Bosgarren atala

 

        Atea itxi nuen. Gero atzera begiratu, eta hantxe zegoen. Beti beldurrak airean izaten ninduen, hainbestetan berotzen ninduen. Iruditu zitzaidan orduan ere izuturik nengoela, baina berehala konturatu nintzen oker nintzela. Alegia, lehenengo kolpearen ondoren, esan dezagun, arnasa hartu ezinean nengoela, ez bainuen espero aita han agertuko zitzaidanik; bada, hori gertatu eta berehala, konturatu nintzen kezkatzea merezi zuen inolako beldurrik ez nuela sentitzen.

        Ia berrogeita hamar urte zituen, eta itxura ere tankerakoa zuen. Ilea luzea, nahasia eta koipetsua, eta bizkarretik behera zintzilik. Begien distira ikusten zitzaion ile-tartean, aihen-belarraren atzean gordeta balitu bezala. Bel-beltza zuen ilea, ez grisa; eta itxura berekoa zen haren bizar luze eta nahasia. Aurpegiak ez zuen kolorerik, aurpegirik ikusten zitzaion tarteetan. Zuria zen; ez edozein gizonaren zuria gero, inor gaixo erazteko moduko zuria baizik, hotzikarak hartzeko modukoa —zuhaitzetako zapoaren zuria, arrainaren urdaileko zuria—. Jantziei dagokionean, trapu zaharrak, besterik ez. Txorkatila zuen beste hankaren belaun gainean. Hanka horretako bota txikituta zuen, eta bi behatz irteten zitzaizkion, eta behin eta berriz mugitzen zituen. Sonbreirua lurrean zuen, zahar eta malgua zen, goia barnerantz zuelarik, estalki baten modura.

        Begiratua bota nion, eta hantxe nuen niri begira, aulkia pixka bat atzerantz okertuta. Kandela mahai gainean utzi nuen. Leihoa irekita zegoela ikusi nuenez gero, estalpetik gora igoko zela pentsatu nuen. Goitik behera begiratu zidan. Azkenean esan zuen:

        — Arropa almidoiztuak... ederki. Handi-mandi horietako bat zarela uste duzu, ezta?

        — Beharbada izango naiz, beharbada ez —esan nuen.

        — Ez lotsagabea izan gero —esan zuen—. Harropuztu zara ederki ni joan nintzenez gero. Apalduko zaitut nik, bai, zureak egin aurretik. Ikasia omen zara, gainera; irakurtzen eta idazten ba omen dakizu. Aita baino hobea zarela uste duzu orain, horrelakorik ez dakielako, ezta? Nik kenduko dizut hori burutik. Nork esan dizu muturra sar zenezakeela txorakeria harro horietan, e? Nork bultzatu zaitu?

        — Alargunak. Berak esan zidan.

        — Alargunak, e? Eta nork esan dio alargunari bere zereginetatik kanpo dauden gauzetan muturra sartzeko?

        — Inork ez dio ezer esan.

        — Erakutsiko diot nik besteen gauzetan sudurra ez sartzen. Eta begiratu ongi, eskolara joateari utziko diozu, entzun duzu? Erakutsiko diot nik jendeari mutiko bat nola hazten den, bai, aitaren aurrean harro-harro jartzen eta aita baino hobea izan dadin bultzatzen. Harrapatzen bazaitut berriz eskola ingurutan txorakeriak egiten ikusiko duzu. Aditu al duzu? Amak ez zuen idazten ikasi, eta ezta irakurtzen ere, hiltzeko ordua etorri zitzaion artean. Familiako inork ez zuen ikasi eta hala hil ziren. Nik ere ez, eta zu hor harro-harro jarrita. Ez nago hori ikusteko, entzun? Aizu, irakur ezazu zerbait nik entzuteko.

        Liburu bat hartu nuen eta Washington jenerala eta gerrateaz zerbait irakurtzen hasi nintzen. Gutxi gorabehera minutu erdia irakurtzen egin nuenean, liburuari zartada bar eman zion eta etxearen beste alderaino bidali zuen. Esan zuen:

        — Hala da. Gai zara. Zalantzak izan ditut esan didazunean. Orain, entzun ongi. Utzi txorakeria horiei, bestela nik erakutsiko dizut zuri. Emango dizut, bai, kaskarin hori. Eta eskola ingurutan harrapatzen bazaitut ederki berotuko zaitut. Gero erlijioa ere jakin beharko duzu. Ez dut inoiz honelako semerik ikusi.

        Paperezko irudi urdin eta hori txiki bat hartu zuen mahai gainetik, behiak eta mutiko bat marraztuta zituelarik, eta esan zuen:

        — Zer dugu hau?

        — Ikasgaiak ongi jakiteagatik eman didaten gauza bat.

        Txiki-txiki egin zuen.

        — Zerbait hobea emango dizut —esan zuen—, zartailua emango dizut.

        Han egon zen mitutu batean marmarka eta ahopeka hizketan, eta gero esan zuen:

        — Gizon dotore artobero galanta ere egina zaude, e? Ohea, eta ohe jantziak, eta ispilua, eta tapiza lurrean... eta zure aitak zerriekin joan behar du lotara larru-lantegira. Ez dut inoiz honelako semerik ikusi. Apustu egingo nuke harrokeria batzuk kenduko dizkizudala zureak egin baino lehen. Ez al dute handinahikeria horiek bukaerarik? Aberatsa zarela diote, e? Zer da hori?

        — Gezurretan ari direla, hori da.

        — Aizu, kontuz gero nola hitz egiten didazun; neure eraman onaren mugara iristen ari naiz, beraz ez niri lotsagabekeriarik erantzun. Bi egun egin ditut herrian, eta zu aberatsa zinela beste konturik ez dut entzun. Ibaian behera nindoala ere gauza bera entzun nuen. Horregatik etorri naiz. Bihar emango didazu diru hori. Nik behar dut.

        — Ez dut dirurik.

        — Gezurra da. Thatcher epaileak du. Hartu. Nik behar dut.

        — Ez dudala dirurik, esan dizut. Galdetu Thatcher epaileak, gauza bera esango dizu.

        — Ongi. Galdetuko diot, eta ederki ordain eraziko diot, arrazoirik ez badit ematen. Esan, zenbat diru duzu poltsikoetan? Nik behar dut.

        — Dolar bat besterik ez dut, eta nik ere behar dut...

        — Berdin dio zertarako behar duzun; atera eta kito.

        Txanpona hartu eta kosk egin zion ona zen ikusteko, eta gero whisky pixka bat edatera behera zihoala esan zuen; ez omen zuen ezer edan egun osoan. Estalpe gainera irten ondoren, burua sartu zuen berriz leihotik, eta madarikazioka hasi zitzaidan harropuzkerietan ibiltzeagatik eta bera baino hobea izaten ahalegintzeagatik, eta alde egin zuela iruditu zitzaidanean, berriz itzuli eta burua sartu zuen, eta esan zidan kontuz ibiltzeko eskola horrekin, nire atzetik ibiliko zela eta astindu egingo ninduela ez banion joateari uzten.

        Hurrengo egunean mozkortuta zegoen, eta Thatcher epailearen etxera joan zen eta indarkeriaz dirua kendu nahi izan zion, baina ezin izan zuen, eta gero zin egin zion legeak epailea behartzea lortuko zuela.

        Epaileak eta alargunak epaitegira jo zuten aita niregandik urrundu eta bietako bat nire zaindari izan zedin, baina epailea herrira iritsi berria zen eta ez zuen agurea ezagutzen, eta esan zuen auzitegiek ez zutela familietan trabarik egin behar eta ezta horiek bereizi ere, ahal izanez gero; esan zuen nahiago zuela umea aitarengandik ez bereiztea. Beraz Thatcher epaileak eta alargunak etsi egin behar izan zuten.

        Honek agurea poztu zuen eta ez zion atsedenik hartzen uzten. Zartailua hartu eta zigortu egingo ninduela esaten zuen goitik behera beltza eta urdina utzi arte ez banion dirurik ematen. Hiru dolar eskatu nizkion Thatcher epaileari, eta aitak dirua hartu zuen, eta mozkortu egin zen. Hantxe joan zen biraoka, madarikazioka, garrasika eta eztabaidaka, eta herri osoan halaxe ibili zen berunezko zartagina eskutan zuelarik, ia gauerdia arte. Gero atxilotu egin zuten. Hurrengo egunean epailearen aurrera eraman, eta espetxera bidali zuten astebeterako. Baina pozik zegoela adierazi zuen, semearen jabea bera zela, eta berak erakutsiko ziola.

        Kanpora irten zenean epaile berriak esan zion behar bezalako gizona bihurtuko zuela. Bere etxera eraman, eta garbi eta txukun jantzi zuen, eta etxean izan zuen gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen familiarekin batera, eta denek ondo baino hobeto tratatzen zuten. Afalondoan edan gabe egoteaz eta horrelako gauzez aritu ziren hizketan agureak negar egin zuen arte, eta esan zuen artaburua izan zela, eta hala jokatu zuela bizitza osoan, baina orain bizimodu berria hastera zihoala eta inor lotsatuko ez zuen gizona izango zela, espero zuela epaileak lagunduko ziola eta ez zuela gutxietsiko. Epaileak esan zion besarkatuko zuela hitz horiek esateagatik, eta negar egin zuen, eta emazteak ere negar egin zuen. Aitak esan zuen inoiz ez zutela ongi ulertu, eta epaileak esan zion sinesten ziola. Agureak esan zuen lur jota zegoen gizonak laguntza behar zuela, eta epaileak baietz erantzun zuen. Orduan negar egin zuten berriz. Oheratzeko orduan agureak zutik jarrita eskua luzatu zuen, eta esan zuen:

        — Begira iezaiozue, jaun eta andere guztiok; eman eskua, estutu. Esku hau zerri baten eskua izandakoa da, baina ez da hala izango hemendik aurrera; bizitza berri bati ekin dion gizon baten eskua duzue, eta hiltzeko prest dago horretan atzera egin baino lehen. Ongi entzun hitz hauek, ez ahaztu nik esandakoa. Esku garbia duzue orain, eman, ez beldurtu.

        Eskua eman zioten denek, batak bestearen atzetik, eta negar egin zuten. Epailearen emazteak musu eman zion eskuari. Gero agureak zin egitea sinatu zuen eta bere ezaugarria jarri zion. Epaileak esan zuen inoiz jasotako gertakizunik santuena zela hori, edo horrelako zerbait. Gero agurea gela dotore batean sartu zuten, gonbidatuen gelan alegia, eta gauean egarri indartsuak hartu zuen eta atariko teilatura atera zen leihotik eta euskarri batetik irrist egin eta berokia berrehun metroko baten truke eman zuen, eta berriz igo zen gelara, nahi izan zuen bezala ibili ondoren.

        Egunsenti aldera berriz irten zen kanpora, zahagia baino mozkorrago, eta zilipurdika erori zen teilatutik behera. Ezkerreko besoa bi tokitan puskatu zuen, eta hotzak akabatzen oso larri zegoen norbaitek egunak argitzean aurkitu zuenean. Eta konbidatuen gela ikustera joan zirenean, saioak egin behar izan zituzten hango uretan sartu aurretik.

        Epailea minduta zegoen. Ba omen zekien agurea bide onera ekartzeko modua fusila hartuta izan zitekeela, beharbada, baina ez zuela horretaz gain beste biderik ezagutzen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia