Bederatzigarren atala

 

        Uhartearen erdian zegoen leku bat ikustera joan nahi nuen, bertan miaketan aritu nintzenean aurkitutakoa; abiatu, eta berehala iritsi ginen, uharteak hiru mila luze eta mila laurdena zabalera besterik ez baitzuen.

        Lekua muino edo mendi tontor luze eta aldapatsu xamarra zen, berrogei oinetako mendi gaina. Nahikoa lan izan genuen tontorrera iristeko, mendi hegalak zorrotzegiak ziren eta zuhaixkak itxiegiak. Mendian gora ibili ginen arrastaka eta oinez, eta geroxeago leize-zuloa aurkitu genuen harkaitzetan, Illinois aldeko ia goiko tontorrean. Leize-zuloa bi edo hiru gela batera jarrita bezain handia izango zen, eta Jim zutik egon zitekeen barruan. Hotz egiten zuen han. Jimek gauzak han gorde nahi zituen lehenbailehen, baina nik esan nion ez nuela ongi ikusten denbora guztian han gora eta behera ibili beharra.

        Jimek esan zuen kanoa leku egokian gordez gero, eta gauza guztiak leize-zuloan gordeta, bertan ezkutatu gintezkeela inor uhartera etortzen bazen, eta ez gintuztela inoiz aurkituko zakurrak erabili ezean. Eta gainera, txori txikiek esan omen zioten euria egingo zuela, eta ea gauzak bustitzea nahi nuen.

        Horrenbestez berriro itzuli ginen, kanoa hartu, leize-zuloaren pareraino arraun egin, eta gauzak gainean hartu eta handik gora eraman genituen. Gero kanoa gordetzeko lekua aurkitu genuen, sahats hostotsuenen artean. Harietatik arrain batzuk atera, hariak berriz utzi, eta afaltzeko prestaketak egiten hasi ginen.

        Leize-zuloko ateak upela handi bat handik jirabiraka sartzeko adina neurtuko zuen, eta ate ondoko alde batean lurrak kanpora egiten zuen pixka bat eta gainera laua zen, leku egokia beraz bertan sua pizteko. Hantxe piztu genuen sua afaria egiteko.

        Burusiak lurrean zabaldu genituen tapiz moduan, eta barruan afaldu genuen. Gauza guztiak eskueran jarri genituen leize-zuloaren atzealdean. Berehalaxe ilundu zuen eta tximista eta trumoiak hasi ziren, txoriek asmatu zuten, beraz. Orduantxe bertan euria hasi zuen, eta indarrez gainera. Ez nuen inoiz ikusi halako haize indartsurik. Udako ekaitz horietako bat genuen. Ilundu zuen erabat kanpoan eta urdin-beltza ikusten zen dena, oso ederra. Euria alde batera eta bestera ari zuen barra-barra, eta oso urruti ez zeuden zuhaitzak ere ilun ikusten ziren eta armiarmaz beterik; orduan haize boladak jo eta zuhaitzak okertu eta hostoen barruko alde zurbila agerian uzten zuen; gero euri-jasa ikaragarria berriz, eta zuhaitz adarrei besoak astin erazten zien zoroen moduan; eta orduan, zeruak kolore urdinena eta beltzena zuenean, fst! dena argi baino argiago jarri eta zuhaitz gainak okerturik ikus zitezkeen, urrutian ekaizpean, lehenago baino ehunka metro aurrerago; infernua baino ilunago berriz istant batean, eta trumoia urruntzen entzun zenezakeen leherketa ikaragarriarekin batera, ondoren zerutik munduaren beste alderaino dunba, dunba... burrunbaka, marmarka, zilipurdika zihoazelarik, eskaileretan behera upel hutsak jirabiraka eskailera luzeak direnean eta jauzi handiak egiten dituztenean ibiltzen diren bezala, badakizu.

        — Ederra da hau, Jim —esan nuen—. Hemen beste inon ez nuke egon nahi. Emadazu beste arrain puska eta arto ogi bero pixka bat_

        — Ez zinateke hemen izango Jimengatik izan ez balitz. Hor behean egongo zinateke jatekorik gabe, eta ia itotzen; halaxe da, motel. Oiloek badakite noiz egingo duen euria, eta txoriek ere bai, ume.

        Ibaia hazi eta hazi aritu zen hamar edo hamabi egunetan, azkenean gainezka egin zuen arte. Urak lau edo bost oin bazituen sakonean uhartearen beheko lekuetan eta Illinois aldeko behean. Alde horretan ibaiak mila dezente hartuak zituen zabalean, baina Missourikoan lehengo neurri bera zuen zeharka, mila erdia, hain zuzen ere, Missouriko ibai bazterra aldapa zorrotzeko horma luzea besterik ez baitzen.

        Egunez uhartearen inguruan ibili ginen kanoan arraunean. Hotz xamar zegoen eta itzaltsu baso ilunean, kanpoan eguzkiak kixkali egiten bazuen ere. Zuhaitz bati eta besteari itzuri eginez ibili ginen; eta zenbaitetan atzera egin behar izan genuen eta beste bidea hartu, zintzilik zeuden aihen-belarrak oso lodiak zirelako. Zuhaitz zahar erori bakoitzean untxiak, sugeak, eta horrelakoak ikus zitezkeen; eta uhartea egun bat edo bi ur-gainezka igaro ondoren, animaliak apal-apal zeuden goseak zirelako, eta orduan horiengana hurbildu zintezkeen arraun eginez eta eskua gainean jarri, nahi izanez gero; baina ez sugeei edo dortokei... uretara ihes egiten zuten. Leize-zuloko aldapa animaliaz bete-beterik zegoen. Pila ederra bat genitzakeen etxean izateko nahi izan bagenu.

        Gau batean almadia baten zati txiki bat aurkitu genuen, pinu ohol ederrak. Lau metro zituen zabaleran eta sei edo luzeran, eta goiko aldeak ur gainean hamabost bat zentimetro hartzen zituen, lur sendo eta laua. Batzuetan ikusten genituen enbor zerra-gaiak egun argiz gure aurretik pasatzen, baina joaten uzten genituen; ez genuen geure burua egunez azaldu nahi.

        Beste gau batean, uhartearen buruan ginelarik, egunak argitu baino lehentxeago, hegoaldetik egurrezko etxe bat zetorrela ikusi genuen. Bi solairutakoa zen, eta okertu xamarra zihoan. Arraun eginez hurbildu, eta goiko leiho batetik sartu ginen. Baina ilunegi zegoen oraindik ezer ikusteko, beraz kanoa lotu eta bertan geratu ginen egunsentiaren zain.

        Argitu zuen gu uhartearen beheko muturreraino iritsi baino lehenago. Gero leihotik etxe barrura begiratu genuen. Ohea, mahaia, eta bi aulki zahar, eta gauza asko lurrean erorita antzeman zitezkeen; eta arropak zeuden horman zintzilik. Urrutiko bazter batean zerbait zetzan lurrean. Gizon bat zirudien. Orduan Jimek esan zuen:

        — E, aizu!

        Baina ez zen mugitu. Orduan nik berriz oihu egin nion, eta Jimek esan zuen:

        — Gizona ez dago lotan, hilik dago. Hemen egon, ni ikustera joango naiz.

        Joan, makurtu eta begiratu zion.

        — Hilik dago —esan zuen—. Bai, hilik, eta larru-hutsik gainera. Atzetik tiro egin diote. Bi edo hiru egun daramazkiela hilik esango nuke. Sartu, Huck, baina ez iezaiozu aurpegira begiratu, beldurgarria da eta.

        Ez nion ezertarako begiratu. Jimek jantzi zahar batzuk bota zizkion gainera, baina ez zuen beharrezkoa; nik ez nion begiratu nahi. Karta zahar bikeztatu pila zeuden lurrean sakabanaturik, eta whisky botila zaharrak, eta oihal beltzez eginiko maskara pare bat. Hormetan nonahi hitz eta marrazki arruntenak ageri ziren ikatzez eginak. Perkalezko bi soineko zikin eta zaharrak, eta eguzkitako kapela, eta emakume aldagarriak, horman zintzilik, eta gizonezko baten arropak ere bai. Kanoan sartu genuen dena; ongi etor zitekeen. Mutiko baten lastozko kapela zahar motaduna zegoen lurrean; hori ere hartu nuen. Eta barruan esnea izan zuen botila ere bazen, ume txikiak xurgatzeko behar zuen oihalezko tapoi eta guzti. Botila har genezakeen, baina puskatuta zegoen. Bazen arasa zahar hondatu bat, eta erroak lehertuta zituen larruzko maleta zaharra ere bai. Zabalik zeuden, baina barruan baliorik izan zezakeen gauzarik ez zen batere geratzen. Gauzak modu horretan sakabanaturik zeudenez gero, kontuak atera genituen jendeak presaka alde egin beharra izan zuela eta ez zuela modurik izan gauza gehienak eramateko.

        Latorrizko linterna zaharra hartu genuen, eta sukaldeko labaina kirtenik gabea, eta edozein dendatan bi erreal balioko zituen Barlow labaina berria, bilgor kandela pila, latorrizko argiontzia, eta kalabaza bat ura gordetzeko, latorrizko argimutila, ohe gainetik hartutako estalki zahar zarpaildua; orratzak, buruorratzak, argizaria, botoiak, haria, eta antzeko gauzak gordetzen zituen zorroa; eta aizkora, eta iltze batzuk; arrantzarako haria nire behatz txikia bezain lodia, amu ikaragarriak zituelarik, ante larruzko erroilua, zakurraren lepoko larruzkoa, zaldiaren ferra, paperik ez zuten sendagai poto batzuk; eta abiatzera nindoanean zaldi orraze egoki xamarra ere aurkitu nuen, eta Jimek biolina jotzeko arku zahar hondatua, eta egurrezko hanka eranskina. Lokarriak ez zituen, baina bestela, hanka ona zen, niretzat luzeegia, eta Jimentzat motzegia bazen ere, eta ez genuen bere parea aurkitu, leku batean eta bestean begira ibili ginen arren.

        Horrenbestez, denera etekin egokia atera genuen. Handik ateratzeko prest ginenean, uhartetik behera mila laurdenera edo ginen, eta egun argia zen; beraz, Jim kanoan etzan erazi nuen eta ohe estalkia gainean jarri nion, eserita joanez gero, jendeak urrutitik ere beltza zela ikusiko baitzuen. Illinoiseko bazter aldera arraun egin nuen, eta bitarte hartan uraren indarrak mila erdia baino gehiago eraman ninduen ibaian beherantz. Poliki-poliki hurbildu nintzen ibai bazterreko ur geldoetara, eta ez nuen ez istripurik izan eta ezta inor ikusi ere. Bizirik eta onik iritsi ginen etxera.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia