Mark Twain

 

        Samuel Lagghorne Clemens Floridan sortu zen, Missourin, 1835. urteko azaroaren 30ean; aita, John Marshal Clemens, abokatua, jaiotzez Virginiakoa; ama, Jane Lampton, Kentuckykoa. Lau urte zituenean, familia Missouriko Hannibalera joan zen bizitzera, Mississippi ibaiaren ondoko herri txiki batera, eta bertan bizi izan zen hemezortzi urte egin zituen arte. Eskola heziketa laster amaitu zitzaion, aita 1847an hil baitzen. Orduan inprentari ikasle bilakatu zen, tarte batean Missouriko Curier-en lan egin zuelarik, Orion anaia zaharrenaren esanetara. 1835tik aurrera bidaia ugari egin zituen, inprimategiko bidai gizona zenez gero, ekialdeko eta mendebaldeko estatuetara.

        Mississippin barrena egin zuen bapore bidaian Horace Bixby ezagutu zuen, ontziko kapitaina, eta ibaira aldatu zuen lanbidea. Urte t'erdiko ikasketak egin ondoren, 1859an ontzi gidari bilakatu zen. Mississippia utzi behar izan zuen Gerra Zibilak eztanda egin zuenean, eta txandaka-txandaka soldadu, Nevadan urre bilatzaile, egur tratugile eta kazetari izan zen. Artemius Ward eta Bret Harte ezagutu zituen garai horretan eta literaturgintzara hurbiltzen hasi zen Virginiako City Enterprise-rako lanean artiu zen bitartean «Mark Twain» ezizena erabili zuen, alegia, uraren sakontasuna neurtzen duen ontzi gidariaren oihua, izenak bi besalditako (hiru bat metro) neurria esan nahi duelarik, Hamabi oin. Izenaren hautaera ironiko xamarra ere bada, sakontasun hori ez baita oso egokia bapore handi batentzat. Bere lehenengo liburua Jumping Frog 1865ean argitaratu zuen. Sandwich Uharteetara, eta gero Mediterraneora eta Erdialdeko Ekialdera kazetari gisa egin zituen bidaiak arrakasta eman zioten jende aurreko hitzaldietan eta baita ere bere lehenengo literatur lan handia idazteko materiala, Innocents Abroad (1869).

        Olivia Langdonekin ezkondu zen hurrengo urtean, eta 1871an idazle arrakastatsu bilakaturik, Connecticuteko Hatforden etxe dotore batean bizi izan zen hurrengo hamazazpi urteetan. Garai horretan idatzi zituen lanik ezagunenak: Roughing It (1872), The Gilded Age (1873), The Adventures of Tom Sawyer (1876), Life of The Mississippi (1883) eta The Adventures of Hucleberry Finn (1884-85).

        Idazle lana hitzaldiekin tartekatu zuen eta atzerrira bidaiak egitearekin, enbaxadore amerikar bilakatu zelarik eta mundu osoan ibili zen baita ere Charles L. Webster argitaletxea eratzen. Bere literatur izena gero eta ezagunagoa egin zen arren, ezkortasun intelektuala eta gizadiarekiko etsipena areagotu egin zitzaizkion arrakastarekin batera. The Gilded Age, C. Dudley Warnerrekin batera idatzitakoa, hemeretzigarren mendeko gizarte amerikarrari bere aurkakotasuna adierazteko idatzita dago. Pud'nhead Wilson (1894) idatzi zuen urtean porrot egin zuten bere argitaletxe eta idazteko tresnen negozioek, eta berriro ere bidaiak egin behar izan zituen dirua irabazi eta zorrak ordaintzeko. Horietako bidaia batean zegoela hil zen Susy bere alaba. 1898an, zorrak ordaindu zituen urtean, hiru liburu idatzi zituen, hiruretan bere ezkortasun neurrigabea adierazten digularik, The Man that Corrupted Hadleyburg (1900an argitaratua), What is Man? (1906an argitaratua) idazlan filosofikoa, eta The Misterious Stranger (1916an argitaratua). Garai horretatik hil zen arte sinisgabekeria gogorra erakutsi zuen beri, zenbaitetan munduko arazoez iritzi zorrotzat eman zituelarik, batez ere Congoan belgikarrek egin zituzten astakeriei zegozkienak eta amerikarrek Filipinetan. Azken urtea tamalgarria izan zuen; emaztea 1904ean hil zitzaion, jean alaba 1909an. 1906an bere Autobiografia idazteko materiala biltzen hasi zen, eta 1907an ohorezko doktore izendatu zuen Oxfordeko Unibertsitateak. Connecticuteko Reddingen hil zen, 1910eko apirilaren 21ean, hirurogeita hamabost urte zituelarik.

 

 

 

© Aintzane Ibarzabal

 

 

"Mark Twain / Huckleberry Finn-en abenturak" orrialde nagusia