Bigarren atala

 

        Hanka punttetan joan ginen bidexkan barrena arbolen artean alargunaren baratzea bukatzen zen lekuraino, makurturik zuhaitz adarrek geure buruen kontra karrask egin ez zezaten. Sukalde aurretik igarotzerakoan sustrai batekin oztopo egin genuen eta zarata entzun zen. Makurtu eta ez ginen mugitu. Watson andereñoren beltz handia, Jim izena zuena, sukaldeko ate ondoan eserita zegoen. Ederki ikus genezakeen, argia baitzuen atzean. Zutitu, eta minutu bat eman zuen lepoa luzatuta, adi-adi.

        — Nor dabil hor? —galdetu zuen.

        Pixka batean entzuten geratu zen; gero hanka punttetan hurbildu eta hain zuzen ere gu bion artean geratu zen; ia-ia ukitu genezakeen. Izan ere, minutuak eta minutuak izango ziren batere hotsik entzun gabe, eta gu hantxe denak elkarren ondoan. Txorkatilak azkura ematen zidan leku batean, baina ez nintzen ausartzen hatz egitera. Gero belarria hasi zitzaidan azkura ematen eta ondoren bizkarra, juxtu-juxtu sorbalden artean. Hil egingo nintzela uste nuen hatz egiten ez banuen. Beno bada, orduz gero askotan sentitu dut gauza bera. Handikien artean zaudenean, edo hiletetan, edo lo egin nahi duzunean logurarik izan gabe..., edozein lekutan zaudela ere, baina gaizki ikusita baldin badago hatz egiten hastea, bada orduan gorputzean goitik behera mila tokitan izango duzu azkura. Berehalaxe esan zuen Jimek:

        — Esan, nor zara zu? Non zaude? Deabruak naramala zerbait ez badut entzun. Ederki, nik badakit zer egingo dudan. Hementxe eseriko naiz eta erne egongo naiz berriz entzuten dudan arte.

        Halaxe bada, lurrean eseri zen ni eta Tomen artean. Bizkarra arbola baten kontra jarri zuen, eta hankak luzatu zituen, bere hanka batek ia nirea ukitu zuelarik. Sudurra azkura ematen hasi zitzaidan. Azkura eta azkura ematen zidan begiak malkoz bete zitzaizkidan arte. Baina ez nintzen hatz egitera ausartzen. Gero barrualdetik sentitzen nuen azkura. Ondoren azpialdetik hasi zitzaidan. Ez nekien nola geldirik egon han eserita. Zoritxar honek sei edo zazpi minutu iraun zituen, baina askoz luzeagoa egin zitzaidan. Hamaika leku desberdinetan sentitzen nuen azkura. Iruditu zitzaidan minutu bakar batean ere ezingo nuela jasan, baina hortzak ongi estutu eta ahalegin guztiak egin nituen. Orduantxe bertan Jim arnasa indarrez hartzen hasi zen; gero zurrunka... eta berehala lasaitu nintzen berriz.

        Tomek keinu bat egin zidan —soinu txiki baten antzeko zerbait ahoa erabiliz— eta eskuak eta hankak lurrean jarrita aurrera egin genuen arrastaka. Hiru metrotara edo ginenean, isil isilik esan zidan Tomek belarrira arbola batera lotu nahi zuela Jim, barre pixka bat egiteko, baina nik ezetz esan nuen; esna zitekeen eta iskanbila sortu, eta orduan ni etxean ez nengoela konturatuko ziren. Gero Tomek esan zuen ez zituela kandela nahikoak eta sukaldean sartuko zela beste batzuk hartzeko. Nik ez nuen horrelakorik nahi. Esan nion Jim esna zitekeela eta etxera sartu. Baina Tomek bere burua arriskuan jarri nahi zuen; eta halaxe poliki-poliki sukalde barrura sartu ginen. Hiru kandela hartu genituen eta Tomek haiek ordaintzeko bost xentimo utzi zituen mahai gainean. Orduan handik kanpora irten ginen; ni gogo biziz nengoen handik ihes egiteko. Baina Tomek ez zuen nahi Jimengana lau oinetan arrastaka joatea besterik, eta derrigorrez, hari nolabait iseka egin. Zain geratu nintzen eta denbora luzea iruditu zitzaidan, dena isiltasunean eta bakardadean zegoen eta.

        Tom iritsi bezain laster, bizkor joan ginen bidexkan barrena. Baratzeko atea igaro eta etxearen beste aldean zegoen mendixka baten tontorreraino iritsi ginen. Tomek esan zuen kapela kendu ziola Jimi burutik eta bere gainean zegoen zuhaitz-adar batean zintzilikatu zuela, eta Jim pixka bat mugitu zela, baina ez zela esnatu. Geroago Jimek esan zuen sorginek aztikeriak egin eta estualdian jarri zutela, eta Estatu osoan ibili zirela bere gainean. Gero arbolen azpian eseri zutela eta kapela adar batean zintzilikatu ziotela hura nork egin zuen jakin zedin. Eta berriro kontatu zuenean sorginek New Orleanseraino eraman zutela esan zuen. Eta haren atzetik, gertakizun hura kontatzen zuen bakoitzean gero eta gehiago luzatzen zuen. Eta azkenean, behin eta berriro kontatuz, mundu osoan zehar eraman zutela esan zuen, eta leher eginik ia hiltzeko zorian utzi zutela, eta bizkarra zelak egindako zauriz josita zuela. Jim harro baino harroago zegoen gertakizun hartaz, eta hain harro ere ezen ia inguruko beltzei kasurik ez baitzien egiten. Urrutitik etortzen ziren beltzak Jimi pasadizo hura kontatzen entzutera, eta lurralde honetako beste edozein beltz baino miretsiagoa izan zen. Inork ezagutzen ez zituen beltzak bere aurrean jartzen ziren ahoa zabal-zabalik, gizona gauza miragarria balitz bezalaxe. Beltzak beti sorginez hizketan aritzen ziren iluntasunean sukaldeko sutondoan, baina bat hizketan hasten bazen eta adierazten baldin bazuen berak bazekiela gai horretaz jakin beharreko guztia, Jim aurrean azaltzen zitzaion eta esaten zion: «Tira! Zer dakik hik sorginei buruz?», eta beltz hura ahoan kortxo bat jarrita bezalaxe geratzen zen eta atzeko eserlekura joan beharra izaten zuen. Jimek beti izaten zuen lepoan hari batetik zintzilik bost xentimoko txanpon hura; deabruak berak bere eskuz emandako kutuna zela esaten zuen, eta harekin edozein senda zezakeela eta sorginei noiznahi dei egin ziezaiekeela esan ziola deabruak, txanponari zerbait esate hutsarekin. Baina Jimek ez zuen inoiz esan txanponari esan behar zitzaiona. Nonahitik etortzen ziren beltzak eta edozein gauza ematen zioten Jimi bost xentimoko txanpona hura ikustearren, baina ez zuten ez ukitzen, deabruaren eskutan egona zen eta. Jim bukatuta zegoen zerbitzari lanetarako. Harroputza bilakatu zen deabrua ikusi eta sorginek alde batetik bestera eraman omen zutelako.

        Beno bada, Tom eta biok mendixkaren tontorreko ertzera iritsi ginenean, herri txikirantz begiratu genuen eta hiru edo lau argi distiratzen ikusi ahal izan genituen, jendea gaixorik zegoen lekuetan, beharbada; eta izarrak ederrak benetan geure gainean dir-dir egiten. Eta han behean herri txikiaren ondoan ibaia ikusten genuen, mila osoa zabalean, eta ikaragarri isila eta harrigarria. Mendixkan behera joan eta Jo Harper eta Ben Rogers aurkitu genituen beste bi edo hiru mutilekin, larru biltegi zaharrean ezkutaturik. Txalupa bat askatu eta ibaian behera bi mila eta erdi egin genituen mendialdeko harkaitz handiraino, eta lehorrera iritsi ginen.

        Zuhaixka pila batera hurbildu ginen, eta Tomek guztiei zin egin erazi zien isilpean gordeko zutela, eta gero mendian zulo bat erakutsi zien, hain zuzen ere zuhaixken inguru itxienean. Orduan kandelak piztu eta lau oinetan barrura sartu ginen arrastaka. Berrehun metro edo egin genituen eta han leize-zuloa zabaldu egiten zen. Tom hango bideetan begiratzen ibili zen eta berehala horma baten ondoan makurtu zen, han beste zuloa zegoenik inork pentsatuko ez zuen lekuan. Bide estu batetik aurrera joan ginen eta gela antzeko batera iritsi, guztiz hezea, izerditsua eta hotza, eta hantxe geratu ginen. Esan zuen Tomek:

        — Orain lapur taldea eratuko diagu eta Tom Sawyerren banda deituko zioagu. Elkartekoak izan nahi duten guztiek zin egin beharko diate eta odolarekin izenpetu.

        Denek nahi zuten. Beraz Tomek paper bat atera zuen bertan zin egin beharrekoa idatzita zegoelarik, eta irakurri egin zuen. Mutil bakoitzari zin egin erazi zion taldeko partaide izango zela eta ez zituela inoiz hango sekretuak kanpoan esango; eta inork taldekoren bati ezer egiten baldin bazion, taldeko edozein mutil izan zitekeela aukeratua pertsona hura eta bere familia hiltzeko, eta hala egitera beharturik zegoela, eta ezingo zuela ez jan ezta lo egin ere haiek hil eta bularrean gurutze baten arrastoak egin arte, taldearen ezaugarria baitzen gurutzea. Eta inork ezingo zuela seinale hori erabili taldekoa ez baldin bazen, eta hala egingo balu salatua izan beharko zuela; eta bigarren aldiz egingo balu hil egingo zutela. Eta bandakoa zen edonork sekretuak handik kanpora esaten bazituen, lepoa moztuko zioten, eta hezurrak erre eta haren hautsak airean sakabanatu, eta izena zerrendan odolez estaliko zuten, eta taldeak ez zuen inoiz aipatuko, aitzitik madarikatua izango zen eta betiko ahaztua.

        Oso juramentu polita iruditu zitzaien denei, eta Tomi galdegin zioten ea berak asmatutakoa ote zen. Esan zuen zati bat baietz, baina gainontzekoa pirata liburu batetik atera zuela, eta lapurreta liburuetatik, eta goi-mailako banda guztiek erabiltzen zutela.

        Batzuen ustez ona litzateke sekretuak esaten zituzten mutilen sendikoak hiltzea. Tomek esan zuen ideia ona zela, eta arkatza hartu eta hura idatzi zuen. Gero Ben Rogersek esan zuen:

        — Hemen diagu Huck Finn, horrek ez dik sendikorik, zer egingo duk horrekin?

        — Beno, ez al dik aitarik? —esan zuen Tom Sawyerrek.

        — Bai, aita badik, baina ezinezkoa duk orain inon topatzea. Mozkorra harrapatu eta zerrien artean etzan ohi huen larru-apaindegian, baina ez diate inguru hauetan ikusi urtebetez edo gutxienez.

        Hartaz aritu ziren, eta taldetik kanporatu nahi ninduten, esaten baitzuten familiakoren bat edo hiltzeko norbait izatea nahitaezkoa zela, eta bestela ez litzatekeela zuzena eta garbia izango besteentzat. Inork ezin zuen erabaki zer egin —denak kezkaturik zeuden eta geldi-geldirik—. Ia negarrez hasi nintzen, baina halako batean irtenbidea bururatu zitzaidan, eta Watson andereño proposatu nuen —hori hil zezaketen—. Denek esan zuten:

        — Ondo zegok, ondo zegok. Ederki. Huck taldekoa izan litekek.

        Gero orratza hartu eta hatzetan zulatu zuten handik sinatzeko odola atera zedin, eta nik ere seinalea utzi nuen paperean.

        — Eta orain —esan zuen Ben Rogersek—, zein izango diagu bandaren zeregina?

        — Lapurretak eta hilketak besterik ez —esan zuen Tomek.

        — Baina zer lapurtu behar diagu? etxeak, edo abereak, edo...

        — Huskeriak, zera! Abereak eta antzekoak harrapatzea ez duk lapurreta, horiek lapurreta txikiak dituk. Gu ez gaituk lapurtxoak. Horiek ez diate batere estilorik. Gu bide-erasotzaileak gaituk. Aurpegiak maskaraz estalita, dilijentziak eta gurdiak geldituko ditiagu bideetan, jendea hilko diagu, eta horien erloju eta diruak eramango ditiagu.

        — Beti hil beharko al diagu jendea?

        — A, bai. Hobe duk. Aditu batzuek bestela uste diate, baina gehienek hiltzea hobe dela esaten diate. Ez badira behintzat hona leize-zulora ekarritako gutxi batzuk, erreskatatzera bila etorri arte hemen gorde beharrekoak.

        — Erreskatatzera? Zer duk hori?

        — Ez zekiat. Baina hori duk egiten dutena. Liburuetan ikusia diat; eta noski horixe duk guk ere egin beharko duguna.

        — Baina nola egingo diagu zer den jakin gabe?

        — O, madarikatu alaena, hala egin behar diagu. Ez al diat esan liburuetan irakurri dudala. Zer nahi duk, liburuetan jartzen ez duena egitea, eta gauza guztiak nahastea?

        — Bai, ondo zegok hori, Tom Sawyer, baina nola demontre erreskatatuko ditiztek lagun horiek, ez badakigu nola egien den hori? Horretara nahi zian iritsi. Eta hik zer uste duk izan daitekeela hori?

        — Beno, ez zekiat. Beharbada hemen gordetzea erreskatatuak izan arte, hil arte gordetzea esan nahiko dik.

        — Horrek antzik badik. Balio dik. Zergatik ez duk lehenago esan? Hemen gordeko ditiagu hiltzeko erreskatatuak izan arte, eta ikusiko duk nolako lanak emango dizkiguten dena jan nahian eta beti ihes egiteko ahaleginetan dabiltzanean.

        — Zer diok, Ben Rogers. Nola alde egingo diate gainean zaindaria badute izpi bat mugitzen badira tiro egiteko prest.

        — Zaindaria. Hori ederki zegok. Orduan norbaitek gau osoa esna egon beharko duk behin ere loak hartu gabe, horiek zaintzeko besterik gabe. Hori lelokeria iruditzen zaidak. Zergatik ezin dik batek makila hartu eta horiek erreskatatu iristen diren bezain laster?

        — Hori ez zetorrek liburuetan, eta horregatik. Eta orain Ben Rogets, gauzak ohiko moduan egin nahi al dituk, ala ez? Hori duk koska. Ez al duk uste liburuak egiten dituztenek badakitela gauzak egiteko modu zuzena zein den? Horiei erakustea pentsatzen al duk? Ezta pentsatu ere, ez jauna, segi ezak eta erreskatatu itzak ohiko moduan.

        — Konforme. Berdin ziok, baina zorakeria iruditzen zaidak hala ere. Esan, emakumezkoak ere hil behar al ditiagu?

        — Zera, Ben Rogers, hi bezain ergela banintz ez nuke agerian utziko. Emakumezkoak hil. Ez, inork ez dik liburuetan halakorik ikusi. Leize-zuloraino lagunduko diek, beti eztia bezain gozo haien aurrean, eta pixkanaka-pixkanaka hitaz maiteminduko dituk, eta ez diate etxera itzuli nahiko.

        — Hala bada, konforme, baina ez zioat horri kasu gehiegi egingo. Laster leize-zuloa emakumez, eta erreskatatzeko zain daudenez josita izango diagu, eta lapurrak lekurik gabe geratuko gaituk. Baina segi aurrera, ez diat ezer esango.

        Tommy Barnes txikia lotan zegoen, eta esnatu zutenean ikaratu, eta negarrez hasi zen. Etxera amarengana joan nahi zuela esan zuen, eta ez zuela berriz lapur izan nahi.

        Orduan denek haren kontura barre egin zuten, eta negarti esan zioten. Bere onetik atera zen, eta sekretu guztiak esango zituela mehatxu egin zuen. Tomek, orduan, bost xentimo eman zizkion isilik egon zedin, eta etxera joango ginela, eta hurrengo astean norbaiti lapurretan egin, eta zenbaitzuk hilko genituela esan zuen.

        Ben Rogersek esan zuen ezin zuela askotan irten, igandeetan besterik ez, eta hurrengo igandean hastea proposatu zuen. Baina mutil guztiek erantzun zuten igandean hastea gaiztakerian erortzea izango litzatekeela, eta horrek konpondu zuen guztia. Bat etorri ziren ahal bezain pronto elkartuko zirela eguna jartzeko, eta gero Tom Sawyer aukeratu zuten bandako lehenengo kapitaina eta Joe Harper bigarrena, eta etxerantz abiatu ziren.

        Estalpean gora igo eta leihotik sartu nintzen eguna argitu baino pixka bat lehentxeago. Arropa berriak koipez eta lokatzez zikinak nituen, eta ni leher eginda nengoen.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia