Zazpigarren atala

 

        — Jaiki! Zer zabiltza?

        Begiak ireki eta ingurura begiratu nuen non nengoen jakin nahian. Egunak argitu zuen, eta ni zerraldo egon nintzen lotan. Aita zutik nuen aurrean, haserre eta gaixo itxura zuelarik. Esan zuen:

        — Zertan ari zara fusila eskutan duzularik?

        Garbi ikusi nuen ez zuela ezertarako gogoan hark egindako gauzarik, eta orduan esan nuen:

        — Norbaitek txabolan sartu nahi zuen, eta ni prest nengoen sartzen ez uzteko.

        — Zergatik ez nauzu esnatu?

        — Ahaleginak egin ditut, baina alferrik. Ezin izan zaitut mugitu.

        — Ederki. Orain ez geratu hor egun osoan berriketan, eta segi kanpora eta ikusi arrainik ba ote den harietan gosaltzeko. Berehalaxe joango naiz ni.

        Atea ireki zuen eta kanpora joan nintzen ibai bazterrean gora. Zuhaitz adar puskak eta halako gauzak ikusi nituen uretan, eta arbola azalak nonahi, beraz banekien ibaia hazten hasia zela. Herrian banintz oso garai onak bizi izango nituzkeela kontuak egin nituen. Ekaineko uraldiak zorte ona ekartzen zidan beti. Izan ere, ibaia hazten hasi orduko, ibaiak beherantz ekartzen zituen egur pilak, eta enborrez eginiko almadia zatiak... batzuetan izaten ziren dozena bat enbor batera, orduan egur horiek hartu eta egurtegietara eta zerrategira eraman besterik ez zenuen egin behar.

        Ibai bazterrean aurrera joan nintzen begi batez aita ba ote zetorren begira eta besteaz uraldiak zer ote zekarren. Halako batean kanoa bat ekarri zuen, ederra benetan, hamahiru edo hamalau oin luze izango zituen, tente ahate baten moduan. Ibai bazterretik buruz behera jauzi egin nuen uretara, igelek egiten duten bezala, arropak eta guzti, eta kanoarantz igeri egin nuen. Espero nuen norbait izango zela barruan etzanda, jendeak hori egiten baitu adarra jotzeko. Alegia, beste gizonak txalupa ahal duen gehiena hurbiltzen duenean, barruan ezkutuan daudenak zutik jarri eta barre egiten diote. Baina orduan ez zen hala gertatu. Norabiderik gabeko kanoa zen ziurrenik, eta nik barrura jauzi egin eta bazterrera eramateko arraun egin nuen. Bururatu zitzaidan agurea poztu egingo zela hura ikustean; hamar dolar balioko zituen. Baina ibai bazterrera iritsi nintzenean aita ez zen ageri, eta dena huntz eta sahatsez beteta zegoen zulo baten moduko errekatxo batera sartzen ari nintzenean, beste zerbait etorri zitzaidan burura. Kanoa ongi ezkutatzea pentsatu nuen, eta horrela, ihes egitean basora joan beharrean, ibaian behera abiatuko nintzen berrogeita hamar mila edo egin arte, eta leku bakar batean geratuko nintzen betiko, mendian oinez batetik bestera modu txarrean ibili gabe.

        Txabolatik hurbil nengoen, eta denbora guztian iruditzen zitzaidan agurea azalduko zela, baina azkenean ezkutatu nuen. Gero sahats batzuen artetik begiratu, eta bidean aita zetorrela ikusi nuen fusila txori bati zuzentzen ziolarik. Beraz hark ez zuen ezer ikusi.

        Hurbildu zitzaidanean, lan eta lan ari nintzen tretzak jasotzen. Erriertan egin zidan horren motela izateagatik, baina esan nion ibaian erori nintzela eta horrek atzeratu ninduela. Banekien bustita nengoela ikusiko zuela, eta galderak egiten hasiko zitzaidala. Bost katuarrain jaso genituen harietatik eta etxera joan ginen.

        Gosaldu ondoren etzan eta atseden hartzen genuen bitartean, biok nekatuta ginen eta, pentsatzen aritu nintzen alarguna eta agurea atzetik bila ez etortzeko modurik ba ote zen, gauza ziurragoa zen hori, haiek konturatu baino lehen nahikoa urruti egoteko zorte onean itxaropenik izatea baino. Badakizu, gauza asko gerta daitezke. Hasieran ez nuen modurik ikusten, baina orduan aita zutitu zen beste ur kupela edateko, eta esan zuen:

        — Beste batean gizon bat inguruan sumatzen baduzu, esna nazazu, aditu al duzu? Gizon horrek ez zuen asmo onik ekartzen. Nik tiro egingo niokeen. Hurrengoan esna nazazu, aditu?

        Gero etzan egin zen eta loak hartu zuen berriz. Baina hark esandakoak nik behar nuen ideia garbi ikus erazi zidan. Esan nuen nirekiko, dena konpondu dezaket inor nire atzetik bila ez etortzeko.

        Hamabiak inguruan jaiki eta ibai bazterrean gora egin genuen. Ibaia azkar ari zen hazten, eta egur pila zihoan uraldian noraezean. Geroxeago, enborrezko almadia baten puskak ekarri zituen urak, bederatzi enbor lotuta. Txalupan sartu eta abiatu ginen, eta bazterreraino eraman genituen arrastaka. Gero bazkaldu egin genuen. Aita ez beste edonork itxarongo luke bertan egun osoan gauza gehiago hartzeko, baina hori ez zen aitaren izaerari zegokiona. Bederatzi enbor nahikoak zituen behin baterako. Herriraino bultzaka eraman eta saldu egin behar zituen. Horregatik etxean itxi ninduen, txalupa hartu, eta enborrezko almadia atzetik uretan arrastaka eraman zuen hiru t'erditan edo. Kontuak atera nituen ez zela gau hartan itzuliko. Zain egon nintzen urruti egongo zela iruditu zitzaidan arte, orduan zerra hartu eta egurra mozteari ekin nion. Aita ibaiaren beste aldera iritsi baino lehen zulotik kanpora irten nintzen. Bera eta enborrak uretan urrutian arrasto txiki bat ziren.

        Arto irinaren zakua hartu eta kanoa gordeta nuen lekuraino eraman nuen, eta huntzak eta adarrak gainetik kendu eta barruan sartu nuen, gero gauza bera egin nuen hirugihar xerrarekin eta whisky pitxerrarekin. Hartu nuen han zegoen azukre eta kafe guztia, munizioa, eta fusila betetzeko behar zena, ur ontzia eta kalabaza. Hartu nituen kazola txikia eta berunezko edalontzia, nire zerra zaharra eta bi burusi, zartagina eta kafe ontzia. Arrantzan egiteko hariak eta pospoloak eta beste gauzak ere hartu nituen, xentimorik balio zuen edozer gauza. Lekua garbi-garbi utzi nuen. Aizkora nahi nuen, baina han ez zen aizkorarik, kanpoan egur pilan zegoena besterik ez, eta banuen arrazoirik hori bertan uzteko. Fusila hartu, eta besterik ez nuen behar.

        Lurra harrotu nuen dezente, zulotik kanpora irten eta hainbeste gauza arrastaka ateratzerakoan. Horrenbestez ahal izan nuen neurrian kanpotik berdindu egin nuen zuloa, eta horretarako lurra bota nion gainean, zapaldutako guztia eta zerrautsa estali nahian. Gero enbor puska bere lekuan jarri nuen, eta azpian bi harri jarri nizkion, bat euskarri moduan, leku horretan oker xamar baitzegoen, eta bestela ez zuelako lurra iristen. Metro pare batera edo begiratuz gero, eta zerraturik zegoela jakiii gabe, ez zion inork antzemango. Gainera, txabolaren atzealdea zen eta ez zirudien inor inguru horretan denbora galtzen ibiliko zenik.

        Kanoaraino zihoan bide guztia belarrez zegoen estalita, eta ez nuen aztarnarik utzi. Inguruan begiratu nuen badaezpada ere. Bazterrean zutik ibai ingurura begiratu nuen. Ez zen arriskurik. Fusila hartu eta basorantz abiatu nintzen. Txoriak harrapatu nahian ari nintzen, eta halako batean zerri basati bat ikusi nuen. Zerriak basati bihurtzen dira erreka zulo hauetan lautadetako etxaldeetatik ihes egin ondoren. Animaliari tiro egin nion, eta kanpamendura eraman nuen.

        Aizkora hartu eta atearen kontra astindu nuen. Atea jo eta jo aritu ondoren nahikoa puskatu nuen. Zerriaren bila joan eta ia mahaia zegoen lekuraino eraman nuen. Aizkora hartu eta eztarria zulatu nion, eta lurrean etzanda utzi nuen odolusten. Lurra esan dut, lurra baitzen, izan ere; lur trinko eta gogorra, eta ez oholez estalia. Orduan zaku zahar bat hartu nuen eta harri handi asko sartu nizkion barruan, arrastaka eraman nezakeen pisurik handiena. Zerria zetzan lekutik hasi eta zakua ateraino eraman nuen, eta gero basoan zehar arrastaka ibairaino, eta han uretara bota nuen. Urperatu egin zen eta begien aurretik desagertu. Erraz antzeman zitekeen zerbait eraman zela lurrean arrastaka. Tom Sawyer bertan egon zedin nahi nuen, banekien gustuko zituela saltsa horiek, eta irudimenezko ukitua ere emango ziela. Inori ez litzaioke Tom Sawyerri adina ahoa berotzen horrelako gauzen aurrean.

        Azkenean ile batzuk kendu nituen, aizkora odolez ederki zikindu, eta ileak aizkoraren atzealdean itsatsi nituen. Gero aizkora bazterrera bota nuen. Zerria hartu, jakan bildu eta bularraren kontra estutu nuen —odol tantorik eror ez zedin— etxetik beherantz nahikoa urrutiratu nintzen arte eta gero blast ibaira bota nuen. Orduan beste zerbait bururatu zitzaidan. Joan eta irin zakua eta zerra zaharra kanoatik atera nituen. Zakua bere ohiko lekura eraman nuen, eta zerra hartu eta azpian zuloa egin nion, ez baikenuen ez labaina eta ez sardexkarik: aitak sukaldeko lan guztiak bere poltsiko labaina erabiliz egiten zuen. Gero zakua etxearen ekialdetik ehun metrotan edo eraman nuen belar gainean eta sahatsen artean etxearen ekialdetik, bost mila zabaleran zituen aintzira txiki bateraino, ihiz beterik zegoelarik, eta baita ahateaz ere, garaia zenean. Zingira edo errekatxo bat irteten zitzaion beste aldetik, eta mila askotara urrutiratzen zen. Nik ez dakit nora zihoan, baina ez zen ibaian amaitzen. Irina kanpora erortzen zen eta aintziraraino zihoan bide guztian aztarna uzten zuen. Gero erortzen utzi nuen aitaren zorroztarria, nahigabe erorita balego bezala. Irin zakuaren zuloa lokarri batekin itxi nuen, irin gehiago eror ez zedin, eta zakua eta zerra berriz eraman nituen kanoara.

        Ia ilundu zuen, kanoa ibian behera irristatzen utzi nuen ibai bazterreko sahatsen azpitik, eta ilargia azaldu zain geratu nintzen. Kanoa sahats batetan lotu, eta janari mokadu bat hartu nuen. Geroxeago kanoan etzan, pipa erre, eta plana eraiki nuen. Esan nion neure buruari, harriz betetako zaku horren aztarnaren atzetik joan eta ibaia dragatuko dute nire bila. Irin arrastoei segi eta aintziraraino iritsiko dira, eta handik abiatzen den errekatxoan bilaketan aurrera egingo dute ni hil eta gauzak eraman zituzten lapurrak aurkitu nahian. Nire gorpuaren bila besterik ez dira ibiliko ibaian. Azkar nekatuko dira, eta ez dira nitaz gehiago kezkatuko. Ederki, nahi dudan lekuan gera naiteke. Jackson uhartea leku ona da niretzat. Lekua ongi ezagutzen dut, eta bertan ez da inor ibiltzen. Gainera gauez herrira joateko arraun egin dezaket, ezkutuan ibili eta nahi ditudan gauzak hartu. Jackson uhartea da lekua.

        Nekatu xamarra nengoen, eta ia konturatu nintzenerako loak hartu ninduen. Esnatu nintzenean une batez ez nekien non nengoen. Eseri eta ingurura begiratu nuen zertxobait beldurtuta. Orduan etorri zitzaidan gogora. Bazirudien ibaiak milak eta milak zituela zabaleran. Ilargiak distira bizia zuen, eta ezin nituen ibaian behera, beltz eta isilak, irristaka zihoazen enborrak zenbatu, ibai bazterretik ehunka metrotara. Isil isilik zegoen dena, eta berandu zela zirudien, berandu izango zela usaina antzeman nion. Badakizu zer esan nahi dudan, ez dakit zein hitz erabili hori esateko.

        Ahoa ongi zabaldu, nagiak atera, eta soka askatzera eta abiatzera nindoan uretan urruti hots bat entzun nuenean. Adi egon nintzen. Berehalaxe konturatu nintzen. Hots motel eta errepikatzen diren horietakoa zen gau isiletan arraunek toletean mugitzen ari direlarik egiten dutena bezalakoa. Sahats adarren artetik begiratu, eta hantxe zegoen, txalupa bat, uretan urruti. Ezin nuen esan zenbat izango ziren barruan. Niregana zetorren, eta parean nuenean gizon bat besterik ez zegoela ikusi nuen. Nik nire artean: «Beharbada aita izan daiteke», hura etortzea espero ez banuen ere. Uraren indarrak beherago eraman zuen, eta geroxeago jira egin eta bazterrerantz etorri zen ur patxadatsuetan. Hainbesteraino hurbildu zitzaidan, ezen fusila eta gizona bera ere uki bainezakeen. Bada, aita zen, ziur, eta gainera arraunak hartzeko moduagatik jakin zitekeen ez zihoala mozkortuta.

        Denborarik ez nuen galdu. Hurrengo minuturako jirabiraka ari nintzen ibaian behera arraunean leun baina bizi-bizi urbazterreko itzalpean. Bi mila eta erdi egin nituen, eta gero mila laurdena edo gehiago egitera jo nuen ibai erdirantz, izan ere, bizkor igaro behar bainuen ontzi garraiotzailearen geltokitik, han jendeak ikus nintzakeen eta agurtu. Norabiderik gabe zihoazen enborren artean sartu, kanoaren barruan etzan, eta hura uretan nahi zuen bezala joan zedin utzi nuen. Etzanda atseden hartu eta pipa erre nuen zeruari begira. Ez zen hodei bakar bat ere ageri. Zerua benetan sakona dirudi gorantz begira etzanda jarri eta ilargiak distiratzen duenean. Ez nintzen horretaz ordura arte ohartu. Eta bai urrutira entzun daitekeela uretan horrelako gauetan! Jendea entzuten nuen hizketan ontzi garraiotzailearen geltokian. Zer esaten zuten ere entzun nezakeen, hitz bakoitza. Gizon batek zioen hurbiltzen ari zirela egun luzeak eta gau motzak. Beste batek esan zuen hura ez zela, bada, bere ustez motz horietakoa, eta barre egin zuten, eta berriz gauza bera esan zuen eta berriz barre egin zuten. Gero hango lagun bat esna erazi zuten eta hori esan zioten, barre egin zuten, baina hark ez zuen barrerik egin. Zerbait bota zuen indarrez eta bakean utz zezatela esan zien. Lehenengo gizonak atsoari kontatuko ziola esan zuen, ona irudituko zitzaion, baina hori ez zela ezer bere gazte denboretan esan ohi zituen beste gauzen aldean. Gizon bati entzun nion esaten ia hirurak zirela, eta espero zuela egunsentia astebete edo igaro baino lehenago iritsiko zela. Ondoren hizketaldia urrunduz eta urrunduz joan zen, eta jadanik ezin nituen hitzak ulertu, baina zurrumurrua bai, eta noizean behin barre algararen bat, baina oso urrutitik zetorrela zirudien.

        Ontzi garraiotzailea igaro eta ibaian beherago nindoan. Zutitu eta bi mila eta erdi edo ibaian beherantz, Jackson uhartea ikusi nuen: arbolez bete betea eta ibaiaren erdian tente, handi, ilun eta tinko, argirik gabeko bapore-ontzia balitz bezala. Ez zen aurrean hondarrik ikusten. Dena urpean zegoen.

        Ez nuen denbora gehiegi behar izan bertara iristeko. Uhartearen burutik ziztu batean igaro nintzen, ur-tira oso bizia baitzen, eta gero ur moteletan sartu eta Illinois aldeko bazterrean lehorreratu nintzen. Kanoa nik ezagutzen nuen urbazterreko zulo sakon batetik sartu nuen. Handik sartzeko sahatsen adarrak baztertu egin behar izan nituen, eta kanoa lotu ondoren inork ezin zezakeen hura kanpotik ikusi.

        Mendian gora igo eta enbor batean eseri nintzen uhartearen buruan eta ibai handiari, norabiderik gabeko enbor beltzei, eta urrutian, hiru milatara edo, zegoen herriari begira geratu nintzaion, zeinean hiru edo lau argi ari baitziren keinuka. Ikaragarrizko enbor almadia zetorren ibaiaren goiko aldetik mila batera edo, poliki-poliki beherantz, erdian linterna zekarrelarik. Beherantz zetorrela ikusten nuen eta ia ni zutik nengoen lekura iritsi zenean, gizon baten ahotsa entzun nuen: «Txopako arraun horiek! Jira aurrealdea istriborrerantz! Gizona aldamenean izango banu bezain garbi entzun nituen hitz horiek.

        Zeruan kolore gris xamarra ikus zitekeen orduan, basoan barrena abiatu nintzen eta gosaldu aurretik lo kuluxka egiteko etzan egin nintzen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia