Laugarren atala

 

        Igaro ziren hiru edo lau hilabete, eta negu neguan ginen garai hartan. Ia denbora guztian izan nintzen eskolan, eta letrak ezagutzen nituen, irakur nezakeen, pixka bat idatzi ere bai, eta biderketako taulak ikasi nituen zazpi bider sei hogeita hamabost arte. Ez dut uste inoiz hori baino gehiago ikastea lortuko nuenik betiko bizi izango banintz ere. Matematika bost axola zait, dena den.

        Hasieran eskola gorrotatzen nuen, baina pixkanaka eraman ahal izan nuen. Oso nekaturik nengoenean piper egiten nuen, eta hurrengo egunean jasotzen nuen astinduak on egiten zidan eta indarberritzen ninduen. Beraz zenbat eta eskolara maizago joan orduan eta errazagoa egiten zitzaidan joatea. Jarri nintzen alargunaren ohituretara, eta ez zitzaizkidan hain gogorrak egiten. Etxean bizi, eta ohean lo egin beharrak traba egiten zidan gehienetan, baina eguraldi hotzak iritsi aurretik ihes egin eta basoan lo egiten nuen, batzuetan, eta honek lasaitu egiten ninduen. Nahiago nituen ohitura zaharrak berriak baino, baina horiek ere gustura hartzen nituen, neurri batean. Alargunak zioen pixkanaka ari nintzela aurrera egiten, eta ongi gainera. Ez zuela niregatik lotsarik sentitzen esaten zuen.

        Goiz batean gatzontzia mahai gainera bota nuen gosaritan. Berehala gatz pixka bat jasotzeko ahaleginak egin nituen, ezkerreko sorbalda gainetik bota, eta zoritxarra uxatu asmoz, baina Watson andereño aurrez aurre nuen, eta ez zidan utzi. Esan zuen:

        — Kendu eskuak hortik, Huckleberry! Hori iskanbila sortzen duzuna beti.

        Alargunak nire alde esan zuen zerbait, baina horrek ez zuen zoritxarra niregandik uxatuko, ongi nekien, bai. Gosaldu ondoren kanpora irten nintzen, kezkaturik eta beldurturik, non eroriko ote zitzaidan zerbait gainera eta zer izango ote zen neure buruari galdezka. Badira zoritxarra uxatzeko moduak, baina horren aurka ez zegoen zereginik. Horrenbestez ez nuen ahaleginik ere egin, poliki nenbilen, ordea, goibel eta kontuz.

        Etxe aurreko lorategira jaitsi nintzen, eta egurrezko hesitik beste aldera igarotzeko dauden eskailerak igo nituen. Elur-lapasta egin berria zegoen lurrean, eta norbaiten aztarnak ikusi nituen han. Harrobitik zetorren eta eskailera inguruan geratu zen pixka batean, eta gero lorategiko hesiaren ondotik aurrera egin zuen. Harrigarria zen sartu ez izana, han ondoan egon ondoren. Ezin nuen ulertu. Oso bitxia zen, izan ere. Atzetik joateko prest nengoen, baina hori egin aurretik makurtu eta aztarnak aztertu nituen. Hasieran ez nuen ezer sumatu, baina gero bai. Gurutze bat zuen ezkerreko botako takoiak bi iltze handiz egina, deabrua uxatzeko.

        Istant batean zutik jarri eta aldapan behera abiatu nintzen lasterka. Sorbalda gainetik atzera begiratu nuen noizean behin, baina ez nuen inor ikusi. Thatcher epailearen etxera ahal izan nuen bezain azkar iritsi nintzen. Esan zuen:

        — Zer duzu, gazte, horrela ito beharrean egoteko? Interesen bila al zatoz?

        — Ez, jauna —esan nuen—. Ba al dago ezer niretzat?

        — Bai, bai, sei hilabetekoa bart jaso nuen. Ehun eta berrogeita hamar dolarretatik gora dira. Dirutza galanta zuretzat. Hobe duzu diru hori niri inbertitzen uztea beste sei mila dolarrekin batera, bestela zuk hartzen badituzu gastatu egingo dituzu eta.

        — Ez, jauna —esan nuen—, ez ditut gastatu nahi. Ez ditut ezertarako nahi, ezta beste sei milak ere. Dena zuk edukitzea nahi dut. Zuri eman nahi dizkizut, sei mila dolarrak eta denak.

        Harritu egin zela zirudien, eta ezin zuela ezer ulertu. Esan zuen:

        — Zer, zer esan nahi duzu, mutiko?

        — Ez egin galderarik, mesedez —esan nuen—. Hartuko duzu, ezta?

        — Beno nahasturik nago. Zer gertatzen da?

        — Hartu mesedez —esan nuen—, eta ez ezer galdetu. Horrela ez dut gezurrik esan beharko.

        Pixka batean aztertu ondoren, esan zuen:

        — Hara, uste dut ulertzen dudala. Ondasun guztiak saldu nahi dizkidazu, eta ez eman. Hori dugu zuzenena.

        Gero zerbait idatzi zuen paper batean, irakurri eta esan zuen:

        — Ikusi hemen «ordainketa moduan» dioela. Horrek esan nahi du zuri zerbait erosi eta ordaindu egin dizudala. Hemen duzu dolarra. Orain, sinatu hemen.

        Sinatu eta alde egin nuen.

        Jim, Watson andereñoren beltzak, ilezko pilota bat zuen. Ukabila bezain handia zen, idi baten laugarren urdailetik ateratakoa, eta horrekin sorginkeriak egiten zituen. Esaten zuen izpiritua zuela barruan, eta hark dena zekiela. Beregana joan nintzen gau hartan, eta esan nion aita berriro inguruan zebilela, elurretan haren aztarnak aurkitu bainituen. Zer egingo ote zuen, eta geratzeko asmorik izango ote zuen jakin nahi nuen. Jimek ile matazaren pilota atera eta zerbait esan zion, eta gero altxa eta lurrera bota zuen. Sendo xamar erori zen, eta zentimetro gutxi batzuk egin zituen. Jimek berriro egin zuen gauza bera, eta beste behin, eta berdin-berdin mugitu zen. Jim belaunikatu, belarria hurbildu eta entzuten geratu zen. Baina ez zuen ezer lortu, ez zuela hitz egingo esan zuen. Esan zuen batzuetan dirurik hartu gabe ez zuela hitz egiten. Gezurretako laurdeneko txanpona zahar lau bat nuela esan nion, baina ez zuela ezertarako balio latoia zilarrezko azaletik pixka bat ikusten zitzaiolako, eta inork ez zuela hartuko, baita latoia ikusiko ez balitz ere, hain zuzen ere oso laua izanik koipetsua gertatzen zelako, eta hori beti antzematen zitzaion. (Iruditu zitzaidan ez nuela ezer esan behar epaileak emandako dolarrari buruz). Esan nion ez zela batere diru ona, baina beharbada ilezko pilotak hartuko zuela, agian ez zuela aldea sumatuko. Jimek usaindu egin zuen, eta kosk egin, eta igurtzi, eta esan zuen moldatuko zela ilezko pilotari ona zela sinets erazteko. Esan zuen patata gordin bat erdibituko zuela eta laurdenekoa han sartu eta gau osoan han utziko zuela. Hurrengo goizean ez latoirik ikusi, eta koipetsua ere ez zela gertatuko esan zuen, eta horrenbestez herriko edonork berehala hartuko zuela, eta zer esanik ez ilezko pilota batek. Nik banekien patatak horretarako balio zuela, baina ahazturik nuen.

        Jimek laurdenekoa pilotaren azpian jarri zuen, makurtu eta berriz entzuten geratu zen. Oraingoan esan zuen pilota zuzen zebilela. Nahi izanez gero etorkizun osoa jakin eraziko zidala esan zidan. Aurrera egiteko esan nion. Ilezko pilotak Jimi hitz egin zion, eta Jimek niri adierazi zidan. Honela esan zidan:

        — Aitak ez daki oraindik zer egingo duen. Batzuetan iruditzen zaio alde egingo duela, eta gero berriz geratu egingo dela. Onena duzu lasai egon eta zaharrari nahi duena egiten uztea. Bi aingeru dabiltza bere inguruan. Bata zuria eta distiratsua da, bestea beltza. Zuriak tarte batean esaten dio zuzen ibiltzeko, gero beltza azaltzen zaio eta dena apurtzen du. Inork ezin du esan azkenean nork bereganatuko duen. Baina zu ongi zaude. Arazo ugari izango duzu bizitzan zehar, eta une alaiak ere bai. Zauriak izango dituzu, gaixorik egongo zara, baina beti gaindituko duzu. Zure bizitzan bi neska dabilzkizu inguruan hegan egiten. Bata ile argia eta bestea beltzarana. Bata aberatsa eta bestea pobrea. Pobrearekin ezkonduko zara lehenik eta gero aberatsarekin. Uretatik urruti egon behar duzu ahal duzun guztietan, eta arriskutan ez ibili, idatzita dago eta paperetan urkatu egingo zaituztela.

        Gau hartan kandela piztu eta gelara igo nintzenean, han zegoen aita eserita, huraxe bera!

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia