Zortzigarren atala

 

        Esnatu nintzenerako eguzkia oso goian zegoen, eta zortziak baino gehiago Mango zirela pentsatu nuen. Belarretan eta itzal freskoan etzanda geratu nintzen, zenbait gauzatan pentsatzen, lasai, eta baita ere gustura eta pozik sentituz. Eguzkia ikus nezakeen zulo batetik edo bestetik, baina inguruan gehien bat arbola handiak nituen, eta horien artean ilun xamar zegoen. Lurrean leku ttittakatuak zeuden argiak hosto artetik igarotzea lortzen zuen lekuetan, eta ttittak mugitu egiten ziren alde batetik bestera, goian haize pixka bat zebilela erakusten zutelarik. Katagorri bikotea adar batean ezarri eta berriketan aritu zitzaizkidan lagunen antzera.

        Alferkeria osoan nengoen eta gustura. Ez nuen jaiki nahi eta gosaria prestatu. Erdi lotan nengoen berriro ere, danbateko handi bat entzun nuela iruditu zitzaidanean: «danba», ibaiaren goiko aldean. Zutitu, ukalondo gainean jarri eta entzuten geratu nintzen. Berehalaxe zalaparta hori entzun nuen berriz. Jauzi egin eta hosto arteko zulo batetik begiratzera joan nintzen. Ke aldia ikusi nuen ur gainean urruti, ontziralekuaren parean edo. Eta ontzia zetorren jendez beterik, ibaian beherantz. Banekien orduan zer gertatzen ari zen. «Danba!» Kea ikusi nuen zirriztan ontziaren albo batetik irteten zela. Hara, kanoiaz ari ziren uretara su egiten, nire gorpua urgainera igo erazi nahian.

        Gosetu nintzen nahikoa, baina ez zitzaidan komeni sua piztea, kea ikus baitzezaketen. Beraz hantxe geratu nintzen kanoi-suari begira, danbatekoak entzuten nituelarik. Ibaiak mila bat zuen zabaleran, leku horretan, eta udako goizetan ederra zirudien beti. Izan ere, gustura izan nintzatekeen haiek nire hondakinen bila zebiltzala ikusten, jateko mokaduren bat izan banu. Gero burura etorri zitzaidan zilarbizia jarri ohi zutela ogi zatien gainean eta ur gainean utzi, ogi puskak urperatutako gorpua zegoen lekuraino joaten baitziren beti eta bertan geratu. Orduan esan nuen nirekiko, erne ibiliko naiz, eta horietakoren bat bila etortzen bazait, ba hortxe neure burua azaldu beharko dut. Uhartearen Illinois aldeko bazterrera joan nintzen nolako zortea nuen ikusteko, eta ez nintzen bihotz gabetu. Ogi xerra bikoitz handia zetorrela ikusi nuen, eta ia harrapatu nuen, makil luze bat hartuta, baina oinak irrist egin zidan eta ogia uretan urrutiratu zen. Jakina, ur-tira ibai bazterrera gehien hurbiltzen zen lekuan nengoen, horretarako adina banekien. Baina geroxeago beste bat etorri zen, eta oraingoan nik irabazi nuen. Estalkia kendu, zilarbizi pittina astindu eta kanpora bota nuen, eta orduan hortza sastatu nion. «Okindegiko ogia» zen, hori bai jateko kalitate ona, eta ez pobreon taloa.

        Hosto artean leku egokia bilatu nuen eta enbor baten gainean eseri nintzen ogia jan eta ontziari begiratzeko, oso gustura. Orduan zerbaitek astindu ninduen. Esan nuen nire artean, iruditzen zait alargunak edo apaizak edo norbaitek errezatu egin duela ogi honek aurki nazan, eta hara horixe egin du. Beraz, zalantzarik ez dago gauza horrek zerbaiterako balio duela. Alegia, balio du alarguna edo apaiza bezalako batek errezatzen duenean, baina niretzat ez du balio, eta uste dut jende mota horrentzat besterik ez duela balio.

        Pipa piztu eta errealdi luzea egin nuen eta begira geratu nintzen. Ontzia ur-tirarekin batera zihoan, eta pentsatu nuen barruan zihoazenak ikusteko aukera izango nuela hura aurretik igarotzean, hurbiletik egingo zuen eta, ogiak hori bera egin zuen lekuan. Niregana nahikoa hurbildu zenean, pipa itzali eta ogia harrapatu nuen lekura joan nintzen. Ur bazterrean enborraren atzean etzan nintzen leku argi batean. Enborra erdibitzen zen lekutik begira nezakeen.

        Geroxeago aurretik igaro zen, eta hain gertutik gainera, non pasabide txikia jarri eta lehorrera oinez iritsi baitzitekeen. Ia denak zeuden ontzian: aita, Thatcher epailea, Bessie Thatcher, Jo Harper, Tom Sawyer, Polly bere izeba zaharra, Sid eta Mary, eta jende gehiago. Denak hilketaz ari ziren hizketan, baina halako batean esan zuen kapitainak:

        — Ongi begiratu orain. Ur-tira hemen hurbiltzen da gehiena bazterrera, eta beharbada lehorrera bultzatu eta sasi tartean trabatua egon daiteke ibai ertzean. Hala espero dut behintzat.

        Nik ez nuen hala espero. Pilatu egiten ziren denak eta maratiletan zintzilik jarri, ia nire aurpegian bertan, eta isil isilik zeuden, begira jarri eta ahalegin guztiak egiten. Bete-betean ikus nitzakeen, baina haiek ni ez ordea. Orduan kapitainak oihu egin zuen: «Kaitik atera!» Kanoiak danbateko ikaragarria egin zuen nire aurrean, eta hotsak gorra utzi ninduen, eta ia itsua keak, eta iruditu zitzaidan nireak egin zuela. Barruan balak izan balitu, ziur nago hantxe aurkituko zutela bila zebiltzan gorpua. Zauririk ez nuela ikusi nuen, Jaungoikoari eskerrak. Ontziak aurrera egin zuen eta nire begien aurretik desagertu zen uhartearen mutur batean jira egin zuenean. Noizean behin danbatekoak entzun nitzakeen, gero eta urrutiago, eta handik ordubetera ez nituen gehiago entzun. Uharteak hiru mila luze zituen. Uste nuen uhartearen behe alderantz joanak izango zirela, eta etsi egingo zutela, baina tarte batean behintzat ez zuten hala egin. Uhartearen beheko aldeari bira egin zioten eta Missouri aldeko ibai adarrean gora jo zuten, bapore indarrez, urrutiratzean noizean behin zalapartaren bat entzuten zelarik. Alde horretara zeharkatu eta hantxe ikusi nituen. Uhartearen buruaren parera iritsi zirenean su egiteari utzi zioten, Missouri aldera itzuli, eta herrira joan ziren beren etxeetara.

        Banekien lasai egon nintekeela. Beste inor ezin zitekeen nire bila etorri. Gauzak kanoatik atera eta kanpamendu polita jarri nuen baso hostotsuan. Kanpadenda antzekoa egin nuen mantak erabilita eta azpian jarri nituen gauzak busti ez zitezen. Katu arraina harrapatu eta zerra hartu eta jakia garbitzeko ireki egin nuen. Eguzkia sartzera zihoanean sua piztu eta afaldu egin nuen. Gero haria bota nuen gosaritarako arrainik izan nezan.

        Ilundu zuenean sutondoan eseri nintzen erretzera, eta nahikoa gustura nengoen. Baina geroxeago nolabaiteko bakardadea sumatu nuen, altxa, eta ibai bazterrean eserita uraren hotsa entzun nuen aurretik igarotzean, izarrak zenbatu nituen, eta beherantz zetozen enborrak eta almadiak ere bai, eta gero lotara joan nintzen; denbora pasatzeko modu hoberik ez dago bakardadea sumatzen denean. Ezin duzu hala geratu, gainditu egin beharra dago.

        Eta horrelaxe hiru egun eta hiru gauetan. Aldaketarik batere ez; beti gauza bera. Baina hurrengo egunean uhartearen beheko aldea aztertzera joan nintzen. Hango nagusia nintzen; nirea zen dena, nolabait esateko, eta ongi ezagutu nahi nuen guztia; baina batez ere denbora pasa nahi nuen. Marrubi ugari aurkitu nuen, helduak eta primerakoak, udako mahats berdea, magurdi berdeak, eta masusta berdeak ateratzen hasiak ziren. Berehala izango ziren hartzeko moduan, pentsatu nuen.

        Baso ilunean batera eta bestera begira ibili nintzen iruditu zitzaidan arte uhartearen beheko muturretik ez nenbilela urruti. Fusila neraman, baina ez nion ezeri tiro egin. Babesa egiteko nuen, hala ere etxe inguruan animaliaren bat akabatzea espero nuen. Une horretan gutxi gorabehera ia suge puska eder bat zapaldu nuen. Sugeak belar eta lore tartean irrist egin eta alde egin zuen, eta ni atzetik joan nintzaion hari tiro egiteko aukera bila. Arin ibili nintzen, eta halako batean jauzi egin nuen hain zuzen ere oraindik kea zerion sutzar baten errautsen gainean.

        Bihotza biriken artean saltoka hasi zitzaidan. Ez nintzen han geratu besterik ikusteko, eta fusilaren gatua askatu eta oin punttetan atzera egin nuen ahal izan nuen bezain azkar. Noizean behin unetxo batean geratu, eta entzun egiten nuen hosto ugarien gainean jarrita, baina arnasa oso azkar egiten nuen, eta ezin nuen besterik entzun. Beste pixka batean ezkutuan aurrera egin, eta berriz entzuten geratu nintzen, eta horrela behin eta berriz. Zuhaitz errondoa ikusi eta gizona zela iruditzen zitzaidan; makila zapaldu eta hausten banuen norbaitek arnasa erdibitzen zidala sentitzen nuen, eta arnas erdia besterik ez nuela, eta erdi eskasena gainera.

        Kanpamendura iritsi nintzenean ez nuen neure burua ausartegi ere ikusten, papoa ez nuen puztuegia, baina esan nuen nire artean, hau ez da denbora galtzen ibiltzeko garaia. Beraz tramankulu guztiak kanoan sartu nituen inork ikusi ez zitzan, eta sua itzali eta errautsak inguruan sakabanatu nituen kanpamenduak zahar eta iraganeko itxura izan zezan, eta gero zuhaitz batera igo nintzen.

        Iruditzen zait zuhaitz gainean bi ordu egin nituela, baina ez nuen ezer ikusi, ezta ezer entzun ere. Pentsatu nuen, hori bai, mila gauza desberdin entzun eta ikusten nituela. Baina ezin nuen betiko han geratu, beraz azkenean jaitsi behar izan nuen, baina baso ilunean eta alde guztietara begira ibili nintzen denbora osoan. Garau ale batzuk eta gosarian utzitakoa besterik ezin jan izan nuen.

        Gauerako nahikoa gosetu nintzen. Horregatik ongi ilundu zuenean, kanoa poliki-poliki hartu eta ilargia atera baino lehen Illinois aldeko bazterreraino arraun egin nuen, mila laurdena edo. Basora joan eta afaria egin nuen, eta ia erabakia nuen bertan gau osorako geratzea, baina halako batean taka-taka, taka-taka, entzun nuen, eta pentsatu nuen, zaldiak datoz; eta horren atzetik jendearen ahotsak entzun nituen. Gauza guztiak kanoan sartu nituen ahal bezain bizkor, eta basoan arrastaka joan nintzen ezer aurki nezakeen ikustera. Ez nintzen oraindik gehiegi urrundu gizon baten ahotsa entzun nuenean:

        — Hobe dugu hemen geratzea, leku egokia bilatuz gero. Zaldiak leher eginda daude. Goazen ingurua ikustera.

        Ez nintzen han geratu. Alde egin eta isil isilik arraun egin nuen. Lehengo leku zaharrean lotu nuen kanoa, eta hobe izango nuela han barruan lo egitea pentsatu nuen.

        Ez nuen ongi lo egin. Ezin nuen, pentsatzen ari bainintzen. Eta esnatzen nintzen guztietan iruditzen zitzaidan norbaitek lepotik hartuta ninduela. Beraz lotara joanda ere, ez nuen ezer onik atera. Geroxeago esan nion neure buruari, ezin dut horrela bizi; jakin egin behar dut uhartean nor dagoen nirekin batera. Asmatu edo bestela lehertu egingo dut. Berehalaxe lasaitu nintzen.

        Arrauna hartu, lehorretik urrats bat edo bi bereizi, eta kanoa bakarrik joaten utzi nuen itzal artean. Ilargiak distiratu egiten zuen, eta itzaletatik kanpo egun argia zirudien. Ia ordubetez guztia usaintzen aurrera egin nuen, dena harkaitzak bezala isil isilik eta lotan zegoela zirudien. Ordurako ia uhartearen oinera iritsi nintzen. Olatu txiki batzuk baziren, eta haize hotz xamarra atera zuen. Hori gaua ia amaitu zela esatea bezalaxe zen. Arrauna hartu, bira egin, eta kanoa lehorreratu nuen. Gero fusila hartu, kanoatik atera eta basoko ertzera abiatu nintzen. Enbor baten gainean eseri eta hosto artean begira geratu nintzen. Ilargiak begiztatze lanari uzten ziola ikusi nuen, eta iluntasuna ibaia estaltzen hasi zen. Baina berehala marra zurbila ikusi nuen arbolen punta gainean, eta eguna zetorrela banekien. Fusila hartu nuen, eta isil isilik sutzar horrekin topo egin nuen lekura abiatu nintzen, minuturo entzuteko gelditzen nintzelarik. Baina ez nuen zorte handirik izan, ezin nuen lekua aurkitu. Orduan, ziur xamar, sua ikusi nuen urrutian zuhaitz artean. Harantz abiatu nintzen, kontuz eta poliki. Geroxeago zerbait ikusteko adina hurbildu nintzen, eta gizon bat ikusi nuen lurrean. Ia bihotzekoak eman zidan. Burusia zuen buruan jarrita, eta burua ia sutan sartuta. Zuhaixka batzuen atzean geratu nintzen, gizona zegoen lekutik sei oinetara edo, eta tinko begira geratu nintzaion. Eguna argitzen ari zen kolore grisetan. Berehala ahoa zabaldu zuen, nagiak atera, eta burusia gainetik kendu. Watson andereñoren Jim zen! Hori poza hartu nuena hura ikustean. Esan nuen:

        — Kaixo, Jim! —eta jauzi egin eta aurrean azaldu nintzaion.

        Kolpetik zutik jarri eta zoro aurpegia jarrita begiratu zidan. Gero belauniko erori zen, eskuak batera jarri eta esan zuen:

        — Ez minik eman gero! Ez diot nik inoiz kalterik egin mamu bati. Beti maite izan ditut hildakoak, eta ahal izan dudan guztia egin dut horien alde. Joan eta sartu zaitez berriz ibaian, zure lekua duzu hori eta. Ez ezer egin Jim zaharrari, beti zure laguna izan da eta.

        Ez nintzen gehiegi luzatu ez nengoela hilik ulertarazten. Benetan pozik nengoen Jim ikusteaz. Jadanik ez nintzen bakarrik. Esan nion ez nintzela beldur berak jendearengana jo eta non nengoen esango zuelako. Luze hitz egin nuen, baina izpirik mugitu gabe niri begiratu besterik ez zuen egiten. Ez zuen ezer esan. Orduan esan nuen:

        — Egunak argitu du. Goazen ba gosaltzera. Piztu ezazu kanpamenduko sua.

        — Baina zertarako sua piztu marrubiak eta antzekoak jateko? Baina eskopetarik baduzu, ezta? Orduan marrubiak baino gauza hoberik ere eskura dezakegu.

        — Marrubiak eta antzekoak —esan nuen—. Hori al da jaten duzun guztia?

        — Ezin dut besterik jan —esan zuen.

        — Zer ba, noiztik zaude uhartean, Jim?

        — Zu hil eta hurrengo gauaz gero.

        — Zer, denbora guztian?

        — Bai ba.

        — Eta zikinkeria horiek besterik ez dituzu jan.

        — Ez, jauna, besterik ez.

        — Ia goseak hilda egongo zara orduan.

        — Iruditzen zait zaldi bat jango nukeela. Bai, jango nukeela uste dut. Zenbat denbora daramazu zuk uhartean?

        — Hil ninduten gauaz geroztik.

        — Ene, eta zuk zer jan duzu? Baina eskopeta duzu eta. Oi, bai, eskopeta duzu. Ongi dago hori. Orain zuk zerbait harrapatu eta nik sua piztuko dut.

        Kanoa nuen lekuraino joan ginen, eta berak leku belartsu batean zuhaitz artean sua egiten zuen bitartean, irina, hirugiharra, kafea, kafeontzia, azukrea eta latorrizko katiluak eraman nituen. Beltza asaldatu xamarra zebilen, izan ere iruditzen zitzaion sorginkeria hutsa zela guztia. Gainera katu-arrain ederra harrapatu nuen eta Jimek labaina hartu, garbitu eta frijitu egin zuen.

        Gosaria prest zegoenean, lurrean etzan eta oraindik kea zeriola jan genuen dena bero-bero. Jimek ahal zuen guztia irentsi zuen, ia goseak hiltzen zegoen eta. Nahikoa bete ginenean, jateari utzi eta alferkerian etzan ginen.

        Geroxeago Jimek esan zuen:

        — Baina, esan, Huck, nor hil zuten txabolan zu ez bazinen?

        Orduan dena kontatu nion, eta oso modu argian jokatu nuela esan zidan. Esan zidan Tom Sawyerrek ez zukeela nik baino plan hoberik asmatuko. Gero nik esan nion:

        — Eta zu zergatik zaude hemen, Jim, nola etorri zinen hona?

        Ez zirudien oso lasai, eta minutu batean edo ez zuen ezer esan.

        — Agian hobe dut ezer ez esatea.

        — Zergatik, Jim?

        — Beno, badira arrazoiak. Baina ez duzu ezer esango kontatzen badizut, ezta, Huck?

        — Madarikatua izan nadila ezer esaten badut, Jim.

        — Ederki, sinesten dizut, Huck. Ihes egin dut.

        — Jim!

        — Gogoan izan ez zenuela ezer esango zin egin duzula, badakizu ez duzula ezer esango agindu didazula, e, Huck.

        — Bai, hala esan dut. Ez nuela ezer esango agindu dizut, eta horretan nago. Hitza ematen dizut baietz. Jendeak abolizionista zikina dei nazake eta gutxietsi isilik gorde dudalako, baina berdin da. Ez dut ezer esango, ez dut inolaz ere atzera egingo. Eta orain konta iezadazu dena.

        Begira, horrela gertatu zen. Etxeko andere zaharra —alegia Watson andereño— zirikatzen aritzen zitzaidan denbora guztian, eta gogor xamar erabiltzen ninduen, baina beti esaten zidan ez ninduela Orleans aldean salduko. Baina konturatu nintzen etxe inguruan maiz zebilela beltzak salerosten ibiltzen ziren horietako bat, eta kezkatzen hasi nintzen. Gau batean ate ondora hurbildu nintzen, berandu xamar, eta atea ez zegoen ongi itxita. Entzun nuen etxeko andere zaharrak alargunari esaten ziola saldu egingo ninduela Orleansen, ez zuela nahi, baina zortziehun dolar emango zizkiotela eta halako dirutzaren aurrean ezin zuela ezezkorik eman. Alarguna ezin zuela hori egin esaten hasi zitzaion, baina ez nintzen han geratu gainontzekoa entzuteko. Azkar alde egin nuen, ikusten duzu.

        «Hartu eta mendian behera joan nintzen lasterka herrian gora zegoen ibai bazterretik almadia bat lapurtzeko esperantzatan, baina jendea zebilen inguruan eta horregatik upeltegian ezkutatu beharra izan nuen ibai ondoan eta denak alde egin arte itxaron. Gau osoa pasa nuen. Norbait zebilen denbora guztian. Gero goizeko seiak aldera, almadiak hasi ziren handik igarotzen, eta zortziak edo bederatziak jo zutenean ibaitik pasatzen zen almadia bakoitzean hizketan ari ziren, eta zioten zure aita herrira joan zela eta hil egin zintuztela esan zuela. Azken almadiak, jaun eta anderez beterik, gertakizunen lekua ikustera zihoazen. Batzuetan ur bazterrera jotzen zuten atseden hartzera ibaia gurutzatzen hasi aurretik, eta horrela berriketaldi horiek entzunez hilketaren berri zehatza izan nuen. Min handia eman zidan zure heriotzak, Huck, baina orain joan egin zait.

        «Txirbil artean eman nuen egun osoa. Goseak nengoen, baina ez nuen beldurrik, izan ere banekien andere zaharra eta alarguna mendiko bilera batera joango zirela gosaldu ondoren eta egun osoa han igaroko zutela, eta bazekiten goizaldean ni kanpora irteten nintzela animaliekin, eta horregatik ez zitzaien harrigarria irudituko ni han inguruan ez ikustea, eta nitaz ez ziren gogoratuko arratsean ilundu arte. Beste morroiak ere ez ziren konturatuko, haiek ere alde egin eta jai hartuko zutelako atsoak handik desagertu bezain pronto.

        «Ilundu zuenean ibaiko bidean gora abiatu nintzen, eta bi mila edo gehiago egin nituen etxerik ez zen lekuan. Erabakia hartu beharra nuen. Alegia oinez aurrera egiten baldin banuen zakurrak atzetik izango nituen; txalupa lapurtuz gero ibaiaren beste aldera pasatzeko, txalupa bere lekuan aurkitu ez, eta jakina, gutxi gorabehera beste aldean non lehorreratu nintzen asmatuko lukete eta berriz atzetik izango nituzke. Beraz esan nuen, almadia behar dut; horrek ez du arrastorik uzten.

        «Argi bat ikusi nuen lur muturretik zetorrela. Orduan uretan sartu eta enbor bati bultza eginez, igeri egin nuen ibaiaren erdiraino edo gehiago, eta ibaian behera zihoazen enborren artean ezkutatu nintzen, burua ongi makurtuta. Uraren indarraren kontra igeri egin nuen almadia iritsi bitartean. Gero igeri egin nuen haren atzeko alderantz, eta eutsi egin nion. Lainoturik eta ilun xamar egon zen zerua tarte batean. Igo eta oholen gainean etzanda geratu nintzen. Gizonak erdian zeuden, linterna zegoen lekuan. Ibaia gora genuen eta urak indarra zuen, horregatik kontuak atera nituen goizeko lauretarako ibaian behera handik hogeita bost milatara izango nintzela. Gero egunak argitu aurretik uretara bota, eta ibai bazterreraino igeri egingo nuen eta Illinois aldeko basoetara joko nuen.

        «Baina ez nuen zorte onik izan. Uhartearen burura iristen ari ginenean, gizon bat atzerantz zetorrela ikusi nuen linterna eskutan zuelarik. Konturatu nintzen alferrik izango zela han geratzea, eta ohol gainean irristatuz uretara jauzi egin eta uharterantz jo nuen. Iruditzen zitzaidan edozein tokitan lehorrera nintekeela, baina ezin nuen, ibai bazterra aldapatsuegia baitzen. Ia uhartearen muturreraino iritsi nintzen leku egoki bat aurkitu nuenerako. Basoan sartu eta almadiekin gehiago ez nahasteko erabakia hartu nuen, linterna atzera eta aurrera mugitzen zuten bitartean bederen. Pipa nuen, tabako tauleta eta pospolo batzuk kapela barruan. Ez ziren busti, beraz pozik nengoen.»

        — Orduan ez duzu ez haragirik, ez ogirik jan denbora guzti honetan? Zergatik ez dituzu dortokak harrapatu?

        — Nola hartu ordea? Ezin dituzu ezustean harrapatu; eta nola astindu harri bat hartuta? Nola egingo duzu hori gauez? eta nik ez nuen neure burua ibai bazterrean egun argiz azaldu nahi.

        — Bai, hala da. Orduan basoan egon beharra izango zenuen denbora guztian. Entzun al duzu beste horien kanoia su egiten?

        — A, bai. Banekien zure atzetik zebiltzala. Aurretik pasatzen ikusi nituen zuhaixken atzean jarrita.

        Txori gazte batzuk hurbiltzen ikusi genituen. Metro bat edo beste hegan egiten zuten eta gero pausatu. Jimek esan zuen euria egingo zuen seinale zela. Oilo txitak horrela ibiltzen zirenean hala gertatzen omen zen, eta iruditzen zitzaiola gauza bera izango zela txori gazteek egiten zutenean. Horietako batzuk harrapatzera joan behar nuen, baina Jimek ez zidan utzi. Heriotza ekarriko zuela esan zuen. Behin batean aita oso gaixorik zutela norbaitek txoria harrapatu omen zuen. Orduan amona zaharrak aita hil egingo zela esan zuen, eta hala gertatu zen.

        Eta Jimek esan zuen bazkaritarako izan behar ziren gauzak ez zirela zenbatu behar, horrek zorte txarra ekarriko zuelako. Gauza bera mahai zapia eguzkia sartu ondoren astintzen baldin bazen. Eta baita ere esan zuen erlauntza baten jabe den gizona hiltzen denean, erleek horren berri hurrengo egunean eguzkia atera baino lehenago izan behar dutela, edo bestela erleek lan egiteari utziko ziotela, ahuldu, eta hil egingo zirela. Jimek esaten zuen erleek ez zietela tuntunei eztena sartzen, baina hori ez nion sinetsi, izan ere askotan saiatu nintzen, eta niri ere ez zidaten eztenik sartzen.

        Era horretako gauza batzuk aurretik entzunak nituen, baina ez denak. Jimek seinale guztiak ezagutzen zituen. Ia dena zekiela esaten zuen. Nik esan nion iruditzen zitzaidala seinale guztiak zori txarra ekartzekoak zirela, eta galdegin nion ea zori ona ekartzeko seinalerik ez ote zen. Hark esan zuen:

        — Baten batzuk... eta gainera horiek ez dute ezertarako balio. Zertarako jakin nahi duzu zori ona noiz datorren? Uxatu nahi duzu ala? —eta gero esan zuen—: Besoak eta bularra iletsuak badituzu, aberatsa izango zaren seinale da. Horrelako ezaugarriak zerbaitetarako balio dezake, gauzak oso gerora gertatzen direlako. Izan ere, beharbada pobrea izan zaitezke denbora luzean, eta horregatik etsi eta zeure burua hil ere bai jakingo ez bazenu, seinale hori dela medio, etorkizunean aberastu egingo zarela.

        — Beso iletsuak eta bular iletsua al duzu, Jim?

        — Zertarako galdetzen didazu hori? Ez al duzu baietz ikusten?

        — Eta, aberatsa al zara?

        — Ez, baina behin batean izan nintzen, eta berriro ere izango naiz. Behin batean hamalau dolarren jabe izan nintzen, baina tratuetan sartu, eta dena galdu nuen.

        — Zertan sartu zinen, Jim?

        — Ba, hasieran abereetan saiatu nintzen.

        — Ze abere mota?

        — Ba, abeltzaintza. Abereak, badakizu. Hamar dolar eman nituen behi baten truke. Baina ez noa diru gehiago abereetan ezartzea. Behi hori eskutan hil zitzaidan.

        — Orduan hamar dolarrak galdu zenituen.

        — Ez, ez nuen dena galdu. Horietako bederatzi besterik ez nituen galdu. Larrua eta bilgorra hamar xentimotan saldu nituen.

        — Bost dolar eta hamar xentimo geratu zitzaizkizun. Beste zerbaitetan sartu al zinen?

        — Bai. Ezagutzen al duzu Bradish jaunaren beltz herren hori? Ba, bankua eraiki zuen, eta esan zuen dolar bat jartzen zuten guztiek urte amaierarako lau dolar gehiago jasoko zituztela. Beltz guztiak joan zitzaizkion, baina ez zuten gauza handirik. Nik nuen gehiena. Horregatik lau dolar baino gehiago eskatu nizkion, eta ez bazizkidan ematen nik neuk bankua jarriko nuela mehatxu egin nion. Noski, beltzak bere lanbidetik kanpora nahi ninduen, esaten baitzuen bi bankutarako adina lan ez zela, eta esan zidan bost dolar uzten banituen urte bukaeran hogeita hamabost jasoko nituela.

        «Hark esandakoa egin nuen. Gero kontuak atera nituen berehala berriz hogeita hamabost dolarrak sartuko nituela eta hala gauzek aurrera egingo zutela. Baina, bazen Bob izena zuen beltz bat eta, bere nagusiak ezer jakin gabe, egur garraiorako txalupa zapala zuena. Harekin tratua egin eta esan nion urte bukaerarako hogeita hamabost dolar izango zituela; baina norbaitek gau horretan txalupa lapurtu zuen, eta hurrengo egunean beltz herrenak esan zidan bankuak porrot egin zuela. Eta horrela geuretako inork ez zuen dirurik jaso.»

        — Zer egin zenuen hamar xentimoekin, Jim?

        — Erabili egin behar nituen, baina amets egin nuen, eta ametsak esan zidan dirua Balum izeneko beltz bati emateko —Balumgo astoa esaten zioten—; txoriburu txepel horietako bat, badakizu. Baina zorte ona du, hala diote, eta nik batere zorterik ez nuela garbi zegoen. Ametsak esaten zuen Balumi emateko hamar xentimoak hark ezar zitzan eta irabaziak ekarriko zizkidala. Balumek dirua hartu zuen, eta elizan zegoen batean entzun zion predikariari esaten pobreari ematen zitzaion guztia Jainkoak jasotzen zuela, eta zalantzarik gabe diru hori ehun aldiz irabaziko zuela. Beraz Balumek hamar xentimoak hartu eta pobreentzat eman zituen, eta han geratu zen ezkutuan handik zer ateratzen zuen ikusteko.»

        — Eta, zer atera zuen, Jim?

        — Ezer ez zuen handik atera. Ezin izan nuen dirua berreskuratu, eta Balumek ezta ere. Ez diot hemendik aurrera inori dirurik utzi behar ziurtasunik ikusten ez badut. Ehun aldiz jasoko duzu diru hori, dio predikariak! Hamar xentimoak berreskura banitza, bostekoa luzatu eta pozaren pozez jarriko nintzateke.

        — Beno, ez kezkatu, Jim, lehenago edo beranduago aberastu behar duzu eta.

        — Bai... eta orain aberatsa nauzu, ongi begiratuz gero, neure buruaren jabe naiz, eta zortziehun dolar balio ditut. Diru hori izan nahi nuke, ez nuke besterik nahi.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia