Hamargarren atala

 

        Gosaldu ondoren hilik zegoen gizonaz hitz egin nahi nuen eta nola hil ote zuten asmatu, baina Jimek ez zuen nahi izan. Esan zuen horrek zorte txarra ekarriko zigula, eta gainera, azal lekigukeela; esan zuen lurperaturik ez dagoen gizona errazago azal zitekeela lurpean eta lasai dagoena baino. Arrazoizkoa iruditu zitzaidan, eta ez nuen hari buruz beste ezer esan. Baina ezin nuen burutik kendu eta jakin nahi nuen nork hil zuen gizona eta zergatik.

        Arropak arakatu, eta zortzi dolar aurkitu genituen burusi oihalaz eginiko beroki baten barruan josita. Jimek esan zuen uste zuela etxekoek berokia lapurtu egin zutela, izan ere, jakin izan balute berokiak dirua zuela ez zuketen barruan utziko eta. Nik esan nuen iruditzen zitzaidala gizona ere beraiek hil zutela, baina Jimek ez zuen horretaz hitz egin nahi. Nik esan nuen:

        — Hori zorte txarra iruditzen zaizu, baina zer esan zenidan herenegun mendi kaskoan aurkitu nuen sugearen azala ekarri nuenean? Munduko zorterik txarrena zela esan zenidan eskuekin suge azala ukitzea. Hara, ba, hemen duzu zorte txarra! Zamaketa guzti hau bildu dugu eta gainera zortzi dolar. Horrelako zorte txarra nahi nuke nik egunero, Jim.

        — Lasai, motel, lasai. Ez horrela hitz egin. Etorriko da. Barkatu esatea, baina etorriko da.

        Eta etorri zen, bai. Asteartea zen horretaz hitz egin genuenean. Ostiralean afalondoan, belarretan etzanda ginen mendi tontorrean, eta tabakoa amaitu zitzaigun. Leize-zulora joan nintzen tabako bila, eta barruan kriskitin sugea aurkitu nuen. Animalia akabatu, eta Jimen burusiaren beheko aldean bildu nuen, bizirik zirudielarik, Jimek han aurkitzerakoan biok barrealditxoa izateko asmotan. Gauerako ahazturik nuen kontua, eta nik argia piztu bitartean Jim burusi gainean etzan zenean, sugearen laguna han zen, eta kosk egin zion.

        Jauzi egin zuen garrasi bizian, eta argiak erakutsi zuen lehenengo gauza animalia karabilkatua izan zen beste erasoa egiteko pronto. Makil bat hartu eta bertan akabatu nuen, eta Jimek aitaren whisky txarroa hartu eta edan eta edan hasi zen.

        Oinutsik zegoen, eta sugeak txorkatilan bete betean kosk egin zion. Nire erruz gertatu zen guztia gogoan ez izateagatik suge hila nonbait uzten denean bere laguna beti etortzen dela eta inguruan biribilkatzen zaiola. Jimek esan zidan sugeari burua moztu eta kanpora botatzeko, gero gorputza soildu eta zati bat erretzeko. Hala egin nuen, eta berak jan egin zuen, eta sendatzeko laguntza izango zela hori esan zuen. Sugeari kriskitinak kendu erazi zidan eta gero eskumuturrean lotu. Horrek lagundu egingo omen zion. Gero isil isilik atera nintzen, eta sugeak urrutira bota nituen sasiartera, izan ere, ez nuen nahi Jimek jakitea nire erruz gertatu zela guztia, ahal baldin banuen behintzat.

        Jim txarrotik zurrupatu eta zurrupatu aritu zen, eta noizean behin burua galdu eta astinaldiak izaten zituen eta oihu egiten zuen, baina bere onera etorri orduko zurrupadaka hasten zen berriz. Oina hazi hazita jarri zitzaion, eta hanka ere bai, baina handik pixka batera mozkorraldia etorri zitzaion, eta iruditu zitzaidan ongi zegoela, nik ordea nahiago nuen sugeak kosk egitea aitaren whiskya edatea baino.

        Lau egun eta lau gau egin zituen Jimek ohean. Gero handitua jaitsi zitzaion eta suspertu zen. Erabakia hartu nuen ez nuela berriz suge azala eskutan hartuko, gertatutakoa ikusi ondoren. Jimek esan zuen hurrengo aldian sinetsiko niola ziur aski, eta suge azala ukitzeak zorte txar ikaragarria ekartzen zuenez gero, beharbada azken muturrera ez ginela oraindik iritsi. Esan zuen nahiago zuela ilargi berria ezkerreko sorbalda gainetik berrogei aldiz ikusi suge azala eskutan hartu baino. Halaxe ari zitzaidan iruditzen niri ere, beti uste izan arren ilargi berria ezkerreko sorbalda gainetik ikustea inork egin zezakeen gauzarik arduragabe eta zentzugabeenetakoa zela. Hank Bunker zaharrak hori egin zuen behin batean, eta harropoztua ibili zen horregatik. Bi urte pasa baino lehenago mozkortu, tiro egiteko dorre batetik behera erori, eta papertxo bat bezalakoxea geratu zen, geratu ere. Aletegiko bi ate artean zeharka jarrita eraman zuten hilkutxan eramango balute bezala, eta halaxe lurperatu zuten, hori esaten dute behintzat, baina nik ez nuen ikusi. Aitak esan zidan. Dena dela, ilargiari horrela, inozoak bezala, begiratzeagatik gertatu zitzaion guztia.

        Egunek aurrera egin zuten, eta ibaia lehengora itzuli zen. Egin genuen ia lehenengo gauza amu handi horietako batean koneju soildua beita moduan jartzea izan zen. Uretara bota eta gizon baten neurriko katu arrain ikaragarria hartu genuen; izango zituen errez bi metro luze eta ia ehun kilo pisatuko zituen. Ezin genuen menperatu, noski; astindu eta Illinoiseraino bidali gintuzkeen. Han geratu ginen nola tiratzen zuen alde batera eta bestera begira ito zen arte. Sabelean kobrezko botoi bat aurkitu genuen, eta pilota borobila eta hondakin ugari. Aizkora hartu eta pilota erdibitu genuen, eta txirrika bat zuen barruan. Jimek esan zuen denbora luzea egina izango zuela bertan, modu horretan estali eta pilota bilakatu zela ikusita. Mississippian inoiz harrapatutako arrainik handienetakoen neurria zuen, nire iritziz. Jimek esan zuen ez zuela inoiz ikusi horren arrain handirik. Balio handia izango zuen han herrian. Etxez etxe saltzen ibiltzen zirenek libratan saltzen zituzten herriko azokan; denek erosten zuten arrainaren zatiren bat. Haragia elurra bezain zuria du eta frijitua jateko oso ona da.

        Hurrengo goizean Jimi esan nion gauzak motelak eta aspergarriak bilakatzen ari zirela, eta nik atzera edo aurrera bizkortu nahi nituela. Esan nion ibaiaren beste aldera ezkutuan pasa eta zer gertatzen ari zen jakingo nuela. Jimi proposamena gustatu zitzaion, baina esan zuen gauez joan beharko nuela eta oso kontuz ibili. Gero hartaz pentsatu eta esan zidan, ea zergatik ez nituen janzten gauza zahar haietako batzuk eta neskaz mozorrotzen. Hori ere proposamen ona zen. Beraz perkalezko azpiko gonetako bat moztu genuen eta nik prakak belaunetaraino bildu eta jantzi nuen soinekoa. Jimek atzean krisketak lotu zizkidan, eta ondo zetorkidan. Eguzkitako kapela jantzi eta kokots azpian lotu nuen. Orduan nire aurpegiari begiratzea berogailuaren tututik begiratzea bezalaxe zen. Jimek esan zuen nekez ezagutuko ninduela inork, ez eta egunez ere. Egun osoan aritu nintzen saioak egiten gauzari maina hartzeko, eta azkenean ongi moldatzen nintzen. Baina Jimek esan zidan ez nituela neskaren ibilerak, eta ez nuela gona altxa behar eskua praken poltsikoan sartzeko. Aintzat hartu nuen hark esandakoa, eta hobetu nuen.

        Ilundu bezain pronto kanoa hartu eta Illinoiseko bazterrerantz abiatu nintzen.

        Ibaia gurutzatzen hasi nintzen herrirantz alda-ontziaren geltokia baino pixka bat beherago nintzenean, eta uraren indarrak herriraino eraman ninduen. Kanoa lotu nuen eta ibai ondotik hasi nintzen ibiltzen. Argia ikusi nuen aspalditik inor bizi ez zen etxetxo batean, eta ez nekien nork hartua izango zen. Hurbildu eta leihotik begiratu nuen. Berrogei bat urteko atsoa zegoen barruan trikota egiten, pinu egurrezko mahai baten gainean zegoen kandela alboan zuelarik. Ez nuen aurpegia ezagutzen; kanpotarra izango zen, herri osoan ez baitzen aurpegi bakar bat nik ezagutzen ez nuenik. Ongi etorri zitzaidan hori, izan ere bihozgabetzen hasia bainintzen. Han egoeraz beldurturik nengoen; jendeak nire ahotsa ezagut zezakeen eta nor nintzen asmatu. Baina emakume horrek bi egun egin bazituen herri txiki horretan esango zidan jakin nahi nituen guztiak. Atea jo, eta neska nintzela beti gogoan izateko asmoa hartu nuen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia