Lehenengo atala

 

        Ez duzu nire berri izango, baldin eta ez baduzu Tom Sawyerren abenturak izeneko liburua irakurri, baina lasai horregatik. Liburua Mark Twain jaunak idatzi zuen, eta hark egia esan zuen, gehienetan. Zenbait gauza berak asmatu zituen, baina ia beti egia esan zuen. Horrek ez du batere garrantzirik. Ez dut inor ezagutu inoiz gezurrik esan ez duenik, une batean edo bestean, izeba Polly ez baldin bazen, edo alarguna, edo beharbada Mary. Izeba Polly —Tomen izeba Polly, alegia— eta Mary, eta Douglas alargunari buruzko guztia liburu horretan esana dago eta gehien bat egia esaten digun liburua da, zenbait gehiegikeria baditu ere, lehentxeago esan bezalaxe.

        Zera, hauxe da liburuaren amaiera: Tom eta biok lapurrek leize-zuloan gordetako dirua aurkitu genuen, eta hala aberastu egin ginen. Sei mila dolar hartu genituen bakoitzak... dena urrea. Ikaragarrizko diru ikuskizuna zen dena batera pilaturik zegoenean. Bada, Thatcher epaileak dirua hartu eta interesak emateko moduan jarri zuen, eta egunean dolar bana ematen zigun, urte osoan zehar... diru guzti harekin zer egin ere inork asmatuko ez lukeelarik. Douglas alargunak semetzat hartu ninduen, eta uste zuen zibilizatuko ninduela; baina gogorra zen etxean bizi behar izatea denbora guztian, kontutan harturik ze goibel, arrunt eta txukuna zen alarguna bere ohitura guztietan; eta hura gehiago jasan ezin izan nuenean, hanka egin nuen. Nire jantzi zaharretan eta lotarako kanaberazko kupelean sartu nintzen berriz, eta aske eta pozik nengoen. Bai naTom Sawyerrek aurkitu egin ninduen eta esan zidan lapur talde bat eratu behar zuela, eta beraiekin elkartu nintekeela baldin eta alargunarengana joan eta errespetagarri bilakatzen baldin banintzen. Hala bada itzuli egin nintzen.

        Alarguna negarrez hasi zitzaidan, eta ardi galdu gaixoa deitu zidan, eta bestelako gauza asko deitu ere bai, baina ziur ez zuela asmo txarrik izan. Arropa berrian sartu ninduen berriz, eta izerditu eta izerditu besterik ezin nuen egin, eta dena estu-estu egon. Eta, orduan betiko kontu zaharra hasi zen berriro. Alargunak afaltzeko txirrina jotzen zuen, eta berehala han egon behar zenuen. Mahaira iritsi orduko ezin zenuen bazkaltzen hasi, aitzitik itxaron egin behar zenuen alargunak burua makurtu eta janariaren aurka ahopeka esandakoak amaitzen zituen arte, nahiz eta jatekoari ezer ez gertatu. Hau da, gauza bakoitza leku batean prestaturik zegoela besterik ez. Kondarren balde batean ez da hala izaten, gauzak nahastu egiten baitira, eta ur zukuak batak bestearekin elkartu, eta dena hobea izaten da.

        Afalondoan liburu bat atera zuen eta Moise eta Ihien berri eman zidan; eta izerdia zeridan han buruzko guztia jakin minez, baina geroxeago ihes egin zion Moise aspaldi xamar hilik zegoela, eta beraz ez nuen hartaz ezer gehiago jakin nahi izan, ez baitiet hildakoei kasurik egiten.

        Handik pixka batera erretzeko gogoa izan nuen, eta baimena eskatu nion alargunari. Baina ez zidan eman. Ohitura zabarra zela hura esan zidan eta ez zela garbia, eta ahaleginak egin behar nituela berriz ez erretzeko. Halakoxeak izaten dira batzuk. Gauza bati buruz aritzen dira hartaz ezer jakin gabe. Hementxe duzu alarguna Moiserengatik kezkaturik, bere sendikoa izan gabe, eta inori ezertarako balio ez ziolarik, desagerturik baitzegoen, eta ikusten duzu, dena niri errua gogor bota nahian zebilelako, onik ere bazuen zerbait egiten aritu nintzelako. Eta berak sudur-hautsa hartzen zuen, noski hori zuzen zegoen, berak egiten zuen eta.

        Ahizpa, Watson andereño, neskazahar argal xamarra eta betaurrekoduna, iritsi berria zen berarekin bizitzera. Hark ere niri eraso egin behar alfabetoa irakatsi nahian. Nahikoa gogor lan egin erazten zidan ordubetez edo, baina orduan alargunak lana erraz erazten zion. Ezin izango nuen luzaroan jasan. Gero beste ordubete aspergarri baino aspergarriagoa izaten nuen eta ni oso urduri egoten nintzen. Watson andereñok esaten zuen: «Ez jarri oinak hor gainean, Huckleberry», eta «Ez horrela makurtu, Huckleberry... jarri tente»); eta berehalaxe esaten zuen, «Ez ahorik zabaldu eta ez nagiak atera, Huckleberry... zergatik ez zara zintzo egoten?» Orduan zoritxarreko lekuari buruz hasi zitzaidan, eta nik esan nion han egotea gustatuko litzaidakeela. Hura entzun ondoren bere onetik atera zen, baina nik ez nion hura asmo txarrez esan. Nonbaitera joan besterik ez nuen nahi. Aldaketa nahi nuen besterik ez eta horretarako ez nuen gehiegi eskatzen. Esan zidan halako gauzak gaizkileek esaten zituztela eta berak ezergatik ere ez zituela esango. Berak zorioneko lekura joateko moduko bizitza izango zuen. Bada, alegia, ez nion alde onik ikusi hark aukeratutako tokira joateari, eta erabaki nuen haren atzetik ez ibiltzea. Baina ez nion ezertxo ere esan, buruhausteak besterik ez baitzituen ekarriko eta batere gauza onik ez.

        Harekin hasi zenez gero, aurrera egin zuen eta zorioneko lekuari buruzko gorabehera guztiak esan zizkidan. Batek han egin behar zuen guztia egun osoa harpa eskutan hartu eta musika jotzen eta abesten ibiltzea zela esan zidan, behin eta betiko. Horrenbestez ez nuen hura oso gogokoa. Baina ez nion ezer esan. Galdegin nion berak zer uste zuen, ea Tom Swayer bertara joango zen, eta ezetz esan zuen, ezta pentsatu ere. Horrek poza eman zidan, hura eta biok elkarrekin egotea nahi nuen eta.

        Watson andereñok niri zirikatzen aurrera egin zuen eta orduan nekagarria eta bakartia bilakatu zizkidan guzti hori. Handik tarte batera beltzei dei egin zieten, otoitz egiten hasi ziren eta gero ohera joan ziren denak. Gelara igo nintzen kandela mutur bat eskutan hartuta eta mahai gainean jarri nuen. Orduan leiho ondoko aulki batean eseri nintzen eta gauza alairen batez pentsatzen ahalegindu nintzen, baina alferrik izan zen. Hain bakarrik ikusten nuen neure burua ezen hilik egon nahi bainuen. Izarrak zeruan distiratzen zuten eta hostoak basoan marmarka ari ziren gogaiturik baleude bezala. Ontza entzun nuen orduan, urrutian, oihu egiten ari zela hildako batengatik, eta gaubele bat eta zakur bat negarrez hiltzera zihoan norbaitengatik; eta haizeak zerbait esan nahi zidan nik ulertzen ez niona, hotzikarak hartu ninduelarik. Orduan basoan urruti oihu bat entzun nuen, arimek beren baitan zerbait dutenean eta ongi adierazi ezin dutenean egiten duten oihu horietako bat, eta hala, hilobian ezin egonik gau osoan atzera eta aurrera aieneka ibili behar izaten dute.

        Hura nahigabea eta beldurra, lagunen bat izan nahi nuen ondoan. Berehalaxe armiarma bat bizkar gainera tapa-tapa igotzen ari zitzaidala ikusi nuen. Eskua gainean jarri, kanpora bota eta hantxe kandela gainean geratu zen; eta mugitu ahal izan nuenerako kiskalita zegoen. Ez zidan inork esan behar hura ikaragarrizko seinale txarra zela eta zoritxarra etorriko zitzaidala atzetik. Beldurrak akabatzen nengoen eta arropak galdu nituen ia. Zutik jarri eta hiru itzuli egin nituen nire oin arrastoen inguruan eta aldi bakoitzean aitaren egin nuen; eta gero hari puska bat harturik ile-xerlo bat lotu nuen sorginengandik libre egoteko. Baina ez nuen batere uste onik. Hori egiten da aldez aurretik aurkitutako zaldi-ferra, atearen gainean zintzilik jarri ordez, galdu egiten baldin baduzu, baina ez nion nik inori entzun hura ere zori txarra uxatzeko modua zela armiarma hiltzen zenuenean.

        Berriro eseri nintzen, goitik behera dardarka, eta pipa atera nuen erretzeko, etxea isil isilik baitzegoen orduantxe eta alargunak ez zuen ezer sumatuko. Bada, tarte luze baten ondoren, urrutian herrian erlojua entzun nuen dan ...dan...dan... hamabi danbateko; eta ondoren isiltasun osoa...; inoiz baino handiagoa. Berehalaxe zuhaitz-adar bat karrak egiten entzun nuen, han ilunpean arbolen artean..., zerbait ari zen mugitzen. Geldi-geldirik geratu nintzen, entzuten. Orduantxe doi-doi entzun nezakeen miau! miau! hotsa, han behean. Hura bai zela berri ona! Nik, miau! miau!, ahal izan nuen bezain modu isilenean esan nuen. Gero argia itzali eta leihotik arrastaka atera nintzen estalpe gainera. Ondoren lurreraino irristatu eta arbolen artean lau oinetan ibili nintzen, eta zalantzarik gabe, hantxe nuen Tom Sawyer nire zain.

 

 

 

© Mark Twain

© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia