? Bill al da, ala Tom, ala Bob? Edo zein da?

        Esan behar dut dardara bizian nengoela, eta ez nekiela oso ongi zer egin. Baina esan nuen:

        — Mesedez ez barre egin ni bezalako neska gaixo baten kontura, andrea. Traba egiten badut hemen, ni...

        — Ez, ez zara joango. Eseri eta zauden lekuan geratu. Ez dizut ezer egingo, eta ez diot ezta ere inori ezer esango. Zure sekretua esan, eta nigan uste ona izan. Isilik gordeko dut; eta are gehiago, laguntza emango dizut. Nire senarrak ere gauza bera egingo du, zuk nahi izanez gero. Ikusten, ofizio ikasle iheslaria zara, besterik ez. Hori ez da ezer asko. Ez du horrek kalterik sortzen. Nolanahi erabili zaituzte, eta horrekin bukatzea erabaki duzu. Bedeinkatua zu, mutiko, nik ez zintuzket salatuko. Konta iezadazu guztia, tira, mutil zintzoa zara eta.

        Horrenbestez esan nion ezin nuela gezurretan gehiago luzatu, eta hobe nuela aitortu eta dena esan, baina berak hitza bete beharko zuela. Esan nion aita eta ama hilak nituela, eta legeak nekazari zahar zeken baten eskutan utzi ninduela, mendian ibaitik hogeita hamar milatara; oso gaizki hartu ninduela eta ezin nuela gehiago jasan; kanpora joan zela egun pare bat igarotzeko asmotan, eta orduan izan nuela aukera alabaren arropa zahar batzuk lapurtu, eta ihes egiteko, eta hiru gau behar izan nituela hogeita hamar mila horiek egiteko. Gauez ibili, eta egunez ezkutatu eta lo egiten nuen, eta etxetik hartutako ogi eta haragiz betetako zorroak bide osorako iraun zidan eta behar adina izan nuen. Esan nion iruditzen zitzaidala Abner Moore osaba nitaz arduratuko zela, eta horregatik Goshen herri horretara jo nuela.

        — Goshen, ume? Hau ez da Goshen. Hau St. Petersburg da. Goshen ibaian gora hamar milatara dago. Nork esan dizu hau Goshen dela?

        — Zer bada, goizean egunak argitu duenean topatu dudan gizon batek, basora eguneroko loaldia egitera sartzera nindoan unean. Esan dit bideak bereiztean eskuinetara hartu behar nuela, eta bost mila egin eta Goshenera iritsiko nintzela.

        — Mozkorra egon behar zuen. Juxtu-juxtu kontrakoa esan dizu.

        — Bai, mozkorraren itxurak zituen, baina orain horrek berdin dio. Aurrera egin behar dut. Egunak argitu baino lehenago izango naiz Goshenen.

        — Itxaron pixka bat. Ogitartekoa jarriko dizut. Ongi etorriko zaizu behar bada.

        Ogitartekoa jarri eta esan zidan:

        — Esan, behia etzanda dagoenean, zein alderdi altxatzen du lehenengo? Erantzun azkar, ez pentsatu. Zein alderdi altxatzen du lehenengo?

        — Atzealdea, andrea.

        — Eta, orduan, zaldiak?

        — Aurrealdea, andrea.

        — Arbolari zein aldetan hazten zaio goroldiorik gehiena?

        — Iparraldean.

        — Hamabost behi mendi-lepo batean larrean daudenean, horietako zenbatek jango dute belarra burua zentzu berera begira dutelarik?

        — Hamabostak, andrea.

        — Ederki, ikusten dut mendialdean bizi izan zarela. Pentsatzen nuen ziria sartu nahian zenbiltzala berriro ere. Eta, zein duzu benetako izena?

        — George Peters, andrea.

        — Ba, ondo gogoratu, George. Ez ahaztu gero, eta ez esan hemendik alde egin baino lehen Elexander duzula izena, eta harrapatzen zaitudanean ez aitzakiarik atera George-Elexander dela esanez. Eta ez ibili emakumeen inguruan perkal zahar hori jantzita. Neskarena ez duzu batere ongi egiten, baina beharbada gizonei ziria sar zeniezaieke. Ene Jainkoa, umea, orratzean haria sartzerakoan, ez hariari eutsi eta orratza hurbildu; orratza geldirik utzi eta haria sartu zuloan; emakumeak gehienetan horrela egiten du, baina gizonak alderantziz beti. Eta arratoiari edo beste gauza bati zerbait botatzen diozunean jar zaitez hanka punttetan, eta altxa eskua buru gainera ahal duzun modurik traketsenean, eta bota tresna arratoia dagoen lekutik bi metrotara gutxienez. Jaurtiketa sorbaldatik egin besoa zuzen-zuzen jarrita, besoak jiratzeko ardatza balu bezala, nesken tankeran; ez bota eskumuturretik edo ukalondotik, besoa alde batean jarrita, mutilek egiten duten bezala. Eta barkatu, neskak magalean zerbait hartu nahi duenean, belaunak zabaltzen ditu, eta ez ditu zapla ixten, zuk egin duzun bezala berunezko barra harrapatu duzunean. Horregatik, orratzean haria sartzerakoan konturatu naiz mutila zinela, eta gainontzeko gauzak hori ziurtatzeko asmatu ditut. Orain segi hemendik zure osabarengana, Sarah Mary Williams George Elexander Peters, eta nahaspilaren batean sartuz gero Judith Loftusen bila joateko eskatu, neu nauzu eta, eta ahal dudana egingo dut zu istilutik onik ateratzeko. Ibai ondoko bidetik ez alde egin bide guztian, eta hurrengo batean ibilaldia egitea erabakitzen baduzu, hartu galtzerdiak eta zapatak. Ibai ondoko bidea harritsua da oso, eta Goshenera iristerako oinak itxura onean izango dituzu, bai horixe.

        Ibai bazterrean gora jo nuen berrogeita hamar metro edo egin arte, eta gero aztarnetan atzera egin eta ezkutuan joan nintzen kanoa zegoen lekuraino, txabolatik beherantz tarte handi xamarrera. Barrura jauzi egin eta presaka alde egin nuen. Ibaian gora arraun egin nuen uhartearen buruaren parera iritsi arte, eta orduan ibaia zeharkatzen hasi nintzen. Eguzkitako sonbreirua kendu nuen, ez nituen eta begi-larrurik behar une horretan. Erdialdean nengoenean, erloju bat entzun nuen hasi zela orduak jotzen; gelditu eta entzun egin nuen. Hotsa motel xamar entzuten zen uretan, baina garbi... hamaikak. Uhartearen burura iritsi nintzenean arnasa hartzeko ere ez nintzen geratu, erdi itota banengoen ere, aitzitik nire ohiko kanpamendua zegoen zuhaiztira sartu nintzen, eta leku garai eta lehor batean su ederra piztu nuen.

        Gero kanoan azkar sartu eta arraun egin nuen ibaian behera mila t'erdi edo egin arte, ahal nuen bizkorren. Lehorreratu, eta sasi artean gorantz jo nuen leize-zulora iritsi arte. Han zetzan Jim lurrean lo zerraldo. Esnatu egin nuen eta esan nion:

        — Jeiki eta azkar mugitu, Jim! Ez dugu minutu bakar bat alferrik galtzeko. Gure bila dabiltza!

        Jimek ez zuen ezer galdetu, ez zuen hitzik esan, baina ondorengo ordu erdian haren lan egiteko moduak garbi adierazten zuen beldurrak airean zebilela. Ordurako munduan genituen gauza guztiak bilduta zeuden almadian eta hura ezkutaturik sahats ondoko ur bazterretik ateratzeko prest. Lehenik leize-zulo atariko sua itzali genuen, eta harrez gero ez genuen kanpoan kandela bakar bat ere agerian utzi.

        Kanoa ibai bazterretik pixka bat kanporatu eta ingurura begiratu nuen; inguruan txaluparik ote zen ezin ikus nezakeen, izarrak eta itzalak ez baitira gauzak argitzeko laguntzaile onak. Gero almadia handik atera eta itzalpean ibaian ziri-zara beherantz jo genuen, isiltasun osoan uhartearen beheko muturra igaro arte, hitzik ere esan gabe.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia