Hirugarren atala

 

        Goizean astindu ederra jaso nuen Watson andereño zaharraren eskutik, nire jantziak zirela eta, baina alargunak ez zidan errierta egin, koipea eta lokatza garbitu besterik ez; eta pixka batetan, ahal izanez gero, zintzo ibiltzea pentsatu nuen, hain goibeldurik zirudien. Gero Watson andereñok gelara eraman ninduen eta otoitz egin zuen, baina ez zuen ezer lortu. Esan zidan egunero errezatzeko, eta eskatzen nuen guztia izango nuela. Baina ez zen hala gertatu. Ahaleginak egin nituen. Behin batean arrantzan egiteko haria jaso nuen, baina amurik ez ordea. Ez zuen ezertarako balio amurik ez bazuen. Eskatu nituen amuak hiru edo lau alditan, baina horrek ez zuen ondorio onik ekartzen. Hori gertatu eta handik egun batzuetara Watson andereñori eskatu nion nire ordez otoitz egin zezan, baina esan zidan astakirtena nintzela. Ez zidan esan zergatik, eta nik ezin nuen hori inondik ere ulertu.

        Behin batean basoan eseri nintzen, eta luze aritu nintzen hartaz pentsatzen. Esaten nuen nirekiko, jendeak errezatuz gero eskatutako edozer gauza eskura badezake, zergatik Winn diakonoak ez du lortzen txerrikietan galdutako dirua? Zergatik ezin du alargunak lapurrek eramandako sudur-hautsetako zilarrezko kutxa berreskuratu? Zergatik ezin du Watson andereñok gizendu? Ez, esan nion neure buruari, honek ez du zentzurik. Alargunarengana joan eta horretaz galdegin nion, eta berak esan zidan errezatuz lortu zitezkeen gauzak «opari izpiritualak» zirela. Hau gehiegi zen nik ulertzeko, baina horren esanahia azaldu zidan: jendeari lagundu egin behar niola, eta ahal nuen guztia egin besteei laguntzeko, beti besteen ardura izan, eta inoiz ez kezkatu neure buruaz. Horrek Watson andereño ere barruan uzten zuen, nik ulertu nuen moduan behintzat. Basora irten eta denbora luzean erabili nuen gai hura buruan, baina ez nion aurrerapenik ikusten —beste jendearentzat ez bazen— beraz, erabaki nuen gehiago ez kezkatzea eta hura alde batera uztea. Batzuetan alargunak hartu eta berarekin eramaten ninduen. Jaungoikoaren Probidentziaz hitz egiten zidan inor pozez zoratzen jartzeko moduan, baina hurrengo egunean Watson andereñok hartu eta guzti hori goitik behera botatzen zuen. Erabaki nuen bi Probidentzia mota ikusten nituela, eta gizajo bat ongi xamar ibiliko zela alargunak erabiltzen zuen Probidentziarekin, baina Watsonenak harrapatzen bazuen inoiz ez zuela gauza onik aterako. Ongi aztertu nuen guztia, eta alargunarenarekin geratzea erabaki nuen, hark onartzen baninduen, izan ere ez bainuen ulertzen ni onartuz gero ezer aurreratzen zuenik, kontutan hartuz ezjakina, behe mailakoa eta buruhandia nintzela.

        Aita urtebete baino gehiago zen ez nuela ikusi, eta horrek lasaitu egiten ninduen. Ez nuen hura ezertarako ikusi nahi. Gogor astindu ohi ninduen edana ez zegoenean eta horrenbestez ni harrapatzea lortzen zuenean. Hala ere basoan egoten nintzen inguruan zebilen denbora guztian. Alegia, egun horietan ibaian itota aurkitu zutela zioten, herritik gora hamabi milatara, hala zioen jendeak. Bera zela uste zuten, edozein modutara ere. Bere neurriak omen zituen itotako gizonak, zarpail jantzita zegoen, eta ilea oso luzea omen zuen —dena aitaren berdin berdina— baina ezin izan omen zioten aurpegiaren ezaugarri bakar bat ikusi, izan ere, uretan horrenbeste denbora igaro zuenez gero, aurpegiaren antzik ere ez zuelako. Uretan bizkar gainean etzanda zihoala esan zuten. Handik atera eta ibai bazterrean lurperatu zuten. Baina ni ez nengoen lasai, zerbait bururatu zitzaidan eta. Oso ongi nekien gizon bat itotzen denean ez dela bizkar gainean gorantz begira geratzen, beherantz baizik. Orduan konturatu nintzen, hura ez zela aita, gizon jantziak zeramatzan emakume bat baizik. Berriz kezkaturik nenbilen. Agurea noiznahi azalduko zitzaidala uste nuen, nik nahi ez banuen ere.

        Hilabetean ibili ginen batean edo bestean lapurretetara jolasten, eta gero utzi egin nion. Mutil guztiek gauza bera egin zuten. Ez genion inori ezer lapurtu, ezta inor hil ere, itxurak egin besterik ez. Basotik jauzi egin eta arrapaladan joaten ginen eraso egitera zerri-eramaile eta gurdietan barazkiak azokara eramatera zihoazen emakumeei, baina ez genuen inoiz horietako bakar bat preso hartu. Tom Sawyerrek zerriei «lingote» esaten zien, eta arbi eta barazkiei «bitxiak». Gero leize-zulora joaten ginen eta egindakoaz hitzaldiak ematen genituen, alegia, zenbat jende hil eta zenbat jenderi egin genizkion marrak gorputzean. Baina jokoari ez nion abantailarik ikusten. Behin batean Tomek mutil bat bidali zuen herrian atzera eta aurrera korrika ibiltzera zuzia zeramala, eta esaten zuen hori dei bat zela (taldea biltzeko seinalea, hain zuzen ere), eta gero adierazi zuen espiek ekarritako berri sekretuak zituela. Hurrengo egunean Espainiako merkatari asko eta arabiar aberatsak leize-zuloak egiten zuen tartean ezarriko zirela berrehun elefante, seiehun ganbelu, eta mila asto mandotik gora zituztelarik, guztiak diamantez zamaturik, eta laurehun soldadu besterik ez omen zituzten zaintzeko, horrenbestez bat-batean eraso egin geniezaiekeen enboskadan, hark esaten zuen bezala, eta jendea hil eta gauzak eraman. Esan zuen ezpatak eta pistolak garbitu eta txukundu beharko genituela, eta pronto izan. Ez zion arbiz betetako gurdi bati ere eraso egingo ezpatak eta pistolak lanerako txukun eta ongi prestatu gabe, langa eta erratzak besterik ez baziren ere; eta lehertu arte nahi zenuen guztia igurtzita ere horiek ez zuten garbitu aurretik balio zuten errauts piloa baino gehiago balioko. Ez nuen uste espainiar eta arabiarren jendetza hura astindu genezakeenik, baina elefanteak eta ganbeluak ikusi nahi nituen, eta horregatik enboskada egiteko zain egon nintzen hurrengo egunean, larunbata zen. Aginduaren hitza iritsi zitzaigunean, korrika abiatu ginen basotik mendian behera. Baina han ez zen ez espainiar ez arabiarrik, ez ganbelu, eta ez elefanterik. Igandeetako eskolaren egun-pasa besterik ez zen, eta lehenengo urteko ikasleak ziren. Festa hankaz gora jarri genuen, eta umeak harrapatu eta zulora eraman genituen, baina opilak eta mermelada pixka bat besterik ez genuen lapurtu, Ben Rogersek trapuzko panpina bat harrapatu bazuen ere, eta Joe Harperrek mezetako kantu liburua, eta elizako paperak. Orduan irakaslea etorri zitzaigun, dena bertan utzi erazi zigun, eta handik etxera bidali gintuen. Nik ez nuen han inongo diamanterik ikusi, eta Tom Sawyerri hala esan nion. Esan zuen ehunka zeudela, izan ere; eta arabiarrak ere bazirela bertan, eta elefanteak, eta gauzak. Orduan esan nuen:

        — Eta zergatik ez ditiagu ikusi?

        Berak esan zidan hain tentela izango ez banintz, eta «Don Kixote» izeneko liburua irakurri izan banu, galdera egin gabe jakingo nuela zergatik. Esan zuen dena sorginkeriaz gertatzen zela. Ehunka soldadu zeudela han, eta elefanteak, altxorrak, eta abar, baina etsaiak, hark zioenez, sorginen antzekoak genituen, eta horrela gauza guzti horiek haurren igandeetako eskola bihurtu zituztela, amorruz besterik gabe. Esan nuen, konforme nengoela, eta orduan guk egin behar genuena sorgin horiek harrapatzera joatea zela. Tom Sawyerrek esan zuen txoriburua nintzela.

        — Baina —esan zuen—, sorgin batek jeinu askori dei egin ziezaiekek, eta horiek txiki-txiki egin hazakete, hik hitz erdia esan baino lehenago. Zuhaitzak bezain luzeak dituk, eta eliza bezain handiak.

        — Beno —esan nuen—, pentsa ezak horietako jeinu batzuk gure alde borroka egiteko lortzen ditugula, ez al geniezaiekean orduan beste horiei irabazi?

        — Nola eskuratu behar dituk?

        — Ez zekiat. Nola eskuratzen ditiztek besteek?

        — Berunezko lanpara zaharra edo burdinazko eraztuna igurtzi egiten diate, eta orduan jeinuak azaltzen dituk bat-batean, tximistak eta trumoiak inguruan dituztelarik, eta kea alde guztietan, eta esaten zaien guztia egiten diate. Ez zaiek zaila iruditzen dorre astun bat sustraietatik atera, eta harekin igandeetako eskolako irakasleari, edo beste gizon bati buruan ematea.

        — Eta nork mugi erazten ditik era horretara?

        — Lanpara edo eraztuna igurzten duenak. Lanpara eta eraztuna igurzten duenarenak dituk, eta berak esandakoa egin behar diate. Hark esaten badu hogei mila luzera neurtzen dituen jauregia eraiki behar dutela, diamantez egin ere, eta hura txiklez bete, edo beste edozer gauzaz, edo Txinara hirekin ezkontzeko enperadorearen alabaren bila joan, hori egin beharra diate, eta gainera hurrengo egunean eguzkia atera aurretik egin behar diate. Are gehiago, jauregia alde batetik bestera eraman behar diate lurralde osoan zehar hik nahi duan lekuraino, ulertzen al duk?

        — Bada —esan nuen—, nik uste diat txoriburu galantak direla jauregia beraientzat ez gordetzeagatik, eta alferrik galtzeagatik. Gainera, horietako bat banintz ezta erotuta ere ez nuke nire zeregina utziko berunezko lanpara zaharraren igurzketara joateko.

        — Zer diok, Huck Finn. Ba hantxe azaldu beharko huke, nahi izanda edo nahi gabe.

        — Zer? Eta ni zuhaitza bezain luzea eta eliza bezain handia izanik? Ederki bai, azalduko nintzateke, baina gizon horri lurraldeko arbolarik luzeenera igotzeko aginduko nioke.

        — Arraioa, alferrik duk hirekin hitz egitea, Huck Finn. Ezer ez dakiala dirudi, txepela, ez bestena!

        Guzti horretan aritu nintzen pentsatzen bi edo hiru egunetan, eta inongo zentzurik ba ote zuen aztertzea erabaki nuen. Berunezko lanpara zahar bat nuen eta burdinazko eraztuna. Horiek hartu, basora joan, eta igurtzi eta igurtzi aritu nintzen izerdi patsetan jarri arte, jauregia eraiki eta saltzeko ametsetan, baina alferrik, ez zen inongo jeinurik azaldu. Orduan erabaki nuen saltsa guztia Tom Sawyerren asmazioetako bat zela. Nik uste dut berak arabeetan eta elefanteetan sinesten zuela, baina nik beste era batera ikusten nituen gauzak. Igandeetako eskolaren itxura guztiak zituen hark.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia