Seigarren atala

 

        Berehalaxe jaiki eta osatu zen agurea, eta Thatcher epailea auzitegira eraman zuen, epailea berari dirua ematera behartu zezaten, eta niri ere eraso egin zidan eskolara joateari ez niolako utzi. Pare bat aldiz harrapatu ninduen eta ederki berotu, baina ni berdin-berdin joaten nintzen eskolara, eta agurea txuliatu egiten nuen edo ihes egiten nion gehienetan. Ez nuen eskolara joateko gogo handirik, baina esan behar dut orduan joateko prest nengoela aita amorrarazteagatik bakarrik. Auzia oso gauza motela zen, horretan hasi ere ez zirela hasiko zirudien, eta noizean behin epaileari bi edo hiru dolar eskatzen nizkion aitari emateko, zartailuaren astindurik ez jasotzeagatik. Dirua zuen guztietan mozkortu egiten zen; eta mozkortzen zen guztietan bazterrak nahasten zituen; eta bazterrak nahasten zituen guztietan atxilotu egiten zuten. Horretara jarrita zegoen, bizimodu hori primeran zetorkion.

        Alargunaren etxera joateko ohitura handia hartu zuen, eta honek azkenean esan zion, hobe zuela han gehiago ez ibiltzea, bestela arazoak izango zituela. Horrek bere onetik aterako ez zuen bada? Esan zuen berak erakutsiko ziola nor zen Huck Finnen nagusia. Horrela udaberriko egun batean nire bila ibili zen, eta baita harrapatu ere, eta hiru mila edo ibaian gora eraman ninduen, txalupa batean, Illinoiseko ibai bazterreraino. Han zuhaitz ugari zegoen eta ez zen etxerik, txabola bat ezik. Basoa erabat itxia zen leku horretan, eta hain itxia ere, ezen txabola aurkitzea ezinezkoa bailitzateke haren leku zehatza jakin ezean.

        Bere ondoan eraman ninduen denbora guztian, eta ez nuen inoiz ihes egiteko aukerarik izan. Etxe zahar horretan bizi ginen, eta atea beti giltzatu eta giltza buru azpian gordetzen zuen gauetan. Lapurtutako fusila zuen, hala uste dut, eta arrantzan eta ehizan egiten genuen, eta horrela bizi ginen. Maiz ixten ninduen han eta dendara joaten zen, hiru milatara edo, aldaontzia zegoen lekura, eta ehiza eta arrainak whiskyren truke saltzen zituen. Edaria etxera eramaten zuen han mozkortzeko, eta atsegin hartu ondoren astindu egiten ninduen. Alargunak gerora jakin zuen non nengoen, eta gizon bat bidali zuen ni handik ateratzeko, baina aitak fusila hartu eta bidali egin zuen. Handik pixka batera ohitzen hasi nintzen han egoten, eta gustura nengoen hango bizimoduarekin, guztiarekin zartailuarekin ezik.

        Alferkerian eta pozik bizi nintzen, etzanda egun osoan, erretzen eta arrantzan, ez libururik ez ikasgairik. Bi hilabete edo gehiago igaro ziren, eta arropak puskatuta eta zikinak zeuden, eta ezin nuen ulertu inoiz gustura egon izana alargunaren etxean. Han garbitu, platerean jan, eta orraztu egin behar izaten nuen; ohera joan eta ordu jakinetan jaiki, eta liburu batekin kezkaturik ibili, eta Watson andereño aldamenean zirikatzen izan denbora guztian. Ez nuen itzuli nahi. Utzi nion birao egiteari, Watson andereñori ez zitzaiolako gogoko, baina berriro hasi nintzen aitari ez zitzaion axola eta. Orokorrean garai polita izan zen basoko hori.

        Handik pixka batera aitari eskua arindu egin zitzaion makila erabiltzen, eta ezin nuen eraman. Ubelduz josita nengoen. Askotan joaten zen gainera, eta itxita uzten ninduen. Behin batean itxita utzi ninduen eta hiru egunetarako joan zen. Bakardade jasangaitza zen hori. Pentsatu nuen ito egingo zela eta ez nintzela handik inoiz aterako. Beldurturik nengoen. Handik alde egiteko modua bilatu behar nuela erabaki nuen. Askotan egin nituen ahaleginak handik irteteko, baina ez nuen modurik aurkitzen. Zakur bat handik igarotzeko moduko leihorik ere ez zen. Tximiniatik gora ere ezin nuen joan, estuegia zen eta. Atea lodia zen, haritz sendoko oholez egina. Aita kontuz ibiltzen zen txabolan ez labainik eta ez ezer uzteko kanpoan zen bitartean. Gutxienez lekua ehun aldiz arakatu nuela uste dut; bada, hala ere beti gauza bera egiten nuen, ez bainuen beste zereginik denbora pasatzeko. Baina azkenean topatu nuen zerbait: egurra mozteko zerra zahar, herdoildua, eta kirtenik gabea. Habe baten eta sabaiko ohol txiki batzuen artean zegoen. Hura ongi koipeztatu ondoren lanean hasi nintzen. Zaldi burusi zahar bat zegoen iltzaturik egurretan txabolaren bazter batean mahaiaren atzean, zuloetatik haizerik sar ez zedin eta kandela itzali ez zezan. Mahai azpian sartu nintzen, burusia altxatu nuen, eta lanari ekin nion, eta zerra hartu eta beheko egurrari ni handik pasatzeko moduko zulo bat egiten ahalegindu nintzen. Lan luzea izan zen, baina amaierara iristen ari nintzen basoan aitaren fusilaren hotsa entzun nuenean. Lanaren seinaleak ezabatu nituen, burusia erortzen utzi nuen, zerra ezkutatu, eta berehalaxe sartu zen aita.

        Aitak ez zuen umore onik, baina hori berezkoa zuen. Esan zuen herrira jaitsi zela eta gauzak oker zebiltzala. Legegizonak esan zion gatazka irabaz zezakeela eta dirua eskuratu, behingoz auzia hastea lortzen bazuten, baina denbora luzean atzeratzeko bideak baziren, eta Thatcher epaileak bazekien horretarako zer egin behar zuen. Esan zuen jendeak zioela beste auzia izango zela ni beregandik urrundu eta alargunaren zaindaritzapean uzteko, eta uste zutela oraingoan irabazi egingo ziotela. Honek nahikoa asaldatu ninduen, ez nuelako itzuli nahi alargunaren etxera han itota eta zibilizaturik bizitzeko, haiek esaten zuten bezala. Orduan agurea biraoka hasi zen, eta bururatzen zitzaion edozein gauza nahiz pertsonaren aurka gaizki esaka aritu zen, eta gero berriz birao egin zien guztiei inork ihes egin ez ziola ziurtatzeko. Orduan guztientzat madarikazioak bota zituen, izenez ere ezagutzen ez zuen jende multzoa tartean, eta halako-eta-halako esaten zuen horiengana iristen zenean, madarikazioka aurrera egiten zuelarik.

        Esan zuen ikusi nahiko ninduela alargunaren eskutan. Erne ibiliko zela eta halako azpikeriarik egin nahiko baliote ezagutzen zuela handik sei edo zazpi milatara ni ezkutatzeko leku bat, eta indar guztiak galdu arte bila ibilita ere ez nindutela aurkituko. Honek berriro kezkatu ninduen, baina minutu batez besterik ez. Iruditu zitzaidan aitak aukera hori izaterako ez nintzela haren eskueran izango.

        Agureak txalupara joan erazi ninduen hark erositako gauzen bila: berrogeita hamar libratako zakua arto irin, hirugihar xerra, munizioa, hamabost litrotako whisky pitxarra, liburu zahar bat, bi egunkari fusilaren kartutxoak estutzeko, eta soka. Lehenengo zamaldia eraman ondoren, berriz itzuli, eta txaluparen brankan eseri nintzen atseden hartzeko. Ongi pentsatu, eta erabaki nuen fusila eta arrantzan egiteko haria hartu, eta basora eramango nituela handik ihes egiterakoan. Kontuak atera nituen ezingo nuela beti leku berean egon, eta mendian zehar ibili beharko nuela, gehienetan gauez, eta ehizan eta arrantzan egin beharra izango nuela bizirik irauteko, eta urrutira joan, ez agureak ez alargunak inoiz aurkituko ez ninduten lekura. Ziur aski gau horretan zuloa zerratzen bukatu, eta ihes egingo nuen, baldin eta aita nahikoa mozkortzen bazen, eta baietz iruditzen zitzaidan. Pentsakizun horietan buru belarri nengoen, eta ez nintzen konturatu zenbat denbora egin nuen han, agureak garrasika lotan ala mozkorturik nengoen galdetu zidan arte.

        Txabolaraino gauza guztiak eraman nituenerako ia ilundu zuen. Afaria prestatzen ari nintzen bitartean agureak zurrupada bat edo beste egin zituen eta berotu zen pixka bat. Orduan berriz hasi zen biraoka. Mozkortuta ibili zen herrian, gaua bide bazterrean etzanda egin zuen, eta itxura ikusteko modukoa zuen. Edonork pentsa zezakeen Adan bera izan zitekeela, lokatza pila besterik ez baitzen. Edariak indar hartzen zuenean, gobernuaren kontra hasten zen hizketan. Oraingoan esan zuen:

        — Eta hori al da gobernua? Begira, begira zein tankeratakoa den eta zer egiten duen. Hemen duzue lege bat prest gizonari bere semea eskutatik kentzeko, gizonaren seme berezkoa, hura hazteko lanak, nekeak eta diru guztiak erabili dituelarik. Bai, eta azkenean gizonak semea hazi duenean, lanera joateko prest duenean eta aitari zerbait eskaintzeko garaia iristen zaionean eta honek atseden hartzeko ordua duenean, orduan legea etortzen zaio semea eramatera. Eta honi gobernua esaten diote? Eta hori ez da dena. Legeak epaile zahar hori babesten du neureak diren ondasunak bere eskutan izateko. Hori da legeak egiten duena. Legeak sei mila dolar edo gehiago balio dituen gizon bat hartu, eta honelako sagu-zulo batean sartzen du, eta zerri batentzat ere ez diren arropak jantzita ibil erazten du. Eta honi gobernu esaten diote! Gizonak ezingo du eskubiderik izan honelako gobernua dugun bitartean. Batzuetan burutik pasa zait lurralde honetatik betiko alde egitea. Bai, eta horixe esan diet. Thatcher epaile zaharrari aurpegira bota diot. Askok entzun didate hori esaten eta nik zer esan nuen badakite. Hara; bi xentimoren truke lurralde madarikatu honetatik alde egingo nuke berriz ez itzultzeko. Horiek dira hitz zehatzak. Eta gero esan dut; begira nire sonbreiruari, honi sonbreiru esaterik baldin badago. Estalkia altxa eta gainontzekoa beheraino erortzen zaio, kokots azpiraino, eta orduan sonbreirua baino gehiago berogailuaren kebideko elkarguneetako batetik burua aterata dudala dirudi. Begira sonbreiru honi, nik hori eraman beharra ere, herri honetako gizonik aberatsenetakoa, baldin eta nire eskubideak onartuko balira.

        Oi, bai gobernua zoragarria da, zoragarria. Eta entzun hau. Ba omen zen beltz libre bat, Ohiokoa, mulatoa, gizon zuria baino zuriagoa ia. Bada, honek inoiz ikusi duzun alkandorarik zuriena zeraman, eta sonbreirurik distiratsuena. Herri osoan ez da gizon bakar bat bera baino arropa dotoreagoa duenik. Urrezko erlojua eta katea zituen, eta zilarrezko kirtena zuen makila ere bai. Estatu osoko nabab ile zuri nazkagarriena. Eta zer iruditzen zaizu? Unibertsitateko irakasle omen zen, eta hizkuntza guztietan hitz egiten omen zuen, eta dena omen zekien. Eta ez zen hori okerrena.

        Etxean zenean botoa eman zezakeela zioten. Horrek nire onetik atera ninduen. Baina nora doa gure herria? Hauteskunde eguna zen, eta ni neu botoa ematera joateko prest nengoen, bertara joateko mozkortuegia egon ez banintz, baina esan zidatenean gure lurraldeko Estatu batean beltzek botoa eman zezaketela, atzera egin nuen. Neure buruari esan nion ez nuela berriz botorik emango. Hitz horiexek esan nituen. Denek entzun zidaten, eta lurraldeak usteldu nahi badu ere berdin zait, ez dut inoiz botorik emango bizi naizen artean. Eta ikustekoa zen beltzaren patxada, ez zidakeen pasatzeko lekurik egingo bidetik kanpora bultza izan ez banu. Esaten nion jendeari, zergatik ez duzue beltz hori enkantera eramaten eta han saltzen? Hori jakin nahi nuke. Eta zer uste duzu esan zidatela? Ezin zutela saldu Estatuan sei hilabete egiten ez zituen bitartean, eta ez zuela oraindik denbora hori bete. Hara, hortxe duzu, adibide bat. Horri gobernua esaten diote eta ezin du beltz aske bat saldu Estatuan sei hilabete egin arte. Bere buruari gobernu esaten dion gobernua duzue hor, gobernuaren itxurak egiten dituena, eta gobernua dela pentsatzen duena, sei hilabete oso osotan hildako baten antzera geldi-geldirik egon behar duena alkandora zuridun beltz ibiltari, lapur, eta deabruzkoa harrapatu ezinik, eta...

        Horrela egin zuen aitak aurrera, bere hanka zaharrek nora zeramaten konturatu gabe, eta buruz behera erori zen txerriki gatzatuaren askara. Bi hankezurrak urratu zituen, eta handik aurrerako hizketaldia hizkera zakarrez osatu zuen, gehienbat beltzen eta gobernuaren kontra, noizean behin askari ere zerbait esaten ziolarik. Saltoka ere ibili zen txabolan, lehenik hanka baten gainean, eta gero bestean, aurrena hankezur bati eutsiz eta gero besteari. Azkenean ezkerreko hanka altxa zuen bat-batean eta ostikada bikaina eman zion askari. Baina ez zuen asmatu, hori baitzen aurrealdetik bi behatz kanpoan zituen bota. Orduan hark egin zituen deiadarrak edozeini ileak lazteko modukoak izan ziren. Ilunpetan erori, eta zilipurdika ibili zen lurrean behatzak estutzen zituelarik; eta orduko biraoak aurreko guztiak baino gogorragoak izan ziren. Geroago berak ere hori esango zuen. Sowberry Hagan zaharrari entzun omen zion birao egiten haren unerik onenetan, eta bera baino hobea zela esaten zuen, baina gehiegi esatea zela uste dut.

        Afalondoan aitak pitxerra hartu zuen, eta esan zuen whisky nahikoa zuela bi mozkorraldi eta delirium tremens baterako. Beti erabiltzen zuen hitz hori. Ordubetean edo erabat mozkortuta egongo zela pentsatu nuen, eta orduan giltza kenduko nion, edo bestela zerra hartu eta zuloa egin, bietako bat. Edan eta edan aritu zen, eta burusien gainean erori zen azkenean, baina zorte onik ez nuen. Ez zuen zerraldo loak hartu, eta ez zegoen lasai. Marmarka, hasperenka, eta alde batetik bestera ibili zen denbora luzean. Azkenean logurak nengoen eta ezin nituen inola ere begiak irekita eutsi, eta konturatu gabe lotan geratu nintzen, kandela piztuta nuelarik.

        Ez dakit lotan zenbat denbora egin nuen, baina halako batean garrasi izugarria entzun nuen eta esnatu egin nintzen. Aita zen, zoro aurpegia zuen, eta saltoka ari zen leku batetik bestera sugeak zirela eta garrasika. Hanketan gora igotzen zitzaizkiola esaten zuen, gero jauzi eta garrasi egiten zuen berriz. Batek aurpegi masailean kosk egin ziola esaten zuen, baina nik ez nuen inongo sugerik ikusten. Txabolan batetik bestera korrika hasi zen. Kendu! kendu! Lepoan kosk egin dit! oihu egiten zuen bitartean. Ez dut inoiz inorengan begirada zoro hori ikusi. Berehalaxe leher eginik zegoen, eta arnasestuka lurrera erori zen; itzulipurdika ibili zen lurrean, abiadura bizi-bizian, gauza guztien kontra ostikoka eta eskuak astindurik airea eutsi nahian. Oihuka ari zen, eta deabruek harrapatu zutela esaten zuen. Indarrak bukatu zitzaizkion, eta pixka batean geldirik egon zen hasperen egiten zuen bitartean. Gero lasaiago geratu zen, eta ez zuen batere soinurik egin. Ontzak eta otsoak entzuten nituen basoan urrutian, eta isiltasuna ikaragarria zen. Bazter baten ondoan zegoen etzanda. Geroxeago pixka bat zutitu, eta burua alde batera jarrita entzuten geratu zen. Isil isilik esan zuen:

        — Taka... taka... taka, hildakoak dira, taka... taka... taka, nire bila datoz, baina ez naiz joango. O, hemen dira! Ez ukitu, ez! Kendu eskuak hortik, hotzak dituzue. Utzi! Utz ezazue deabru gizajo hau bakean!

        Gero makurtu eta lau oinetan jarri zen lurrean bakean uzteko esan eta esan, eta burusian bildua pinu egurrezko mahai zaharraren azpian jirabiraka ibili zen, oraindik ere bakean uzteko eskatzen. Gero negar egin zuen. Burusiaren beste aldetik negarrez ari zela entzuten nuen.

        Geroxeago burusitik askatu eta zutik jarri zen begirada zoroa zuelarik. Orduan ni ikusi ninduen eta bila etorri zitzaidan. Gelan zehar ni harrapatu nahian ibili zen, eragingailua zuen labaina eskutan zuelarik. Heriotzaren Aingerua nintzela esan zidan, eta hil egingo ninduela eta horrela ezingo niola handik aurrera eraso egin. Erregutu, eta esan nion Huck besterik ez nintzela, baina orduan barre algara, orro, eta birao egin zuen, eta harrapatu nahian atzetik segika etorri zitzaidan berriz. Jira egin nuen batean eta haren besoetatik ihes egin nahi izan nuenean, harrapatu egin ninduen jakako bizkar gainetik. Amaiera iritsi zela pentsatu nuen. Baina irrist egin eta ziztu bizian jaka kendu, eta bizia salbatu nuen. Laster nekatu, eta erori egin zen bizkarra atearen kontra botata. Esan zuen minutu bateko atsedena hartuko zuela eta gero hil egingo ninduela. Labaina bere azpian jarri zuen, eta indarrak hartzeko lo egingo zuela esan zuen, eta gero ikusiko genuela nork agintzen zuen.

        Erdi lotan geratu zen berehala. Aulki kulunkaria hartu nuen orduan eta gainera igo nintzen, poliki-poliki, soinurik ez egitearren, eta fusila jaitsi nuen. Ziria sartu nion kartutxorik bazuela ziurtatzeko. Gero fusila arbien kupelaren gainean jarri, eta aitari tiro egiteko zuzendu nuen. Atzean eseri eta aita mugitzeko zain geratu nintzen. Eta bai poliki eta isilik igaro zuela orduan denborak.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia